Erantzunak topatzeko eta kezkak zein zalantzak partekatzeko espazio segurua da antzerkia; erantzunen kutxa magiko baten moduko zerbait. Ikasleen beharretatik abiatuta, hausnarketarako espazioa zabaltzeko aukera ematen dute Apropox egitasmoak eskoletan egiten dituen antzerkigintza saioek.
Hezkuntza-eremuan, bi programa ditu Apropox egitasmoak: Iufala!!, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetarako, eta Baliatu, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetarako. Horrez gain, beste bi egitarau ere baditu Apropoxek programa horien ezagutza, teknika eta esku-hartzea lantzeko.
DBHko saioetara iristen direnerako, esperientzia izan dute ikasleek antzerkigintza lantzen, eta ez dira zerotik hasten. Iurgi Etxebarria Apropox egitasmoaren bideratzaileak dio horrek lana nabarmen errazten duela: “Ikasleei esaten diedanean publikoari begiratu behar diotela, badakite zergatik begiratu behar dioten, eta ez dute azalpen gehiagorik behar izaten. Eskolan, azalpen asko jasotzen dituzte ikasgaiak lantzen ari direnean, eta ni gorputzetik irakasten saiatzen naiz, eginez ikas dezaten, eta ez buruak bultzatuta soilik”.
LHn egiten dituzten antzezlanek ez dute mezu sakonik izaten, Etxebarriak dioenez: “DBHko 1. mailan egiten ditugun eszenetan, isuri ludikoa berez etortzen da. Isuri pedagogikoa bideratzaileok eragiten dugu, pertsonen jokamoldeei erreparatuz, eta eszenak esanguratsuagoak izaten dira”.
DBHko 2. mailan, berriz, antzezlan bat sortzen dute, hasieratik amaierara. Ordurako, ikasleek badakite zer-nolako antzezlana sortu nahi duten: komedia, drama edota aldarrikapena nahi duten, esate baterako, eta euren esku gelditzen da zer plazaratu nahi duten. 15 ordu izaten dira guztira, baina ikastetxeko komunitateak ere ekarpena egin behar du, zenbait ikastordu gidoia osatzera bideratuz. Amaieran, hainbat ikusleren aurrean antzezten dute antzezlana.
Ikasleek agertokira eramaten dituzte bizitzako hainbat egoera, eta egoera horien jarraipena azaletik, konplizitatez edo kanpotik egiten dute, nolabait, eszenak hainbat roletatik interpretatuz
Iurgi Etxebarria, Apropox egitasmoaren bideratzailea
Antzerki pedagogikoa eta antzerki ludikoa
Apropox egitasmoko profesionalekin egiten dituzten saioetan, antzerkigintza pedagogikoa edo filosofikoa lantzen dute, batetik, eta antzerkigintza ludikoa, bestetik. “Antzerki pedagogikoak erakusten digu antzerkiak pertsonaren jokamoldeei buruz ikertzeko balio duela. Ikasleek agertokira eramaten dituzte bizitzako hainbat egoera, eta egoera horiek hainbat roletatik interpretatzen dituzte”, azaldu du Etxebarriak.
Antzerki ludikoa lantzetik antzerki pedagogikoa lantzera pasatzeko, LHtik DBHrako aldaketa horretan, haurtzaroa agurtzen dutela dio Etxebarriak: “Lehenengo saioetan, arnasketak egiten ditugu, saioak samurtasunez egiten ditugu, eta ikasleei azaltzen diegu etapa berri batean daudela eta hainbat gauzari agur esan behar dietela. Aurretik ere amaren bularrari, biberoiari, txupeteari edota Olentzerori agur esan dieten moduan, esaten diegu orain haurtzaroa agurtzeko garaia iritsi dela. Taldeka jartzen dira, eta agurtuko dituzten alderdiak zerrendatzen dituzte: inozentzia, lelokeriak egitea, eztabaida zentzugabeak izatea… Ondoren, ideia horiek agertokira eramaten ditugu”.
Behin, adibidez, zentzugabekeriak egiteari agur esateko, familia baten bidaia antzeztu zuten: oporretara zihoazen autoan. Atzeko aldean zihoan umeetako bat jertse batekin ari zen jolasean, eta jertse horrek gidariaren buruan amaitu zuen, hari begiak estaliz. Familiak istripua izan zuen, eta horrek aukera eman zien hainbat egoeratan zuhurtziaz jokatzeak duen garrantziari buruz hitz egiteko.
Ikasleek gidoi bat idazten dute eta, taldeka, eginbeharrak banatzen dituzte: pertsonaien izenak asmatu, pertsonaia horiek taldekatu, pertsonaiek izango dituzten arazoak zerrendatu, landuko dituzten emozioak pentsatu, antzezlanaren kokapen fisikoa irudikatu... Eta, prozesuak aurrera egin ahala, hasieran zehaztutako informazio hori guztia eszenak sortzeko erabiltzen dute. “Familia barneko arazoei buruz hitz egiten dutenean, banaketak bizi izan dituztenek, adibidez, horri buruz hitz egiten dute, arazoa normalizatu egiten dute eta gordeta gelditzen da”, azaldu du Etxebarriak.
Gai batzuk errepikatu egiten dira, eta eskolajazarpena da behin eta berriz ateratzen den gaietako bat Etxebarriaren arabera: “Hilerokoarengatik neskaren bati eskola-jazarpena egin dioten kasuren bat edo beste atera izan da: hilerokoarekin zegoelako edo lehen aldiz etorri zaiolako. Gai horri buruzko eszenak egin izan ditugu, eta agertokian dauden unean bertan eman ohi diote erantzuna arazoari”.
Antzezlanaren sortze prozesuak aukera ematen die, beraz, emozioak, balioak edota eguneroko arazoak lantzeko. Jolasaren bidez, baina sakontasunez, Etxebarriaren hitzetan: “Ez dugu antzezlan perfektua bilatzen, baizik eta ikasgelan hainbat gairen gainean topatzen ez dituzten erantzun horiek antzerkiaren espazioan topatzea eta kezkak edota zalantzak partekatzeko aukera izatea”. Lehen unetik lantzen dituzte konfidentzialtasuna eta errespetua, Etxebarriak esaten duen moduan, ikasleak etengabe zaindu behar direlako. Guztia bide onetik joan dadin, behaketa lan handia egin behar izaten dute, eta beti izaten da irakasleren bat Apropoxek gidatutako saioetan: “Antzezpen sakonak egiten dituzten neurrian, ikasleen baretasun psikologikoa bermatzeko eta bideratzaileak pisu guztia izan ez dezan, eskertzekoa izaten da gelan beste arduradunen bat egotea. Oraindik ez dugu egoera zailik bizi izan, ikasleek antzerkia eta errealitatea oso ongi bereizten dituztelako, baina komeni da beste irakasleren bat ere izatea”.
IEz dugu antzezlan perfektua bilatzen, baizik eta ikasgelan hainbat gairen gainean topatzen ez dituzten erantzun horiek antzerkiaren espazioan topatzea
Iurgi Etxebarria, Apropox egitasmoaren bideratzailea
Ikasleen beharretatik abiatuta
Ikasleek aukeratzen dituzte beti lantzen dituzten gaiak. “Haien beharretatik abiatuta lantzen ditugu gaiak, behartzeak ez baitu batere laguntzen”, dio Etxebarriak. Baina, esku hartzea beharrezkoa denean, ikasleei laguntza hori ere ematen diete: “Eszena batean ez baldin badute irtenbidea garbi ikusten, esku hartzen dut. Rol aldaketak ere oso politak izaten dira: adibidez, eskola jazarpenari buruz hitz egiteko argazki bat sortu dezaten eskatzen baldin badiet, argazkia sortzen dute. Bat lurrean etzaten da, eta beste batzuk ostikadak ematen ari direla antzezten dute. Normalean, lurrean gelditzen dena ez da liderra izaten; liderra edo taldean boteretsua dena goian kokatu ohi da, ostikadak ematen. Orduan, aldaketak proposatzen ditugu, eta liderrak lurrean jartzen ditugu; deseroso sentitzen dira egoera horretan, eta ez dute azalpen gehiagorik behar izaten, euren azalean sentitzen baitute hori zer den”.
Etxebarriaren hitzetan, badira esku hartzea eskatzen duten beste eszena batzuk ere: “Eszena batean ikusten badut gurasoekiko errespeturik gabe jokatzen ari direla, moztu egiten dut, eta galdetzen diet ea posible den gurasoak modu horretan tratatzea. Antzerkia zuzentzen dudan heinean, hausnarketarako espazioa zabaltzen saiatzen naiz”. Antzerkiaren alderdi ludikotik abiatzen dira alderdi pedagogikoa lantzeko eta fikzioaren bidez esku artean dituzten gai horiek argiago gelditzeko. Ikasleek asko eskertzen dute jolasen bidez ikastea, eta balorazio ona egiten dute guztiek. Balorazioetan gehien erabiltzen duten hitza interesgarria izaten da. Lehen Hezkuntzan oso polita esaten duten moduan, DBHn interesgarria izaten da gehien errepikatzen den hitza, hain zuzen ere. Irakasleentzat ere esperientzia positiboa izaten da, ikasleen arteko harremanak hobetzeko eta gatazkak beste modu batera kudeatzeko baliagarria dela ikusten baitute.
Zer diote ikasleek?
Bergarako Aranzadi ikastolako DBHko 1. mailako ikasleek egin zuten azken saioan izan zen Hik Hasi. Baliatu programaren azken saioa izan zen hura, aurretik beste 14 saio egin eta gero, eta maskarekin egin zuten lan egun hartan. Gelara sartu, antzezteko arropak jantzi, eta agertokira igo ziren txandaka, Etxebarriak emandako azalpenak jarraituz hainbat eszena antzezteko. Gogotsu aritu ziren ikasleak, eta guztiek oholtzara igotzeko denborarik izan ez bazuten ere, denek agertu zuten parte hartzeko gogoa.
Saioa amaituta, haietako seirekin izan zen Hik Hasi: Malen Agirre, Elene Rodriguez, Irati Inza, Aner Urisabel, Aratz Aperribai eta Peio Elguero. Guztiak ere gogotsu daude datorren ikasturtean antzerki saioekin jarraitzeko.
Esperientzia zer-nolakoa izan den galdetuta, oso ona izan dela esan zuten guztiek. “Oso ongi pasatu dugu, eta asko ikasi dugu. Adibidez, gure gorputzarekin gauzak irudikatzen eta eskulturak egiten ikasi dugu; berezia izan da hori”, dio Agirrek. Talde gisa harremanak hobetzen eta elkartzen lagundu diela dio, bestalde, Inzak: “Taldekide guztiekin batera landu ditugu gaiak; lan bakoitzean, gelakide desberdinekin egin izan dugu lan, eta elkartu egin gaitu horrek”. Iritzi berekoa da Urisabel: “Taldeak nahastuta aritu garenez, hain gertukoak ez ditugun ikaskideekin hitz egiteko eta harreman estuagoa izateko balio izan du”.
Azken saioan lotsatuta baina gustura sentitu dela dio Agirrek, eta Rodriguezek ere, parte hartzeko denborarik eman ez badio ere, ikaskideak oso ongi aritu direla uste du. Oso esperientzia dibertigarria izan dela diote, berriz, Urisabelek eta Elguerok, eta Aperribaik uste du egunerokoan sortzen diren arazoak beste modu batera hartzen lagundu diela. Urisabelek gaineratu duenez, bizitza nolakoa den eta zer arazo dauden ikusteko balio izan die esperientziak.
Taldekide guztiekin batera landu ditugu gaiak; lan bakoitzean, gelakide desberdinekin egin izan dugu lan, eta elkartu egin gaitu horrek
Irati Inza, Bergarako Aranzadi ikastolako DBH 1eko ikaslea