Korrikalaria maratoirako prestatzen den bezala, andrea ere psikologikoki eta fisikoki presta daiteke erditzeko minari aurre egiteko, bukaeran saria duten min bakanak baitira, Carmen Ferro emaginaren arabera. Prestaketaren abiapuntua beste minekiko desberdina dela ulertzea da, hasiera eta bukaera dituen prozesua dela.

Haurdunaldiko beldur nagusietako bat erdiminari izua izatea da. Alta bada, erditzeko mina ohiko minetatik bereizteak lagunduko dio andreari erdimina ulertzen eta hobeto bizitzen, igaro-tzen den minutu bakoitza, bukaerara iristeko falta den minutu bat gutxiago baita, maratoi bat egiten ari den korrikalariaren kasuan bezala. Carmen Ferrok hogeita hamar urtetik gora daramatza andreei eta haien bikotekideei haurdunaldiari, erditzeari eta erditze-osteari loturiko prestaketa-lanetan laguntzen, eta egiteko horretan toki berezia egiten die erdiminari loturiko beldurrei. “Min tradizional gisa bizi baduzu erdimina, hilko zarela senti dezakezu; beldur horrek zurruntasuna dakar eta mina areagotzen du”.

Nolako harremana dugu erdiminarekin?
Andre askok eta askok beldurra diote erdiminari, haurdunaldiko beldur tradizionaletako bat da. Erditzeari begira dugun izurik handienetako bat minari diogun beldurra da. Haurrari edo guri zerbait gerta dakigukeela pentsatzeak ere beldurtzen gaitu, baina batez ere min fisikoari beldurra da emakumeek haurdunaldian zehar izaten duten izu handienetakoa.

Haurdun den emakumea presta al daiteke erdiminari aurre egiteko?
Nik uste dut baietz. Korrikalari bat maratoi baterako prestatzen den bezala, fisikoki eta psikologikoki presta gaitezke erdiminari aurre egiteko. Maratoian aurrera, esaten dute murru bat agertzen dela eta azken kilometroak minez egiten dituztela lasterkariek, beraz, psikologikoki prestatu egiten dira murru hori igarotzeko eta azken kilometroak minarekin korrika egiteko. 
Nire ustez, oso garrantzitsua da emakumea erditzeko minari aurre egiteko prestatzea. Eta niretzat prestatzea, hasteko, ezagutzen ditugun minekin zerikusirik ez duen min bat dela ulertzea da, eta bigarrenik, nola egin dakiokeen aurre ezagutzea ere prestatzea da.

Ezagutzen ditugun minen antzekoa ez bada, nolako mina da erditzeko mina?
Beste minekiko desberdina da, ez delako gaixotasun bati edo gaitz bati loturiko mina. Erditzean, mina areagotzea hobera doanaren seinale da, eta hori ez da beste minekin gertatzen. Mina puntu gorenera iristen denean, orduantxe modurik onenean soluzionatzen da. Ulertu behar da min diferente bat dela, beste minekin zerikusirik ez duena, eta gero eta handiagoa izan orduan eta hobeto doala erditzearen prozesua. 
Mina, izatez, alarma bat da, gorpu-tzak zerbait adierazteko erabiltzen duen alarma oso garrantzitsua. Kontua da, normalki alarma horrek gure gorputzean zerbait gaizki dagoela adierazten digula, gero eta min handiagoa eta gero eta denbora luzeagoan sufritzen dugunean, prozesua gaizki doala adierazten digu alarmak. Baina erditzearen kasuan ez da horrela, gero eta min handiagoa izan, orduan eta hobeto da, aurreratuago baitoa prozesua, eta gero eta gertuago baitago zure haurraren jaiotza. 
Maratoian ere, gero eta min handiagoa, orduan eta gertuago dute helmuga eta saria korrikalariek.

Psikologikoki nola presta gaitezke min horri aurre egiteko?
Lehenik eta behin, min on bat bezala ulertuz, eta ez min txar bat bezala. Erdiminak zentzu bat du, eta hala ikusteak lagundu egingo digu egoera ulertzen. Hasiera eta bukaera dituen prozesua da, igarotzen den minutu bakoitza, falta zaidan minutu bat gutxiago da, ahalegin bakoitzean uteroaren lepoa apur bat irekitzen doa. Gero, mina bizi edo lausotu dezakezu pilotarekin, bainerarekin, erlaxazioarekin, epiduralarekin…
Erdimina bizitza osoan ahazten ez den ahots ozen bat da, ez da inoiz ahazten. Ziurrenik, asko kostatzen zaizkigun gauza horiek ditugu maiteen, eta horrekin ere badu zerikusirik erdiminak: normalki asko kostako zaigu gure seme-alabak mundura ekartzea. Zure bizitza bitan hausten da, onerako hautsi ere, une horretatik aurrera haur bat izango duzu, eta horretaz jabetzen gara erditzearen prozesuan. Batzuek diote haurra gainean jartzen diotenean min guztia ahazten dutela; nik ez dut uste, mina ez zaizu bizitza osoan ahazten, baina merezi duen min bat da.

Erdimina nolakoa izango den ez jakiteak, mina jasateko gai izango den ala ez jakiteak ziurgabetasuna eta urduritasuna eragiten dizkio haurdunari. 
Minmetro bat edukiko bagenu ere, ezingo genuke jakin zer ari den sentitzen erditzen ari den andre bakoitza. Kontrakzioak neur ditzakegu, presioaren intentsitatea merkurio milimetrotan neur daiteke monitoreen bidez, eta jakin dezakegu nork dituen uzkurdura fuerteagoak. Baina ezin dugu neurtu bakoitzak sentitzen duena, ezin ditugu neurtu mina eta nekea eta horrek guztiak ikaragarrizko eragina dauka.

Minari buruz ari garelarik, garrantzitsua iruditzen zait naturari buruz hitz egitea. Hemen baldin bagaude, badezakegulako da. Nondik gatoz, bada? Ospitaleak eta epidurala oso gauza berriak dira, eta gaur arte, beti, gure gorputzek ahal izan dute, funtzionatzen dute, eta funtzionatzen dute badezakegulako, ahal izateko eginak gaude. Hortaz, ahal izango dugu? Bada, ziurrenik bai, agian ez, baina ziurrenik bai; eta ezer gabe ezin badut, ez da ezer gertatzen, bilatuko ditut bideak ahal izateko, eta era horretan bai, seguru ahal izango dudala, eta gaur egun inoiz baino gehiago. Bainera, pilota eta erlaxazioak ez badira aski, epiduralik gogorrena jarriko dut, baina bai, ahal izango dut.

Mina saihesten saiatu behar dugu?
Nahi izanez gero bai, noski. Mina saihestu nahi izatea oso erabaki errespetagarria iruditzen zait. Hala ere, argi izan behar dugu inolako minik ez edukitzea ez dela posible. Epiduralik gogorrena jarrita ere, edo zesarea hautazko bat eginagatik ere, ondorenean mina izango dugu, edo aurretik… eta bestela, hazieran izango dira une mingarriak, baina noski, baita une ederrak ere. Batere-batere-batere minik jasan nahi ez duena, ez dadila haurdun gelditu.
Mina saihestu beharrean, beste aukera bat litzateke erdiminari aurre egitea edo gainditzen saiatzea?
Hasi eta, behin ari zarelarik, ikusten da emakume bakoitzak nola daraman prozesua. Aurretik ezin da jakin erditzeko unean andre bakoitza nola dagoen, zein zurrun edo gogor egongo den, ezta zurruntasun horrek nola biderka diezaiokeen mina ere. Beldurrek ere eragina dute, zurruntasuna areagotzen baitute. Zorionez, gaur egun laguntzak ditugu, eta hobe laguntza horiek egotea ez egotea baino; baina has gaitezen eta gero ikus dezagun....
Bada andrerik erditzea zerbait jasangarri egin dezakeena? Ozta-ozta, baina nik uste dut baietz.

Gero eta harreman txikiagoa dugu minarekin… nahi izanez gero ia-ia inolako harremanik izan gabe bizi gaitezke. Beraz, zaila da erditzean mina pasa behar dugula pentsatzea. 
Erditzeko mina da bizitzan merezi duen min bakarra, bukaeran jasoko dugunagatik. 
Horrek ez du esan nahi gero eta min handiagoa orduan eta erditze hobea, edo antzeko ezer; inondik ere! Bainera, epidurala edo ezer ere ez erabiltzea erabakitzea, nire ustez, andre bakoitzarena da eta erditze bakoitzeko erabakia, momentukoa. Une batean modu batean egon zintezke eta era batean bizi esperientzia hori, beste momentu batean, emakume hori bera beste egoera batean egon liteke. Sarri entzuten diet andreei, “oraindik ez dakit epidurala jarriko dudan ala ez” esaten. Bada hori momentuan erabakitzea oso hautu ona da. Batzuetan itxita joaten gara erditzera, epidurala nahi dugula, edo ez dugula nahi… Gero, ordea, batzuetan ezin izaten da jarri, edo unean bertan benetan jartzea nahi dugu… ate guztiak irekita uztea garrantzitsua iruditzen zait, zorionez irtenbideak baitauzkagu. Ahal izan, beti ahal izango dugu, gakoa esperientzia ona izatea da, eta momentuan ikusiko dugu.

Eta fisikoki, nola presta gaitezke erditzerako?
Erdimina, nagusiki, buruak gida-tzen du. Beldurrak lantzen baditugu, adibidez, fisikoki zurruntasun gutxiago izango dugu. Adibide bat jarriko dut: hatzak izozturik ditudala eskuan kolpe bat hartzen badut mina askoz handiagoa izango da kolpe hori hatzak epel, ur berotan ditudala hartuz gero baino. Kolpe berarekin min-sentsazioa areagotu edo baretu egin dezake aurrez dagoen tentsio muskularrak. Beldurrak hotzak bezala jokatzen du, hortaz, beldurrak baretzen baldin baditugu, beldurrak lantzen baditugu eta andrea erlaxatuago egon dadin lortzen badugu, uzkurdura datorrenean, ziurrenik, mina areagotzea baino baretzea lortuko dugu. Horixe da baineran sartzean lortzen duguna: giharrak baretzea. Giharrak bigun-tzen laguntzen digun guztiak balioko digu mina hobeto eramaten eta arintzen edo txikitzen ere. Gero eta min handiagoa orduan eta tentsio handigoa, eta gero eta tentsio handiagoa, mina ere handiagoa. Zirkulu hori eten behar da, tentsioa kendu mina baretzeko. 
Eta noski, nork bere burua eta gorputza ezagutzeak asko laguntzen du, zerk egiten digun mesede eta zerk ez jakiteak, eta baita erdi-tzearen prozesu osoa ezagutzeak ere, bai emakumeak berak eta ahal dela baita ondoan egongo denak ere, erabakiak hartzen lagunduko baitigu. Haatik, andre hori beldurturik baldin badago, eta hotza baldin badu, eta estresaturik baldin badago, edo haserreturik, edo emaginarengan konfiantzarik ez badu… horrek guztiak mina areagotuko dio. 
Arnasketak ere ikaragarri lagun-tzen du, eta oso komenigarria da aurretik lantzea. Mugimenduak eta erritmoak ere lagunduko digute... horrek guztiak erlaxatzen lagun-tzen digulako. Guretzat egokienak diren posturak bilatzeak ere mesede egingo digu.

Nola eragiten digute “minez erdituko zara”, edo erditzeei buruzko beldurrezko istorioek, karga kulturalak, azken finean?
Ikaragarrizko  kaltea egiten dio andreari erditzeari buruzko jarrera horrek, ikuspegi erabat negatiboa emateak. Transmititu diguten pentsamendu hori alboratzea oso zaila da; horregatik, batzuetan, pentsamendu hori alboratu ordez lantzea hobea iruditzen zait, bestela oso frustragarria izan daiteke. Geuregan konfiantza eduki behar dugu andreok, geure gorputzean, geure naturan, funtzionatzen duela eta hemen baldin bagaude badezakegulako dela argi izan behar dugu…

Minari buruz hitz egin behar dela uste duzu?
Bai, gurasotasunerako-prestakuntza taldeetan mina landu beharreko gai garrantzitsu bat da. Minik txikiena izanda ere, adibidez epidurala jarri aurreko mina, gaizki pasatzen baldin baduzu, ikaragarria izan daiteke. Min tradizional gisa bizi baduzu erdimina, hilko zarela senti dezakezu, min tradizionalaren atzean dagoen kezka sakon-sakonean, hiltzeko beldurra baita; haginak, buruak, saihetsak edo dena delakoak ikaragarri-ikaragarrizko mina egiten badit sakonean dudan kezka zera da, zerbait txarra daukat? Beldur horrek zurruntasuna dakar eta mina areagotzen du.

Gure amen, ahizpen esperientziek iragar al diezagukete ezer gure erditzeari buruz?
Bai eta ez. Nire amak 1,80 neurtzen badu, eta nik ere hala neurtzen badut, antzeko eskeletoa baldin badugu, bada ziurrenik gure konstituzioak lagundu egingo digu erditzean. Gure amen eta ahizpen antza izan dezakegu gorputz-konstituzioan, baina bakoitzak  erditze bakoitzean sentituko duena, unean unean izango dituen beldurrak eta sentsazioak oso pertsonalak dira, eta horrek guztiak eragina du erditze-esperientzian.