Saioa Baleztena | Kazetaria
Zesarearen kontzientziazioaren hilabetearen harira nire bigarren erditze errespetatuaren kontakizuna sare sozialetan konpartitu nuenean, hainbat emakumek idatzi zidaten, zesarea errespetatua izatea nola uler zitekeen galdetuz. “Baina, zesarearako erditze-planik idatzi dezakegu? Musika jartzea posible da? Anemia arriskua guttitzeko zilbor- hestearen mozketa berantiarra bermatu daiteke? Aukerarik badugu haurtxoaren eta amaren arteko banaketarik ez egoteko? Zesarean ere emakumeok eskubideak ditugu?” Emakumearen edo haurtxoaren bizitza arriskuan ez dagoen bitartean, noski baietz!
Eta kezkagarria iruditzen zait erditzeari dagokionez, emakumeok ditugun eskubideen inguruan hainbertze isiltasun egotea. Are gehiago, emakume anitzek, ni tartean, erditze traumatiko bat bizitu behar izaten dugu gure bizitzetako momenturik garrantzitsuenetako batean —haurdunaldian, erditzean zein erdiondoan— ditugun eskubideetan ahalduntzeko. Horregatik, indarkeria obstetrikoa pairatzen dugunean salatzea bezain garrantzitsua da erditze positiboen inguruko kontakizunak lau haizetara zabaltzea.
Nire bi semeak zesarea bitartez erditu nituen, ospital bereko kirofanoan, 22 hilabeteko diferentziarekin. Eta bai, erditu direla diot, zesarea bitartez jaiotzea ere erditzea delako. Eta garrantzitsua da azpimarratzea. Hori bai, bi esperientzia erabat antagoniko bizi izan ditut. Lehendabizikoa traumatikoa izan zen erabat, orbaina ukitzeko gai izateko hilabeteak behar izan nituen… Bigarrena, aldiz, errespetatua izan zen eta lehen minututik besarkatzen dut orbaina. Nolabait, Ekiren erditzeak ahaldundu ninduen Pau mundura ekarri eta zauri hura sendatzen hasteko.
Eta bide honetan ezinbertzekoak izan zaizkit emakume ausart anitz. Euren borrokari esker, erditze errespetatua, guttinaka-guttinaka ari da merezi duen tokia hartzen. Zoritxarrez, erditzeetan gehiegizko esku-hartzea sustatzen duen osasun sistema dugu eta geure esperientzia traumatikoak azaltzea erabakigarria izaten ari da haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan informazioak zein artapen errespetatuak duen garrantzia ulertzeko. Baina, zer gertatzen da justifikatutako arrazoiengatik esku-hartze medikoa behar duten erditzeetan? Nola saihestu dezakegu frustrazioa sentitzea? Zalantzarik gabe, informazioa eta emakume bakoitzak behar duen artapena bermatuta. Izan ere, Helburua ez da erditze baginala, etxean edo ospitalean. Helburua, erditze errespetatua da, eta, emakume bakoitza eroso sentitzen den tokia izango da erditzeko tokirik seguruena.