Erditu osteko sexu-harremanak eta horien gabezia; eta mina, irrika eta plazera hartzeko bide berriak aztertu dituzte hainbat amek Nerea Sancho sexologoarekin.
Nire titiak, une honetan, umearentzako dira, eta ez daukat sarketarako gogorik; ba al dago sexurik erditu ondoren?”. Hilabete gutxiko haurra besoetan duela mintzo da ama bat. Ondoan dituen emakumeek irribarre konplizea egiten diote. Erditu denez geroztik bere sexu irrika nola apaldu den azaldu du, ondoren: “Buru eta gorputz umearentzako nago egun osoan, eta horixe da egin nahi dudana; arraroa egiten zait nire gorputza haurra ez den beste bati eskaintzea, nahiz eta nire bikotekidea izan”.
Arduraturik elkartu dira hainbat ama Oiartzungo Erotik Center sexu-dendan (Gipuzkoa), Nerea Sancho sexologoarekin erditze-osteko sexualitateaz hitz egitera. Bilera irekia zen, baina dendako nagusia izan da bertaratu den gizonezko bakarra. Gogo gabezia, ezina, mina eta plazera emateko eta hartzeko bide berriak izan dituzte hizpide. Hasteko, abiapuntua deskribatu du sexologoak: “Egoera berri batean gaude; fisikoki eta emozionalki egoera aldatu egin da, eta gertatzen zaiguna ulertzeak lagunduko digu gauzak lasaitasunez hartzen eta soluzioak bilatzen”.
Erditu ostean sexuaren aurrean emakumea jarrera aldatzera behar-tzen duen arrazoi nabarmen batzuk fisikoak dira. Horien artean, mina aipatzen dute bertan elkartu direnek; erditu ostean sexu-praktikek min egiten dietela aitortzen dute. Min fisiko hori saihesteko, postura errekuperatzearen premia nabarmendu du Joana Telletxea sexologoak. “Erditze batzuen ondoren, fisikoa errekuperatzea ez da erraza emakume askorentzat, eta hor eragin egin behar da zoru pelbikoa guztiz errekuperatu arte, ariketen bidez, bola txinoen bidez edo elektroestimulazioarekin; baina hori askotan ez da nahikoa”. Bestelako zauriez ari da Telletxea, balizko zikatrizez edo kontrakturez, adibidez. “Sarri, ginekologoek diote ondo orbainduta daudela erditzean eginiko sutura puntuak, eta sarketak ez lukeela zertan minik egin behar; baina orbainduta egoteak ez du esan nahi malgutua dagoenik, eta sarketak eskatzen duen elastizitatea berreskuratu duenik”. Alde fisikoa zaintzearen garrantzia nabarmendu du solasaldian parte hartu duen Maribel emaginak ere. “Eradoskitzearen ondorioz lubrikazio gutxiago izan ohi dugu, eta horrez gain mina egiten badigu sarketak, normala da sexua ez izatea desiragarria”. Alderdi fisikoak ahaztu gabe, alderdi emozionalari erreparatzeko gomendioa egiten du Sanchok, baldintza emozionalak baitira, sarri, sexu irrika apaltzen duten arrazoiak: “Argitzen zailagoak dira arrazoi emozionalak, emakumeari eta bikoteari lotuagoak baitaude; baina alderdi hori osatu ezean zaila izango da irrika berreskuratzea”. Bikotean dauden osagai guztiak ondo jarri beharra nabarmendu du sexologoak, “esplizituki sexuari lotuak ez daudela uste dugun aspektuak ere kontuan izan behar ditugu, horrek guztiak eragiten baitu; eroso sentitu behar dugu egoera berrian, eta orduan egongo gara sexurako ere erosoago”.
Egoera fisiko eta emozionalari erraparatzeaz gain, sexu-ereduaz ere apur bat hausnartzera gonbidatzen ditu bikoteak Sanchok. “Plazer-iturri asko eta asko daudela dakigun arren, oraindik ere, gehien-gehienetan, sexualitatea sarketara mugatzen da, eta hori gehiegi mugatzea da: egoera askotan sarketa ez da praktika plazer emailea, edota, besterik gabe, ezin da egin”. Egoera horietako bat da emakume asko eta askorentzat erdi-tze osteko unea. “Sexua sarketarekin lotzeak, eta une horretan sarketarako gogorik ez edukitzeak, eragiten du, kasu askotan, sexua erabat bazter-tzea, bestelako desirak eta plazerak bilatu gabe”.
Sarketaren eredua aldatu beharrarekin bat egin dute solasaldian elkartu diren guztiek. “Harremanean zehar lehenago egin ez badugu, orain, erdi-
tze-ostean, plazera emateko eta hartzeko bide berriak bilatu behar ditugu”. Eta berriro ulermena atera du hizpidera Sanchok. “Ama ez dago lehen bezala, bizitza eta gorputza guztiz aldatu zaizkio; baina bikotekidea bai, bikotekideak bizitza paralelo horretan jarraitzen du, eta baita sexuari dagokionez ere”. Oheko argazkia egin du Sanchok: gogorik ez duen emakumea eta sexuarekin erditu aurretik (edo are gehiago, haurdun gelditu aurretik) bezala jarraitu nahi duen bikotekidea elkartzen baitira ohean, sarri umearekin. Horrelakoetan, batak besteaganako elkartasuna izan behar duela dio Sanchok: “Une batean nahiz eta norberak ez eduki sexurako gogorik eta bikotekideak bai, agian erdibidetik jo dezakegu; masturbatzen badugu, bera ere ulertzen dugula eta berak behar duen hori ematen diogula sentituko du. Batek igual besarkada bat behar du, horrela sentitzen da maitatua eta ulertua; besteak, ordea, une horretan gehiago behar du”. Erdi-irribarrez erdi-atsekabez identifikatu du egoera ama batek: “Nik besarkada bat behar dut, baina berak, ordea, gehiago behar du; eta, azkenean, horrexegatik ez dut besarkatzen, ez dezan pentsatu gehiagorako abiapuntua denik”.
Berandu baino lehen reiniziatzeko unea izan liteke erditze-ostekoa sexologoaren hitzetan: “Bata besteagandik gehiegi urrundu aurretik, hitz egin, informatu eta bata zein bestea entzuna eta ulertua senti dadila”.