Gorputza jariatzen ari den hormonek lagundurik, emakumea kontzientzia egoera berezi batean sar daiteke erditzean: hein batean kanpo estimuluetatik deskonektatu, eta bere baitan murgiltzeko beharra sentituko du. Alegia, ‘erditze planeta’ deiturikora bidaiatuko du. Kontzientzia egoera eraldatu hori lagungarri izango du erditze fisiologiko baterako bidean, Estitxu Fernandez perinataleko psikologoaren esanetan. 

Nagusiki gorputzaren ekintza gisa ulertu ohi da erditzea; alegia, gorputza bera jarririk erditzearen erdigunean. Gorpu-tzean sentitzen ditu emakumeak uzkurdurak, uteroaren lepoa dilatatzen den bitartean, gorputzaren erraietan. Odola eta poltsa amniotikoa ere, erditzearekin batera kanporatuak, fisikoak, ukigarriak edo tangibleak dira, begi bistakoak. Baina begiek ikusten ez dituzten, uki ezin diren beste hamaika osagaik osatzen dute erditzeko prozesua, uki eta ikus daitezkeenak bezain, edo areago, inportanteak. Izan ere, perinatal aldiko psikologo Estitxu Fernandezek azaldu bezala, “gaur egun erditzearen inguruko ikuspegi medikoa nagusitzen da, irizpide mekanikoetan oinarritua, hala nola denboraren neurketa, uzkurduren kopurua eta maiztasuna, umetokiko lepoa zenbat zentimetro zabaldu den… Baina emakumeek euren erditzea deskribatzerako orduan nola eta zer sentitu zuten azaltzen dute, erditzearen bilakaera emozionalaren arabera kontatzen dute, eta ez minutu eta zentimetroen arabera”.

Hori dela eta, erditzea benetan zer den ulertu eta ezagutarazi behar dela defendatzen du Fernandezek. Uki eta ikus ezin den hori ere erdigunean jarri, erditu behar duten emakumeek jakin dezaten horiek ere aintzat hartu beharrekoak, eta nahi izanez gero, haurdunaldiko prestaketetan landu beharrekoak direla. “Erditzearen ikuspegi medikoari eta patologikoari buruz aunitz dakigu, baina erditze fisiologikoari buruz, eta, bereziki, emakumeen bizipenari buruz aunitzez gutxiago”. Horregatik, erditzearen psikologia eta emakumearen bizipen subjektiboa kontuan hartzea beharrezkoa ikusten du; “erranen nuke ezin dela erditzea ulertu bi ikuspegi horiek ezagutu gabe”.

Eta, erditzearen psikologiaren baitan, emakumearen bizipen subjektibo horretan berebiziko eragina izan dezakeen kontzeptu bat nabarmentzen du: emakumeak erditzerakoan har dezakeen “kontzientzia egoera eraldatua” delakoa. Fernandezek erditzea prozesu neuro-hormonal gisa aurkezten du, “umearen garunak abiarazten eta amaren garunak zuzentzen duena, bereziki oxitozina, endorfina eta katekolamina hormonen bitartez”. Hormona horien jarioak gidatuko du prozesu fisiologikoa, eta emakumea egoera psikologiko berezi batean sartzea ahalbidetuko dute, aipaturiko kontzientzia egoera eraldatu horretan, hain zuzen.

Izan ere, oxitozina hormona emakumearen sexualitatearekin lotuta dago, eta, besteak beste, edoskitzean esnearen jarioa sortzen hartzen du parte; zenbait ugaztunetan amaren eta kumearen arteko atxikimendua sortzeko prozesuarekin ere lotzen da. Erditzeari dagokionez, oxitozinak umetokian uzkurdurak eragiten ditu, eta, horrenbestez, dilatazioarekin zuzenki lotuta dago. Oxitozina eta honek sorturiko uzkurdurak izango dira, era berean, erditu ondoren umetokia bere onera itzultzen lagunduko dutenak. Endorfina hormonek, berriz, neurotransmisore funtzioa dute. Analgesia efektua eragiten dute, eta ongizate sentsazioarekin eta plazerarekin lotzen dira, besteak beste orgasmoan hartzen baitute parte. Katekolamina hormonei dagokienez, hauek ere neurotransmisoreak dira, eta, besteak beste, adrenalina eta dopamina jariatzen dituzte odolera. Gorputza aktibitate fisikorako prestatzen duten aldaketa fisiologikoak eragiten dituzte.

Hormona horiek sorturiko kontzientzia egoera eraldatua hartzen du hizpide Ibone Olza psikiatra perinatalak ere Parir liburuan. Olzaren esanetan, errealitatea hautemateko eta errealitatean egoteko beste modu bat da kontzientzia egoera eraldatua: zentzumenek ez dute ohi bezala hautematen, denboraren nozioa aldatu egiten da, estimuluei ez zaie ohi bezala erantzuten… “Mozkor moduko bat da, baina inongo substantzia toxikorik hartu gabe sortutakoa, gure gorputzetik baizik. Emakumeen pentsamenduak ere diferente funtzionatzen du eta euren gorputzeko sentsazioetan murgiltzeko beharra sentitzen dute. Erditze planeta deitu ohi zaio, emakumea bertze planeta batera joanen balitz bezala delako”, dio Fernandezek.

Erditze fisiologikorako bidelagun
Kontzientzia egoera eraldatu hori erdiestea, prozesu neuro-hormonal hori errespetatzea, lagungarri izango da erditzeak bilakaera naturala eta fisiologikoa izateko. Horregatik, emakumeari erditze planetara bidaiatzen lagunduko dioten baldintza psikologiko lagungarri batzuk sortzea izango da ingurukoen lana, erditzean emakumea “kanpoko giroari hagitz sentikorra baita”. Hala, segurtasuna, lasaitasuna eskaini behar zaio, eta beldurrak ahalik eta leku gutxien hartuko duen atmosfera bat sortu, beldurrak prozesu neuro-hormonala gelditu eta, ondorioz, luzatu egin baitezake erditzea. Horretaz gain, inportantea izango da neokortexa, hau da, “arrazoiaren garuna” ez estimula-tzea: “Ez pentsarazi emakumeari, ez eskatu adi egoteko, ez atera bere mundutik… erditzea garunaren alde emozionalak gidatzen du, ez garun arrazionalak”.

Alde horretatik, eta emakumearen sexualitatearen parte den heinean, erditzea eta sexu harremanak izatea parekatzen ditu Fernandezek, eta bietan ere antzeko baldintzak behar dituela emakumeak nabarmentzen du: intimitatea, errespetua, konfiantza, denbora, postura eta mugimenduak askatasunez aukeratzea, inork ez molestatzea, ezezagunik ez sartzea, beldurrik ez sentitzea… “Erditzean eta sexu harremanetan hormona berberak hartzen dute parte, eta baldintza horiek behar dituzte hormona horiek beraien lana egiteko, eta erditze planetara eramateko”.

Baina, baldintza horiek bermatu baino, erditzeaz dugun kontzepzio orokorraren baitan, berriro ere uki-
tzeko eta ikusteko moduko faktoreei, fisiko eta tangible direnei garrantzi handiagoa ematen zaielakoan dago Fernandez. “Diseinu ederreko gela bat, erditze pilota, sabaitik zintzilikatutako oihalak, ur beroko bainuontzia… lagungarriak izan daitezke egoera psikologiko horretan sartzeko, baina tresna horietan tematzen gara maiz, emakumeak zein profesionalak, erditzearen benetako izaera ulertu gabe. Baliabide  horiek ez dute erditze fisiologiko bat bermatzen. Egiari zor, deusek ezin du bermatu, baina tresnak baino aipatu ditudan baldintza psikologiko horiek hartuko bagenitu kontuan, aunitzez hurbilago geundeke”.

Bidaia prestatzen hasi
Erditzeko prestaketei dagokienez ere, Fernandezen ustez askotan gehiegi daude fisikoan zentratuta, eta ez behar bezainbeste erdi-tzearen prozesu neuro-hormonala ulertzera zuzenduta, eta, horren bidez, emakumearen ahalduntzeari begira. “Gorputza lantzea ongi dago, baina sentitzen dugunari eta hausnarketa kognitiboari tokia egitea falta zaigu. Horrenbeste azalpen mediko erditzearen fase, uzkurdura, minutu, zentimetro, pelbis eta perineaz, eta deus ere ez hormonez, euren eraginaz, emakumeen behar psikologikoez; horrenbertze pilota, oihal eta mugimendu pelbisarekin, eta kontzientzia egoera eraldatura hurbil gaitzaketen teknikarik ez; horrenbertze fotokopia epiduralaz, eta minaren inguruko hausnarketarik ez; horrenbertze power point eta klase magistral, eta zein gutitan galdetzen zaion emakumeari berari, zein gutitan egiten zaion pentsaraztea, zein gutitan uzten zaion libreki erabakitzen bakarrik utzi gabe erabakian…”.

Haurdunaldiko prestaketen abiapuntuak beste bat izan behar duela iritzita, berak gidatzen dituen erdi-
tze prestaketetan, hain zuzen erdi-tze planetara hurbiltzeko teknikak eta mina bidelagun gisa ulertzeko teknikak lantzen ditu. Izan ere, Fernandezen iritziko, mina “bide-erakusle” litzateke erditzean, eta, hormonei beren lana egiten utziz gero, postura eta mugimendua berez etorriko dira.