Estitxu Fernandez | Sexologoa eta komunikatzailea

Malgutasuna ez da nire bertuterik handiena izan, harik eta bizitzak, bere krisiekin, zeinen beharrezkoa nuen erakutsi zidan arte, eta eskerrak, erditzeak malgutasun izugarria eskatzen baitu, malgutasun fisiko nahiz mentala.

Arrisku altuko haurdunaldia izan zen gurea eta hori jakin genuen momentutik bertatik hasi zen malgutasun ariketa. Egoera  berezia izaki, berezitasuna bera onartu behar izan genuen lehenik, eta egoerak ezarritako gainontzeko baldintza berrietara poliki-poliki ohitzen joan ginen gero, bertze gauzen artean, nahitaez ospitale handi batean erditu behar izatera.

Onartu, ohitu, egokitu, berkokatu, baina ez amore eman, ez baitira gauza bera. Gure egoeraz kontziente ginen, behar berriak genituen baina horrek ez du erran nahi dena ber-tzeen esku utzi genuenik. Espero ez genuen zerbait gertatu zen eta baikortasunez onar-tzeko eta gure ideien inguruan hausnartzeko gaitasuna izan genuen, baina errenditu gabe, egoeraren kontrol osoa kanpoan utzi gabe. Hori da malgutasuna, ez? Gauza bat dira norberaren uste sendoak eta horien arabera ausardiaz eta konpromisoarekin jokatzea, eta bertzea, gauza guztien gainetik beti arrazoiaren jabe garela pentsatzea edo buruan dugun ideia hori kosta ahala kosta defendatu nahi izatea. Erditze ideala horixe da, ideia bat, buruan dugu, amesten dugu, baina ez da esistitzen, erditzea bizi egin behar da, eta gustura bizitzeko, desio duguna defendatzeak bezainbertzeko garrantzia du errealitatea malgutasunez onartzeak. Bide batez, mediku jende zenbaitek ere zurruntasuna alde batera uzteko garaia du.

Egiari zor, amatasun eta aitatasunaren prozesu osoan izan behar genuke malgu, azken finean, erditzea pasabide bat da, arront bizia, basatia nahi bada, delikatua era berean, eta hagitz garrantzitsua, baina igarobide bat bertzerik ez. Ama eta aita izateko bidea erditu aitzinetik hasten da eta erditu ondotik bizi osoan irauten du. Inpresioa dut batzuetan indar handiagoa paratzen dugula pasabidean ibilbide osoan baino, eta neurri batean ulertzen dut. Emakume aunitzek erditzea sufrimendu handiz bizi izan dute, errespetatu ez zaielako, informazio faltagatik edo euren beharrekiko kontzientzia ezagatik, eta sufrimendu horrek momentu berezi hori gauza guztien gainetik babestera eraman gaitu.

Erdimina sufrimendu fisiko nahiz emozional ez bilakatzeko, erditzearen kontzientzia areagotzea ezinbertzeko lana iruditzen zait, alegia, emakumeak erditzearen prozesua bera eta bere egiazko beharrak ezagutzea, eta horren arabera erabakitzea. Eta artatzen gaituztenei, berriz, gure erabakia errespetatzea dagokie. Izan ere, “nola ekarri nahi dut nire umea mundura?” galdera funtsezkoa da amatasun eta aitatasunean. Baina ez dago bertze galdera hauen gainetik: “ze beharrek bultzatuta izan nahi dut ama edo aita?”, “nire bizitza aldatzeko prest al nago?”, “ze haziera mota eskaini nahi diot nire umeari?”, “ze behar afektibo dituzte umeek?”… Kontzientzia handia eskatzen du ume bat ekartzeak, eta ez bakarrik erditze-gelari begirakoa.