Orain dela 4 milioi urte hasita, erditzeak nolako eboluzioa izan duen aztertu du Idoia Goikoetxea antropologoak. Erditzea are koplexuago egin zuen aldaketarik handiena gizakia bi hanken gainean ibiltzen hasi zenean gertatu zela dio.

UUgaztun oro bezala, historian zehar betidanik erditu da gizakia. Ia edonor izan da aita edo ama. Garatuz joan den heinean, ordea, gizakiaren erditzeko modua aldatuz joan da, giza-gorputzaren eboluzioaren ondorioz batetik, eta aldaketa sozio-kulturalen eraginez bestetik. Baina nolakoa zen erditzea Historiaurrean?  Gaur egungoekin alderatuta zein antzekotasun eta desberdintasun izango zituen? Eta nola joan da aldatzen erditzea historian zehar?

Orain dela 4 milioi urte hasita, emakumeen erditzeak nolako eboluzioa izan duen aztertu du Idoia Goikoetxea biologo eta antropologoak, beste hainbat autorerekin batera idatzi duen “Maternidad y parto, nuestras ancestras y nosotras” liburuan. Bost urtez Atapuercan aritu da ikerketa lanetan eta Pleistozenoko haurrek gaur egungo umeekin alderatuz nolako haziera eta metabolismo-beharrak zituzketen aztertzen dituen tesia amai-
tzear da Goikoetxea.

Testigantza gisa balioko duten 
marrazki, eskultura edota idatzirik gabe nola ikertu, ordea, duela 4 milioi urteko erditzeak? “Hezurrak dauzkagu hori ikertzeko”, dio Goikoetxeak: “Alde batetik, emakumeen pelbisak behar izaten dira, eta bestetik, umeen buru-hezurrak. Arazoa da normalki fosiletan aldakak ez direla osorik egoten”. Kasu horietan, aldaka zatiak hartu eta ordenagailu bidez pelbis osoa berregiten dela argitu du eta nahiko ziur jakin daitekeela benetan nolakoa izan zitekeen.

Hezurrak izatearekin, baina, ez da nahikoa. Ondorioren bat atera ahal izateko hezur horiek ereduren batekin alderatu behar izaten dira. Konparazioak egiteko, alde batetik gaur egungo gizakia hartzen dute eredutzat ikerlariek, eta bestetik txinpantzea: “Lehenik bi eredu horiek ikertzen dira, gero historian zeharreko hezurrak eredu horiekin aldera-
tzen dira, eta ikusten da ea txinpan-
tzearen eredutik edo gaur egungo gizakiarenetik dauden gertuago”.

Lucy, emakume australopithecusa
Orain dela 3,2 milioi urte Afrikan bizi izan zen emakumea da Lucy. Goikoetxeak azaldutako eran, ziurrenik ez zen beti bi hanken gainean ibiliko, baizik eta zuhaitzetako adarretan edota harroketan lau-hankan mugitzeko gaitasuna izango zuen. Hala ere, antropologoaren esanetan, haren pelbisaren morfologiak erakusten du Lucyren aldakak gaur egungo gizakiaren aldakaren antz handiagoa zuela txinpantzearen aldakarena baino: “Txinpantzearen aldaka ikusten badugu eta gurearekin alderatu, konturatuko gara estua eta oso altua dela. Gurea zabalagoa eta zapalagoa da. ‘Australophitecus Afarensis’-en aldaka, gurea baino estuagoa izan arren, ez da txinpan-
tzearena bezain estua; zabal eta zapal antzekoa da, gure aldakaren antzekoa, baina miniaturan”.

Kontuan izan behar da, ordea, ikerketen arabera, Lucyren garaiko haur jaioberrien buru-hezurra ere gaur egungoena baino askoz ere txikiagoa zela: “Helduak metro eta gutxi neur-
tzera iristen ziren eta haien buru-hezurrak 400 zentrimetro kubiko ingurukoa zen, hau da, 10 zentimetro inguruko diametroa zuen. Eta kalkulatzen da haur jaioberriaren burua helduarenaren erdi-tamainakoa izan ohi dela”. Horrexegatik, orain dela 4 milioi urteko erditzeak gaur egungoak baino errezagoak izango zirela ondorioztatzen du Goikoetxeak, barnean burua jiratu beharrik gabe haurra osorik atera zitekeelako: “Lucyren garaiko erditzeak gureak baino motzagoak eta errazagoak zirela uste dugu. Mina antzekoa izango zen, baina 18 ordutan beharrean, 2 ordutan sentituko zuten”.

Orain dela 4 milioi urtetik duela 2 milioi urte ingurura egin behar da jauzi hurrengo aztarnak aurkitzeko, “Homo ergaster-erectus”-en garaira, hain zuzen. Goikoetxeak adierazitako moduan, aldi hartarako haurraren burua handitzen hasia zen, eta aldakaren forma ikusita ondoriozta daiteke gaur egungoa bezain konplexua izan ez arren, erditzea zailtzen ariko zela. Hortik Atapuercara, “Homo heidelbergensis”-en garaira igarotzen da Goikoetxearen ikerketa, hau da, orain dela 600.000 urte ingurura. Aldi hartako emakumearen aldakarik ez da aurkitu, ezta umeen buru-hezurrik ere, bai ordea gizonaren aldaka eta buru-hezurra. “Aldaka oso-oso zabala da, eta kontuan izan behar dugu emakumeena are zabalagoa izan zitekeela. Aldiz burua, txikia da, eta haurretan are txikiagoa izango zela pentsatu behar dugu. Beraz, garai hartako erditzeetan ez zela arazo handiegirik izango ondorioztatu dugu”.

Azkenik, “Homo sapiens” edo gaur egungo gizakiaren garaira iritsi aurretik neandertalak aztertu ditu Goikoetxeak eta haiek gaur egungo erditzeen oso antzekoak izango zituztela ondorioztatu du. Hala ere, giza-eboluzioa, historia bezala, ez dela lineala dio, eta ezin duela hipotesirik egin gaur egungo erdi-
tzeek nola eboluzionatu dezaketen esan eta hemendik beste milioi bat urtera nolakoak izan litezkeen ondorioztatzeko.

Inflexio puntua, gizaki hankabikoa
Gizakiak zutikako posizioa hartzearen ondorioz, pelbisa ere aldatuz joan zela dio Goikoetxeak, aldaka luze eta estua izatetik, aldaka zapal eta zabala izatera igaro zen emakumea. Eta horixe izan zen, antropologoaren esanetan, gizakiaren erditzeak historian zehar izan zuen inflexio puntu nagusia ere: “Lehenik aldaka aldatu zen. Izan ere australopitekuei begiratzen badiegu, gure antzeko aldakak zituztela konturatzen gara. Baina orduko buru-hezurrek txinpantzeenen tamaina oso antzekoa zuten”.

Gizakiaren burmuina hazten joan zen heinean, erditzea gero eta konplexuago izaten hasi zela gogorarazten du Goikoetxeak, eta une bat iritsi zela umeak barruan jarraitzen bazuen ama eta umea biak hiltzen zirena: “Umea gehiegi garatu aurretik erditzen ziren emakumeek egin zuten aurrera, besteak hil egiten ziren. Eboluzioak azkarren erditzen ziren emakumeen alde egin zuen”. Gizakiaren garapen-legeek haurra behar bezala garatu aurretik jaiotzea ekarri dute Goikoetxearen ustez, haurra txinpantzeen garapen maila berean jaio ahal izateko urtebete egon beharko bailitzateke umetokian: “Baina urtebeteko haurra ezin da gure aldaketatik kanporatu. Horrexegatik giza-eboluzioak haurra ahulago jaiotzea eta kanpoan osatzen joatea eragin du”.