AMATASUNAREN INGURUAN AKTIBISMOA SORTZEKO PREMIA IKUSTEN DU GENERO-AHOLKULARIAK.

Katakrak liburu-dendan emaniko Izate biologikotik izate politikora: amatasunak, ekonomia eta komunitatea hitzaldiari tiraka ekarri dugu orriotara.

Zergatik politizatu amatasuna?
Berez, amatasuna politizatuta dago. Amatasunaren inguruan eraiki dituzten diskurtsoek gure gorputzak zeharkatzen dituzte, jaiotzen garenetik, amak izan ala ez. “Politizatu” behar dela esaten dugunean, gure diskurtso propioa eraiki behar dugula azpimarratu nahi dugu, eta eremu publikora eraman. Ez ditzagun gure bizipen pribatuak eta egonezinak norberarenak bakarrik balira bezala tratatu eta ez ditzagun konponbide partikularrak bilatu —nahiz eta subertsiboak eta alternatiboak izan—. 
Kapitalismoak eta patriarkatuak sor-tzen dituzten kontraesanak “ama”-ren gorputzean oso argi kristalizatzen dira. Kontraesan horiek kanpora atera behar ditugu, problematizatu, kon-tzeptualizatu, argia eman guztiek ikus ditzaten, eremu komunitario eta publikoetatik ere ardurak har ditzaten... hori da amatasuna politizatzea.

Gizarte eredu hau bateragarria al da zaintza-lanarekin?
Kapitalismoak eta patriarkatuak osa-tzen duten pintza itogarriak bizitzaren jasangarritasunerako tokirik ez dute uzten. Erdigunean bizitza eta herritarren beharrak jarri ordez, merkatuaren etekinak jartzen diren bitartean nekez lortuko dugu parekidetasunik ezta honek dakarren erantzunkidetzarik ere. Ezinbestekoa dugu amatasunari ikuspegi feministatik ez ezik, klase ikuspegitik ere heltzea, baldintza ekonomiko eta materialek zeharo baldintzatzen dituztelako ama izateko balia ditzakegun moduak. 
Jendarteak eta sistema publikoek konponbide konpentsatzaileak baino ez dizkigute eskaintzen ama garenoi, baina jendarteak konponbide eralda-tzaileak behar ditu. Eredu eraldatzaileak behar ditugu bizitza eta pertsonak erdigunean jartzeko.

Nondik has gaitezke eraldatzen?
Nik eraldaketa hiru ardatzetan kokatuko nuke. Batetik, norberaren ardatza dago: diskurtso patriarkalak deseraiki behar ditugu, bere aginduak identifikatuz, gure desioak aztertuz... Bestetik, komunitatean eragin behar da, kontraesanak azaleratuz, sentsibilizaziotik aktibismora pasatuz; haurrak izan edo ez izan justizia sozialarekin eta jasangarritasunarekin lotu behar da gai hau. Eta, hirugarrenik, beharrezkoa da eremu publikoan eragitea, kapitalismoaren aurreko alternatiba errealak bultzatuz.

Amatasunaren diskurtso hegemonikoa emakumea zokoratzeko erabili dela esaten dute feminismoek. Posible al da emakumeak askatuko dituen amatasun eredurik?
Jakina baietz. Prozesu askatzaile hori feminismoaren eskutik etorri behar da, halabeharrez. Diskurtsoak berriro pentsatu behar ditugu, feminismoek beren baitan gordetzen duten aniztasunari eutsiz, bizi aukera guztiak era askatzaile, parekide eta justuan ahalbideratzeko; amatasunak barne.

Kontziliazio neurri askok emakumea mendekotasunera eraman dezakete, zein da kontziliaziotik erantzunkidetasunera iristeko bidea? 
Badira hiru urrats: batetik, aitatasun eta amatasun baimenak berdindu behar dira. Bigarrenik, mendekotasun- eta zaintza-zerbitzuak doakoak eta unibertsalak izan behar dute. Eta, lan ordutegiak arrazionalak eta bizi-tzarekin bateragarriak izan behar dira, baldintza eta soldata duinekin.
Egun dauden disuasio-neurriak eta neurri konpentsatzaileak bukatzea beharrezkoa da eta baita erantzunkidetasuna lantzeko hezkuntzan hezkidetza benetan sartzea ere.