Arantxa Urbe irakaslea eta hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Bide malkartsutik gora berriro biribilgunea. Berriro, bi irteera soilik erakutsi nahi dizkigute. Seinale berriak diruditen arren, hamarkadak daramate leku berean: Publikoa dio batek; Pribatua, besteak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kide batzuek baterako ala besterako bidea hartu dute: konbentzimenduz batzuek; beste erremediorik ez dutelako, besteek. Gainerakook, ordea, Nafarroa Garaiko, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko kideekin seinale horietatik harago jo nahi dugu, badakigulako badela hirugarren bat, Eredu propioa dioena.

Bakoitzak bere arrazoiak ditu aukera baten edo bestearen alde egiteko. Guztiak errespetagarriak, ez dago zertan denekin bat etorri beharrik. Hala ere, iskanbilaren, irainen eta elkarrenganako gaitzespenen erdian bada guztiak lotzen gaituen hari gidari bat, asko mehetu badugu ere, hor dirauena: Hezkuntza Sistema justuagoa lortzeko nahia. Gure haurrei (jaio diren tokian jaiotakoak, duten dirua dutela) eta herri honi hizkuntza eta kultura arloko beharrei erantzungo dien kalitatezko hezkuntza zor diegulako.

Ez da bidezkoa, ezta zuzena ere, eztabaida Publikoa bai/Publikoa ez kokatzea. Murriztailea da. Askoz ere konplexuagoa eta anbiziotsuagoa da hezkuntza-komunitateko kide eta munduko mapan ukatuta jarraitzen duen Euskal Herriko herritar garen aldetik zor dugun konpromisoa eta egitekoa. Jakina, ezingo dugu ekuazioa askatu aldagaiak ez baditugu zuzen definitzen eta jartzen.

Alde dugu ia denok publikoaren aldekoak garela. Koskak jarraitzen du izaten ea zer- nolako eredu publikoa eraikiko dugun. Izan ere, batzuen iritziz jada badugu eredu publiko egokia, eta besteentzat, berriz, eredu publiko horrek ez dio Euskal Herriari erantzuten. Euskal Hezkuntza Komunitatea kezkaturik dago dituen erronkekink; berriekin eta zaharrekin. Asmatu nahi dugu denona eta denontzat izango den eskola antolatzen, euskaraz biziko dena, denon arrakasta borrokatuko duena. Hori da gure elkargunea eta indargunea.

Biribilgunearen leku honetatik ikusten da badugula behar bat elkarrekin Euskal Eskolaren eredu propioa, Publikoa eta BERRIA definitzeko. Antzematen da badugula gogo bat elkarrengana hurbiltzeko, elkarrekin lan egiteko, eztabaidatzeko, eta batez ere, eraikitzeko.

Eskola hobetu behar dugu, baita hazkuntza eta hezkuntza ere. Eta, horretarako, zoru pedagogiko eta etiko bat ezarri behar da. Kalitatezko hezkuntza bermatu behar dugulako: denok denontzat.