Gehiegizko estimulazioak eta informazioaren bonbardaketak eraginda, gero eta zailagoa zaio zenbait haurri zerbaitetan arreta jartzea edota jarduera zehatz batean murgiltzea. Marina Pintos yoga irakasleak kontzentrazioa hobetzeko beharra azpimarratzen du eta horretarako arnasketan eta erlaxazioan oinarritzen diren hainbat teknika proposatzen ditu.
Jostailu koloretsuak, telebista, bideo-joko deigarriak, mugikorren pantailak, argi diztiratsuak... Gero eta estimulu gehiago eta azkarragoak jasotzen dituzte haurrek. Adituek diote kontzentratzeko eta arreta jartzeko zailtasunak ekarri dituela gehiegizko estimulazio horrek. Azken ikerketen arabera, ikasleek minutuan behin galtzen dute haria eskolan, hau da, ordubetean gutxienez 60 aldiz beste pentsamenduren batera joaten zaie burua.
Etengabe informazio eta datu mordoa jasotzen dute haurrek, baina hori guztia prozesatzeko astirik ez dute. “Zapping” mentalitateak burua uneoro alde batetik bestera ibiltzea ekarri du; “twitter” mentalitateak berriz, deskonexio etengabekoa. Gaur egun, aldi berean jarduera ugari egiten dituzte 6-12 urte inguruko umeek horietako bakar batean ere erabateko arretarik jarri gabe. Aldiz, gero eta nekezagoa zaie jarduera batean zentratzea eta horretan barneraturik denbora ematea, hala nola, irakurtzen, marrazten, mendi-ibilaldia egiten, joko batean jolasten...
“Aspertu naiz” edota “aspertuta gaude” esaldiak ere ohikoak izan ohi dira adin horretan. Sarri, kontzentra-
tzeko, arreta jartzeko nahiz jarduera batean murgiltzeko zailtasunen isla izan ohi da hori. Kontzentrazio-maila handitzeko dagoen beharra azpimarratzen du Marina Pintos yoga irakasleak eta musikariak ere. Bi diziplina horiek landu ditu azken hogei urtean. Eskolaz eskola ibiltzen da yogaren bidez, besteak beste, erlaxatzen eta arreta lantzen ikas dezaten haurrek. Bere ustez, edukiak ikastea baino hobe da kontzentratzeko ahalmena garatzea.
Sarri, helduek haurrei lasai egoteko, adi egoteko eskatzen diete, helduak eurak ere horretarako gai ez direnean. Izan ere, heldua atezuan eta urduri badago, ezin dio haurrari lasaitzeko eskatu. Horregatik garrantzitsua da, Pintosen ustez, etxean, eskolan zein bestelako eremuetan haur eta helduek elkarrekin meditazio ariketak egitea, hala haurrek ikusiko baitute helduek ere gogoko dutela lasai egotea, gustura, patxadan, beste ezertan pentsatu gabe.
Haur guztiak zoriontsuak direla dio mitoak, baina haurrek ere, helduek bezala, estresa eta antsietatea izan ohi dituzte. Gainera, maiz helduek haurrei beraien urduritasun, kezka, arazo, egonezin, larritasun eta abarrak transmititzen dizkiete, eta haurrek ez dute jakiten horri nola aurre egin. Egoera horren aitzinean, norbere burua lasaitzeko eta pentsamendua zentratzeko hainbat teknika proposatzen ditu Pintosek.
Azken aldiko teknikarik entzute-
tsuena “Mindfulness” delakoa da. Meditazio mota horren funtsa da arreta momentura ekartzea eta gorputzaren sentipenetara eramatea. “Gorputza sentitu egiten dugunez, berau oinarri duten teknikak bestelakoak baino errazagoak izaten dira. Eta zer sentitzen du gorputzak lehen lehenik? Arnasketa. Horretan arreta guztia jarriz gero, burua lasaitu egiten da, bera bakar bakarrik”.
“Mindfulness” teknikak gomenda-
tzen du begiak itxi eta petsamenduak nola pasatzen diren erreparatzeko, epaitu gabe, haserretu gabe, beldurtu gabe. Meditazio mota horren aingura arnasketa da, eta buruak beste pentsamendu batzuetara ihes egiten duela ohartuz gero, arnasean kontzentratzea da gakoa.
Pintosek aipatzen duenez, kontzentratzen ikastea prozesu bat da eta haurren zein helduen kontzentrazio-maila handitu daiteke, zenbait ariketa eginez: “Haur bati ezin zaio eskatu ordubetez meditatzen aritzeko, baina bost minutuz egoteko eska diezaiokegu. Meditatzeak, ordea, eguneroko praktika eskatzen du, egunero pixka bat egitea”.
Meditazioaren onurak
Haurrei emozioak kontrolatzen ikasteko balio diezaieke meditazioak. Azterketetan, urduri daudenean, haserretzen direnean... erabil dezakete. Eta, horretarako, Pintosen ustez, arnasa oso tresna egokia da: “Arnasketak egiten irakastea haurrei oparia egitea da. Gero eurek ikusiko dute erabili ala ez”.
Meditazioak abantaila asko izan ditzake, fisikoak ugari, baina Pintosen aburuz, garrantzitsuena lobulu prefrontalaren aktibitatea handitzeko gaitasuna da. Izan ere, garuneko aurrealde horretan enpatia, errukia, eta zorion-sentipena daude, besteak beste, eta meditazioan eremu hori lantzen da. Bestalde, bakoitzaren mugak errekonozitzeko, norberaren burua hobeto ezagutzeko eta autoestimua handitzeko ere oso baliagarria izan daiteke meditazioa.
Horrez gain, yoga irakaslearen iritziz, bada beste alderdi oso garrantzitsu bat ere kontzentrazioarekin lotuta dagoena: momentua bizitzen, oraina bizitzen ikastea, azken batean, bizitza bizitzen ikastea. Eta horretan ere ikasi egiten dela dio Pintosek: “Ni konturatzen naiz ez dakigula bizitzen. Ekintzak egiten ditugu, eta, denbora guztian, halako bola batean bezala gabiltza, inertziaz. Etengabe gauzak eginez bizi gara, egin behar direla uste dugulako. Baina ez gaude benetan hor, ez gaude momentuan, ez dugu hori bizi”.
Momentua bizitzeko gaitasun hori guraso askok haurrengandik ikas dezaketela uste du. Izan ere, haurrek oraina bizi dute, orain eta hemen bizi dira, eta hazten doazen heinean alde batera uzten dute hori, iraganean eta etorkizunean galduz: “Gaitasun hori mantentzea litzateke ideala, gerora berriz ikasi beharrik ez izateko”.
Xede horrekin, kontzentrazio-ariketak egiten ditu Marina Pintosek haurrekin. Posturak eta jarrerak lantzeko ariketa motzak izan ohi dira. Arnasketa lantzeko berriz, haurrak etzanarazten ditu, eta sabela sentitzen dute hala. Zenbait ariketa egin daitezke: eskuak sabel gainean jarri; edo paper baten bidez, nola mugitzen den antzeman, etab.
Erlaxazioa lantzeko bestetik, irudizko bidaiak egin ohi ditu. Leku batera gidatzen ditu haurrak; esaterako, hondartza batean daudela esaten die, eta, kometa bat hartuta zerura igoko direla edo hodei batean eseriko direla. Bidaiatzera gonbidatzen ditu haurrak, paisaiak ikustera. Irudimena lantzea du xede, hala bisualizaziorako teknika normaltzat har dezaten. “Horrelakoak egin daitezke 8-12 urte artekoekin eta eskertzen dute”.
Erlaxazioa eta kontzentrazioa lan-
tzeko gakoa hainbat jarduera behin eta berriz egitea da, yogako irakaslearen ustez. Horrexegatik, haurrekin ipuinak eta “ontzi tibetarra” ere erabiltzen ditu: “Haurrek begiak itxi ostean ontzia jotzen dut, eta haiek zenbat aldiz jo daudan asmatu behar izaten dute. Edo bestela, soinua isiltzean eskua altxatzeko eskatzen diet. Ariketa horietan erne egon behar izaten dute, eta beraz, garuneko neuronen arteko loturak indartu egiten dira”.