AIKUR ERLE MUSEOA
Udaberriaren etorrerarekin batera erleak lan betean ikusteko aukera eskaintzen du Urretxuko Aikur Erle Museoak. Ikastetxe zein familientzako bisita gidatuak eskaintzen dituzte, astegunetan eta asteburutan. Museoa, gainera, ‘Baserria Natur Eskola Bizia’ proiektuko parte ere bada. Baserria bera eskola aparta izan daitekeela erakutsi dute.
Gure inguruneko fruitu, barazki eta basalandareak erleen eta antzerako intsektuen polinizazioari esker bizi dira. Horri lotuta dago intsektu hauek ekosistemaren biziraupenean duten garrantzia. Erleek ingurunean betetzen duten zeregina gizarteratu eta intsektu hau hobeto ezagutzeko asmoz egiten dute lan Urretxun kokatuta dagoen Aikur Erle Museoan. Aikur erlezaintzako guneak 1995ean ireki zituen ateak, eta, erleekin lan egiteaz eta erlauntzeko produktuak komertzializatzeaz gain, erleen bizitzari buruzko dibulgazio-lana ere egiten dihardu. Lenbur Fundazioaren laguntzari esker, Euskal Herriko erle-museo garrantzitsuena ere bada Aikur, 2007az geroztik. Josune Epeldek eta haren familiak erleen bizitza nolakoa den, erlauntzeko produktuak zein diren eta erleek ekosisteman zer garrantzia duten azaltzen diete museora doazen bisitariei. Museoaren barnean, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzte 280 metro koadroko gunean. Alde batetik, erlauntzei eta aspaldiko lanabesei egin diete tokia, eta bestetik, argi-panelei eta pantaila ukigarriei. Bi solairu ditu museoak, eta, horietako bakoitzean, hainbat arlo lantzen dituzte. Beheko solairua, esaterako, hiru arlo tematikotan bereizita dago: erlezaintza eta polinizazioa, mitologia eta historia, eta produktuak. Museoaren arduradunak dioenez, “solairu honetan, alde batetik, garai batean Euskal Herrian erlezaintzarako erabili zituzten erlauntzak eta lanabesak nolakoak ziren ikus daiteke. Bestetik, erleek ekosistemaren biziraupenean duten garrantziaren berri ematen dugu. Eta, azkenik, erlezaintzatik eratorritako produktuak aurkezten ditugu, eta, bide batez, Euskal Herriko hainbat ezti mota dastatzeko aukera ere eskaintzen dugu. Goiko solairuan azaltzen da erleen bizitza bere osotasunean, bi ataletan banatuta. Epeldek dioenez, “erleen bizitza ulertzeko, ezinbestekoa da haiek bertatik bertara ikustea”, eta, horretarako, behaketarako propio prestatutako bi erlauntza dituzte. Batetik, erle erregina nolakoa den deskubritzeaz gain, eztia, polena eta erlauntzeko beste hainbat produktu nola sortzen eta biltegiratzen dituzten ikusteko aukera dago erlauntza horiei esker, eta erleek komunikatzeko erabiltzen duten modu konplexua ulertzekoa ere bai. Bestetik, berriz, erleek egindako abaraska naturalak ikus daitezke kristalezko kutxa batean; gizakiak patroirik jarri gabe, erleek naturan egingo luketen moduan. Dibulgazioa lantzeaz gain, erlauntzetik zuzenean jasotako produktuak ere eskaintzen dituzte: funtsezko produktua eztia da, noski, baina propolia, kandelak, argizaria eta polena ere eskuragarri izango ditu Aikurrera jotzen duenak. Eskolek zein familiek Aikurrera bisita egiteko, beharrezkoa da aurrez erreserba egitea. Udaberriarekin batera, martxoan ekingo diote berriro bisitarientzako jarduerak eskaintzeari, negu sasoian atseden hartzen baitute museoaren arduradunek, erleen antzera. Erleek udaberrian ekingo diote euren urteroko elikagai-bilketa nagusiari, eta, beraz, irekita izango ditu ateak Aikur Erle Museoak martxotik aurrera.
'Baserria Natur Eskola Bizia'
Aikur Erle Museoa Baserria Natur Eskola Bizia proiektuko parte ere bada, eta pedagogia-arloko eskaintza bat egiten du, beste hainbat eragilerekin batera. Hogei urtetik gora igaro dira Goimenen ekimenez (Goierriko Mendi Nekazaritza) proiektu pedagogikoa abian jarri zenetik. Urte hauetan guztietan, baserritarren talde batek bere lana alderdi pedagogikotik aberastu zuen; baserriak egokitu, material didaktikoa sortu, eta dirulaguntzak lortu zituen. Egitasmoa abian jarri zenetik, 80.000 ikasle baino gehiago pasatu dira eskola bizi honetatik. Proposatzen diren 8 jardueren bidez, ikasleek aukera dute beren eskuekin gazta, ogia, pastak, kandelak, zeramika, marmelada, kontserbak eta azokako erosketak egiteko, aukeratutako baserriaren arabera. Sustatzaileek gaineratu dutenez, ekintza guztietan garrantzia handia ematen diote ikasleek prozesu guztian parte hartzeari, eta, gainera, ekintza batean zein bestean ekoitzitako produktuak etxera eramaten dituzte. Proiektuaren helburuak dira, batetik, eskolei ikasgela berezi bat eskaintzea, irakasle eta guzti. Natura, abere, elikadura, osasun, iraunkortasun eta ingurumenarekin lotutako gaiak jorratzen dira modu didaktiko batean, eta bertatik bertara. Bestalde, baserritarrei beste jarduera eta diru-iturri bat eskaintzen zaie, ekoizle soilak izatetik irakasle lana aitortzera pasatzen baitira. Ildo horretan, 2010ean, Lehen Hezkuntzarako material didaktikoa sortu zuen adituen talde batek, eta hainbat ariketa-joko prestatu zituzten ziklo bakoitzerako. Guztiak proiektuaren webgunearen bidez eskuratu daitezke, honako helbide honetan: www. natureskolabizia.com.
Aikur erle museoa
Kokapena Santa Barbara z/g 20700 Urretxu (Gipuzkoa)
Harremanetarako • Tel.: 630 70 25 87 • E-posta: aikur@aikur.eus
Hezkuntza-arloko eskaintza • Erlezaintzari lotutako lantegiak