Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da ekainaren 20a.
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da ekainaren 20a. Errefuxiatuen Nazioarteko Egunak aukera ematen digu errefuxiatuen errealitatea gertutik ezagutzeko, haien eskubideak eta beharrak ulertzeko eta, aldi berean, eskolatik harrera duin, segurua eta inklusiboa eraikitzeko konpromisoa indartzeko.
Zer esan nahi du benetan errefuxiatua izateak, eta zergatik ez da gauza bera migratzailea izatea? ZEHAR- Errefuxiatuekin elkarteko zentroetako koordinatzaile Nerea Maiztegik azaldu duenez, errefuxiatu eta migratzaileen arteko desberdintasuna jatorrizko herrialdea uzteko arrazoian eta jasotzen duten babes legalean datza: “Errefuxiatu batek ez dauka beste aukerarik, eta migratzaileek, aldiz, bai”.
Bereizketa horretatik abiatuta ulertzen da ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izatea; eta egun horrek gogorarazten digu pertsona askok, gatazken, jazarpenen edo indarkeriaren ondorioz, etxea utzi behar izaten dutela eta nazioarteko babesa behar izaten dutela. Maiztegik azaldu duenez, oinarrizko beharrizanak asetzerakoan –janaria, etxebizitza, osasuna eta informazioa–, sarritan bestelako oztopoak gehitzen zaizkie, eta horiek guztiek baldintzatzen dute pertsonen egunerokoa: “Oinarrizko beharrizanak asetzeko zailtasunak, dokumentazioa lortzeko oztopoak –errolda, osasun agiria, lan baimena, tituluen homologazioa–, komunikazio arazoak eta beste hainbat oztopo izaten dira tartean. Arrazakeria eta diskriminazioa ere pairatzen dituzte, eta gizarteak asko ikasi eta garatu behar du inklusioa eta berdintasuna lortzeko”.
Testuinguru horretan, ZEHAR-Errefuxiatuekin elkarteak funtzio garrantzitsua betetzen du, pertsona errefuxiatuei, migratuei eta asilo eskatzaileei laguntza eskainiz eta inklusio prozesuak bultzatuz. Horrela definitzen du Maiztegik elkartearen norabidea: “Laguntza osoa eskaintzea eta inklusioa sustatzea da helburua, diskriminazioaren eta arrazakeriaren aurka borrokatzeko. Araban, Bizkaian eta GIpuzkoan lan egiten dugu, babesa bilatzen duten pertsona guztientzat ingurune hurbila eta segurua sortuz. Urte askoan, elkartasunean oinarritutako komunitate sendoa eraiki dugu, eta, horri esker, erabakigarritasunez eta itxaropenez jarduten dugu erronkei aurre egiteko orduan”.
Eskola, harreraren lehen lerroan
Beharrezkoa da errefuxiatuen errealitatea ulertzea, baina eskolak zer egin dezakeen pentsatzen hasten garenean hartzen du ulermen horrek benetako zentzua. Izan ere, eguneroko harremanetan, hizkuntzan eta ikasgelako giroan eraikitzen da harrera. Horregatik, Maiztegiren ustez, ezinbestekoa da pauso zehatzak ematea: “Lehenik eta behin, taldeekin informazio erreala landu behar da, errealitate desberdinetara gerturatu, eta egoeraren jabe egin. Gerora, pertsona bati harrera egitea suertatuz gero, enpatia handiagoa izaten da, eta prozesua gozoagoa”.
Hizkuntza da harreraren gakoetako bat, eta Euskal Herrian, bereziki, euskararen presentziak ere badu bere tokia. Maiztegik azaldu duenez, komunikatzeko dugun bidea hizkuntza izanik, funtsezkoa da: “EAEko hizkuntza ofiziala euskara denez, toki garrantzitsua betetzen du. Beharrezkoa da egunerokoan eskaintzen diren ekintzetan parte hartzeko edota erakundeekin duten harremana izateko".
Ikastetxeak ikasle berri bat jasotzen duenean, keinu txikiek eragin handia izan dezakete, eta, hortik abiatuta, parte hartzeko aukerak zabaltzen dizkiogu eta komunitatean kokatzeko tresnak eskaintzen dizkiogu. Horretarako, Maiztegik proposatzen du lehenengo egunetan gelakide pare batek ongietorria egitea eta prozesua babesteko ardura hartzea; eta, hizkuntza oztopo izan daitekeenean, gertutasun hori errazteko keinu txiki bat ere gomendatzen du: “Errefuxiatuak hitz egiten duen hizkuntza desberdina den kasuetan, haren jatorrizko hizkuntzako hitz batzuk jakiteak ere laguntzen du lehenengo momentuetan hurbilago senti dadin".
Horri lotuta, errefuxiatuen gaia eskolan lantzeko proposamenak ere baditu Maiztegik: “Interesgarria izan daiteke erakunde desberdinetara bisitak egitea edota errefuxiatuak diren pertsonak ikastetxeetara hurbiltzea. Horrez gain, egokia izan daiteke kulturarteko jarduerak antolatzea”.
Errespetuz hezi eta elkartasunez jokatu
Maiztegik onartu du eskoletan arrazakeria edo bazterketa egoerak sarritan agertzen direla oraindik gurean, eta, hori saihesteko, ezinbestekoa dela errespetuz jokatzea: “Tamalez, oraindik lan asko dago egiteko. Ikastetxeetan, beste eremu guztietan bezala jokatu beharko genuke, desberdintasunik egin gabe eta errespetuz jokatuz. Arrazakeria edo diskriminazio kasuei aurre eginez eta gai honi buruz heziketa on bat emanez”. ZEHAR-Errefuxiatuekin erakundearen zentroetako koordinatzaileak gaineratu du hezkuntza komunitateari gonbidapena egiten zaiola gaiari buruz informatzeko eta egunean egiten diren ekintzetan parte hartzeko: “Gaiari buruz informatzea, egiten diren ekintzetan parte hartuzea eta kalera irtetea gomendatuko nieke; eta errefuxiatuekin topo eginez gero, haiek nahiko luketen tratua ematea, inork ez baitaki zer gertatuko zaigun guri, ez eta migratzeko beharra edukiko dugun”.
Aitortzarako eta harreraren aldeko eguna
Ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2000ko abenduaren 4an onartutako A/RES/55/76 ebazpenaren bidez ezarri zuen, 1951ko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioaren 50. urteurrenarekin bat eginez. Errefuxiatuek jasaten duten errealitatea ikusaraztea eta haien eskubideak, beharrak eta duintasuna erdigunean jartzea da helburua.