2016an izan zuen mendi istripuak gurpildun aulkian bizitzera behartu zuen Montxo Lopez de Ipiña ilustratzailea. Orain, ‘Aurrera begira’ egitasmoaren bidez bere esperientziaren berri ematen die Araban Batxillergoko ikasleei. Teoriatik harago, eredu bizia ikusiz lantzen dute erresilientzia ikasleek. 

Gida didaktikoa ere badute ikasleek eta irakasleek gelan erresilientziaren gaia lantzeko, baina Montxo Lopez de Ipiñak, bere azalean bizi izandakoa kontatuz, praktikan azaltzen die ikasleei erresilientzia zer den. Ikasleak erresilientziaren gaiarekin harremanetan jartzeko helburu duen Aurrera begira egitasmoak bigarren urtea du hau. Urkide Fundazioak bultzatutako eta Vital Kutxak finantzatutako proiektua da. 

Aurrera begira izeneko proiektuan parte hartzen duzu. Zertan datza proiektuak? 

Nola sortu zen kontatuko dizut lehenik. Nik mendi istripu bat izan nuen eta gurpildun aulkian geratu nintzen. Istripua izan aurretik ere eskolaz eskola joaten nintzen ilustratzaile modura emanaldiak eskaintzen. Istripuaren ondoren depresioa izan nuen eta horri aurre egiteko, lehen egiten nuenari berriro heltzea proposatu zidan lagun batek. Ilustratzaile eta ipuin kontalari gisa emanaldiak eskaintzen hasi nintzen ostera ume txikiekin. Egitasmoa arrakastatsua izan zen eta emaitza onak utzi zituen. Urkide eskolako zuzendaria laguna dut eta hura ikusita, Batxilergoko ikasleekin gauza bera egitea proposatu zidan. Helburua nerabeei nolabaiteko laguntza eskaintzea eta haien arazoak erlatibizatzen laguntzea zen. Aurrera egin genuen eta orain, gertatu zaidana kontatzen diet, bizi izan dudan esperientzia, eta nola egin dudan aurrera. 

Beraz, ikasleen aurrera zoaz eta istripua izan zenuela eta horri aurre nola egin diozun azaltzen diezu… 

Bai. Lehen nituen afizioei berriro nola heldu diedan kontatzen diet. Bata mendia zen eta mendiak ematen dizun guztia, mendizaleok dugun grina, mendirako beharra, sufrimendu hori… Bestea, ilustrazioak. Istripuaren ondoren ikusi nuen irudiak egitea flotagailua zela niretzat. Kosta zitzaidan berriro marrazteari ekitea baina eginez eta eginez, lortu nuen. 

Nola hartzen dute ikasleek? Hitzaldi teorikoak entzuten ohituta gaude, baina zure kasuan erresilientziaren eredu bizia ikusten dute begien aurrean. 

Lehen pertsonan kontatzen diet bizi izandakoa. Proiektu hau planteatu zidatenean entzun nuen lehen aldiz erresilientzia hitza. Lagunek esaten zidaten erresilientzia handikoa naizela baina hori zer zen ez nekienez, Interneten begiratu nuen. Orduan ikusi nuen erresilientzia arazoen aurrean aurrera egiteko gaitasuna izatea dela. Orduan konturatu nintzen baietz, gaitasun hori badudala. Ikasleei galdetzen diedanean haiek ere baietz esaten dute. Ikasgelan solasaldia egiten dugu: haiek galderak egiten dituzte, nik erantzun, eta une horretan konexioa lortzen dugu. 

Zeure egoerak berak sinesgarritasuna, errealismoa ematen baitio esaten duzun horri. 

Bai. Eta horrelako egoera batean dagoen pertsona noraino hel daitekeen ikusten dute. Nola nagoen eta noraino heldu naizen zuzenean ikusten dute.

Hitzaldiak irauten duen bitartean irudiak egiten dituzu. Zer azaltzen duzu bertan? 

Bi muntaia egin ditut. Lehena istripuaren ondoren egindakoa da eta irudiak nahiko traketsak dira. Irudi horietan istripuaren ondorengo gertaera guztiak azaltzen ditut: istripuaren unea eta ospitaleko garaia. Beste muntaian denborak aurrera egin ahala sentitzen dudan bizitza berria azaltzen dut. Gaur egun egiten ditudan binetak erakusten ditut. Betiere, umorez azalduta. Garapena ikusten dute, beraz, egindako aurrerapena. 

Bigarren urtez lantzen ari zareten egitasmoa da Aurrera begira. Gaur gaurkoz, nolako balorazioa egiten duzu? 

Oso ona, eta gainera on egiten dit. Ikasleek balorazio ona egiten dute beti, oso gustura egoten direla diote, eta horrek asebetetzen nau.

Ikasleen balorazioak 

Ikasleak txundituta gelditzen dira Lopez de Ipiñaren esperientziarekin eta miresmena sentitzen dutela diote. Hona hemen egindako balorazio batzuk: 

  • Enpatia sentitu dut eta hunkitu nau aurrera nola egin duen ikusteak. Miresgarria da. 

  • Harrotasuna sentitu dut oztopo bakoitza nola gainditu duen ikustean. Eredu paregabea da. Gauza txikiak balioesten lagundu dit. Mila esker. 

  • Bizitzan hartzen ditudan eta beharrezkoak ez diren arriskuei buruz pentsarazi dit. Ea benetan merezi ote duten. Izan ere, ez dut irudikatzen nire bizitza halako zerbait gertatuz gero. 

  • Nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio miresgarria izan da. Gauzak beste modu batera ikusarazi dizkit. 

  • Uste dut hori gertatuko balitzait ez nintzatekeela gainditzeko, bizitzeko gai izango. Meritu handia du, ez baitu amore ematen.