Michel Odent mediku frantsesak esaten zuen, mundua aldatzeko beharrezkoa dela jaiotzeko modua aldatzea. Emakume bakoitzak erditze errespetatua izan zezan lan egin zuen, eta atzera, erditzeen denborak, amaren eta haurraren denborak errespetatzeko ahalegina egin zuen. Andre bati erditzea errespetatzen zaionean haur bati jaiotza errespetatzen baitzaio. Eta, beraz, alderantziz: erditze bat begirune gabe artatzeak errespetu bako jaiotza esan nahi du. Akaso ez dugu mundua aldatuko erditze bat behar bezala zainduz, baina emakume horrek amatasuna errespetutik abiatuko du, eta, berdin, haur horrek lehen hatsa begirunetik hartuko du mundu honetan, eta beraz, bakoitzaren bizipena errespetatua eta sanoa izango da. HAZI HEZI honetako gai nagusia erditze errespetatua dugu.
Errespetua, hain oinarrizkoa. Baina bizi dugun bizi-eredu honek leku gutxi egiten dio bizitzaren errespetuari. Bizi dugun abiadak, daramagun norabideak, lanak, merkatuak… ez diote begirunerik sortu berri den bizitzak eskatzen dituen denborei. Ez sortu berri denari, ez hura zaintzen dutenek behar duten denborari. Zaintzari bizkarra emanda bizi gara, azkar, azkarregi…
Martxoaren 8ak erdigunera ekarri ditu zaintzak, aldarri bilakatu da zaintzeko eskubidea eta zainduak izateko beharra. “Zainketak bizitza eta bizia bera ahalbidetzen duten lanak, denborak eta ahaleginak dira eta ikusgarri egin behar dira”, adierazi du mugimendu feministak. Baita haurren zaintza ere. Zaintzak begirunea merezi du, eta beraz, balioa eman behar zaio. Aurrera begira, zaintza eskubidearen aldeko greba orokor bat egiteko prozesua abiatuko du mugimendu feministak.
Errespetuaz, gai nagusian ez ezik, elkarrizketan ere Txusma Azkona eta Itsaso San Martin Lizarrako Plisti-Plasta guneko hezitzaileak begiruneaz mintzo zaizkigu: “Haurrei beste mundu bat irekitzen diegu begirunez tratatzen ditugunean (...). Haurrari pixoihala aldatzen, mukiak kentzen, eskuak garbitzen, janaria emateko garaian, eta oro har, zainketa momentu horietan helduak errespetuz esku hartzen badu, haurrak duen bizipena zeharo desberdina da, eta ondoren, haur hori berak jaso duen errespetutik abiatuko da harremanak egiteko garaian”.
Mundua, akaso ez, baina norberaren mundua aldatzen du errespetuz zaindua izateak.