Gasteizko Errota auzoan bi eskola elkartu eta bakarra sortu dute.

 

Gasteizko Landazuri eta Santa Maria de Vitoria ikastetxeek bat egingo dute eta Errota eskola osatuko dute datorren ikasturtetik aurrera. Errota auzoko erreferentziazko eskola publikoa izan nahi dute aurrerantzean.

 

Gasteizko Errota auzoan bi eskola elkartu eta bakarra sortu dute: Errota eskola. Landazuri eta Santa Maria de Vitoria ikastetxeen arteko fusiotik sortu da eskola berria eta 2026-2027 ikasturtean ikastetxe bakar gisa funtzionatzen hasiko dira. Olaia Alberdi Santa Maria de Vitoriako zuzendaria eta Diego Colino Landazuriko zuzendaria ilusio handiz bizitzen ari dira bateratze prozesua.

Bat egiteko unea iritsi zaien arte eraikin bakarra partekatu dute bi eskolek 26 urtez eta aurrerantzean espazioa soilik ez, eskolako bizitza osoki partekatuko dute. Errealitate oso ezberdina bizi izan dute biek ere; ordutegi desberdinak izan dituzte eta espaziorik ez zuten ia partekatzen. Landazuri D ereduko ikastetxea izan da eta Santa Maria de Vitoria, berriz, A eredukoa. Ikasleen tipologia ere oso desberdina izan da bietan: ijitoak eta etorkinak izan dira nagusi Santa Marian eta Gasteizko euskaldunen seme-alabak Landazurin. Azken urteetan, hala ere, egoera parekatzen joan da eta gaur egun biak ikastetxe segregatuak direla diote Alberdik eta Colinok.

 

Bat egiteko deia

2016-2017 ikasturtean hainbat ikastetxek Hezkuntza Sailaren deia jaso zuten etorkizunean fusionatu beharko zutela esanez, horien artean Landazurik eta Santa Mariak. Bi ikastetxeak eskola bakarra bihurtuko zirela esan zieten, baina eperik zehaztu gabe. Ordutik urtero bildu izan dira, baina ezustekoa 2024an iritsi zitzaien Colinok azaldu duenez: “Ordura arte metodologia adosten joan behar genuela eta hainbat gauza elkarrekin egin behar genituela esaten zigun Hezkuntza Sailak, baina zehaztapen gehiagorik gabe. Eta 2024ko urrian esan ziguten 2025-2026 ikasturtean ikastetxe bakar gisa funtzionatzen hasi behar genuela”.

Hori entzunda, denbora eskatu zioten bi eskolek Hezkuntza Sailari, Alberdik azaldu duen moduan: “Fusioa aukera gisa hartzea erabaki genuen. Hezkuntza Sailari kronograma bat proposatu genion eta adierazi genien ez genuela lardaskeriarik egin nahi. Ez genuela nahi atea zabaldu eta bi eskolak bat bihurtzea, prozesua zentzuz eta modu egokian egin nahi genuela. 2024-2025 ikasturtea hasi berria genuen eta komunitatearen parte-hartzea sustatzeko erabaki metodologikoak hartzea eta ikas jarduera berriak diseinatzea erabaki genuen. 2025-2026 ikasturtean bi zuzendaritzei eutsiko geniela jakinarazi genien, identitate berri horretarantz trantsizio tartea izatea nahi genuelako”.

2016-2017an jasotako dei haren ondoren zehaztapenik jaso ez baldin bazuten ere, etorriko zenerako prestatzen hasi ziren eta Santa Maria ikastetxeak eredu aldaketa hasi zuen: A eredutik D eredurako bidea. Aurten Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak dituzte A ereduan eta datorren ikasturtean, 6. mailako ikasleek amaitzen dutenean, A eredua desagertu egingo da. 2027-2028 ikasturtean Errota eskola D ereduko eskola izango da.

 


Eskola bakoitzak dituen gauza onak jaso eta erabakiak adostasunez hartu ditugu. Identitate berri bat sortu behar genuen, bat gehi bat askotan ez delako bi

Diego Colino, Landazuri ikastetxeko zuzendaria


 

Bateratze prozesuan inprobisatu gabe aritu nahi izan dute Colinok azaldu duenez: “Eskola bakoitzak dituen gauza onak jaso eta erabakiak adostasunez hartu ditugu. Identitate berri bat sortu behar genuen, bat gehi bat askotan ez delako bi”. “Hasieratik ikusi genuen oso garrantzitsua dela proiektu berriari bi eskolek ekarpena egitea. Landazurin metodologia aldetik lan handia egiten dute eta Santa Marian elkarbizitzaren arloan lan handia egin dugu. Bakoitzak berea jarri du eta hortik eraiki dugu eskola berria”, adierazi du Alberdik. Errota eskolak izango duen hezkuntza proiektua urte luzez eraikitakoa dela nabarmendu dute biek ala biek.

 

 

Perspektiba garbi izateak eta antzeko ikuspegia izateak asko lagundu diela azpimarratu du Alberdik: “Garbi genuen norantz jo nahi genuen eta azken urteotan egindako ibilbidea norabide horretan egin dugu. Gustura eta ilusio handiz egin dugu bidea. Elkar ongi ulertu dugu eta horrek asko erraztu du prozesu guztia”.

Ikasturte honetan koordinatuta egin dute lan eta dinamika asko elkarrekin egin dituzte elkar ezagutzen eta hurbiltzen joateko helburuz. Prozesua ilusioz egin dute eta oso aberasgarria eta positiboa izan dela diote. Hainbat lan ere egin behar izan dituzte espazioak egokitzeko: datorren ikasturtean 2 urteko beste gela bat izango dute, pasabideak zabaldu behar izan dituzte, jantokia eta psikomotrizitate gela handitu…

Garai berrietara egokituko den proiektua eraiki nahi izan dute, gizartea azken urteetan izugarri aldatu dela kontuan hartuz.

 


Garbi genuen norantz jo nahi genuen eta azken urteotan egindako ibilbidea norabide horretan egin dugu. Gustura eta ilusio handiz egin dugu bidea. Elkar ongi ulertu dugu eta horrek asko erraztu du prozesu guztia

Olaia Alberdi, Santa Maria de Vitoria ikastetxeko zuzendaria


 
Komunitatearekin eskuz esku

Bateratze prozesuan oso argi izan dute auzora begira eta herritarrekin eta familiekin elkarlanean aritu nahi zutela. Errotan errotu izeneko sarea sortu zuten auzoko errealitatea islatzen duen ikas komunitate anitza eraikitzeko helburuz. Eta eskolari bultzada emateko, auzoarekin batera egindako prozesu parte-hartzailea jarri zuten abian. Eskolaren izena eta logoa auzotarrekin batera erabaki zituzten. “Nik uste dut proiektu honek esanahi berezia hartu duela auzoari deialdia egin diogulako”, aipatu du Colinok. Prozesua auzoari zabalik egin dute eta aurrerantzean ere auzoarekin batera bizitzen jarraitu nahi dute, elkarlanean.

Helburu nagusia da Errota eskola auzoko erreferentziazko eskola publikoa bihurtzea. Etorkizunean eskola auzoaren isla izatea nahiko lukete, gaur gaurkoz, ez baita halakorik gertatzen Alberdiren hitzetan: “Kulturaniztasun handia dugu eta bertakoak diren ikasle oso gutxi ditugu. Auzoko haurrak Errota eskola publikora etortzea nahiko genuke. Ikastetxe segregatua gara eta ikasle askok errealitate oso konplexuak dituzte. Baina haiekin zaudenean ikasten duzu azalez, hizkuntzaz, kulturaz, ohituraz… oso ezberdinak izan arren, oso antzekoak garela. Oso aberasgarria da”. Iaz egindako zenbaketaren arabera, 30 bat hizkuntza eta kultura elkartuko dira Errota eskolan.

 

 

Fusioa segregazioari aurre egiteko aukera gisa baliatu nahi dutela dio Alberdik: “Eskolan falta zaizkigun familiak erakarri nahi ditugu. Familiekin eta auzoarekin lan egin dugu, formazioa jaso dugu eta gure esku dagoena egiten saiatu gara, baina hori guztia ez da nahikoa. Segregazioari aurre egiteko arazoa sakona eta sistemikoa da eta gizartea bera da segregatzailea. Instituzioek ardura handia dute, neurri zehatzak hartu beharko lituzkete eta, beharbada, azken hamarkadetan gizarteratzean eta eremu publikoan garatu dituzten politikak berrikusi beharko lituzkete arazoari benetako irtenbidea emateko. Eskolek egin dezaketena ez da nahikoa; politika zehatzak behar dira”.

Familiengandik oso gertu daude Errota eskolan, konfiantza handia dute haiekin eta bateratzearekin ados egon dira hasieratik. Ikasleak ere pozik daude. Ikasturte honetan gehiago hurbildu zaizkie elkarri: hainbat dinamika eta lanketa elkarrekin egin dituzte eta gustura aritu dira elkarren ondoan.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ia 400 ikasle izango ditu Errota eskolak; bi lerroko eskola indartsua izango dela diote Alberdik eta Colinok. Lanean gogor jarraitu beharko dute datozen hilabeteetan, baina ilusioz eta komunitatearen laguntzaz samurragoa izango da urtetan zehar garatu duten proiektua gauzatzea.