Jordi Collet irakaslea eta ikertzailea da Vic-eko Unibertsitatean.
Jordi Collet irakaslea eta ikertzailea da Vic-eko Unibertsitateko (Katalunia) Soziologia fakultatean. Eskolaren, familien eta komunitatearen arteko harremanetan aditua da. Heizek antolatutako KomunitateAGO jardunaldietan parte hartu zuen eta zera azpimarratu zuen: gaur egun eskola ez dela demokratikoa eta familiekin eta komunitatearekin batera parte hartzeko guneak sortzea oso garrantzitsua dela.
Zergatik kostatzen zaigu hainbeste familiek eskolan parte hartzea?
Familien parte hartzea ez da gai erraza eta askotan frustraziora garamatza. Masa-eskola modernoa eraiki genuenean, familien eta komunitatearen aurka eraiki genuela, haiengandik urrun eraiki genuela ulertzen laguntzen digu akademiak. Erakundea barrurantz eraiki genuen, XVI. mendeko moralistek familiak eta komunitateak oso gaizki hezten zutela esan zigutelako. Beraz, espazio itxi bat eraiki genuen, horma oso altuekin, profesionalek eta espezialistek modu egokian hezi zezaten. Abiapuntu horrekin, ez da erraza eskolaren eta familiaren artean harreman ona izatea. Eta bestelako harremana eraiki nahi baldin badugu, lan handia egin behar dugu.
Diskurtso bera entzuten dugu beti: familiak parte hartzaileegiak dira edo gutxiegi parte hartzen dute. 80ko eta 90eko hamarkadetan espazio demokratiko samarra eraiki zen eskolan: guraso elkarteek leku handia lortu zuten eta Eskola Kontseiluetan ahotsa zuten Lehen Hezkuntzako ikasleak egoten ziren. Esperientzia batzuetan oso urrun ere iritsi zen, ez soilik parte hartzeari dagokionez, baita erabakiak batera hartzeari dagokionean ere. Baina 2000. urtetik aurrera horrek guztiak indarra galdu zuen: orain emaitzetara bideratuago gaude, burokrazia handiagoa dugu, zuzendaritzak profesionalagoak dira eta antolaketa-karga handia dute, ikaskuntzetan oso zentratuta gaude, baina eskola herritarren eraikuntza gisa hartzearen ideia hori ez da hain garrantzitsua. Uste dugu familiak ez direla eskolako kide, baietz esaten dugun arren. Gaur egungo testuinguruan, erronka handiak ditugu eskola demokratikoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko, irakasleei, familiei, ikasleei eta komunitateari dagokienez. Demokrazia pobreentzat eta ahulentzat dela eta boteretsuek demokraziarik ez dutela behar dirudien testuinguruan bizi gara: Gazan parke tematiko bat ezarriko dutela diote, eta kito.
Baina beharrezkoa da eskolako testuinguruan demokrazia eraikitzea.
Ezin dugu pentsatzen jarraitu demokrazia ez dela beharrezkoa, alderantziz: agian inoiz baino beharrezkoagoa da pentsatzen hastea nola bizi gaitezkeen elkarrekin desberdinak garen pertsonak. Eta baita autogobernuaren ideian aurrera egitea ere: nola goberna dezakegun geure burua, eta, beraz, nola har ditzakegun erantzukizunak, nola parteka ditzakegun erantzukizunak eta nola sor ditzakegun eskola parte hartzaileagoak. Horrek premia handia du. Eskolaren ideia birpentsatu behar dugu, ez soilik jendeak ikasiko duen leku gisa, baizik eta, ziurrenik, mundu guztia bertatik igaroko den gune bakar gisa, eskolara joatea derrigorrezkoa baita. Uste dut hori dela eskolaren baliabide nagusia: nola eraiki dezakegun esperientzia bat, gu ez bezalakoak diren pertsona batzuekin bizi gaitezkeela eta elkarrekin zerbait egin dezakegula ulertuz. Hori funtsezkoa da demokraziarentzat.
Desberdintasunek gaindiezinak diruditen eta, batzuetan, besteekiko loturak ia ezinezkoa dirudien testuinguru batean, oso garrantzitsua da irakasleek hezkuntza-komunitatearen ideia hori eraikitzea. Izan ere, ziur asko, eskola da gaur egun pertsona desberdinak elkarrekin bizi garen espazio bakarra, eta hori baliatu behar dugu. Gure helburua eskola demokratikoa da, denon eskola, eskola parte hartzailea. Michael Sandelek dioen moduan, eskola-espazioak askotarikoak dira, eta askotariko pertsonen arteko elkarbizitza da klasismoaren, arrazakeriaren eta elitismoaren aurkako antidotorik handienetako bat.
Gure helburua eskola demokratikoa da, denon eskola, eskola parte hartzailea
Nola indartu dezakegu komunitate izaera testuinguru horretan? Nola egin diezaiokegu aurre komunitate inklusiboagoa, parte hartzaileagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko erronka hori?
Nahiko zaila da. Boterea hitza hitz gaiztoa izan da hezkuntza munduan, baina oso garrantzitsua da bestearen gaineko boterea izatetik, boterea bestearekin partekatzera eta bestearekin batera gauzak egiteko boterea izatera igarotzea. Jakina, botere-
harremanak badira, eta zuzendaritza edo irakaskuntza bera botere-guneak dira; galdera nagusia da zer egingo dugun horrekin. Kontuan izan behar dugu eskolaren logika ez dela demokratikoa. Eskola, jatorrian —XVII- XVIII. mendeetan eraiki genuenean—, ez zen espazio demokratikoa. Alderantziz; Rousseauk, Voltairek eta Diderotek masa-eskolan pentsatu zutenean, desberdintasunak erreproduzitzeko espazio bat pentsatu zuten, ez desberdintasunak indargabetzeko espazioa. Eskola ez da demokraziarako pentsatutako espazioa; demokrazia esplizituki sustatu behar da bertan. Batzuetan espero dugu familiek berez parte hartzea, komunitatearekin harreman ona izatea, baina ez, ez du horrela funtzionatzen. Botereak aktore guztien eta aktore guztientzako eskola eraikitzeko erabili behar dira, ez baita berez eraikiko.
Loturen gaia ere oso garrantzitsua da. Nola bideratzen ditugu botere-harremanak lorpen horretara? Loturen bidez; elkar ezagutuz, elkar lotuz. Espazio informalak oso garrantzitsuak dira horretarako. Eskola demokratikoago eta parte hartzaileago batean pentsatzerakoan oso galdera garrantzitsua da honakoa: nor falta zaigu? Ulertu behar dugu familia anitzak izanik eskola hobea dela eta, batez ere, familiak eskola hobea eraikitzeko irtenbidearen parte direla, ez direla arazoaren parte.
Zergatik kostatzen zaigu hainbeste familiekin loturak eraikitzea?
Familia batzuk eskolaren zaleak dira, edukiak oso garrantzitsuak direla uste dute, eta, gainera, eskolako titulua seme- alabei oso baliagarria izango zaiela pentsatzen dute; familia horiekin erraz ulertzen gara. Eta badira arbuio-familiak ere: horiek, ahal izanez gero, ez lirateke eskolara etorriko. Ez dute uste eskolako tituluak zerbaitetarako balio duenik, eta edukiak ez zaizkie oso garrantzitsuak iruditzen; familia horiekin oso zaila da elkar ulertzea. Bi mutur horien artean, askotariko familiak ditugu. Eskolak duen zailtasuna da familia mota guztiak jasotzen dituela, eta horiekin guztiekin zubiak nola sortzen ditugun pentsatu behar dugu.
Loturari dagokionez, garrantzitsua iruditzen zaidan elementu bat gatazka probestea da: gatazka existitzen dela normalizatu behar dugu, eta bitartekaritza-egiturak eta praktika errestauratiboak sortu behar ditugu gatazkak ulertzeko, bideratzeko eta komunitatea indartzeko. Garrantzitsua da familiak eskolaren parte sentitzea, hori oinarrizkoa baita ikasleen arrakasta akademikorako ere.
Familien gaia osagarritzat hartu dugu denbora luzez, baina ez da hala. Eskola demokratikoa eraikitzea ikasle guztientzako eskola arrakastatsua eraikitzea da, arlo akademikoan eta sozialean. Eta oso zaila da eskola arrakastatsu bat eraikitzea familien inplikaziorik gabe, bereziki testuinguru zaurgarrietan.
Eskola demokratikoago eta parte hartzaileago batean pentsatzerakoan oso galdera garrantzitsua da honakoa: nor falta zaigu?
Oso garrantzitsua da hiru ardatzak —eskola, familia eta komunitatea— eskutik helduta joatea, eskolak soilik ezin baitie ikasleen behar guztiei aurre egin.
Hori da. Eskolak soilik ezin die aurre egin dituen erronka guztiei; eskolatik kanpo gertatzen dena oso garrantzitsua da, eta familiekin eta komunitatearekin izaera komunitarioa duen espazio bat eraiki behar dugu. Ulertu behar dugu, adibidez, biztanle askorentzat eskolaz kanpoko jarduerak garestiak direla eta ez dituztela eskuragarri. Eskolek eskolaz kanpoko eskolak preskribatu beharko lituzkete, arratsaldeetan, asteburuetan eta oporretan gertatzen dena funtsezkoa delako. Aniztasun-, desberdintasun- eta mugikortasun-testuinguru horretan, denbora eta espazio osoa hartzen duten proiektu koherenteak eraiki behar ditugu, familien, eskolaren eta komunitatearen arteko aliantzak eraiki behar ditugu espazio guztiak sozializazioa aberasteko modukoak izan daitezen.
Eta, horretarako, zer-nolako egitura beharko litzateke eskolatik kanpo?
Uste dut bi estrategia daudela: baliabideak eskolara ekartzea edo ikasleak eskolatik baliabide komunitarioetan antolatutako jardueretara ateratzea. Lehenengoa oso inklusiboa da: adibidez, 9:00etatik 12:00etara oinarrizkoa lantzen duen eskola bat pentsa genezake (hizkuntzak, matematikak eta abar), zeinetan arratsaldean kirol-klubetako ordezkariak etortzen diren gure irakasleekin gimnasia egitera edota musika-eskolako profesionalak etortzen diren gure irakasleekin batera lan egitera, adibidez. Oso ideia interesgarria iruditzen zait inguruan ditugun baliabideak eskolara eskola-orduetan zein horietatik kanpo gerturatzea.
Beste aukera da, liburutegira joateko edo artera zein kirolera hurbiltzeko joerarik ez duten ikasleak eskolatik atera daitezen aliantzak eraikitzea, baina aukera hori bermatu egin behar da. Eskolak informazioaren paradigmatik (liburutegiari buruzko informazioa ematen diegu) laguntzaren paradigmara igaro behar du (elkarrekin joaten gara liburutegira hainbat aldiz, horretara ohitu daitezen). Baina hori guztia egituratu egin behar da, ez baita bat-batean gertatuko.
Nola eraiki dezakegu hezkuntza komunitate parte hartzailea aniztasun eta desberdintasun testuinguruan?
Hiru alderdi hartu behar ditugu kontuan: lehena, mundu guztia eskolara gonbidatzea inor ez gonbidatzearen parekoa dela. Ez du balio familia guztiei mezu elektroniko bat bidaltzea zerbaitetan parte hartzeko eskatuz; beste tresna batzuk behar ditugu guregana hurbil daitezen. Bigarrena: nor falta zaigun galdetu behar diogu geure buruari. Eta hirugarrena: dibertsifikatu egin behar dugu. Partaidetzatik partaidetzetara pasa behar dugu. Parte hartzeari buruz hitz egiten dugunean, bilera bat egitea pentsatzen dugu, baina garrantzitsua da parte hartzeko hainbat modu egotea; izan ere, parte hartzea IGEren bilera egitea edo Eskola Kontseiluaren bilera egitea baldin bada, jende askorentzat aspergarria edo zaila izan daiteke. Parte hartzeko hainbat modu egon behar dira eta guztiek izan behar dute interesgarriak. Familiei ez dizkiegu gauza generikoak eskatu behar, motibatzen dituzten gauzak baizik. Eskaladaren zale den familia bati bileretara etortzeko eskatzen baldin badiogu, ziurrenik ez da etorriko, baina rokodromo bat egiteko eskatzen baldin badiogu, doan, ondo eta pozarren egingo du. Arazoa da familiak ez ditugula ezagutzen; familiak baliabide handia dira, baina ezagutu egin behar ditugu, eta zer eman diezaguketen jakin behar dugu.
Badira oharkabean pasatzen diren familiak. Nola irits gaitezke haietara?
Oso garrantzitsua eta oso zaila da familia ikusezin horiengana iristea. Hainbat galdera egin behar dizkiogu geure buruari: nola identifikatuko ditugu haien parte hartzea eragozten duten oztopoak eta nola mugiaraziko ditugu? Nola saihestuko dugu familia gutxi batzuek parte hartzea monopolizatzea? Nola ematen diegu espazio sinboliko bat alor formalean zein ez formalean familia guztiei? Eta espazio fisikoa ere garrantzitsua da: nola senti dezakete familiek eskolan sartzean norbaitek jasoko dituela? Eta nola eraldatuko dugu Eskola Kontseilua espazio homogeneoa eta informatiboa izatetik espazio anitza eta parte hartzailea izatera pasa dadin?
Garrantzitsua da familiak eskolaren parte sentitzea, hori oinarrizkoa baita ikasleen arrakasta akademikorako ere
Zer praktika bultza ditzake eskolak familiek bertan parte har dezaten?
Guk hainbat eskolatan eta institututan ikusi dugu praktika batzuek familien parte hartzea sustatzen dutela: egokitzapena familiekin egitea; irakasleekin hitz egiteko denbora uzten duten sarrera eta irteera malguak; familiak gelara eramatea; haiekin tailerrak egitea; aldaketa metodologikoak egitea eta seme-alabek ikasgelan egiten dutena azaltzea; prestakuntza eskaintzea; familien arteko lotura informala sustatzea; atzerriko hizkuntzak dituzten kolektiboentzako lotura familiak izatea; eta eskolak eta familiak dutena eta egiten dutena aitortzea eta baloratzea. Familiekin batera proiektuak egitea eta IGE inklusiboak eta askotarikoak sustatzea ere gomendagarria da. Oso garrantzitsua da eskola demokratizatzeko egin daitekeen guztia egitea: gelako batzarrak, klaustroaren batzarrak, gurasoen bilerak... Eta familiek kafe bat har dezakete zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin, elkarrengana hurbiltzeko.
Bestalde, ikasleei bidaltzen dizkiegun etxeko lanek desberdintasuna bultzatzen dute normalean, eta birplanteatu egin beharko lirateke. Oporrak ere desberdintasun handiko guneak dira: arratsaldeetan, asteburuetan eta oporretan nola lan egin pentsatu behar dugu
Elkarrizketak eta bilerak hobetu behar ditugu, eta espektatiba handiak izan behar ditugu. Gure buruak estereotipoetatik eta aurreiritzietatik lan egiten du errealitate konplexua sinplifikatzeko, eta pertsona pobreak edo atzerritarrak ikusten ditugunean, gu bezain adimentsuak ez direla pentsatu ohi dugu.
Arazoa da familiak ez ditugula ezagutzen; familiak baliabide handia dira, baina ezagutu egin behar ditugu, eta zer eman diezaguketen jakin behar dugu
Horrekin batera, familiei Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik ondorengo etapetara igarotzeko trantsizioetan lagundu diezaiekegu; ostiraletako orria bidal dezakegu, haurrek hurrengo astean zer egingo duten azaltzeko; eta oso ideia interesgarria da irakasle guztiak—bereziki Bigarren Hezkuntzan— tutore izatea. Eskola eta institutu batzuek 8-10 familiaz arduratzen den familia-tutore bakar bat dute ikasleek ikastetxean egiten duten egonaldi osoan. Garrantzitsua da, halaber, mundu digitalak komunikatzeko dituen abantailak baliatzea: whatsapp taldeak, familiekin komunikatzeko aplikazioak...
Era berean, garrantzitsua da eskolako kanpoko eragileak inplikatzea eta hizkuntza- eta kultura-oztopoak haustea. Klaustroan beste profil profesional batzuk sartzeak —gizarte-hezitzaileak, adibidez— familien arteko desberdintasunak lantzeko eta irakasleei laguntzeko zubi gisa balio du. Bartzelonan 80 eskoletan aritzen dira gizarte-hezitzaileak, psikologoak eta arlo emozionalen lan egiten duten profesionalak, eta oso ondo funtzionatzen ari dira.
Familia-tutorearen figura aipatu duzu. Zer ezaugarri ditu irudi horrek?
Kataluniako zenbait eskoletan eta institututan gauzatu duten esperientzia da. Ikastetxe berean hiru seme-alaba baldin baditugu, logikoa da solaskidea beti pertsona bera izatea. Familia-tutoreak eta ikasleari ikasturte horretan esleitutako tutoreak egiten dituzte elkarrizketak familiarekin, eta ikasleak tutore hori izango du eskola horretan ari den bitartean; pertsona horrek familia osoaren egoera ezagutzen du.
Esperientzia horiek adierazten digute oraindik ere gauza asko daudela asmatzeko, planteatzeko edo galdetzeko, eta testuinguruaren arabera irtenbide propioa eraiki daitekeela. Hori da behar duguna: testuinguruaren araberako irtenbideak, errealistak, denborarekin eboluzionatzen dutenak. Testuingurua bera galdera da, eta eskola bakoitzaren erantzunak desberdina izan behar du, eskola bakoitza desberdina delako, familia bakoitza desberdina delako eta une bakoitza desberdina delako. Horretan guztian, funtsezkoa da zuzendaritzaren rola lidergo pedagogikora eta demokratikora bideratzea.
Galdera laburrak
01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?
Ez ditut eskolako oso oroitzapen onak eta, gainera, ikasle kaskarra nintzen.
02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?
Liskarren bat...
03.Nolako eskola amesten duzu?
Oso gutxi eskolatzen duen eskolarekin egiten dut amets. Hemendik 30 urtera izango dugun hezkuntza pentsatzeko, ziur asko, hezkuntza ez hain eskolatuetan pentsatu behar dugu; eskolan eta etxean edo komunitatean gertatzen denaren artean lotura dagoen egoeretan. Hezkuntza mota hori ez da hain instituzionalizatua.
04.Zuretzat garrantzitsua den balio bat?
Zaintza.
05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?
Radical filma.