Maitane Ormazabal osasun psikologoak eskola-jazarpena komunitate osoaren ardura dela azpimarratzen du.
Eskola-jazarpena eskolan azaleratzen da sarritan, baina haren jatorria ez dago beti bertan. Etxeko eta inguruko harremanek, helduen jokabideek eta denen arteko elkarlanak eragina dute prebentzioan eta aurre egiteko moduan. Biktimaren, erasotzailearen eta ikuslearen familien bizipenek erakusten dute ardura partekatua dela, eta bakoitzak bere erantzuna eman behar duela.
Eskola-jazarpena eskolako testuinguruarekin lotzen dugu zuzenean, bertan agertzen eta ikusarazten direlako sarritan lehen egoerak. Norbaitek beste bati min egiten dio, beste batek jasan egiten du eta ingurukoek ikusi egiten dute. Baina egoera horiek ez dira hutsetik sortzen, eta eskolako hormen barruan gertatzen diren arren, haien atzean dauden harremanak izateko moduak, jokabideak eta ikasitako ereduak askoz lehenagotik eraikitzen hasten dira.
Maitane Ormazabal osasun psikologoa eta nerabezaroan, gazterian eta ingurune digitalean espezializatutako aholkulariarentzat, eskola-jazarpena ez da eskolan hasten. Jazarpena sintoma gisa ulertzen du, eta ez arazo isolatu gisa: "Niretzat, jazarpena sintoma bat da, ez arazoa bera. Jazarpenari bakarrik begiratzen badiogu, agerian geratzen den ondorioari erreparatzen diogu, baina ez haren atzean dauden arrazoiei". Haren esanetan, haur askoren jokabideen atzean mina eta sufrimendua dago, eta eskola min hori agertzeko espazioetako bat bihur daiteke. Prebentzioa, ordea, lehenago hasten da: helduek elkarren artean nola hitz egiten duten, haurrei nola zuzentzen zaizkien, gatazkak nola kudeatzen dituzten eta haurrek inguruan zer ikusten duten. Horregatik, eskola-jazarpena ezin da biktimaren eta erasotzailearen arteko arazora mugatu. Ikaskideek, irakasleek, familiek eta, oro har, komunitate osoak dute zeresana. Familien ardura, beraz, ez da jazarpen-egoera bat agertzen denean hasten; etxean harremanak, mugak, errespetua eta bestearekiko begirada eraikitzen hasten diren unean baizik.
Etxean hasten diren harremanak
Haurrek etxean ikusten dituzten jokabideek eragina dute besteekin harremanak izateko moduan. Ormazabalek ohartarazten du helduok normaltzat hartzen ditugun hainbat jarrerek haurrengan agertzen direnean baino ez gaituztela harritzen: "Bikotekidearekin, gurasoekin edo irakasleekin hitz egiteko moduak, gatazken aurrean hartzen dugun jarrerak edo beste pertsona batzuei buruz egiten ditugun iruzkinek ere eragina izan dezakete haurrengan. Horregatik, seme-alaben jokabideei erreparatzeaz gain, helduok geure buruari begiratzea ere beharrezkoa da".
Harremanak izateko modu horiek eraikitzean, mugak jartzeak ere badu garrantzia. Ormazabalen ustez, gaur egun guraso askori kostatu egiten zaie seme-alabei ezezkoa esatea, baina horrek ez du esan nahi haurren ongizatearen alde egiten ari direnik: "Maitasuna eta muga batera doaz; hau da, zure seme-alabari ezetz esaten diozu maite duzulako eta bere onerako delako". Haurrak ulertu behar du bere beharrak eta nahiak garrantzitsuak direla, baina inguruko pertsonenak ere bai. "Maitasun guztiarekin hezi behar ditugu, baina maitasun horren barruan konturatu behar dute ez direla beraiek bakarrik bizi. Kolektibo baten barruan bizi dira, eta denak dira bera bezain garrantzitsuak", gaineratu du osasun psikologoak.

Etxean izaten diren elkarrizketek ere badute zeresana. Eskolatik itzultzean, ohikoa izaten da seme-alabei eguna zer moduz joan zaien galdetzea. Baina Ormazabalek uste du galdera horiek ez direla beti nahikoa haurren harremanak ezagutzeko. Norbaitekin haserretu direla kontatzen dutenean, esaterako, gertatutakoa entzuteaz gain, beste pertsona nola sentitu den galdetzea proposatzen du: "Eta nola sentitu da bestea? Nola zegoen? Zer gertatu zaio?". Horrela, haurrek haien bizipenei ez ezik, ingurukoen sentimenduei eta beharrei ere erreparatzen ikas dezakete.
Bikotekidearekin, gurasoekin edo irakasleekin hitz egiteko moduak, gatazken aurrean hartzen dugun jarrerak edo beste pertsona batzuei buruz egiten ditugun iruzkinek ere eragina izan dezakete haurrengan
Maitane Ormazabal Osasun psikologoa
Familia guztiok dugu zeresana
Eskola-jazarpenaren aurrean, familiak egoera desberdinetan aurki daitezke. Seme-alabak jazarpena jasan dezake, beste bati min egin diezaioke edo gertatzen ari denaren lekuko izan daiteke. Egoera bakoitzak bere zailtasunak ditu, baina guztietan dute gurasoek zeresana eta zeregina. Ormazabalen aburuz, ezin da jazarpena bi haurren arteko harremanera mugatu, inguruko pertsonen jokabideek ere eragina baitute egoeran: "Niretzat, jazarpen-egoera batean bi pertsonak hartzen dute protagonismo handiena, baina egoera denona da. Nik ez ditut lehen agentea, bigarren agentea edo hirugarren agentea bereizten, denak gara parte".
Biktimaren familia: minari lekua egin
Seme-alaba jazarpena jasaten ari dela jakitea oso gogorra izan daiteke familia batentzat. Batzuetan, gainera, egoera ez da berehala antzematen. Hala gertatu zitzaion Aldasoro familiari —izena asmatua da—: "Lehenengo aldaketa etxean sumatu genuen. Eskolara joateko gogoa galdu zuen, isilago zegoen eta lehen gustuko zituen planak saihesten hasi zen. Hasieran nerabezaroaren gorabehera zela pentsatu genuen, baina aldaketak pilatzen joan ziren". Denborarekin konturatu ziren egoera ez zela lagunarteko haserre bat soilik, errepikatzen ari zen zerbait baizik, eta alabaren egunerokoan eragina izaten hasia zela.
Egoeraren berri izan zutenean, tutorearengana jo zuten, baina alabarekin hitz egiteak ere berebiziko garrantzia izan zuen: "Lehenengo esan genion berarekin geundela eta sinesten geniola. Ez genion berehala zer egin behar zuen esan nahi izan. Hitz egiteak soilik ez zuen egoera konpondu, baina berak errua ez zuela eta bakarrik ez zegoela sentitzeko balio izan zuen".
Ormazabalen arabera, halako egoeretan lehenengo pausoa haurraren sufrimenduari lekua egitea da. Gurasoek seme-alaba animatzeko edo egoera berehala konpontzeko beharra senti dezakete, baina haurraezdago beti horretarako prest: "Normalean gazte batek jazarpena adierazten duen momenturako, edo gu konturatzen garenerako, sekulako ibilbidea egin du". Haren esanetan, baliteke ordurako bazterketa edo ezezko ugari jasan izana, eta beste saiakera bat egiteko indarrik ez izatea.
Horregatik, osasun psikologoak haurraren mina entzutea eta laguntza eskatzea garrantzitsua dela azpimarratzen du, baina baita gehiegizko babesarekin kontuz ibiltzea ere: "Hasieran helduaren presentzia beharrezkoa izan daiteke, haurra bakarrik moldatzeko gai ez denean. Denborarekin, ordea, bere autonomia berreskuratzen lagundu behar zaio eta helduaren presentzia poliki-poliki murriztu behar da, umea edo gaztea indartzen doan heinean".
Normalean gazte batek jazarpena adierazten duen momenturako, edo gu konturatzen garenerako, sekulako ibilbidea egin du
Maitane Ormazabal Osasun psikologoa
Erasotzailearen familia: gertatutakoa onartzea
Gurasoentzat ez da erraza seme-alaba beste bati min egiten ari zaiola entzutea. Aranburu familiak —izen asmatua hori ere— ikastetxearen dei baten bidez izan zuen gertatzen ari zenaren berri: "Kolpe handia izan zen. Lotsa, amorrua eta sinetsi ezina nahastu zitzaizkigun. Gure semeaz genuen irudiaren aurrean, bat-batean beste bati min egiten ari zela entzun genuen, eta oso zaila egin zitzaigun hori onartzea". Lehenengo bulkada semea defendatzea izan zela aitortu dute, beste haurrak aurretik zerbait egingo ziola pentsatuta.
Ormazabalek ulertzen du gurasoek halako egoeretan sentitzen duten beldurra. Seme- alabaren jokabidea norberaren heziketaren porrot gisa har daiteke, eta epaituak izateko beldurrak gertatutakoa ukatzera eraman dezake familia. Psikologoaren ustez, ordea, errudunak bilatzeak ez du laguntzen haurra ulertzen eta egindakoari erantzuten. Ez da gauza bera haur baten jokabidea gaitzestea eta haurra bera jokabide horren arabera definitzea.
Ikastetxeak Aranburu familiari gertakari zehatzak azaltzea lagungarria izan zitzaion, semea epaitu gabe. Harekin hitz egitean, haserrea kudeatzeko zailtasunak zituela eta taldean onartua izateko beharra sentitzen zuela ikusi zuten. Horrek ez zuen egindakoa justifikatzen, baina harremanak beste modu batera izaten ikasteko laguntza behar zuela ulertzen lagundu zion familiari: "Argi esan genion egin zuena ez zela onargarria eta beste bati min egin ziola. Aldi berean, ez genion esan nahi haur gaiztoa zela. Egindakoaren ardura hartzen lagundu nahi genion, baina etiketa horretan harrapatuta geratu gabe".
Ormazabalen ikuspegitik, min egin duen haurraren jokabidearen atzean zer dagoen ulertzea ez da min hori gutxiestea. Aitzitik, egindakoari erantzuteko eta berriro ez gertatzeko bideak bilatzeko beharrezkoa da. Aranbururen familiak ere etxeko jokabideak berrikusi zituen: nola hitz egiten zuten, gatazkak nola konpontzen zituzten eta mugak nola jartzen zituzten. "Ez genuen pentsatu dena gure errua zenik, baina konturatu ginen guk ere bagenituela aldatzeko gauzak".
Ez genuen pentsatu dena gure errua zenik, baina konturatu ginen guk ere bagenituela aldatzeko gauzak
Aranburu familia
Ikuslearen familia: beste aldera ez begiratzea
Jazarpen-egoera batean, min egiten duenaren eta jasaten duenaren inguruan beste haur batzuk ere egoten dira. Haien familiek, ordea, ez dute beti gertatzen ari denaren berri izaten. Lizarraga familiak —izen asmatua hori ere— alabaren aipamen baten bidez jakin zuen gelako ikaskide bati barre egiten ziotela eta askotan bakarrik geratzen zela: "Berak kontatu zuen, baina ia anekdota moduan. Harritu gintuena izan zen egoera taldean hain normalizatuta egotea, ez baitzuen hasieran egoera bereziki larritzat ikusten".
Gertatzen ari zenaz hitz egiten hasi zirenean, gurasoek alabari galdetu zioten berak zer egiten zuen halakoetan. Alabak erantzun zien ez zela ausartzen jazarpena jasaten ari zen ikaskidea defendatzera, beldur baitzen ondoren bera ere baztertua eta jazartua izango ote zen. Gurasoek ere, laguntzeko nahia izan arren, beldur ziren taldeak alaba baztertuko ote zuen edo txibato deituko ote zioten. Familiak aitortu du une batean pentsatu zutela hobe zela ez sartzea, arazoa haien alabarengana irits ez zedin.
Ormazabalek azpimarratzen du taldean badirela barre egiten dutenak, egoera bultzatzen dutenak edo isilik geratzen direnak, eta denen jokabideek eragina izan dezakete gertatzen ari den horretan. Horrek ez du esan nahi lekuko den haur bati arazoa bakarrik konpontzea edo bere burua arriskuan jartzea eskatu behar zaionik. Helduen ardura da laguntzeko modu seguruak eskaintzea eta gertatzen ari denari erantzutea.
Lizarraga familian ere horixe landu zuten alabarekin: "Gure alabari esan geniona izan zen ez zuela arazo guztia berak bakarrik konpondu behar, eta nahikoa izan zitekeela bakarrik zegoen ikaskidearengana gerturatzea edo eskolako heldu bati gertatzen ari zenaren berri ematea".

Pantailak etxera ekarri du jazarpena
Eskolako hormen barruan gertatzen dena ez da beti bertan amaitzen. Ormazabalek gogorarazi duenez, lehen etxea babesgune izan zitekeen jazarpena jasaten zuen haurrarentzat, baina gaur egun telefono mugikorraren bidez sufrimendua etxeraino irits daiteke: "Whatsappeko taldeetan edo sare sozialetan zabaldutako mezuek eta irudiek edozein unetan egin dezakete min. Gainera, pantailaren atzean zailagoa izan daiteke bestearen sufrimendua antzematea, haren aurpegia eta keinuak ez direlako ikusten".
Horregatik, telefono mugikorra kontrolatzea ez da nahikoa. Ormazabalen ustez, helduek erabilerarako muga argiak eta gailurik gabeko espazioak eskaini behar dituzte, baina baita harreman digitalak lantzeko aukera ere: "Haurrek ulertu behar dute besteen intimitatea ezin dela edonola zabaldu, eta pantailaren bidez esandakoek ere ondorioak dituztela. Ardura hori ezin da haurren esku soilik utzi: familiek eta ikastetxeek ere badute zer egin".
Pantailaren atzean zailagoa izan daiteke bestearen sufrimendua antzematea, haren aurpegia eta keinuak ez direlako ikusten
Maitane Ormazabal Osasun psikologoa
Errua baino, erantzuna
Eskola-jazarpenaren aurrean, familia bakoitzak egoera desberdin bati erantzun behar izan diezaioke: seme-alabaren minari, hark beste bati eragindakoari edo inguruan ikusten duenari. Erantzunak ez dira berdinak, baina hiruretan da beharrezkoa gertatzen ari denari begiratzea eta ikastetxearekin elkarlanean aritzea. Izan ere, familien ardura ez da seme-alabek inoiz hutsik egingo ez dutela ziurtatzea; sufritzen dutenean babesa ematea, min egiten dutenean erantzukizuna hartzen laguntzea eta beste norbaiten mina ikusten dutenean beste aldera ez begiratzen erakustea baizik.
Kuadrillaren parte izateko beharra
Nerabezaroan lagun-taldeak berebiziko garrantzia hartzen du gazteen bizitzan. Gurasoengandik pixkanaka bereizten hasten dira, eta beren nortasuna eraikitzeko erreferentzia berriak bilatzen dituzte lagunengan eta inguruko gazteengan. Ormazabalen arabera, garai horretan aldatu egiten da norberak bere buruari begiratzeko modua: "Ordura arte gurasoen begiradak izan badu pisu handia, nerabezaroan taldearen begiradak hartzen du indarra. Horregatik, lagunartean onartua sentitzea ez da harreman sozialak izatearen kontua soilik; norberaren identitatea eraikitzeko prozesuarekin ere lotuta dago".
Euskal Herrian, kuadrillak leku berezia du harreman horietan. Ormazabalek azpimarratzen du babesgune eta bultzatzaile izan daitekeela, baina baita gazteak mugatu ditzakeen espazioa ere. Izan ere, kuadrilla barruan idatzi gabeko arauak egoten dira: nola jokatu behar den, norekin ibili, zer onartu edo zer ez esan. Inork ez ditu arau horiek nahitaez adostu, baina taldeko kideek sumatzen dituzte, eta bertan lekua izateko presioa eragin dezakete. osasun psikologoak ohartarazten duenez, "batzuetan gazteak edozer egiteko gai izaten dira arau horien barruan leku bat izateko". Presio horren ondorioak ez dira beti agerikoak izaten. Gazte batek deseroso sentiarazten duten txantxak jasan ditzake taldetik kanpo ez geratzeko; beste batek, berriz, ikaskide bati barre egin diezaioke gainerakoen onarpena lortzeko. Horrek ez du egindako mina justifikatzen, baina lagun dezake ulertzen zergatik den hain zaila batzuetan taldeko jokabide bati aurre egitea. Ormazabalen esanetan, kuadrillaren barruko mugimendu horiek ez dira beti helduen begietara iristen, eta gazteek taldean duten lekua galtzeko beldurrak isiltasuna ere eragin dezake.
Bazterketak berak ere askotariko formak har ditzake. Jazarpenaz hitz egitean, ohikoa da irainak edo eraso fisikoak irudikatzea, baina nerabe batentzat oso mingarria izan daiteke lagunek ez deitzea, taldeko planetatik kanpo uztea edo eskolara bidean beti bakarrik geratzea. Kanpotik begiratuta, gertakari txikiak dirudite; behin eta berriz gertatzen direnean, ordea, gazteari taldean lekurik ez duela sentiaraz diezaiokete. Ormazabalen ustez, helduok ez gara beti jabetzen pertenentzia-sentimenduak adin horretan duen pisuaz.
Familientzat, beraz, seme-alabak kuadrilla bat izatea ez da berez nahikoa haren harremanak nolakoak diren jakiteko. Talde horretan nola sentitzen den, bere iritzia adierazteko askatasuna duen edo onartua izateko bere buruaren aurka egin behar duen ere kontuan hartzea komeni da. Era berean, seme-alaba lagunengandik aldentzen hasten bada, garrantzitsua da zergatik gertatzen ari den ulertzen saiatzea. Baliteke kuadrillan baztertua sentitzea edo taldekideen artean gertatzen den zerbaitek ondoeza eragitea.
Ormazabalek azpimarratzen du pertenentzia-sentimendua babeserako baliabidea ere badela: "Gazte batek min emozionala bizi arren, talde edo komunitate batean lekua duela sentitzeak egoerari aurre egiteko sostengua eman diezaioke". Horregatik, familiaren begirada ez litzateke seme-alabak kuadrillan jarraitzen duen ala ez jakitera mugatu behar, harreman horietan bere burua errespetatua eta babestua sentitzen duen ulertzera baizik.

Gatazka oro ez da jazarpena
Seme-alaba ikaskide batekin haserretu dela edo lagun-taldetik kanpo geratu dela jakiteak kezka sor dezake familian. Ormazabalek, ordea, bi joerarekin kontuz ibiltzeko ohartarazten du: haurren arteko gatazkei garrantzia kentzearekin eta edozein desadostasun jazarpen gisa izendatzearekin. Haren ustez, gatazka ez da berez zerbait negatiboa; harremanak ulertzeko, mugak ezagutzeko eta elkarrekin bizitzen ikasteko aukera izan daiteke.
Horrek ez du esan nahi haur baten sufrimendua gutxietsi behar denik. Helduei txikikeria iruditu arren, haur edo nerabe horrentzat gertatutakoa oso mingarria izan daiteke. Horregatik, egoerari izena jarri aurretik, gertatzen ari denari arreta jartzea proposatzen du Ormazabalek: "Ez da gauza bera une jakin bateko haserrea edo desadostasuna eta pertsona bat behin eta berriz baztertua, umiliatua edo beldurtua izatea. Minak ez du beti irain edo kolpe baten itxura hartzen, izan ere, taldeko planetatik kanpo uzteak edo sistematikoki bakarrik geratzeak ere sufrimendua eragin dezake".
Familien egitekoa, beraz, ez da gatazka guztiak saihestea, ezta haurrak bere kabuz konponduko dituela pentsatzea ere. Gertatutakoa entzun, harremanen bilakaerari erreparatu eta behar denean helduen laguntza eskaintzea da gakoa. Ikastetxearekin hitz egitean ere, lagungarria izan daiteke gertakari zehatzak partekatzea: noiz gertatu diren, zenbat aldiz errepikatu diren eta haurrarengan zer eragin izan duten. Horrela, egoera elkarrekin aztertu eta jarraipena egin daiteke, ondorioetara presaka iritsi gabe. Haurrek gatazkei aurre egiten ikasi behar dute, baina jazarpen- egoera baten ardura ezin da hura jasaten duenaren esku utzi.