KIROLA HEZITZAILE

Eskola kirolaren paradigma aldaketa gauzatzen ari da ikastetxe, herri eta eskualde ugaritan, baina oraindik ere ugari dira eskola kirol gisa beharrean kirol eskola gisa funtzionatzen duten ereduak. Oinherri herri hezitzaileen sareak eskola kirola ikuspegi hezitzailetik sustatzeko 'Eskola kirola eraldatzen' izeneko jardunaldiak antolatu zituen otsailaren 19an Zumaiako AitaMari aretoan, eta bertan hainbat gako jarri zituzten mahai gainean hizlariek: lehia erdigunetik kendu eta plazera eta ludikotasuna ekartzea; eta kirol hegemonikoen eta espezializazioaren aurrean kirol aniztasuna sustatzea, oro bat, haur eta gaztetxo guztientzat gozagarri izango den eskola kirola bultzatzea proposatu zuten adituek eta arituek eta ez errendimenduan oinarrituriko kirol eredua.

 

Eskola kirola eskola kirola da, eta ez kirol eskola. Begi-bistakoa da, baina, hitz ordenak markatzen duen ñabardura biziki garrantzitsua da. Hainbat herri eta ikastetxetan eskola kirola balioen hezkuntzarako tresna gisa baliatzen ari dira azken urteetan, baina oraindik ere izan badira eskola kirola ez eta kirol eskola gisa funtzionatzen dutenak. Eskola kirola hitzak dioena izan dadin eta balioetan hezteko erreminta izan dadin, “ipar partekatu horretarako urratsak” egin zituzten otsailean Zumaian Oinherri herri hezitzaileen sareak antolatutako Eskola kirola eraldatzen jardunaldietan. Hainbat eskualdetan abian den paradigma aldaketan aurrera egiteko eta eskola kirol hezitzailea erdiesteko, gakoak mahai gainean ezarri zituen herri hezitzaileen sareak: “Oinherrin eskola kirolak balioen hezkuntzarako tresna izan beharko lukeela uste dugu: kirolaren bidez elkarbizitzako oinarrizko baloreak, euskara, berdintasuna, aniztasuna, parte-hartzea eta naturarekiko kontaktua lantzeko tresna; hezkuntza ez delako eskola edota familiaren ardura soilik”.

Oinherriko Amaia Etxabek ezarri zuen jardunaldiaren markoa, sarrerako hitzartzean: “Eskola kirola hezten duen gunea izanik, Oinherritik eskola kirolaren ekimenak ere balio hezitzaileetan oinarritzea nahi genuke”. Eskola kirolaren erdigunean haurra eta bere beharrak (emozional, afektibo eta kognitiboak) ezarri zituen eta kirolari profesionalen begietatik begiratu beharrean, jarduera fisikoa haurren begietatik begiratzea proposatu zuen, haurrek egiten duten bezala, plazera eta ludikotasuna erdigunean jartzea, errendimendua eta lehiaren ordez. “Egiteko moduetan haurra subjektu aktibo izan dadin erabiltzen ditugun moduetan arreta jarri behar dugu, eskola kirolaren ekimenean ere iritzi, eztabaida eta erabakidun pertsona bezala aintzat hartuz. Izan ere, aisia eta heziketa eredu guztiak ez dira berdinak, denak ez dira hezitzaileak ezta balekoak ere”, zehaztu zuen.

Herri hezitzaile bat lortzeko bidean, kirola tresna bikaina da Oinherrirentzat: “Egungo gizartean kirolak duen presentzia eta garrantzia eztabaidaezina baita”. Baina gizartean nagusi den kirol eredu horrek transmititzen dituen balioak hezitzaileak izan beharrean “kontrahezitzaileak” direla ohartarazi zuen Etxabek, eta eraldaketa edo paradigma aldaketaren beharra nabarmendu zuen: “Egunerokotasunean mezu andana iristen zaizkigu batez ere kirol jakin batzuen inguruan, hainbat kasutan, kontrabalioak edo balio negatiboak transmitituz. Kirol jardueretan izandako lehian, esaterako, irabazle izan direnak nabarmentzen dituzte bereziki komunikabideek, kirolean edozein preziotan irabazi beharra dagoenaren mezua zabaltzen delarik”. Ikuspegi hegemoniko horri hezkuntzatik begiratzea proposatu zuen, “kirola egungo gizartean dugun eremurik eragingarrienetakoa dela jakinik, jendarte eraldaketa hezitzailerako norabidean kokatzea proposatzen dugu”.

Paradigma aldaketarako gako garrantzitsu bat tokian tokiko beharrak aintzat hartzea dela azaldu zuen Etxabek: “Oinherriren ustetan, aisia edo heziketa-proiektuak hezitzailea izateko beharrezkoa du jarduera garatzen den errealitatearen beharrei erantzutea. Tokian tokikoa izatea, bertakoek eta bertarako diseinatua, ez eredu estandar baten hamaikagarren aplikazioa”. Ereduak partekatzeko, foro bat sortuko dute Oinherriren gerizpean, eskola kirolaren eraldaketa prozesuan dabiltzan hainbat herri eta ikastetxek, jardunaldiak edukiz mamitsuak izateaz gainera, saretzeko ere balio izan baitzuten. “Euskal Herrian eskola kiroleko proiektuak herri hezitzaileen norabidean kokatzeko gune izan nahi du. Eskola kirola hezitzailea izan dadin, kirola bere horretan helburu izatetik balioen hezkuntza lortzeko tresna izatera pasa beharko litzateke, eta honetarako ezinbestekoak dira eskola kirolaren antolakuntzan parte hartzen duten ikastetxe, hezitzaile, udal eta gurasoen arteko elkarlana eta komunikazioa”.

% 1ari begirako eredua atzean uzteko premia

Eskola kirolak denentzako izan behar du, haur eta gaztetxo guztientzako. Hori izan zen Zumaian gehien azpimarratu zen ideietako bat. Errendimendua ardatz duen eskola kirola atzean utzi eta ludikotasuna ardatz duen eskola kirolaren alde egin zuten hizlariek. Lehia ardatz duen jarduera fisikoaren sustapena erdigunean gizon zuri arrakastatsua ezarririk egin dela esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol planifikazioko teknikari Unai Asurmendik eta eskola kirola hezigarria eta osasuntsua izateko, ekitatearen ikuspegitik % 1ari begira ez eta gizartearen % 100ari begirako eskola kirol politika egiteko beharra aldarrikatu zuen. “Zer gorputz falta zaizkigu eskola kirolean?” hausnarketa pausatu zuen. Haur eta gaztetxo guztientzako eskola kirola pentsatu eta proposatu behar dela aldarrikatu zuen teknikariak, eta bestelako gorputzei eta aukerei leku egiteko funtsezko jo zuen  kirol hegemonikoen eta espezializazioaren aurrean bestelako kirol ugariei leku egitea, eta zehaztu zuenez horretan datza eta lerro hori indartuko du aurrerantzean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren multi kirol programak.

% 100az hitz egitean desgaitasunak dituzten pertsonez ere hitz egin behar da, ezinbestean. Inklusioaz ekarpena egin zuen Gipuzkoako Kirol egokituko federazioko teknikari Amaia Elizondok. Federazioaren helburua desgaitasuna duten haur eta gazteei kirol aukera sustatzea da. Elizondok azaldu zuen eran, haur eta gazte guztiek dute kirolerako eskubidea: “Kirol egokitua ez da gurpildun aulkietan dauden pertsonentzako arrapala bat ezartzea. Beharrak zabalagoak dira. Desgaitasunak asko direlako, adimen urritasunari dagokionez, buru nahsmenduak dituztenak, autismoa dutenak, desgaitasun sentsorialak dituztenak… begirada zabaldu behar da”. Ohiko eskola kirolaren ereduan ez dute aterperik aurkitzen desgaitasunak dituzten haur eta gazteek eta euren familiek, eta federaziora jotzen dute pertsona horiek ere kirola egin dezaten irtenbideak bilatzeko. Baina federazioaren ustez, prozesuak bestelakoa beharko luke izan: “Familiak zuzenean federaziora etortzen dira, baina guk uste dugu eskolatik hasi beharko litzatekeela prozesua, eskolako kirol koordinatzailearen, heziketa fisikoko irakaslearen, PT pedagogia terapeutikoko irakaslearen, eta diziplina ezberdinen arteko koordinazio bat egon beharko litzateke. Hezkuntza komunitatearekin elkarlan bat bultzatu behar dugu”. Momentuz, kirol jarduerak desgaitasunak dituzten haurrentzako talde espezifikoetan eskaintzea izan da federazioaren estrategia. “Momentuz ez delako posible talde normalizatuetan aritzea. Beste aukera gehiago egon daitezke, baina gutxienez pertsona guztiek kirola egiteko aukera izan dazaten bermatu nahi dugu”.

Ludikotasuna ardatz duen paradigma

Eskola kirolaren paradigma aldaketa gauzatzen ari dira hainbat herritan, eta benetan paradigma aldatuko bada, kontzeptuetatik abiatu behar da, Andu Martinez de Rituertoren aburuz. DBHko Gorputz Heziketako irakasleak eskaini zuen jardunaldietako hitzaldi nagusia, Eskola kirolaren txapel teorikoa izenekoa: “Hasteko, geure buruari galdetu beharko genioke zer espero dugun eskola kirolaz. Askotan, kirola entzutean goi mailako errendimendu kirola etortzen zaigu burura, lehia, eta guraso askok horixe bera pentsatzen dute, ‘nire seme-alaba goi-mailako kirolari izateko prestatuko dute’”. Martinez de Rituertok eman zuen datuaren arabera, 16.000 kirolaritatik 1 iristen da profesional izatera. Orduan, eskola kirolaren helburua beste bat izan behar dela aldarrikatu zuen: “Ikasleak, haur eta gaztetxoak, euren bizitzan zehar pertsona aktiboak izatea izan beharko litzateke helburua, kirola elementu aberasgarria izan dadila, ez baitira hortik biziko”. Helburu horren bila abiatzeko, begirale, irakasle eta guraso bezala kirolarekin helduek duten harremanari buruzko hausnarketa egiteko premia azaldu zuen irakasleak: “Pertsona aktiboak al gara? Zale sutsuak ote gara? Nola bizi dugu kirola eta ariketa fisikoa?” Paradigma aldaketarako eta eskola kirola benetan hezitzaile izan dadin, abiapuntuan “ariketa fisikoak heziketa integralerako duen balioa” nabarmendu behar dela uste du Martinez de Rituertok.

Eskola kirol hezitzaileari begira egin nahi den paradigma aldaketak legearen babesa dauka Martinez de Rituertok ezagutarazi zuenez, izan ere, eskola kirolari loturiko 1998ko legeak dio “interes publikoa duen gizarte jarduera bat” dela eskola kirola, “pertsonen heziketan eta garapen integralean laguntzen duena eta bizi kalitatea eta norberaren ongizatea hobetzen laguntzen du”. Lege horren norabide antzekoan ezarri zuen abiapuntutik eskola kirolaren norabidea Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. “Haur aktiboak eta kirol kulturan heztea da helburuetako bat; osasuntsu haztea”, eta osasuntsu esatean, “fisikoki, mentalki eta sozialki” osasuntsu hezteko helburua eransten dio Martinez de Rituertok, sozializazioari eta inklusioari dagokionez eskola kirolak balio handia duela ziur baitago. “Eskola kirolaren markoa egokia dela ikusten dugu, kirol alderdia aipatzen da ‘pertsona aktiboak eta osasuntsuak heztea’ esatean, baina helburu gehienak psikosozialak dira, eta haur eta gazte guztiak ditu helburu, edozein dela bere kirol maila, bere maila sozio-ekonomikoa eta bere aniztasun funtzionala. Kirol aniztasuna ezartzen du kirol espezializazioaren aurretik, eta ikaste prozesua emaitzaren gainetik jartzen da”.

Hortaz, zein da arazoa? Eskola kirolaren markoa aproposa baldin bada jarduera hori aberasgarria, osasuntsua eta hezitzailea izan dadin haur eta gazte guztientzako, zergatik ez du bere helburua guztiz betetzen? Bitartekoan dago arazoa, Martinez de Rituertoren aburuz. “Arazo-iturria da kirol hegemonikoa bakarrik egin izan dela —nahiz eta badakidan ikastetxe eta guraso elkarte askotatik azken hamar urtetan bereziki lanketa berezia egin dela—, futbola, saskibaloia eta eskubaloia”. Hausnarketarako galdera pausatu zuen irakasleak: “Lehia oinarri duen eskola kirolak bete ote ditzake ezarri ditugun helburu horiek?” Lehiak berekin dakar irabazi nahi izatea eta arrakasta-helburu bakartzat irabaztea ezartzea. “Irabaztea arrakasta baldin bada, galtzea porrota eta frustrazioa da. Orduan, oso inportantea da ikustea, oraindik ere, eskola kirolak, kasu askotan, gizartearentzat eta guraso askorentzat kirol federatuaren ispilu izaten jarraitzen duela”.

Lehia hezigarria izan badaiteke ere, baldintza batzuk bermatu behar direla uste du Martinez de Rituertok: “Ez dut esaten lehia kendu behar dugunik, baina baldintza batzuk ezarri beharko genituzke, eskola kirola ez delako goi mailako kirola, eta bere helburua ez delako goi mailako kirolariak heztea, baizik eta pertsonak era integralean heztea, eta irabaztea ez delako helburu bakarra”. Lehia eskola kirolaren erdigunetik mugitu egin behar dela uste du irakasleak, eta arrakasta irizpideak zabaltzea proposatzen du. “Irabaztea ez dago gure esku. Zer dago gure esku?” Gure esku dauden aldagaiak aztertu eta horietan indarra jartzea proposatzen du. “Motibazioaren teoria psikologikoek aipatzen dute goi mailako kirolean ere kirolari baten gogo guztia ez dela bideratu behar irabaztera, irabaztea aldagai askoren mende baitago (aurkariaren araberakoa da; entrenamendu-prozesuan zer momentutan gauden; nolako eguna eduki dugun; egun horretan gauzak nola atera zaizkigun; arbitroaren lana…). Kontrola ditzakegun aldagaietan zentratzea proposatzen du Martinez de Rituertok: “Lanerako jarrera, esate baterako; entrenamenduetan balioetsi behar den aldagai bat litzateke; gauzak ahalik eta ondoen egitea; ahalegintzea; esfortzua egitea; elkarlanerako jarrerak ere arrakasta irizpidea izan behar du; giroa eta harremanak zaintzea funtsezkoa da; ikasleek ondo egon behar dute, neska-mutilek jokoetan, topaketetan, lehiaketetan ondo egon behar dute”. Irakaslearen aburuz, kirola ez bada beraientzat esperientzia positiboa, nekez jarraituko dute etorkizunean horrelako jarduera bat egiten.

Lehia erdigunean jartzeak oso kontuan izan beharreko arrisku bat dakar berekin, egun oraindik ikastetxe askotan gertatzen den errealitate bat da, eta gizarte bazterketako arriskuari bide egin diezaioke Martinez de Rituertoren arabera. Eskola kirolean eta bereziki hezitzaileek oso kontuan izan beharreko aldagaitzat nabarmendu zuen kirolaren ondoriozko bazterketa-arriskua, haurrengan eragiten duen sufrimenduagatik, batetik eta bestetik, eskola-kirola bazterketa hori saihestu eta kontrako helburua lortzeko, talde kohesiorako, aldagai garrantzitsu izan daitekeelako: “Adin guztietan, baina bereziki adin hauetan, taldetik botatzea edo antzeko bazterketa-egoerak guztiz onartezinak dira. Eskola kirolak bide eman dezake talde kohesioa indartzeko eta partaide guztiak taldeko kide sentitzeko”. Adin-tarte honetan haur eta gaztetxoak “onartuak, baloratuak eta ez gutxietsiak” izateari garrantzi berezia ematen dio irakasleak.

Kiroletik harago, lehiak gizartean duen presentziaz eta nolakotasunaz hausnartzeko premia ikusten du irakasleak: “Ez bakarrik kirol hegemonikoetan, gure komunikabideetan sustatzen ari den lehia-eredua ere kontrahezitzailea da: komunikabideetan momentu honetan oso famatuak ditugun lehiaketak ditugu eta oso eredu kaskarra ematen dute, lehiaren alderdi itsusiena azaltzen da, liskarrak. Lehiakideek bata bestearen alderdi itsusiena bilatzen dute, eta lan handia dugu kirolaren eta lehiaren eredu horren kontra egiteko”.

Lehiari zama kendu eta ludikotasuna indartu beharra nabarmendu zuen irakasleak, plazerak espazioa irabazten duen neurrian kirolak berekin dakartzan beste ezaugarri batzuk azalduko direlako, hala nola errespetua, kidetasuna edota lagunkoi jokatzea. “Ondo pasatzea eta ikasleek esperientzia positiboa bizitzea” helburutzat jarria dauka Martinez de Rituertok Gorputz Heziketako eskola orduetarako: “Ez dit ezertarako balio probak egitera derrigortzeak, beraientzako ez bada esperientzia positibo bat, era horretan ez dut lortuko etorkizunean ariketa fisikora atxikitzea, eta hori da nire helburuetako bat, eskola uzten dutenean bizitza aktiboa, kirola edo ariketa fisikoa aberastasun iturri izan dadila pertsona horientzat”.

Plazera bilatzerekin batera, eskola kirolak hezitzaile izateko eduki beharko lituzkeen beste helburu batzuk aipatu zituen adituak. Motrizitateari dagokionez, “mugimenduaren oinarrizko abileziak hobetzea” aipatu zuen; “kirolaren beraren alderdi tekniko-taktikoak ezagutzea, arauak ezagutzea”. Alderdi pertsonaleko helburu gisa, “autoestimua hobetzea” nabarmendu zuen, baita autonomia garatzea ere, “progresiboki ardurak hartzen laguntzea”, “ohitura osasuntsuak bultzatzea”; “norberaren buruaren kontrola lantzea” eta “frustrazioari eustea”. Helburu sozialak ere ezartzen dizkio eskola kirolari, hala nola, “lagunak egitea norbere taldean eta aurkarien artean”. Motibazioari begirako helburuak ere ikusten dizkio: “Motibazioa ahalegintzera bideratu beharko litzateke; hobetzen saiatzera; esfortzua egitera eta gogoz egitera; talde-lanean jardutera; giro egokia sustatzera eta entrenamenduetan landutakoa ahal dela partidetara eramatera; irabazteari garrantzi gutxiago eman beharko litzaioke, eta erlatibizatu egin beharko litzateke irabaztearen eta galtzearen balioa”. Iparra garbi dauka Gorputz Heziketako irakasleak: “Ez dira kirolari profesionalak izango, baina kirola, mugimendua edota jarduera fisikoa euren bizitzako parte izaten lagundu behar dugu”.

Begiraleak, entrenatzaileak eta gurasoak

Behin helburuak finkatuta, bitartekarietan dago gakoa Martinez de Rituertoren arabera. “Helburuak denon artean finkatu ondoren, entrenatzaileei eta begiraleei irizpideak eman behar zaizkie, markatutako helburuak benetan lortu ahal izateko”. Hemen dago gakoa eta era berean “zailtasun handia”, Martinez de Rituertoren arabera: “Begiraleak, normalean, neska-mutil gazteak izaten dira; kirol mundutik datoz eta aipatu ditugun helburu horiek guztiak aurrera eramateko formakuntza eta gaitasun handia behar da; taldeak eta pertsonak ondo kudeatzen jakin behar da, eta ez da erraza; errazagoa da haurrak baloiarekin ariketak egiten jartzea” . Begiraleek elburuekin bat egiteko, oso garrantzitsua da koordinatzailearen figura, formakuntza eta jarraipen hori eskainiko duen figura, “formakuntza zabalagoa eta sakonagoa duen figura bat izango litzateke, begiraleei eta entrenatzaileei helburu horiek bideratzen eta lortzen lagunduko diena”. Funtsezkoa jotzen du, baita ere, gurasoentzako prestakuntza eta hausnarketa saioak egitea. Begiraleekin eta entrenatzaileekin batera, gurasoak sentsibilizatzeko premia azpimarratu zuen behin eta berriz: “Paradigma aldaketa bat egin nahi badugu, gurasoek parte garrantzitsua izan behar dute, beraiek ez badute ulertzen zer aldaketa egin nahi dugun eta nora eraman nahi dugun eskola kirola, nekez lortuko dugu ezer”.

Helburu horiek lortzeko, nolako eskola kirola sustatu behar da? Martinez de Rituertok sinesten du kirola bizitzarako eskola garrantzitsua dela, baina kirola bera neutroa izanik, zer-nolako kirol-eredua sustatu halako irakaspena jasoko dutela haurrek ondorioztatu zuen: “Segun nola bideratzen den jarduera fisikoa, balio positiboa edo negatiboa garatzeko tresna bat izan liteke. “Entrenatzaileak esaten badigu aurkariari kamisetatik tira egin diezaiokegula edo arbitroak ikusten ez duenean, eskuarekin jo dezakegula baloia, irabazteko edozer gauza egiteak balio digula ikasiko dugu. Eta hori ez da hezigarria. Kirola benetan hezitzailea izateko beste balio batzuk landu behar ditugu: kooperazioa, justizia, esfortzuaren garrantzia… Ekintza motrizak berak ez du gure garapen morala hobetuko, kirola egokia izan daiteke, baina gaizki bideratuta kaltegarria izan daiteke·.

Gaur egun nagusi den ereduak balio negatiboak susttzeaz gainera, ume asko bazterrera uzten dituela ikusten du adituak. “Errendimendua eta irabaztea baldin bada inportanteena, egoera fisiko ahulagoa duten haurrak, koordinazio eta abilezia maila ahulagoa dutenak bazterrera gelditzen dira eredu honetan, eta bizitako esperientzia txar horren ondorioz, haur horiek eurek baztertu egiten dute ariketa fisikoa”. Bazterketa saihesteko, ezinbestekotzat jo zuen eredu aniztasuna, kirol hegemonikoen aurrean.

Eskola kirolaren helburu garrantzitsuenetako bat pertsona aktiboak izatea dela sinetsirik, espezializazioa atzeratu eta kirol parte-hartzaileagoak sustatzea proposatzen du hizlariak; lehiatik baino gehiago jolasetik duten kirol-jarduerak: “Ereduak askoz ere anitzagoa izan behar du, ezin ditugu kirol hegemonikoak bakarrik sartu; dantza, aktibitate erritmikoak, eskalada.. Esperientzia motriz ugari sartzen baldin baditugu, eta ludikotasuna bultzatzen baldin badugu, ume bakoitzak bere gustuko jarduera fisikoa bilatuko du, bere tokia aurkituko du eta aurrera jarraitu ahal izango du.