Haur edo nerabe baten garapen pertsonalaren ia edozein alderdiri buruz aritzeko balio dezake izenburuak. Artikulu honetan, ordea, 16 urte bitarteko ikasleak euskal hiztun osatuagoak bilakatzen laguntzeko egin beharko genukeenari helduko diogu (Udaltopeko1 2022ko edizioan landutakoa oinarri).
Aspaldikoa da “Eskola hiztun bila” esaldia. Are gehiago, esaldi horren pean garatu dira hainbat programa, jardunaldi eta ikerketa. Erreferentziazkoa ere izan zen bere garaian (30 urte baino gehiago dira) izen berarekin Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak argitaratu zuen liburua2 . Bertan jasotako informazio mamitsu ugariren artean, argigarria izan zen 8 urteko neska-mutikoen artean eskola-orduek (zehazki gelako orduek) urteko esna-orduen artean zein proportzio betetzen zuten kuantifikatzeko egindako ariketa. Gela, D ereduko ikasgela zenean, gelako “euskarazko orduek” urte osoko esna-orduen % 14 zirela ondorioztatu zuten, B ereduko ikasgelen kasuan % 8 inguru eta A eredukoenean, berriz, % 4, gorabeherak gorabehera.
Zenbakien dantzan lokaztu nahi gabe, azpimarragarriena da nahiko adierazgarria izan zela gelak (eta ondorioz gelako euskarazko jardunak) haurraren errealitatean (hizkuntza-errealitatean) zuen muga bistaratzea. Lanean bertan aipatzen da eskolaren hizkuntza garrantzia ez dela zenbaketa horretara mugatzen, eta badaudela beste hainbat faktore (gelako hizkuntza elkarrekintzaren nolakoa edo irakasleen eta eskola-lagunen euskara-maila kasu) eskolako hizkuntzen erabileran eragiten dutenak.
Harrezkeroztik gauza asko aldatu dira gizartean, eskolan, gelan eta gutako bakoitzean, baina ondorio aski partekatua dela esango nuke, hizkuntza gutxitu batean hiztun osoak osatzeko, gure kasuan euskal hiztunak osatzeko, euskaraz eskolatzea ezinbestekoa eta ez-nahikoa dela, aldi berean. Alegia, ondorio hori, “eskolak bakarrik ezin du” leloan bildu ohi dugun hori3 .
Eskolak bakarrik ezin duela esateak ez du esan nahi eskolak zereginik ez duenik egiten duen hori hobeto egiteko4 . Berariaz, eskola barrukoak izan ohi dituzte eztabaidagai eta langai hezkuntzako eragile gehienek. Udaletako euskara teknikari askoren ikuspegia izan da, berriz, eskola barruan lanak ahalik eta ondoen eginda ere (D eredua izan, euskaran ardaztutako eredu eleanitza izan…), egoera minorizatuan dagoen hizkuntza batek hiztun osoak sortzeko ezinbestekoa duela hiztun horiei habitat linguistiko bat ematea, eskolaz gain beste eremu batzuk ere izango dituena eta nahikoa indar emango diona hizkuntza horretan ere nahikotasun-maila batetik gora sozializatzeko. Eta hortik sortzen da galdera berria:
Zein sozializatze-eremu gehituko diogu eskolari?
Bistakoa da bakoitza bizi den (bakoitzari bizitza ematen dion!) ingurunearen araberakoa dela hizkuntza batean edota besteetan hiztun horrek egingo duen bilakaera, hizkuntza sozializazioa, alegia. Horiek horrela, mutur batean eduki genezake udalerri euskaldun bateko familia euskaldun batean jaio eta bizi den haur bat, sozializatze-eremu (ia) guztiak euskaraz bizitzen dituena (familia, eskola, lagunak, kalea…) eta, beste muturrean, herri oso erdaldundu bateko familia erdaldun batean jaio eta bizi den haur bat, alderantziz, ia sozializatzeeremu guztiak erderetan bizitzen dituena.
Dena den, kasu partikularretatik urrunduz, euskaraz eskolatutako haurrei lehentasunez eskaini beharko geniekeen eremua hautatzen laguntzeko bi izan daitezke irizpide nagusiak:
Harreman instituzionalizatuak direnetatik hastea.
Udalerrian (edo eskualdean) antolatzen direnetatik hastea. Beste era batera esateko, nerabeak lagunartean on-line dauden jolas, aplikazio edo sare sozialetan dihardutenean sortzen den hizkuntza-harremana oso izan daiteke esanguratsua eurentzat (kuantitatiboki eta kualitatiboki). Hala ere, hor eragitea ia bideraezina izan daiteke adin-tarte horretan hizkuntza politika egoki bat egin nahi dugun erakundeentzat, bereziki udalerri mailan, izan erakunde publikoak zein gizarte izaerakoak. Logikoa dirudi, beraz, erakunde publikoek, zuzenean edo zeharka, haur eta nerabeentzat antolatzen edo antolatzen laguntzen dituzten eta udalerrian bertan gauzatzen diren jarduera horiek lehenestea.
Logika soziolinguistiko berritua
Euskarazko sozializatze-eremua soilik eskola (edo gela) izango ez duen logika horren baitan, beraz, hainbat egoera gerta daitezke, mugatuenetik osatuenera, honela labur daitezkeenak:
Euskarazko irakaskuntza + eskola-orduz kanpo berariaz sortutako jardueraren bat.
Euskarazko irakaskuntza + eskola-orduz kanpoko udalerriko jarduera guztiak euskarazko arnasgune sozio-funtzionala osatzea.
Esan daiteke, neurri batean behintzat, lehendabiziko molde hori bilatu eta neurri handi batean lortu ere egin dela azken urte hauetan guztietan Euskal Herriko udalerri gehienetan egin diren hizkuntza politiken ondorio.
Udaltop jardunaldien ingurumarian proposatu dugun logika berriak, berriz, lehendabizikotik bigarrenerako jauzi hori emateko garaia dela eta aukerak ditugula jarri nahi izan du mahai gainean. Alegia, ulertzea belaunaldi berrietako haur eta nerabeak euskal hiztun osatuak izan daitezen, euskarazko ekosistema bat behar dutela eta hori, gutxienez, irakaskuntza eta udalerrian gauzatzen diren eskola- -orduz kanpoko jarduera guztiak euskaraz eginez osatzea komeni/ behar dela.
Baldintzak eta jauziak
Jauziak emateko, ordea, baldintzak ere behar izaten dira. Eta horri begiratuta, bi egoera aski desberdin ikusi dira. Lehendabizikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoena, zeinean ezaugarri bereizgarria den 16 urte bitarteko haur eta nerabe (ia) guztiek ulertzen dutela euskaraz; eta bigarrena, berriz, Nafarroakoa eta Ipar Euskal Herrikoa, zeinetan ez den ezaugarri hori betetzen modu orokortu batean.
Ikuspegi horretatik begiratuta, EAErako jauzi bat ematea izan dugu langai, eta jauzi horri bi ezaugarri atxiki zaizkio:
Udalerrietan antolatzen diren eskola-orduz kanpoko jarduerak euskara ardatz izango duen eremu sozio-funtzional bilakatzeko estrategia abiatzea, eta, horretarako, sustapen-neurriez harago, lege bidezko heldulekua lantzea (EAEn lantzen ari den Hezkuntza Lege berrirako proposamena jasotzen da Udaltopen landutako beste ponentzia batean).
Eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko tresnak sistematizatzea, ekintza eta egitasmo solteetatik harago, udalerri bateko eskola-orduz kanpoko jardueren eremu horretan, bere osotasunean, esku-hartzeko.
Aldiz, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian, jauzi hori egiteko baldintzak gertatzen ez direnean, urrats edo pauso txikiagoak ematea da zentzuzkoena, nola ez, bakoitzak duen errealitatetik abiatuta eta sarri euskaratik pentsatutako egitasmoak berariaz eraikiz.
Ahal dute eta komeni zaie
Udalerrian antolatzen diren eskolaorduz kanpoko jarduerak euskaraz izateko ikuspegi soziolinguistiko hori belaunaldi berriek dituzten bi ezaugarritan oinarritu daiteke:
Ahal dute. Alegia, (ia) denek ulertzen dute euskaraz.
Komeni zaie. Alegia, eskola-orduz kanpoko erabilera ez-formalak eskolak berak soilik eman ezin duen hori emango dielako (kuantitatiboki eta kualitatiboki). Zenbat eta ingurune erdaldunagoa izan, orduan eta handiagoa komenentzia.
Esango nuke adostasun tekniko handia dagoela arestian aipatutako oinarri horien gainean eta adostasun tekniko hori adostasun soziopolitiko (guraso, alderdi, sindikatu…) ere bihur genezakeela aipatu dugun jauzi hori emateko. Haurrek ahal dute eta komeni zaie, eta guk, heldu arduradunok ere, ahal dugu eta komeni zaigu.
Esku-hartze berrituak
Horretarako, euskal hiztun osatuagoak lortzeak ikuspegi soziolinguistiko berritua eta integralagoa eskatzen duen moduan, hori bilatu eta sustatu nahi duten erakundeen artean ere antolaketa “ekosistemikoagoa” osatzea eskatzen duela dirudi (gobernutik hasi eta udalerri mailaraino).
Udalerri bateko eskola-orduz kanpoko jarduerak, laburbilduta, hiru erakunde motek antolatu ohi dituzte: Udalak berak, ikastetxeek eta beste eragile sozialek (elkarteek) eta pribatuek. Horietako bakoitzak hainbat eta desberdinak diren eskumenak eta tresnak dituzte (irizpideak ezartzea, kontratazioetan klausulak jartzea, diru-laguntzetan baldintzak, sentsibilizazio-lana egitea…) eta, tokian tokiko errealitateari atxikiz, bakoitzean egokiak diren eran erabili behar dira. Zeregin horretan lagungarri izan daitekeelakoan, Udaltopeko 2022ko edizioan esku hartzeko gidalerroen proposamen bat osatu dugu.
Horrek guztiak eraman beharko gintuzke, gela gisa, eskola-orduz kanpoko jarduerak ere euskararen erabilera trinkoko eremuak bilakatzera. Eta horretarako, irakasleak bezala, jardueretako hezitzaileak ahobizi izatera, ulermena ziurtatuta dagoen egoera guztietan euskarazko jardunari eutsiz eta eraginez.
Ertz gehiago baditu gaiak, eta eskola-orduz kanpoko jarduerez gain, haurren eta nerabeen (eta gainerakoon) hizkuntza-errealitateak ere ez dira, urrutitik ere, hor bukatzen. Hala ere, eskolan hasitako lanei jarraipena (molde berrituan) hortik ematea izan daiteke zentzudunena. Izan ere, hori lortu ezean, gainerakoak lortzea zailagoa eta sinesgaitzagoa dirudi.