Nahia Indurain Perez, Tafallako Garces de los Fayos ikastokako DBH 4. mailako ikaslea
Ikasturte bukaera, burua gela barruan baino, kanpoaldeari begira daukagu. Azken txanpak eragiten duen urduritasunak eta tentsioak gelako giroa are eta astunagoa bilakatzen du, eta hala, beroak eta kiratsak ikasgela osoa zeharkatzen dutelarik, urtero honako eztabaida suertatzen da gure artean: non eman eskolak, leku itxi batean ala aire librean? Zein izango da, bada, apusturik onena?
Ikasketak gela batean egitea da ohikoena, baina horrek ez du esan nahi horrela egin behar denik. Egia da neguan edo hotza egiten duen sasoietan askoz erosoagoa dela, haizetik edota euritik babestua zaudelako. Horrez gain, gelan egotean ordenagailua eta proiektorea izateko aukera izango duzu, ikasleei gaiarekin lotura duen bideoren bat jartzeko edota online ariketaren bat egiteko. Gainera, leku itxietan arreta erakar diezazuketen gauza gutxiago daude, kanpo-estimuluak murritzagoak baitira, jendea, zarata, animaliak eta abar kasu. Hala ere, nerabeen gela batean, jolastokian edo Gorputz Hezkuntzan kirola egin eta gero dagoen usaina nahiko txarra da. Horrek konponbide erraza dauka, baina hotza egiten duenean leihoak irekitzea ez da aukerarik egokiena.
Edukiak aire librean irakasteak, bestalde, bestelako hezkuntza metodo bat eskaintzen du. Dena dela, iritzi kontrajarri asko ager daiteke. Hala nola, ikasleek, ziurrenik, oso ideia ona dela esango dute, gelan egotea aspergarriagoa delako. Irakasleei galdetuz gero, ordea, oro har, ez zaie batere gustatuko, ikasleak edozer gauzarekin oharkabetuko direla esango dute eta. Gainera, udaberri aldera, urtaro honekin lotutako osasun arazoak izan ditzaketen ikasleak kontuan hartu beharko genituzke. Hori gutxi balitz bezala, kanpoaldean eskola aurrera eramateko gunea antolatu eta prestatu beharko genuke, mahaiak eta aulkiak mugitu, material guztia prest izan… eta horretan denbora gehiegi galduko genukeela iruditzen zait.
Esandako horregatik guztiagatik, zerbait zehaztu baino lehen, hainbat alderdiri erreparatu beharko geniokeela uste dut. Eskolak aire librean ematea oso ideia ona dela deritzot, baina hezkuntza zikloaren arabera egokitasun-maila aldatzen dela ere esango nuke. Era horretan, Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan ikasleen ikaskuntza aktiboagoa eta dinamikoagoa bultza dezakeen neurrian, DBHn, gure prestakuntza eta ikasketa-prozesua oztopatzeko arriskua egon daiteke. Horregatik, aldez aurretik, kanpoan ala barruan egiteko saioak eta ekintzak zein diren ongi zehaztu beharko litzateke.