Arantza Almenta, Gizarte Hezitzailea eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea 

 

Gizarte hezitzailea eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da Arantza Almenta. Haur Hezkuntzako Graduan eta Gizarte Hezkuntzako Graduan ematen ditu eskolak eta Can Calopa kooperatiban egiten du lan gizarte hezitzaile moduan. Pertsonen bizitza-prozesuak laguntzen aritzen dela dio eta ikasleen alderdi akademikoari erreparatzeaz gain, haien alderdi sozialari eta pertsonalari erreparatzeko garrantzia azpimarratzen du. Hezkuntza harremanak izan ditu hizpide Almentak.

 

Bizitza-prozesuak laguntzen dituzu. Sakonduko al zenuke ideia hori?

Bai unibertsitatean egiten dudan lanaren bidez eta bai Can Calopa kooperatiban egiten dudan lanaren bidez ere, bizitza-prozesuak laguntzen ditut. Garrantzitsuena da pertsonak zer behar duen eta zer momentutan dagoen. Irakasleei formazioak ematen dizkiedanean esaten diet: zuek ez dituzue soilik matematikak edo idazketa erakusten, zuek baino baxuagoak diren eta une horretan hainbat gauza ez dakizkiten pertsonak laguntzen dituzue. Baina kontuan hartu behar dugu badirela helduok ez dakizkigun gauzak ere. Agian pertsona txiki horrek bizitzari buruzko hainbat ezagutza ditu —curriculumean ez daudenak—, eta eskolak ez du hori kontuan hartzen. Helduok pertsona txiki hori osotasunean ikustea oso garrantzitsua da.

Ez zait batere gustatzen hezkuntza harremanak bere horretan aipatzea, zeren badirudi hezkuntzari dagokiona soilik alderdi formalean zentratzen dela, eta alderdi soziala kanpoan uzten da. Baina umea eskolako atetik sartzen denean ez du alde batera uzten ez duela lorik egin edo ez duela gosaldu; hori guztia harekin batera dator eskolara. Arazorik baldin badu, katua hil baldin bazaio, hori guztia ikasgelan sartzen den umearen bizitzaren parte da. Eta umeak matematika, hizkuntza, musika… ikastea nahi baldin badugu, kontuan hartu behar dugu, bestela porrota izango duelako.

 

Alderdi akademikoa soilik ez, ikasleen bizitzak ere kontuan hartzeak berebiziko garrantzia du, beraz.

Jakina. Nik eskolan gehien zerk markatu nauen pentsatzen dudanean konturatzen naiz irakasleek markatu nautela gehien. Ez nau markatu hiru gehi hiru zenbat den jakiteak.  Matematikako irakasleak markatu ninduen, baina ez integralak ebazten erakutsi zidalako, baizik eta norbait izateko aukera eman zidalako. Irakasle horrekin nuen harremanak markatu nau atetik sartzen nintzenean ea nola nengoen, ea gosaldu nuen edo ea nire amona zer moduz zegoen galdetzen zidalako. Hori da benetako harremana eta, horren ondorioz, klasean adi egoten nintzen. Zergatik? Heldu batek nirekiko kezka agertu zuelako eta horrek munduan norbait izateko aukera ematen zidalako. Kontuan hartu gintuen irakaslearekin gogoratzen gara; ikasgelara sartzen ginenean irribarrez hartu eta norbait sentiarazten gintuen horrekin. Guk nahi duguna izatea oso garrantzitsua dela erakutsi eta aukeratzen utzi zigunarekin. Hori harremanak sortzen du.

Umeek ordu asko pasatzen dituzte eskolan, eta ordu horietan gertatzen diren harremanak eta horien kalitatea ez baldin baditugu zaintzen, arazoak etorriko dira. Garrantzitsua da umeak norbait dela sentitzea eta hari nahi duena izan daitekeela adieraztea. Eskolak aukerak eman behar ditu eta bakoitzari gauzak bere erara —zigorrik gabe— egiten uztea oso garrantzitsua da harreman onak sortzeko.

 


Kontuan hartu gintuen irakaslearekin gogoratzen gara; ikasgelara sartzen ginenean irribarrez hartu eta norbait sentiarazten gintuen horrekin. Guk nahi duguna izatea oso garrantzitsua dela erakutsi eta aukeratzen utzi zigunarekin


 

Askatasuna ematea al da harreman onen oinarria?

Bai. Ikasleek komunera joateko baimena eskatzen dutenean, adibidez, galdetu diezaiekegu ea zer gertatuko litzatekeen ezetz esanez gero: komunera joateko beharra al duzu? Eta nik, heldu gisa erabaki behar al dut ea zu komunera joango zaren ala ez? Behar bat al duzu? Bada, segi komunera; hartu zure gain zure gorputzaren beharrak eta ardurak. Ni sutu egiten naiz 6 urteko ume batek komunera joan ote daitekeen galdetzeko eskua altxatzen duenean. Ezetz esanez gero, pixa gainean egingo al du? Kasu horretan, gaizki pasako du, 8 urterekin jada ez da eskatzera ausartuko, enuresi arazoak izango ditu eta ondoren institutura antsietatearekin iritsiko da ez delako ausartzen arazoak dituela esatera. Pixa egitera joan daitezen debekatzea hain tontoa eta larria da, ezen gerora gauzak isildu egingo dituzten eta nerabezaroan, adibidez, ez diren euren arazoei buruz hitz egiteko gai izango.

Askatasunerako oinarria ematen dugunean, segurtasunerako oinarria ematen dugu. Ikasleak pixa egitera joan beharrean urarekin jolastera joan nahi baldin bazuen, nik jakingo dut eta errietarik egin gabe esango diot urarekin jolasteko gogoa baldin bazuen hurrengoan hori esateko eta hitz egingo dugula. Harremana negoziazioa da, paktua eta elkarrizketa. Irakasle gisa oinarri batzuk eskaini nahi baldin badizkiegu, hasieratik eman behar dizkiegu. Horrek ez du esan nahi umeak dena erabaki behar duenik, zeren hotz egiten baldin badu, adibidez, berokia jantziko du gure egitekoa haien segurtasuna bermatzea delako, baina erabaki dezake berokia gorria, urdina edo loreduna izango den. Epaitzen ez duen oinarri segurua eskaintzea oinarrizkoa da, bestela pertsonak ez du gugana joko.

 

 

Eskolako harremanek, beraz, hezkuntza arloko harremana gainditu eta pertsona kontuan izan behar dute.

Bai, zertan ari gara bestela? Nik, adibidez, beti galdetzen diet ikasleei ea gosaldu duten eta esaten diet nire klasera gosalduta etorri behar dutela. Ikasketak elikadura ona eskatzen du. Harremanak berez, balioen transmisio bat du; ez ezagutzari dagozkion balioena soilik, baizik eta balio pertsonalena. Nik ezin ditut eduki ikasgelan gosaldu ez duten 22 pertsona, ez direlako adi egongo eta ezagutza batzuk eskuratu behar dituztelako. Baina, haiek ez dira etorriko gosaldu ez dutela esatera, eta, beraz, behaketa-lana oso garrantzitsua izango da. Ikasleak asko behatzea gakoa da.

Eta beste gako bat da, ikasketak esanguratsua izan behar duela. Ez gara hasiko, besterik gabe, ibaiak azaltzen, ez duelako ezertarako balio. Ibaiak azaltzen hasiko gara ibaiei buruzko zerbait jakitea garrantzitsua den testuinguru batean baldin bagaude, zeren ezagutza kultural gisa ongi dago, baina bestela ez dute ezertarako behar. Eta irakatsi nahi dugun hori, aurrean ditugun pertsonentzat esanguratsua den moduan irakatsiko dugu. Umeei, adibidez, ez diegu power point bat jarriko edo ez ditugu fitxak egiten jarriko, hori ez delako esanguratsua eta ez zaielako azalera iritsiko. Ikasketa esanguratsua izateak esan nahi du ikasleak adi egon behar duela, interesa piztuko diogula eta gehiago jakin nahi izango duela. Harremanak alderdi materialetik harago joan behar du; bestea ezagutu behar dugu.

Balio horiek transmititzeko ikasgelan landuko dugunari buruz sakon pentsatu behar dugu. Kontuan hartu behar dugu gaur ikasgelara sartzen den umea ez dela bihar sartuko dena izango. Ikasle bat gaur aztoratuta ibili delako ezin dut pentsatu bihar gauza bera egingo duenik. Atzo aztoratu egin zen, baina gaur munduko maitasun guztiarekin egingo diot harrera eta transmitituko diot lasai egongo dela, zeren harengan sinesten ez baldin badugu, orduan bai, ziur aztoratu egingo dela; beti aztoratuko da denek harengandik horixe espero dutelako. Harremanak desberdina izateko aukera eman behar du. Ez gara berdinak goizeko zortzietan, arratsaldeko ordu bietan edo gaueko hamarretan. Eta ez gara berdinak Gorputz Hezkuntzako irakaslearekin edo matematikako irakaslearekin. Ikaslea eskolako eta komunitateko parte dela sentitzea harremanak sortzen du. Eta hori irakasleek bultzatu behar dute. Ezkutuko curriculumaren parte da, zeren guztiak ez du idatzita egon behar, dena ez dira jarraibideak izan behar gobernuak hau eta hori ikasi behar dutela esan duelako. Izan ere, bizitzarekin ahazten dira.

 


Askatasunerako oinarria ematen dugunean, segurtasunerako oinarria ematen dugu


 

Eskola bizitzarekin ahaztuta al dago?

Eskolak batzuetan ahaztu egiten du bizitzarekin esperimentatzeko espazioak eman behar dituela. Esperimentazioak lekua izan behar du; txikiak direnean ez baldin badute esperimentatzen, noiz egingo dute? 30 urterekin? Autoestimua lurraren parean dutenean eta gizarte hezitzaile bat edo psikologo bat behar dutenean? Denok gizarte ero batean biziko garenean? Eskolak aukera hori eman behar du eta irakasleek esperimentatzeko aukera eskaini behar diete ikasleei. Adibidez, esan diezaiekegu hurrengo egunean nahi duten bezala jantzita etortzeko, ez mozorrotuta, baizik eta haiek nahi duten moduan, sentitzen diren moduan.

Askotan ez gaude prest ikasleak gu zalantzan jartzeko eta modu horretan ezin dugu irakasle izan. Ni prest nago nire esku-hartzeen arrazoiak azaltzeko eta ikasleek gauzaren bat zergatik egin behar duten galdetzen didatenean, azaldu egiten diet. Aintzat hartu behar dugu kontua ez dela ikasleak etorkizunerako prestatzea, orainerako, atetik ateratzen direnerako, prestatzea baizik. Eskolan oharkabean pasatzen diren errebelazio asko daude, irakasleak ez duelako horiek atzemateko prestakuntzarik. Oharkabean pasatzen dira tratu txarrak, abusuak, gosea…

Irakasleek harremana oso garrantzitsua dela eta umeak zerbait esaten duenean egia izaten dela jakin behar dute. Ume batek ikaskideek jotzen dutela edo jazarri egiten dutela esaten baldin badigu eta umeen kontua besterik ez dela pentsatzen baldin badugu, kasu hori suizidiora iritsi daiteke behin baino gehiagotan ikusi dugun moduan. Eta 3 edo 4 urteko umetxo batek komunera laguntzerik ez badu nahi, pentsa dezagun zer gertatzen ari zaion, zer gertatzen ari den 5 urteko ume batek ez baldin badu piszinara joan nahi edo ez baldin badu besteen aurrean arropa aldatu nahi… Zerbait gertatzen ari da, baina irakasleak ez daude hori atzemateko prestatuta; irakasle ikasketetan ez dago arazo sozialak behatzen ikasteko ikasgairik edo haurrekin espazio seguruak sortzeko harremana nola ezar dezakegun azaltzen duen ikasgairik.

 

Behaketaren garrantzia aipatu duzu. Nolakoa izan behar du behaketak?

Begira dezagun eskolako jolastokia. Umeak jolas egin dezan utzi beharko genuke irakaslearen esku-hartzerik gabe, baina distantzia jakin batera egonik hark segurtasuna senti dezan eta jakin dezan uneren batean behar baldin badu, gure laguntza jaso dezakeela. Horretarako irakasleak behatu egin behar du, baina kontrolatu gabe, eta modu horretan ikasle bakoitza zein puntutan dagoen eta zer deskubritzen ari den ikus dezake.

Behatzea ez da erraza, entrenamendua behar da eta hasieran gauza gutxirekin jabetzen gara, baina zer behatu behar dugun ikasten dugun momentua iristen da. Nik, ikasgelan gertatu denaren arabera, aldez aurretik dakit zer behatu nahi dudan. Eta ikasgelan gertatzen diren gauzei buruz hitz egin behar dira. Ume baten familia testuingurua zein den hari begiratuta jakin dezakezu: zer esaten duen, nola esaten duen, zer jan duen… Ez da ezer berezirik prestatu behar, eguneroko kontuei buruz hitz eginez informazio asko eskuratzen dugu. Harremanetatik talde kohesioa ere landu daiteke.

 

 

Behaketa hori prebentziorako neurri oso indartsua da.

Jakina. Goizeko bederatziak dira, LHko 2. mailako gela batera iritsi naiz eta ikusten dugu hiru ikasle mahai gainean erdi botata daudela, beste bat oso mugituta dabilela, beste bat jolasean ari dela… Arreta deitu aurretik egoera behatu dezakegu eta pentsa dezaket erdi botata dauden horiek zenbat denbora ote daramaten horrela; agian ez dute lorik egiten eta arazoren bat dago. Demagun familiari deitzen diogula eta ez direla etortzen. Pista batzuk biltzen joango gara. Oso mugituta dagoenak agian tratamenduren bat hartzen du. Izan ere, arreta gabeziarako eta hiperaktibitaterako tratamenduekin hasten direnean, umeak oso aztoratuta egoten dira. Irakasleek hori jakitea oso garrantzitsua da, baina askok ez dakite medikazio batzuek ordu bete eta ordu eta erdi artean behar dutela efektua egiteko.

Irakaslea ez da superheroi bat eta ez da iristen eskatzen zaion guztia egitera. Eskolan curriculuma eta exijitzen diguten beste guztia sartzen baldin baditugu, non gelditzen zaigu bizitza? Non gelditzen da gure behaketa guztia? Ez dugu denborarik irakasle gisa hori guztia egiteko. Eskolan gizarte hezitzaileak sartu behar dira bizitzaren alderdi horri erreparatuko diotelako eta horretan zentratuko direlako. Zeren irakasleek ezin diete alderdi batzuei heldu, ez gaitasunik ez dutelako, baizik eta ezagutzarik ez dutelako. Jolastoki batean edo udaleku batean gizarte hezitzaileak jartzen baldin baditugu, tutoretzetan baldin baditugu, elkarbizitza lantzen den espazioetan jartzen baldin baditugu, onurak izango ditugu.

 


Onartu behar dugu ez soilik ikasleak nahi duena izatea, baizik eta gu zalantzan jartzea. Gurasoak zalantzan jartzen dituzten moduan jartzen dute zalantzan irakaslea ere, eta horretarako prest egon behar dugu


 

Haurrengan espektatiba handiak jartzeko joera dugu. Gehiegitan bultzatzen al ditugu helduok nahi dugun gauzak egitera?

Bai. Eta zertarako nahi ditugu seme-alabak, gure espektatibak betetzeko edo haiek nahi dutena izan daitezen? Onartu behar dugu ez soilik ikasleak nahi duena izatea, baizik eta gu zalantzan jartzea. Gurasoak zalantzan jartzen dituzten moduan jartzen dute zalantzan irakaslea ere, eta horretarako prest egon behar dugu. Harreman soziohezitzailean ezin du egorik egon, zeren kasu horretan ez dugu bestea kontuan hartzen. Umiltasun handia behar dugu eta hankasartzeak onartu behar ditugu. Zergatik ez diegu inoiz esaten umeei arrazoi dutela? Eta zergatik ezin du hanka sartu irakasleak?

Irakasleen eta ikasleen harremanari buruz ari gara, baina familiekiko harremanak ere hor daude. Nola landu behar dira horiek?

Gauza bera da. Umea errekonozitzen baldin badugu, familia ere kontuan hartzen dugu. Familiak oso anitzak dira eta hori ez onartzeak, umeak baztertzea dakar, moduren batera esaten ari garelako ohiko familia eredurik ez baldin badute, haien familiak ez duela balio eta, beraz, ikasleak berak ere ez duela balio. Familiarekin dugun harremana umearekin dugunaren berdina da; errekonozimendua, pazientzia, konpromisoa, hor gaudela jakitea, ez epaitzea… Familiek gauzak ahalik eta ondoen egingo dituzte; batzuetan modu batera eta beste momentu batzuetan beste era batera, eta ongi dago.

 


Ekipo bat gara eta batera joan behar dugu, eraginkortasun kontua da: pertsona bakar batek ezin dio heziketa prozesu bati aurre egin, ez da denera iritsiko eta erre egingo da


 

Eta nola ikusten dituzu irakasleen arteko harremanak?

Oso bitxiak dira. Irakasleen arteko harremanetan errekonozimendu handia eta umiltasun handia egon behar du. Baina ez dago halakorik, tartean ego asko dagoelako. Batzuek profesional hobeak direla sentitzen dute edo umeek gehiago maite dituztela haiekin gehiago jolasten dutelako… Baina nik ez dut nahi ikasleek nirekin gehiago jolastea, arazoren bat dutenean nigana etortzea baizik. Ikasleen laguna izan nahi duen irakaslearen rolak ez du sostengurik gelan arazoren bat dagoenean horri eusten jakin behar dugulako, eta umeek horrelakoetan ez dutelako irakasle atsegin horrengana jotzen. Irakasleen arteko harremana ez da lagunarteko harremana; iritsi daiteke lagunarteko harremana izatera, baina berez, ez da. Gure mugak eta gure ahalak zein diren jakin behar dugu, eta lan egin. Eta jakin behar dugu denok denontzat gaudela elkarrekin kafe bat hartzera joango ez garen arren. Ekipo bat gara eta batera joan behar dugu, eraginkortasun kontua da: pertsona bakar batek ezin dio heziketa prozesu bati aurre egin, ez da denera iritsiko eta erre egingo da.

 


Galdera laburrak

01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?

Mercedes irakaslea, norbait izateko aukera eman zidalako.

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?

Eskola bere horretan.

03.Nolako eskola amesten duzu?

Eskola tradizionalaren zati bat eta pertsonari garrantzi handia ematen dion alderdia konbinatzen dituen eskola

04.Zuretzat garrantzitsua den balio bat?

Ahizpatasuna.

05.Hezkuntzari buruzko film batedo liburu bat?

Historia de una maestra liburua eta El maestro que prometió el mar eta La lengua de las mariposas filmak.