Ikasturtea hasi dute seme-alabek eta eskolarako joan-etorriak eguneroko bihurtu dira, udako ordutegi askea atzean utzita. Joan-etorri horiei begira jarrita, zer ikusten da? Haurrak nola joaten dira eskolara? Oinez? Eskolako garraioan? Autoan? Bizikletan? Patinetean? Haurren Hiria Sarean gogoeta egin dute gaiaz.

Herri bakoitzeko argazkia desberdina da. Zenbaitetan eskola atarian bizikleta eta patinete asko ikusten dira, beste batzuetan aparkatu gabeko gurasoen autoak pilatzen dira. Alde batetik zein bestetik oinez gerturatzen dira ikasle batzuk eta beste batzuk eskola garraioan. Familia bakoitzaren erabakia izaten da eskolarako bide hori nola egin, baina aditu guztiak bat datoz aire librean oinez, bizikletan edo patinetean lagunekin joatea hobea dela diotenean. Haurren Hiria Sareak eskolarako bideaz gogoeta egin du, eta onura fisikoak, sozialak, emozionalak eta akademikoak ikusten dizkio:
- Hasteko, jarduera fisikoa egiten dute, autoan edo autobusean ez dagoen mugimendu fisikoa baitaukate. Gainera, mugikortasun aktiboak gizarteari ekartzen dizkion onurak egiaztagarriak dira: kutsadura atmosferiko txikiagoa, zarata gutxiago, berotegi-efektua eragiten duten gas gutxiago isurtzea, eta abar. 
- Harremanetarako lagungarria da. Gainera, une honetan, gela barruan burbuiletan banatuta daudenez, ezin dute elkartu, eta aire librean eskolarako bidean bai. Horrek COVID-19aren aurrean arriskua areagotu dezakeela dirudien arren, aditu guztiak bat datoz aire librean arriskua gutxitu egiten dela esatean, eta beraz, oinez, bizikletan edo patinetean joatea autoz edo eskolako garraioan joatea baino seguruagoa dela.
- Auzoa, herria eta hiria ezagutzeko aukera ematen die. Egunero oinez joatean, haurrek euren ingurunean -eta beraien bizilekuan- konfiantza eta segurtasuna irabazten dute. Gainera, haurrek udalerria ezagutzeko eta begiztatzeko modu bat ere bada.
- Elkartasun sareak ehuntzeko eta indartzeko. Nazioarteko erakundeek, hala nola, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) edo Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC)              adierazten dute sare komunitarioak funtsezkoak direla COVID-19-aren gizarte- eta osasun-krisia kudeatzeko. Sare horiek infekzioaren transmisioa eta horri lotutako inpaktu soziala murrizten dituzte.         - Prebentzio-neurriek eta distantzia fisikoak ez dute distantzia soziala esan nahi. Horregatik, funtsezkoa da sare komunitarioak eraikitzea, baliatzea eta indartzea, elkar laguntzeko loturak indartzeko eta          zalantzaz beteriko testuinguru aldakor hauetan, elkar lagundu eta elkarri arreta eskaintzeko.
- Harremanak eta espazioak eraldatzeko. Francesco Tonucci pedagogo italiarrak hirigintzako gaur egungo eredua “adin ertaineko, gizon langile eta kotxedunaren” parametroaren pean garatutako eredu gisa    laburbiltzen du. Horregatik, haurrek kaleak berriro berreskuratzea, kaleak bete, gozatu eta bizitzea behar-
   beharrezkoa dugu, haurrak egunero kalean joan-etorrietan ikusteak bakarrik, herri antolamendua diseinatzen dutenei beste ikuspegi bat izateko aukera eskaintzen dielako.
- Ingurumenaren jasangarritasunari begira, askoz ere hobea da oinez joatea. Haurrak eskolara oinez joateak eragin zuzena du gure herrietako trafikoa gutxitzean, eta askotan hiriko joan-
   etorrietan autoa erabiltzea ez dela beharrezkoa erakusten du. Autoa alde batera utz dezakegula agerian uzten du.

Antolatu eta ekin
Herri batzuetan naturalki sortzen da eskolarako joan-etorriak oinez, bizikletan edo patinetean egiteko joera, baina beste batzuetan propio bultzatu behar da, ez da berez sortzen. Baina hori bultzateko nahia agertzen da, aipatutako onurak ikusten zaizkiolako. Horretan laguntzen ibiltzen da Piter Blanco Solasguneko kidea. Eskolara lagunekin izeneko proiektu bat daukate Haurren Hiria Sarearen barruan eta 16 udalek parte hartzen dute bertan. “Udal horretako ikastetxeekin jartzen gara harremanetan, eta normalean LH 4., 5. eta 6. mailakoekin lantzen dugu gaia. Azkenean borondatezkoa da oinez joatea edo ez, bakoitzak erabakitzen du, baina denekin lantzen dugu. Nondik etortzen diren galdetzen diegu ikasleei, edo autoz etorri partez oinez etorriko balira nondik etorriko liratekeen ikusten dugu eta ikasleen arteko elkartzeak egiten ditugu. Horrela, auzoa mapeatzen dute haurrek, kaleak diagnostikatzen dituzte, bide horietan egon daitezkeen puntu arriskutsuak identifikatzen dituzte, eraldaketak proposatzen dituzte, ibilbide seguruen sareak zehazten dituzte eta topaguneak identifikatzen dituzte. Azkenean, helburua haurrak bakarrik joatea da, helduen laguntzarik gabe”. Izan ere, egitasmo honekin haurren autonomia lantzen dela argi dago eta horretarako gurasorik edo heldurik gabe joan behar dute. “Zenbait gurasorekin lanketa egin behar izaten da, haurrak txikiak ikusten dituztelako, ez daudelako seguru... Hasieran laguntzen uzten diegu, baina gero ez; autonomo ez direnak gurasoak eurak direla ikusarazten diegu eta helburua haurrak bakarrik joatea dela”.

Lehen aipatutako onurez gain, Solasguneko kideak beste bi aipatzen ditu. Bata familia eta kontziliazioari lotutakoa da. “Asko dira eskola bideetan parte-hartzen duten familiak, eta ekimenaren ebaluazioan hau da azpimarratzen duten onuretako bat, kontziliazioa errazten diela”. Bigarren onura bidean sortzen den heziketa eta bizitza bera dira Blancoren iritziz. “Lagunekin egoteko momentu aproposa da. Heldutasun bat eskatzen die, bide horretan hainbat ikasketa sortzen dira eta komunitatearekiko harremana handitzen da. Guraso batek hala kontatu zidan behin: semeari ‘zer moduz eskolan?’ galdetu ziola eta erantzuna honakoa izan zela: ‘ondo, bidean suge bat topatu dugu...’. Eskolako ezer ez omen zion kontatu eskolaz galdetuta. Horrek adierazten du bidea ere eskolako parte bihurtzen dela eta gauza asko ikas daitezkeela. Metafora bezala oso polita iruditzen zait”.

Bilboko esperientzia
Bilboko udala 2017an hasi zen eskolara lagunekin oinez joateko proiektua lantzen. Gida koloretsu eta erakargarri bat egin zuten eta hiriko ikastetxe guztietara bidali zuten, 50etik gora. Une honetan hamabost ikastetxe inguru dira parte hartzen dutenak. Raquel Salcedo Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko teknikariak argi dio ez dela udalaren proiektua, baizik eta hezkuntza komunitatearena, eta udalaren egitekoa laguntzea eta elkarlanean aritzea dela. Bi lan ildo dituzte: “Batetik, eskolara oinez joateko antolaketa euren kabuz antolatzen duten ikastetxeak daude, eta momentu zehatzetan laguntza eskatzen digute: eskolarako bidea seinaleztatzeko, esku-hartze urbanistiko bat eskatzeko eta abar. Bestetik, beste ikastetxe batzuk deitu egiten digute proiektua martxan jarri nahi dutela esanez”. Kasu horretan, bi baldintza jartzen dizkie udalak: lehena azken emaitza haurrak oinez modu autonomoan joatea izan behar duela, heldurik edo arduradunik gabe, autogestionatuz, besteak beste, eskolarako bideak haurren autonomia bultzatzen duelako; eta, bigarrena, parte hartuko duten haurren helbideak ematea (izenak ez) mapa batean jartzeko. Hortik aurrera, ikastetxeek eurek erabakitzen dute zein adinetako haurrekin landuko duten proiektua.

Salcedoren iritziz, horrelako ekimenek hiria aldatzen dute, eta asko. Hirian esku hartzea oso prozesu luzea eta gogorra dela dio, udaleko arlo bakoitzak bere konpententziak dituelako eta horiek kudeatzea ez delako beti erraza. “Baina merezi du, hirian haurrek egindako aldaketak ikusten direlako, haurrek bultzatutakoak, eta gainera, horrekin guztioi egiten digulako on”.