Gizarte klasea, jatorria, generoa eta euskara.

 

Eskolaz kanpoko denborak duen garrantziari buruz hitz egin dute egileek artikulu honetan. Aisialdi hezigarriaz, aisialdi diferentzialaz eta aisialdiaren segregazioaz ari dira, besteak beste, eskolaz kanpoko jarduerek euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko duten balioa azpimarratzearekin batera.

 

Jakina denez, gure ikasleen baldintza materialak eta sozialak ez dira parekoak eta, gaur egun, beti bezain garrantzitsua da begirada inklusiboari eustea, desberdinkeriak ikasleen bizitzan eta eskola ibilbidean izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuta. Baina dena ez da eskolako ordutegian gertatzen; gero eta argiago ikusten dugu eskolaz kanpoko denbora erabakigarria dela eta arrakala soziala txikitzen edo areagotzen lagundu dezakeela, ume eta nerabe bakoitzak denbora tarte horretan egiten duenaren arabera.

Azken urteotan, asko hitz egiten da itzalpeko hezkuntzaz (shadow education) eta aisialdi hezigarriaz. Itzalpeko hezkuntza eskolako ordutegitik kanpoko ikasgai akademikoei laguntzeko saioak dira: eskola partikularrak deritzegunak. Ikaskuntza edo gaitasun zehatzak errazteko helburu instrumentala dute. Aisialdi hezigarriaren arloa, berriz, zabalagoa da: jarduera antolatuak dira, atsedena, dibertsioa, garapen pertsonala eta komunitarioa ardatz dituztenak. Aisialdi hezigarriak dimentsio ludikoa eta soziala du.

Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabaltzen eta egituratzen joan da, erakundeetatik harago. Jarduera, bitarteko eta espazio ugari bideratu dira horretarako, hainbat erakunderen eskutik (udalak, foru aldundiak, hainbat motatako elkarteak…).

 
Zertan pasatzen dute denbora librea umeek eta nerabeek gaur?

- Eskola partikularrak eta errefortzuko eskolak, ordainpekoak: adibidez, euskarakoak, matematikakoak... Ikasleak eskolan zailtasunak dituenean jasotzen ditu maila hobea lortzeko. Ingelesa da, nabarmenki, klase ertaineko familia askoren seme-alabek jasotzen duten eskola partikularretako bat. Ikastetxeetako familien elkarteek eta beste erakunde batzuek ere errefortzu jarduerak eta etxeko lanak egiteko txokoak eskaintzen dituzte, doakoak.

- Beste eskola partikular batzuk, jarduera ludikoak, jarduera artistikoak eta kirol jarduerak. Ordainpekoak dira, eta eskola partikularren izaerara hurbiltzen dira maiz: musika eskolan musika tresna bat jotzen ikastea, akademia batean dantza egitea...

- Izaera soziohezitzailea duten aisialdi jarduerak edo programa batzuk, kirol jarduerak edo kirol programa batzuk. Hauek izaten dira bereziki: eskola kirola, multikirola, ludoteka, gaztelekua, ikastetxeak antolatutako antzerkia edo abesbatza... Prezio baxua dute edo doakoak dira, erakunde publiko batzuek antolatzen dituztelako edo haien babesa dutelako: foru aldundiena, udalena, ikastetxeko gurasoen elkarteena… Batzuetan, ikastetxearekin koordinazioan aritzen dira, edo haiekin harremana daukate.

- Ume eta nerabe ugarik arratsaldea bakarrik, familian edo lagunekin ematen dute, erakundeek antolatzen ez dituzten jarduerak egiten kalean, plazan, frontoian, parkean... Esan gabe doa espazio horietan egotea doakoa dela.

- Eta etxean egotea ere doakoa da. Liburuak eta komikiak irakurtzea, marrazkiak egitea, baratzean laguntzea… posible da, baina, etxean, batez ere, pantailen aurrean egoten dira ikasleak, gailu elektronikoen erabilera nabarmen handitu baita: telebista, ordenagailua, telefono mugikorra, bideojokoak… Batzuetan, lagunekin batera aritzen dira eta, beste askotan, bakarrik. Adin batetik aurrera, jarduera antolatuetan pasatzen ez duten denbora pantailaren aurrean pasatzen dute nagusiki. Denbora horretan, euskararen presentzia oso urria da, gaztelania izaten baita nagusi.

Eta non daude gure etxeko umeak eta nerabeak? Non, gure gelako ikasleak? Elkarrekin al daude aisialdian profil desberdineko ikasleak?

 

Desabantailan dauden ikasleak eta aisialdi diferentziala

Nori buruz ari gara? Hauei guztiei buruz ari gara: sarrera ekonomiko gutxiko familietatik datozen ikasleak —eskolaz kanpoko ordainpeko jarduerak nekez ordaindu ditzakete—, familian kapital kultural txikia daukatenak —ikasketa maila baxua eta kultura letratuarekin harreman txikia dute, eta, agian, ezin diete seme-alabei ikasketekin lagundu—, kapital sozial txikia dutenak —sare sozial txikia dutelako (alegia, senide eta lagun gutxi haien inguruan) edo sozialki minorizatuta daudelako (alegia, arrazializatuak dira) edo hegemonikoak ez diren ezaugarri kulturalak eta erlijiosoak dituzte—, atzerritik etorri direnak —aurreko guztia gerta dakieke eta, gainera, familian ez dituzte menderatzen gure gizarteko gako asko; egokitzapena egin behar dute—, atzerritik etorri diren familien seme-alabak —horiei ere aurreko guztia gerta dakieke,hemen jaio arren—.Familian eskolako hizkuntza hitz egiten ez dutenak ere aipatuko ditugu; D ereduan ikasten dutenak baina etxetik euskaldunak ez direnak, alegia. Haientzat, euskara eskolako tresna da, eta horrek esan nahi du ikasle horiek eskolako ibilbidea egoki egiteko konpetentzia nahikoa garatu beharko luketela, baina, gaur egun, D ereduan egote hutsak ez du hori bermatzen inguru askotan. EAEko ikasle gehienek (% 70 inguru) euskara bigarren (edo hirugarren) hizkuntza dute (ISEI-IVEI, 2023), eta, eskolaz kanpoko jardueretan, askok ez dute kontaktu handirik euskararekin (Garaio, 2023).

Ikusten dugunez, atzerritar jatorriko ikasleak dira, batez ere, desabantailan daudenak, baina jatorri autoktonoko ikasleak ere badira egoera horietan (eta horien artean, nabarmenki, ikasle ijitoak).

Ikasleen gizarte maila zenbat eta altuagoa izan, orduan eta parte hartze handiagoa dute eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan. Aisialdi diferentzialaz hitz egin dezakegu, beraz. Desberdinkeria horrek gizarte arrakala handitzen laguntzen du; ume eta nerabe batzuen desabantaila areagotzen laguntzen du. Kohesioari dagokionez, profil sozial desberdineko umeak ez dira elkarrekin egoten haien denbora librean, ez dira lagunak eta ez dira sare berberetan integratzen. Eskola segregazioaz gain, beraz, aisialdi segregazioaz ere hitz egin daiteke, non gizarte klasea eta jatorria ere gakoak diren, baina ez faktore bakarrak.

 
Beste arrakala batzuk

- Gizarte klasearen faktorea. Ikasle batzuek laguntza osagarria izaten dute, eskolan emaitza hobeak lortzeko. Beste ikasle batzuek ezin dute hori ordaindu, ongi etorriko litzaiekeen arren. Hezkuntza sistemak gogoeta hau egiteke dauka: eskola partikularretara joateak premiazkoa izan behar du hainbat ikaslek eskolan aurrera jarraitu ahal izateko? Eskola partikularretatik harago, kirol bat praktikatzea edo euskal dantzan aritzea ere ez da merkea: matrikula, ekipamendua, bidaiak…

- Generoa. Mutil askorentzat ―trebeak direnentzat―, sozializatzeko aukera handia da kirola. Futbolak prestigio handia dauka gizartean, eta familia batzuk prest daude semea futbolean hasi dadin zenbait sakrifizio egiteko. Nesken kasuan, berriz, gehiagok ematen dute izena saskibaloian, dantzan eta beste jarduera artistiko batzuetan, baina nesken jarduerak ez dira, familia batzuetan eta gizartean oro har, modu berean bultzatzen.

- Informazioa. Familia batzuengana ez da informaziorik heltzen, edo oso “modu orokorrean” heltzen da (posta elektroniko orokor bat, ohar orokor bat…). Ez dira jabetzen haien umeentzat ere aukera bat dela, eta agian doakoa edo oso merkea dela… Batzuetan, falta zaien informazioa are oinarrizkoagoa da: jarduera batzuetan parte hartzeak euren umeei zer onura ekar diezaiekeen, zer dagoen jokoan.

- Alderdi kulturalak eta familien balioak eta ohiturak. Familia batzuen ohituren artean, ez dago euren seme-alabek eskolaz kanpoko jarduera antolatuak egitea, edo ez jarduera jakin batzuk behintzat (futbola bai, adibidez, eta antzerkia ez).

- Beste faktore batzuk. Seme-alabak interesik erakutsi ez izana, leku nahikorik ez egotea, haien adinera egokitzen diren jarduerak ez eskaintzea, ikastetxean bertan ez izatea, bizilekutik hurbil eskaintzarik ez egotea…

 


Hainbat ikerlanek aztertu dute aisialdi hezigarriak desabantailan dauden ikasleengan duen eragina. Errendimendu baxuko edo profil sozioekonomiko apaleko haurrek lortzen dituzte onura gehien


 

Onura pertsonalak eta sozialak. Euskararen faktorea

Hainbat ikerlanek aztertu dute aisialdi hezigarriak desabantailan dauden ikasleengan duen eragina. Errendimendu baxuko edo profil sozioekonomiko apaleko haurrek lortzen dituzte onura gehien, baina badago zer esana gizarteari egindako ekarpenaz ere. Gehien aipatzen diren onuren artean, honako hauek jaso ditugu:

- Ongizate fisikoa eta psikologikoa eta entretenimendutik, artetik eta dibertsiotik datozen emozio positiboak.

- Gizarte trebetasunak garatzea, pertsonak ezagutzea, lagunak egitea, hau da, sareak eraikitzea errazten duten espazioetan aritzea.

- Bizikidetzarekin lotutako balioak eta jarrerak garatzea.

- Komunitatea sustatzea eta inguru sozialarekin harremanak eraikitzea, hau da, parte hartzea eta inplikazio aktiboa. Pertenentzia sentimendua eraikitzea.

- Eskola uzteko arriskua murriztea. Eskolarekiko jarrera positiboagoa, lotura sendoagoa eta motibazio akademiko handiagoa sustatzeaz gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondorengo hezkuntzara heltzeko itxaropena areagotzeko joera seinalatu izan da. Eragin hori errendimendu baxuko eta profil sozioekonomiko baxuko ikasleengan antzeman da nagusiki (González Motos, 2016).

- Euskara garatzeko aukerak izatea, etxean euskara hitz egiten ez duten ikasleen kasuan bereziki (Garaio, 2022). Argi dago aisialdian jarduerak euskaraz egitea onuragarria dela, hizkuntza konpetentzia hobetzen laguntzen duelako. Eta, euskara hobeto ikasi ahala, ikasgelan zein lagunartean euskaraz aritzeko erraztasun handiagoa izango dute ikasleek. Hori garrantzitsua da euskara berreskuratzeri begira, euskarak ume horien guztien erabilera ere behar duelako.

Aldi berean, badakigu premia handiena duten umeek maiz ez dituztela eskolaz kanpoko euskarazko jarduerak egiten, eta estrategikoa da erronka horri ganoraz heltzea.

Aipatu dezagun, labur, Bartzelonan 2018an jaio zen “Aliança Educació 360. Educació a temps complet” ekimena, Jaume Bofill Fundazioak, Bartzelonako Diputazioak eta Pedagogia Berrikuntzarako Mugimenduen Federazioak bultzatua. Proiektuak hezkuntzaren ikuspegi orokorra proposatzen du, une oro eta alde guztietan ikasten eta hezten dela aintzat hartzen duena. Gaur egun, 300 erakundek baino gehiagok osatzen dute: udalek, eskualde kontseiluek, diputazioek, eskolek, institutuek, profesionalen sareek eta elkargoek, kirol erakundeek, aisialdi mugimenduek, kultur erakundeek, ikerketa taldeek eta familia elkarteek. Denbora, espazioak eta hezkuntza eragileak konektatzen ditu, udalerri bakoitzean hezkuntza ekosistema bat sortzeko eta aukera gehiago eta hobeak eskaintzeko, inor baztertu gabe (Mencía González & Samper Sierra, 2023).

 


Ezaugarri sozial desberdinak dituzten ikasleak elkarrekin denbora pasatzea, jarduerak egitea, lagun egitea, saretzea… hori guztia diskriminazioaren kontrako tresna eraginkorra izan daiteke


 

Zenbait gogoeta

Beharrezkoa da haurrentzat eta nerabeentzat eskolaz kanpoko hezkuntza jarduera erakargarriak sustatzea, eskola errefortzua eta aisialdi jarduerak modu orekatuan uztartzeko eta, jakina, baita atsedenarekin eta denbora ez arautuarekin uztartzeko ere. Estrategikoa da desabantaila egoeran dauden ikasleek eskolaz kanpoko denbora hezigarrian parte hartzea, bai haientzat bai eta euskal gizartearentzat ere. Pantailen aurrean luze aritzeak ez du alternatiba izan behar.

Eskolaz kanpoko jardueren arloan, hainbat ekimen eta praktika inklusibo eraginkor daude euskal gizartean, baina badago oraindik zereginik. Horretarako, herri eta auzo bakoitzean eskaintzen diren aukerak aztertu behar dira, bai eta umeek eta gazteek dituzten premiak ere. Ikus dezagun nola erantzuten dien hezkuntza ekosistema bakoitzak inguruan dauden beharrei, eta zer ekarpen egin dezaketen udalek eta tokiko erakundeek helburu hori lortzeko.

Antolatutako jardueretan atzerritar jatorriko familien seme-alaben kopuruak eta proportzioak nahikoak ote diren aztertu beharko lukete ikastetxeek eta aisialdi hezigarria eskaintzen duten gainerako erakundeek, zein diren oztopoak eta zein diren irtenbide posibleak. Lagungarria izango da, baita ere, jardueren kostua murrizten duten neurriak zabaltzea (doakotasuna, dirulaguntzak, garraiorako bekak…) eta jardueren gaineko informazioaren hedapena bermatzea.

Emaitza segregatzailea izan ez dadin, ahalegina egitea komeni da, klase ertaineko umeak ordainpeko jardueretara doazelako doako jardueretan baliabide gutxiko familietako umeak soilik egon ez daitezen. Ezaugarri sozial desberdinak dituzten ikasleak elkarrekin denbora pasatzea, jarduerak egitea, lagun egitea, saretzea… hori guztia diskriminazioaren kontrako tresna eraginkorra izan daiteke, eta gizarte kohesioari ekarpen handia egin diezaioke.

Ikasle ugarik ikastetxean baino ez du jasotzen euskara; ez daukate euskaraz ikasteko eta hitz egiteko beste espaziorik. Oso lagungarria da eskolaz kanpoko denboraren parte bat euskaraz pasatzea, jarduerak benetan euskaraz izango direla eta begiraleak, entrenatzaileak, laguntzaileak… euskaraz arituko direla bermatzen baldin bada, hori ez baita beti gertatzen.

Ikastetxeetan, berriz, gero eta beharrezkoagoa da irakasleen rol soziohezitzailea. Irakasleen eta familien arteko komunikazioa eta kolaborazioa ezinbestekoak dira, eta irakasleak, familiari informazioa errazteaz gain, aholkuak, laguntza eta akonpainamendua ere eskain diezazkioke, seme-alabek inguruan dituzten aukerak balia ditzaten.

 


Bibliografia

DRANGE, Nina; SANDSØR, Astrid M. J.: "The effects of a free universal after-school program on child academic outcomes", in Economics of Education Review, 98 (2024) (102504), 1-7. | GARAIO, Beñat: Aisialdia eraldatzeko bidean proposamen batzuk: ariketa, ikerketa eta hizkuntza-lankidetza Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topagunea (2023). | GONZÁLEZ MOTOS, Sheila: Quin impacte tenen les activitats extraescolars sobre els aprenentatges dels infants i joves? Fundació Jaume Bofill (2016). | MENCÍA GONZÁLEZ, Laura & SAMPER SIERRA, Sarai. La cara i la creu de la participació extraescolar: oportunitats i desigualtats educatives Fundació Jaume Bofill (2023).