Haur gehienek aisialdiko ekintzen barruan hautatzen duten jardueretako bat da kirola, lagunekin egon eta ondo pasatzea izaten da kirola aukeratzeko arrazoietako bat. Sarritan, ordea, goi mailako kirolaren ispilu izan nahian, errendimendua eta emaitzak jartzen dira beste balio ororen gainetik, eta haurrek irabaztea soilik izaten dute helburu. Bi aurpegiko txanpona da haur eta gazteen kirola.

Haur eta gazteen kirola entzunda, batzuei larunbat goizetan, haur, guraso eta monitore, guztiek batera mendira egiten dituzten irteerak etorriko zaizkie burura; beste batzuei berriz, gurasoak elkarri irainka eta entrenatzailea haurrei garrasika 
aritzen direneko futbol partidak. Eta izan ere halaxe da. Eredu biak sartzen dira haur eta gazteen kirolean.

Legeak dioenaren arabera, derrigorrezko hezkuntza garaian ikasleek eskolaz kanpoko ordutegian buruturiko kirol jarduera oro hartzen du bere baitan haur eta gazteen kirolak. Beraz, ikastetxeetatik sortu eta bideratzen den eskola kirola programa, gimnasioetan ematen diren saioak, futbol klubek egiten dituzten txapel-
keta lehiakorrak, judoko ikastaroak, gurasoek antolatutako kirol jardunaldiak... hori guztia sartzen da aipatutako definizioaren barnean.

Eskolaz kanpoko kirolaren helburua berriz, ikasle edo partaideen garapen integrala lantzea da, formatzailea eta hezitzailea izatea, alegia. Hala ere, askotan, zaila izaten da goi mailako kirola nagusi den gizartean kirol horrek transmititzen dituen balioetatik aldentzea eta errendimendua eta emaitzak jartzen dira aurretik.

Sarritan, haur eta gazteen kirolaz hitz egiten dugunean kontrajarrita dauden bi ereduz ari gara. Teorian badaude hainbat arau:  kirol aniztasunean oinarrituko da, ez da lehiaketara bakarrik bideratuta egongo, haurraren adin, gaitasun eta ezaugarrietara egokituko da, denen parte hartzea bermatuko da, selekzioak eta aukeraketak saihestuko dira, etab. Hainbat hezitzaile eta entrenatzaile balio horiek lantzen saiatzen dira, batez ere ikastetxeetatik bideratutako Eskola Kirolaren barnean. Ez da ordea gauza bera gertatzen beste hainbatekin, eta egoera are muturrekoagoa da klub eta federazioetan. Maiz, eta batez ere kirol zehatz batzuetan (puntaren puntan futbola dago), neska-mutikoek 10 urte dituztenerako federazioek eta klubek adin horretako kirolaririk onenak hautatu eta beste guztiak bazterrean uzten dituzte. Eredu horretan emaitzek dute garrantzia gorena, irabazteak eta aldamenekoa baino hobea izateak. 
Horixe da errealitatea eta errealitate horren jakitun dira gurasoak, hezi-tzaileak, eta baita instituzioak ere. Kezka eragin dute aisialdiko kirolaren barnean ikusten diren hainbat ereduk eta jokabidek. Kirolean transmititzen diren balioak hezitzaileak dira ala kontrakoa? Guraso eta entrenatzaileek zein jokabide helarazten dizkiete neska-mutikoei? Zein kirol-eredu nahi dugu haur eta gazteentzat? Nolako harremana izan behar dute aisialdiko kirolak eta eskolak? Zein toki izan behar du jolasak eta plazerak? Eta zein norgehiagokak?

EAEn eskolaz kanpoko kirola arautua dago dekretu bidez, eta Eskola Kirola izenarekin ezagutzen da hainbat eremutan. Araudiaren arabera, kirol jarduera horietan parte hartzen duten haurrek kirol bat baino gehiago egin behar dituzte. Era bateko eta besteko kirolak egin eta norbere gustuak ezagutzeaz gain, helburua da beste hainbat alderdi ere lantzea: motrizitatea, pertzepzioa, koordinazioa…, hala, gero 14-16 urtera iristean edozein jardueratara moldatzeko gai izan daitezen. Horrez gain, arauak argi dio helburu bakarra ez dela lehiaketa izango eta haurrek euren nortasuna modu orekatuan garatzeko eta osasuna zaintzeko balio behar duela.  

Oinarri horiei begiratuta, begi-bistakoa da kirolak onura ugari izan di-tzakeela haur eta gazteentzat, onura fisikoak ez ezik, onura psikologiko eta sozialak ere badakartzalako. Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako Gaztedia eta Kirol zuzendaritzako kirol teknikariak dioen moduan, kirolak lagunekin egon eta ondo pasatzeko aukera ematen die haurrei. Plazer bide da eta hala izan behar du, disfrutatzeko aukera emango duen zerbait: “Hasteko eta behin osasunerako ona da kirola egitea, baina eskolaz kanpoko kirolaren alderdi onenetako bat da parte-hartzailea izatea. Ume guztiak bultzatzen dira kirol batean baino gehiagotan parte hartzera. Horrek lehenik eta behin integrazioan lagun-tzen du, bai nesken integrazioan eta baita ezintasunak dituztenen edota bestelako arrazoiengatik baztertzen diren haurren integrazioan ere”. Era berean, talde-lana bultzatzen da, baita elkarrekiko errespetua ere eta haurrek istilu eta gatazkak euren artean konpon ditzaten balio du. Norbere buruarekiko irudia hobe-tzen laguntzen du eta autoestimua igotzen du. Konpromisoa, konstantzia eta diziplina lantzeko ere oso erabilgarria da.

Sarritan, ordea, kontrakoa gertatzen da, eta disfrutatu ordez, haurrak presiopean aritzen dira besteak baino hobeak izateko eta irabazteko helburu bakarrarekin. Hainbat ikastetxetatik eta horren baitan egituratutako Eskola Kiroletik balio hezigarriak bultzatzen saiatzen badira ere, maiz gizartean kontrako balioak gailentzen dira eta askotan horiek eragin handiagoa dute haurrarengan. Ugaldek dioen moduan, hainbat alorretatik lehiakortasun txikiko kirolak bultza-tzen saiatu arren (mendizaletasuna, surfa, skatea, …), konturatzen dira haurrek norgehiagoka altueneko kirolak hautatzen dituztela: “Kirola egiten dute norabait iristeko, edo irabazteko edo izarrak izateko. Ez dute beste helbururik. Gure egitekoa da helburu gehiago izan ditzaten lan egitea”.

Komunikabideetan, kalean, lagunartean eta etxean futbol profesionalaren eredua gailendu da eta horrek sekulako eragina du haurrengan. Mutiko askoren ametsa da futbolari izatea, ahal bezain azkar mailaz igotzen joan eta egunen batean lehen mailako zelaian jokatzea. Noizbehinka bakarrik sortzen dira Messiak, baina haur askok Messi dute eredu eta futbolak inguruan duen guztia. Telebistan ikusten diren partidetako ereduak —epaileari zuzendutako oihuak edota jokalariak elkarri irainka— ispilu izan daitezke lagunarteko partidetan. Lehiakortasunak berarekin dakar norbera baino gaitasun eskasagokoak ez onartzea, aurkako taldekoak etsaiak bailiran bezala ikustea eta onenak izateko norgehiagokan abiatzea.  

Kirolak, ordea, eliteko kirolariak sortzera soilik bideratzen bada, frustrazio handia eragin dezake haurrengan. Elitea ez da errealitatearen ispilu eta gutxi batzuk soilik iristen dira puntako izatera. Beraz, Ugaldek dioen bezala, horrek ezin du izan eredu: “Ia inor ez da iristen goiko postuetara. Gehiengoa pilokoa gara, baina beste arrazoi batzuengatik egiten dugu kirola eta gure haurrei arrazoi horiek transmititzen eta sinestarazten saiatu behar dugu. Onenak izateko soilik egiten badute kirola, horrek frustrazio handia eragingo die, ia inoiz ez baitira desio duten helmugara iritsiko. Gainera, eurak baino txarragoak direnak baztertu egingo dituzte eta hobeak idealizatu. Kontuan izan behar dugu, batez ere mutilen kasuan, kirolean ona izatea oso ezaugarri garrantzi-tsua dela lagunartean onartua izateko. Mutil taldeetako liderrak kirolari onak izan ohi dira beti”.

Eta nesken kasuan, hain garrantzi-tsua al da kirolean ona izatea? Messi al dute haiek ere eredu? Zein da nesken egoera kirolean?

Generoaren gaia ezin da alde batera utzi eskolaz kanpoko kirolaz aritzerakoan. Egiten diren kirolen eredua gizonezkoen mundutik dator, eta beraz, neska asko ez dira kirol horietara atxikitzen. Datuak argiak dira: partaideen % 35 inguru soilik dira emakumezkoak. Ugaldek dioen moduan, pertsona bat segituan konturatzen da non nahi duten eta non ez, eta emakumeentzat, sarri, kirol mundua kontrako eremua izan da: “Ingurura begiratuta argi ikusten da nola baloratzen den mutilena eta nola neskena”, eta futbolaren adibidea jarri du, partidak ikustera joaten den edonork baitaki gurasoak eurak ere askoz gehiago aritzen direla mutilena ikusten neskena baino. Eta gauza bera gertatzen da kirol gehienetan: “Barneratuta daukagu neskena arinagoa dela, denbora-pasakoa”. Hori ere kirol profesionalaren ispilu.

Mutilen kirola neskena baino gehiago baloratzeaz gain, oraindik ere baldintzak ez dira bientzat berberak: entrenatzailerik, espaziorik edota materialik txarrenak neskentzat izaten dira. Horrelako hamaika adibide daudela dio Ugaldek: “Txikitatik mastekatzen duzu egiten duzun horrek ez duela mutilenaren balio berbera”. Beraz, sekulako lana dago egiteko nesken kirol-jarduera errekonozitzen. Gutxienez mutilen pareko entrenatzailea jartzeko exijitu behar dela dio, edo ikastetxeko webgune batera joatean goiko argazkietan mutilak kirola egiten ageri diren lekuan neskak ere ikusi behar direla. “Gauza txikiak dira, baina zaindu egin behar dira, guztiok behar dugu eta errekonozimendu soziala. Horrek gero kiroletan neska gehiago apuntatzea ekarriko du”.

Arazo horiei gizartean txertatuta dauden hainbat estereotipo eta printzipio kultural erantsi behar zaiz-
kie. Sarritan pentsatzen da, kirolari loturiko zenbait balio, hala nola, lehiakortasuna eta oldarkortasuna, ez datozela bat neskek eduki beharreko ezaugarriekin. Beraz, gerta daiteke hainbat gurasok ez hain gaizki ikustea euren alabek kirola egiteari uztea eta horren ordez, beste era bateko jarduerak egitea: lasaiagoak eta “hezigarriagoak”.

Aipatu bezala, beraz, kirola gaitasun hezitzaile potentzial handia duen jarduera izan arren, edozein modutara burututa ez da ziurtatzen hezitzailea izango denik eta baditu hainbat arrisku. Horixe dio Luis Mari Zulaika EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien Fakultateko irakasleak 2006an ‘Ikastaria’ aldizkarian argitaratutako “Kirol Hezitzailea: balizko onurak eta errealitateko arriskuak” artikuluan.

Gehiegizko lehiakortasuna izan liteke kirolaren arriskuetako bat. Kirolaren berezko ezaugarria da norgehiagoka. Neurrian osasungarria dena, muturrera eramanez gero kaltegarria izan liteke. Emaitzari gehiegizko garrantzia ematen bazaio eta poz iturri bakartzat hartzen bada, desiratutako helburua lortu ezean, frustrazioa, dezepzioa, atsekabea eta porrot sentsazioa eragin ditzake haurrarengan. Sentimendu negatibo horiek nortasunaren beste eremuetara ere zabaldu egiten dira askotan.

Haurren kirol-jardueretan partaideek izaten dituzten helburuak ere kontu handiz zaindu behar izaten dira. Askotan helmuga oso altuak jartzen dira: garaipena, titular izatea, sailkapeneko lehen postua, selekziorako txartela... baina helburu horiek lortu ezean dezepzioa sentitzen dute haurrek, horrexegatik, Zulaikaren esanetan, komenigarria litzateke norbere esku dauden helburuak finkatzen ikastea: “Goi mailako izarren bertute, ondorio positibo eta alderdi on guztiak saltzen dizkigute etengabe; baina ezkutatu egiten digute egoera horren atzealdea”.

Horrez gain, kirol txapelketetan bizi den giroan, maiz, gehiegizko presioa egon ohi da. Presio handiegia egiten diete sarri haurrek euren buruei, ez dute hanka sartu nahi izaten eta ez diete euren buruei akatsik onartzen. Baina taldekideen artean ere presioa egoten da, batak bestea presiona-tzen du bere lana ondo egin dezan. Eta entrenatzaileak eta gurasoek ere presioa egiten diote haurrari askotan, akatsen bat egin badu oihu ateraz edo demanda eginez. Haurrek 9-10 urte dituztenerako hasten da presio hori, orduan hasten baitira sailkapenak, eta kasu askotan egonezina eragiten die umeei. Egoera horren adierazleen artean estresa, ziurgabetasuna eta zalantza, egonezin psikikoa, eta herstura aipatzen ditu Zulaikak. Era berean, gogoratzen du, kirolak gizartean duen garrantzia tarteko, sarritan lehiaketak ebaluazio sozial zorrotza eragiten duela eta horrek autokontzeptuaren garapenean eragin kaltegarria izan dezakeela. Balorazio hori gainera, haurrak kirol trebetasunei garrantzia handia eskaintzen dien unean gertatzen da.

Askotan haurrak aukeratzeko prozesuetan erabilitako irizpideak ere zorrotzegiak izaten dira, eta hautaketa errendimenduko irizpideetan soilik oinarritzen denean heziketa giroa kaltetu egiten da. Izan ere, lehiaketara zuzendutako entrenamenduan gaitasun eskaseko haurrak lehenago baztertzen dira, horrek haurrari eragin diezaioken sufrimenduarekin. Garaizegi kirol batean espezializatzea ere arriskutsua izan liteke, Zulaikak dioen moduan, haurrak kirol edo postu zehatz bakarrean aritzeak pertsonaren aberastasun motorea mugatzen baitu eta baita etorkizunean kirol bat baino gehiago gara-tzeko aukera ere.

Bi aurpegiko txanpona da beraz, haur eta gazteen kirola. Alderdi on asko ditu, baita hutsuneak ere. Baina nola hobetu aisialdiko kirola haurrentzat jarduera hezitzailea eta atsegina izan dadin? 

Adituen ustez, hobetu beharreko alderdi bat kirol begiraleen prestakuntza da. Bestalde, instituzioek, eta horien barnean udalek, paper oso garrantzitsua jokatzen dute. Sarritan klub eta kirol talde askok diru-laguntza publikoak jasotzen dituzte eta herriko instalakuntzak erabiltzen dituzte. Beraz, eskolaz kanpoko kirolean zehaztuta dauden arauak errespetatu beharko lituzkete.
Baina guztia ezin da instituzioen esku utzi, gurasoek ere badute zeresana eta izan dezakete zertan eragina ere. Bestelako kirol-eredu batzuk eraiki nahi badira, garrantzi-tsua litzateke kirolean dena ez dela galdu edo irabazi transmititzea; ondo pasatzeko, lagunekin egoteko eta norbere buruarekin hobeto senti-tzeko modua dela; eta emaitzak albo batera utzita garrantzia aitortzea kiroltasunari, errespetuari edota aurrera egiteko gogoari. Aisialdiko kirola hezitzailea izango bada, garrantzia du, jokabide oldarkorrak saihestuta, helduak errespetuzko bizikidetzaren eredu izateak.