Lau urtean hazkunde handia izan du Eskoletako Urmaelen Sareak, eta orain egonkortzen ari da. Ikastetxeetako esperientziek argi erakutsi dute, hezeguneak curriculumeko edukiak eta konpetentziak lantzeko laborategi izatez gain tokian tokiko fauna eta flora ezagutzeko bitarteko apartak direla Haur Hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko ikasleentzat.
Aurten beteko dira hamar urte Aranzadi Zientzia Elkarteak, Ereñotzuko Txirrita eskolako haurrekin, irakasleekin, gurasoekin eta auzotarrekin elkarlanean, Zepadiko urmaela sortu zuenetik. Alemaniatik ekarri zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak eskoletan urmaelak sortzeko ideia, Tubingen herriko eskola batean umeak naturara gerturatzeko urmael batera joaten zirela ikusi zutenean. Euskal Herrian antzeko esperientzia bat egitea pentsatu zuten, eta auzolanean gauzatu ahal izan zuten ideia Hernanin. Berehala hasi ziren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak ikerketan: anfibioen metamorfosia landu zuten, eta arrautzak jartzeko unetik, anfibioak zapaburu bihurtu eta heldu bilakatu arteko eraldaketa anatomiko guztia aztertu zuten. Ondoren, Zepadiko putzuan ugaltzen den baso-igel gorriaren metamorfosiaren aurkezpenak egin zituzten jendaurrean. Asko izan ziren era horretan landu zituzten arloak: natura, gizartea, matematika, euskara, arte hezkuntza, musika…
Ereñotzutik, tantaka-tantaka, urmael didaktiko gehiago eraikitzen joan dira Euskal Herriko ikastetxeetan, Aranzadiren laguntzarekin. 2019an, Eskoletako Urmaelen Sarea josi zuten eskola inguruan urmael edo putzu bat duten eta eremu horri erabilera didaktikoa ematen dioten ikastetxeek. Lau urteren ondoren, sarea egonkorturik eta indarturik ikusten dute Iñaki Sanz Azkue Ingurugelako kideak eta Ane Fernandez Arrieta Aranzadiko Herpetologia Saileko kideak. Bien artean koordinatzen dute sarea. “Proiektua ahoz ahokoari esker joan da ezaguna egiten; gero eta ikastetxe gehiagok aukera berri gisa ikusten dute urmaela, kanpo espazioa lantzeko eta, batez ere, zientzia alorrak oso modu motibagarrian lantzeko”, adierazi du Fernandez Arrietak. EgunEgun 33 ikastetxek —Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarrokoak—, osatzen dute sarea. Ziklo guztietako ikastetxeak daude sartuta, eskola txikiak zein handiak, landa eremukoak nahiz eremu urbanokoak, eta baita Donostiako, Leioako eta Gasteizko campusak ere.
Hasieran putzu bat ikusten dute irakasle askok. Urmaela oso ekosistema aberatsa da, ura eta lurra ditugu eta horrek oso berezi egiten du eremu hori
Ane Fernandez Arrieta Aranzadiko kidea eta Urmaelen sareko arduraduna
Urte hauetan, sarearen egiteko nagusia izan da baliabideak eskaintzea eta ikastetxeen arteko esperientzien trukea sustatzea, sareko ikastetxe bakoitzak besteen proiektuen berri izan dezan. Fernandez Arrietak irakasleentzako eta familientzako prestakuntza saioak eskaintzen ditu, urmaela zer den ezagut dezaten eta pedagogikoki eta didaktikoki nola balia daitekeen azaltzeko. “Hasiera batean, normala den bezala, putzu bat ikusten dute irakasle askok. Urmaela oso ekosistema aberatsa da; ura eta lurra ditu, eta horrek oso berezi egiten du eremu hori, uraren eta lurraren eremu horretan oso espezie bereziak baitaude. Azken urteetan, gizakiaren esku hartzeagatik eta klima aldaketaren ondorioz, gainbehera handia bizi izan duen ekosistema da, oso zaurgarria, baina, era berean, oso aberatsa. Gero eta ikastetxe gehiago ari dira ikusten aberastasun hori”, azaldu du Fernandez Arrietak. “Ohituagoak gaude bestelako ekosistema batzuen garrantzia ikustera, baso, baratza edo erreka batena —gehitu du Sanz Azkuek—, baina eskolako ingurunean ahalik eta aukera gehien izanda (baso txiki bat, hesi txiki bat, urmaela eta baratzea, esate baterako), kanpo espazio hori aberatsagoa izango da didaktikoki”.
Sarean dauden ikastetxeen artean, corpus interesgarria ondu dute dagoeneko, eta esperientziek argi erakutsi dute hezeguneak curriculumeko edukiak eta konpetentziak lantzeko laborategi natural apartak direla, batetik, eta, bestetik, baliagarriak direla gure fauna eta flora ezagutzeko eta, beraz, naturarekin sentsibilizatzeko. “Ikastetxeei feedbacka eskatzen diegu, egiten dituzten jarduerak gurekin parteka ditzaten eta beste ikastetxe batzuentzat inspirazio iturri izan daitezen, guri bururatuko ez litzaizkigukeen jarduerak egiten baitituzte”. Gasteizko ikastetxe hiritar bateko adibidea eman du Sanz Azkuek: “Putzua egin, eta, hasiera batean, ez zekiten zer egin urmaelean Haur Hezkuntzako ikasleekin. Eta pentsatu zuten egunero-egunero haurrekin tenperatura neurtzea. Horrela, uretako tenperatura eta kanpoko tenperatura hartzen dituzte, eta korridorean paper handi bat jarri, eta kanpoko zein barruko tenperaturak idazten dituzte, eta datu horiekin grafiko bat osatu dute”. Baina ikerketa ez da hor amaitzen; Fernandez Arrietak honako hau erantsi du: “Datu bilketa hori burruntzien metamorfosiari buruzko ikerketa batekin gurutzatu zuten: burruntziaren metamorfosia zer tenperaturatan gertatzen den aztertu zuten, eta bi informazioak gurutzatu zituzten. Azkenik, aztertu zuten zein urtarotan iristen den ura metamorfosia gertatzeko tenperaturara, eta horren ondoren, burruntzien jarraipena egin zuten… Metodo zientifikoa erabiliz baina oso modu sinplean lantzen dute; datuak nola hartu eta grafikoak nola erabili ikasi dute, eta esperientzia hori ezagutzea oso baliagarria zaie beste ikastetxe batzuei”.
Ingurumean ahalik eta aukera gehien izan (baso bat, hesi bat, urmaela eta baratza), kanpo espazio hori aberatsagoa izango da didaktikoki
Iñaki Sanz Azkue Ingurugelako aholkularia eta Urmaelen Sareko arduraduna
Ikastetxeen arteko ezagutza sustatzeaz gain, urmaelen sareak unibertsitateen eta ikastetxeen arteko zubiak ere eraiki ditu, Aranzadik eta Ingurugelak sustatuta. Alde batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako Irakasle Eskoletan, zientziaren eta matematikaren didaktikarako erabiltzen ari dira urmaelak, eta sekuentzia didaktiko oso bat garatu dute urmaelei buruz, Sanz Azkuek adierazi duenez, “Unibertsitateko ikasleek ekosistemaren eta gizakiaren arteko erlazioa aztertu ahal izan dute, eta baita urmaelean dauden espezieen ezagutza ere (biodibertsitatea, ekosistema eta sare trofikoa). Urmaela erabili dute ekosistema baten eredu gisa, eta modu praktikoan, behaketen bidez, hango espezieak identifikatu dituzte ikasleek. Lanketa handia egin dute, eta, gainera, hainbat esperimentu gehitu dituzte; esate baterako, kanpoko espezie bat ekarri dute, eta landare horrek urmaeleko ekosistemari zer-nolako kalteak eragiten dizkion aztertu dute”. Horrez gain, euren ikerketak egin ahal izateko, sare bat osatu dute hamar ikastetxerekin, unibertsitateek ikerketa lerro baten barruan hainbat jarduera egin ditzaten. Halaber, Bigarren Hezkuntzako Irakaskuntzako master amaierako hainbat lan egin dituzte dagoeneko, Gipuzkoako hainbat ikastetxerekin elkarlanean.
Erronka berria: 'Urmaeltxo'
Eskoletako Urmaelen Sarea egonkortzen doan neurrian, Aranzadiren egitekoa izango da, aurrerantzean, ikastetxeei laborategi natural horiek ahalik eta gehien eta ondoen erabiltzeko baliabide gehiago eskaintzea. Ikasturte honetan, Urmaeltxo proiektua jarri du abian Aranzadik, Ingurugelarekin eta Neikerrekin elkarlanean, eta Aitor Cevidanesek prestatuta. “HHtik DBHra, sareko ikastetxe guztiei metodo zientifikoa aplikatuz egin daitekeen erronka bat aurkeztu diegu, eltxoak ardatz hartuta. Zer egin daiteke eltxoekin? Aitorrek laginketa zientifiko bat egitea proposatzen du, putzuetan dauden eltxoen larbak lagintzeko. Hala, laginketa nola egin jakiteko, protokolo zehatz bat eman zaie ikastetxeei”. Sanz Azkuek adierazi duenez, oso erraza da larbak eskolara eramatea eta eltxoen larben metamorfosia ikustea. “Behin eltxoa ateratzen denean, lagin hori Neikerrera bidaltzea proposatuko diegu, eta Neikerrek erantzungo die zer espezie den, eta, era horretan, Euskal Herriko eltxoen mapa osatuko dugu”. Urmaelak modu didaktikoan baliatuz, metodo zientifikoa lantzea eta eltxoak ezagutaraztea da erronka honen helburu bikoitza.
Urmaelen % 70 desagertu dira dagoeneko
Europan urmaelen % 70 desagertu dira, Iñaki Mezquita irakasle eta Aranzadiko entomologoaren datuen arabera. Urmaelak, putzuak, zingirak eta antzeko hezegune asko lehortu eta suntsitu dira XX. mendean zehar, zelaiak, baratzeak edo soroak zabaltzeko, edota, azken hamarkadetan batez ere, herrien eta hirien handitzea ahalbidetzeko eta ndustria- eta merkataritza-guneak eraikitzeko.
Urmaelak desagertuz gero, agur fauna eta flora bereziari: Urmaelak fauna eta flora aniztasun handiko eremuak dira. Esate baterako, anfibioak aurkitu ditzakegu urmaeletan, eta anfibioena da mundu mailan mehatxatuena dagoen ornodun taldea. Hegaztiak, ugaztunak eta narrastiak ere gerturatzen dira, bai janagatik, bai uragatik. Gizakiaren begietara ikusezinak diren arren —mikroskopioarekin ikusgarriak dira—, mikroorganismo urtarrak bizi dira urmaeletan, ur masa behar baitute bizitzeko. Intsektu eta ornogabe asko bizi dira, baita ere, urmaelean, eta baita odonatuak edo burruntziak ere, arrautzak uretan jarri eta euren bizitzaren fase bat uretan igarotzen dutenak. Florari dagokionez ere, aberatsak dira urmaelak, urmaelen inguruan sortzen diren landareak bereziak baitira, lur hezeen edo bustien beharra dutenez.
Urmaelak desagertuz gero, kate trofikoa puskaktu egiten da. Kate trofikoa, elikakatea edo elikadura katea elikadura sare batean diren loturen sekuentzia lineala da, sareko beste espezierik jaten ez duen espezie batetik hasi eta sareko beste inor jaten ez duen espezieraino iristen dena. Espezie horietako bakoitza bere aurreko organismoez elikatzen da, eta, era berean, hurrengoaren elikagaia da. Urmaela desagertzean, kate trofikoa eten egiten da. Urmael batean, kate trofiko osoa dago jasota: predatzaileak, harrapariak, hegaztiak, anfibioak, burruntziak, intsektuak... Gainera, ura dagoen tokia ona da beste animalientzat ere, bai ura hartzeko eta baita ehizatzeko ere. Beraz, putzu horiek desagertzean, populazio batzuk bakartu egiten dira, eta aukera gutxiago daukate aurrera egiteko.
Zergatik dute fama txarra urmaeleko intsektuek? Urmaeletan bizi diren intsektu eta animalia txikiek ospe txarra izatea kultura kontua da. Euskal Herrian, Erdi Aroan, arratoiak, beleak, hontzak, saguzarrak eta burruntziak deabruaren lagunak ziren, Mezquitak dioenaren arabera. Begi handiak dituzte, eta jakin-mina dute. Kontatzen zutenez, jendeak egiten zituenei beha egoten ziren egunez, gauean deabruari kontatzeko. Hartara, pertsona guztien ahuleziak ondo ezagutzen zituen deabruak, zuzenean haiengana jotzeko. Ospe txar horrek mendez mende segitu du, gaur egunera arte.
Abiatzeko, proposamen errazak
Urmaelak erlazio zuzena du hainbat gairekin; esaterako, hezeguneak bitarteko zuzenak dira ura eta uraren zikloa, ekosistemak, fauna eta flora eta antzeko gaiak lantzeko; baina, gai horietatik harago, urmaelak aproposak dira eskolako beste hainbat alor lantzeko ere, laborategi naturalak diren heinean. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta unibertsitate mailako proiektuak garatu dira dagoeneko.
Aranzadi Zientzia Elkarteak egina dauka liburuxka bat urmaelei loturiko 25 jarduera didaktikorekin, eta sareko ikastetxeen esku dago. Natura, matematika, euskara, ingelesa, toponimia, idazmena, irakurmena, behaketa eta antzeko edukiak lantzeko aukera ematen du. Hortik harago, tokian-tokian, ikastetxeak euren proiektuak sortzen joan dira, beharraren arabera. Honako hauek dira abiatzeko proposamen erraz batzuk:
Urmaelaren txokoa: Berrizko Umerri Eskola Aktiboan, adibidez, urmaelaren txokoa eratu zuten, eta ornogabeei buruzko hainbat liburu dituzte han; leku hori baliatzen dute urmaelaren inguruan egiten diren ekintzen berri emateko.
Egutegia: Gasteizko Errekabarri eskolan, astero, argazki bat ateratzen zioten urmaelari leku beretik, urtaroz urtaro urmaela nola aldatzen den ikusteko datuak bilduz. Ondoren, egutegi bat egin zuten argazki horiekin.
Laginketak: ikastetxe gehienek egiten dituzte laginketak; horretarako, gida eta protokolo zehatz bat proposatzen dizkie Aranzadik, higienea zaintzea oso garrantzitsua baita gizakiok anfibioei gaixotasunik ez transmititzeko
Harrizko menditxoak: urmaelaren inguruan, harrizko menditxoak egin zituzten ikasleek, anfibioen eta narrastien gordeleku gisa. Anfibio helduak askotan harri azpietan edo enbor azpietan gordetzen baitira ugaltze garaian, uretan egon beharrean. Aranzadik proposatzen du harriak pilatzea putzuaren inguruan, edo enborrak jartzea inguruetan, anfibioek babeslekua izan dezaten. Aurrez landu daiteke hori ikasleekin, mendixkak non jarriko dituzten erabakita.
Mindfullnesa egiteko eremua: normalean urmaelaren eremua esparru lasaia dela kontuan hartuta, leku aproposa izan daiteke erlaxaziorako, eta bada mindfulnessa egiteko espazio gisa erabiltzen duen ikastetxerik, eremu orekatua delako eta naturarekin harremanetan jartzen gaituelako.