IRANTZU IDOATE FUNOSA BAIONAKO BERNAT ETXEPARE LIZEOKO TERMINALEKO IKASLEA
Frantziar Konstituzioko hizkuntza frantsesa da. Hori da baxoko azterketatik gordeko dugun ikasgai nagusia. Hizkuntza frantsesa da, gainerakoa ilegala. Seaskan ikasteko aukera dugunok gure bizitzako lehen urteetatik euskaraz ikasten dugu, ikastolan hasi, kolegioan segitu eta lizeoko azken urteraino. Ikastola euskaraz bizi, harremandu, hazi, hezi eta partekatzeko eremua da eta ez da Frantziar estatuak inposaturiko programetara mugatzen. Ikasi dugu ipuin bat euskaraz idazten, ikasi dugu dokumentu azterketa bat euskaraz egiten, ikasi dugu desmartxa zientifi ko bat euskaraz azaltzen, ikasi dugu fi losofi ako disertazio bat euskaraz garatzen. Alta, 14 urte euskaraz ikasten pasa ondoren, kolegio bukaeran pasatzen den Brebeta edo gure ikas prozesu bukaerako azterketa den Baxoa ezin ditugu euskaraz pasa. Urte osoan zehar euskaraz landutako ikasgaiak azterketa egunean frantsesez idatzi behar izaten ditugu. Hala ere, urte luzeetako borroka dela eta, gai batzuk euskaraz pasatzea onartua izan zaigu, hala nola, Historia, Geografi a edota Matematikak. Baina, gainerako azterketen arazoak oraindik hor darrai. Etengabeko zapalkuntza horien aurrean, Etxepareko ikasleok borrokan dihardugu, urteetan zehar egindako ekintzek pixkanaka bidea egiten baitiote euskarari. Azterketak gure hizkuntzan pasa nahi ditugulako, Ipar Euskal Herriko ikasleek euskaraz ikasteko aukera zabala izan dezaten nahi dugulako, goi-mailako ikasketak euskaraz segitzeko aukera segurtatu nahi dugulako, gure biziko maila guztietan euskaraz bizitzeko aukera izan nahi dugulako aldarrikatu, aldarrikatzen eta aldarrikatuko dugu gure beharra asea izan arte. Bide honetan denen beharra dugu, ez delako borroka isolatua eta denak ukitzen gaituelako. Euskararen biziraupenerako ezinbestekoa delako denon borroka izan behar du. Bada garaia horren irekia eta baloreduna omen den Estatuak bere ardurak har ditzan, nork bere hizkuntzan ikastea eskubide bat delako. Euskaraz ikasi eta bizitzeko aukera izan behar dugu eskubide bat delako. Eskubidea besterik ez.