Bi ikasturteko ibilbidea egin du Hik Hasiren Aholkularitza Zerbitzuak hainbat ikastetxeri laguntzen.

 

Bi ikasturteko ibilbidea egin du Hik Hasiren Aholkularitza Zerbitzuak hainbat ikastetxeri laguntzen. Behar duenari edo nahi duenari eskua luzatu eta elkarrekin hobekuntza prozesu bat egitea da aholkularitzaren helburua. Ikastetxe bakoitzaren beharrak, erronkak eta xedeak desberdinak dira, eta beraz, bakoitzak bere bidea egiten du. Haatik, bidezidorretan galdu gabe ibiltzeko, Hik Hasik marko eta metodologia jakin bat eskaintzen ditu, helduleku segurua eduki dezaten prozesuan zehar eta etorkizunean.

 

Hik Hasiren Aholkularitza Zerbitzua Euskal Herriko ikastetxeentzat pentsatutako eta sortutako zerbitzua da; hemen sortua, hemengoentzat eta hemengoen ezaugarriak kontuan hartu dituena. Euskal Herriko eskola asko eraldaketa prozesuetan murgilduta dira: izan mugimendu autonomoan, izan konfiantzaren pedagogian, izan eremuka lan egiten, izan diziplinarteko proiektuekin, izan konpetentzien lanketan… Batzuk hastapenetan dabiltza, beste batzuk hasteke eta beste batzuk jada ibilbide bat eginda. Hori guztia kontuan hartuta diseinatu eta prestatu du Hik Hasik Aholkularitza Zerbitzua, prozesu horietan agertzen diren zailtasunei aurre egiten laguntzeko edo sortzen diren korapiloak askatzen laguntzeko.

Aldamenean jarri eta elkarrekin prozesu bat egitea da Aholkularitzaren bokazioa, irakasleak protagonista izanik, urratsak elkarrekin eginez eta partekatuz. Modus operandi bat dakar, balio erantsia duen egiteko modu jakin bat, eta hori da Hik Hasik eskaintzen duena: “Gure bokazioa ikastetxeei laguntzea da, eta laguntza hori marko baten arabera ematen dugu: printzipio pedagogiko batzuk kontuan hartuta, haurraren garapena eta beharrak aintzat hartuta, irakasleen parte-hartzea bermatuta eta lanketa egiteko espazio bat sortuta”, dio Mikel Agirrezabala Hik Hasi Aholkularitza Zerbitzuko arduradunak.

 

Hasierako kokapena

Behin ikastetxe batek Hik Hasiko atea jotzen duenean, lehen zeregina ikastetxe bakoitzaren diagnosia egitea izaten da: zein da egoera? Zergatik du ikastetxeak aholkularitzaren beharra? Non dago kezka? Zer lortu nahi da?

Galdera horiei erantzuteko talde eragile bat sortzen da, prozesurako interesgarriak izan daitezkeen pertsonekin, diagnostikoa ahalik ere errealena izan dadin. Horregatik, zuzendaritzako kideez gain, irakasleak, ikasketa buruak, arduradun pedagogikoak edo berrikuntza arduradunak, koordinatzaileak, etapako arduradunak… egon daitezke, geletan ikasleekin daudenak, alegia. “Taldea eratzea garrantzitsua da irakasleek momentu horretan daukaten egoera azaltzeko, partekatzeko eta bateratzeko. Jada martxan dutena edo sortu nahi dutena zer den jartzen da mahai gainean. Denen artean hausnartu ondoren, modu bateratuan erabakitzen da helburua, eta hori lantzeko egiten da ondorengo aholkularitza prozesua. Talde eragileko kideek erabakitzen dute helburua zein izango den eta horrek prozesuari bermea ematen dio”, azaldu du Agirrezabalak.


Aldamenean jarri eta elkarrekin prozesu bat egitea da Aholkularitzaren bokazioa. Modus operandi bat dakar,  balio erantsia duen egiteko modu jakin bat

Mikel Agirrezabala, Hik Hasi Aholkularitza Zerbitzuko arduraduna


 
Saioz saio, urratsez urrats

Behin diagnostikoa osatuta eta aurrera begirako erronkak eta helburuak zehaztuta, Hik Hasik ikastetxearen beharrei eta helburuei erantzungo dien aholkularitza plana osatzen du. Normalean ikasturte bateko prozesua izan ohi da hobekuntza planean zehaztutako helburura iristeko, eta lehen aipatu moduan, ibilbide horretan Hik Hasiren lan metodologian zutabe diren alderdiak lantzen dira.

Aholkularitza prozesuan talde eragilea eta Hik Hasiko aholkularia eskuz esku aritzen dira, egingo diren saioen aurretik eta ondoren elkartuz, unean uneko egoerak eskatzen duena aztertzeko. Oro har, hiru saio mota eramaten dira aurrera prozesuan zehar: Hik Hasik eskaintzen dituen saioak, barne-saioak eta ikasleekin egin beharreko praktikak.

Hik Hasiren saioetan haurraren garapen faseak lantzen dira eta ikastetxeko egitura pedagogikoaren ezaugarriak zehazten eta bateratzen dira; baita egitura pedagogikoen helburuen araberako jardueren ezaugarriak ere. Era berean, egitura pedagogikoan egin beharreko esku-hartze motak eta bidelaguntza motak zehazten dira. Eta prozesua garatu ahala, etengabeko hobekuntzarako lan tresnak sortzen dira. Hori guztia aurrera eramateko Hik Hasiren saioetan formazioa, elkarrizketa, dinamikak, adibideak… txertatzen dira.

“Barne-saioei dagokienez, talde eragileak dinamizatzen ditu eta helburua da gu ez gaudenerako ikastea eta etorkizunean aholkularitzarik gabe jardutea”, dio Agirrezabalak. “Praktiken kasuan, berriz, ikasleekin praktikan jartzen dute lantzen ari garen guztia eta hori oso garrantzitsua da, hor ikusten baita zerk funtzionatzen duen, zer komeni den aldatzea, norbera zer moduz moldatzen den eta abar”, gaineratu du Aholkularitza Zerbitzuaren arduradunak.

Aholkularitza prozesu osoan zehar lan egiteko modu jakin bat erabiltzen da, dinamika bat: ikuspegiak partekatu, bateratu, formatu, praktikara eraman, behatu, taldean aztertu, hobekuntza erabakiak hartu eta dokumentatu egiten dira. Eta, nola ez, ebaluazioa presente dago, Agirrezabalak azpimarratu duenez: “Egiten dena ebaluatzeko tresnak sortzen ditugu; ondo ari garen edo ez jakiteko, egiten ditugun esku-hartzeak eta bidelaguntzak egokiak diren edo ez jakiteko, sortzen diren jarduerak edo proiektuak balekoak diren edo ez jakiteko… Atzeraelikadura eta aurreraelikadura funtsezkoak dira. Hori guztia partekatuz, erabaki berriak hartzen dira, transformatuz, egokituz eta hobetuz, jarritako helburura iristeko”.

Prozesuaren amaieran txosten bat osatzen da, txosten bizia eta erabilgarria. Ikastetxearentzat lan tresna bihurtzen da, non bertan jasota geratzen diren landutako gaiak teorikoki, ikastetxean hartutako erabakiak eta horri jarraipena egiteko plana eta tresnak. “Txostena bizia denez, interesgarria da osatzen joatea. Hau da, txosteneko atal bakoitza gehiago lantzea, sakontzea eta denen artean hurrengo erabakiak hartzea. Taldean egiten den lana da: batzuek haurraren ezaugarriak gehiago zehaztu ditzakete, beste batzuek metodologiaren zehaztapenean urrats gehiago egin, beste batzuek jardueren ezaugarriak xehetu, beste batzuek esku hartzeak gehiago definitu, beste batzuek bidelaguntza motak erabaki eta beste batzuek etengabeko hobekuntzarako tresnak antolatu. Azkenik, talde eragileak hurrengo urterako lan plana zehaztu dezake, aipatutako taldeek egindako ekarpenak kontuan hartuz”, azaldu du Agirrezabalak.

 


Denbora eta espazioa ongi antolatu behar dira, horrek bermatzen baitu elkarrekin partekatzea, hausnartzea eta erabakiak hartzea

Mikel Agirrezabala, Hik Hasi Aholkularitza Zerbitzuko arduraduna


 

Prozesuarentzako espazioa eta denbora, bermatuta

Prozesua aurrera eramateko kronograma bat finkatzen da, “eta hori baino garrantzitsuagoa dena: denbora eta espazioa eskaintzen zaio prozesuari, eskola-orduetan eta behar duten parte-hartzaile guztiei”, azpimarratu du Agirrezabalak. “Denbora eta espazioa ongi antolatu behar dira, horrek bermatzen baitu elkarrekin partekatzea, hausnartzea eta erabakiak hartzea”, gaineratu du.

Prozesu bakoitza desberdina da, jakina, baina hobekuntza pedagogikoaz ari garelarik, beti presente daude ikasleen ezaugarriak eta beharrak, metodologia eta metodologiaren barruan dauden jarduerak, esku-hartzeak eta bidelaguntza. “Guk garrantzi handia ematen diogu alderdiok lantzeari, hau da, zer motatako jarduerak, esku-hartzeak eta bidelaguntzak egin behar diren helburuekin koherenteak izan daitezen. Denen artean hitz egin eta erabaki egiten dugu. Eta ondoren, tresnak sortzen ditugu ebaluatu ahal izateko”, azaldu du Aholkularitzaren arduradunak. “Metodologia, jarduerak, esku-hartzeak eta bidelaguntzak ebaluatzeko tresnak sortzen baldin baditugu, etengabeko hobekuntza murgiltzen gara. Hau da Hik Hasiren balio erantsietako bat”, gaineratu du.

Laburbilduz, Hik Hasik arrakalarik ez sortzeko prozesuak egiten ditu —edo arrakalak baldin badaude, horiek desagerrarazteko—. Lanketa koherenteak dira hausnarketa irakasleek eurek egiten dutelako, erabakiak haiek hartzen dituztelako. Azken batean, irakasleak prozesuan formatu egiten dira, mahai gainean dutena partekatu egiten dute eta erabakiak hartzen dituzte. Erabakitakoa praktikara eramaten dute eta hura ebaluatzeko tresnak dituzte. Agirrezabalaren hitzetan: “Eraldaketa prozesu batean ez daude bi urrats soilik, ez da erabakitzea eta praktikara eramatea. Tartean beste pauso batzuk daude eta horiek lantzen ditu Hik Hasik ikastetxeetan”.

 

 
Lekukotzak eta bizipenak

Hik Hasi Aholkularitza Zerbitzura jo duten ikastetxeek arrazoi desberdinak tarteko egin dute, baina denek adierazi dute hobetzeko grina eta taldean lana hobeto egiteko nahia. Irmotasunez ekin diote eta egindako ibilbidean aurrerapausoak eman dituzte, helburuak erdietsiz.

Hernaniko Aratz ikastolan antolaketan eta funtzionamenduan hainbat korapilo zituzten eta horiek askatzen ari dira. Iñigo Bergara lehendakariak dioen moduan, “berrikuntzak aurrera eramateko gure antolaketa fintzeko beharra genuen. Hik Hasiren aholkularitza baliatuta, etapa bakoitzean hobekuntza helburuak adostu eta zehaztu ditugu; ondoren, hori guztia aurrera eraman dezagun antolatu gara; eta guztion funtzioak eta lan-dinamikak argitu eta erabaki ditugu”.

Donostiako Altza BHIn eremuka lan egiten hasiak ziren DBH1eko taldeekin, baina Maialen Ezkerra Berrikuntza arduradunak aitortzen duenez, “kanpoko aholkularitza baten beharra genuen egiten genuena sakontzeko. Hik Hasirekin egin dugun prozesuan metodologia eta antolaketa zehaztu ditugu; diziplinarteko proiektuetan jakintzagaiak nola integratu erabaki dugu; eta konpetentziak nola landu definitu dugu”.

Berangoko Berango-Merana eskolan zuzendaritzak Lehen Hezkuntzan ekosistemetan murgiltzeko erabakia hartu ondotik, irakasleak hor murgildu dira, batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago. Erritmo desberdinak sortu dira ikastetxean, eta baita metodologia desberdinak ere. Hori bateratzen ari dira Hik Hasiren aholkularitzaren laguntzaz. “Gauza desberdinak eta erritmo desberdinak dauzkagu, eta hori guztia bateratzen ari gara. 'Ekosistemak zergatik?' galderari erantzun diogu, batzuek oraindik ez zutelako ulertzen zer diren ekosistemak”, dio Irantzu Duce zuzendariak. “Eta lanketa horretan, Hik Hasiren saioetan funtsezko hainbat alderdi landu ditugu: haurraren garapena eta beharrak ezagutu ditugu eta gizakiak ikaskuntza prozesua nola egiten duen. Hori jakitea garrantzitsua da gure ekosistemak antolatzeko”, jarraitu du.

Urduña herri eskolako Lehen Hezkuntzan sentitu-pentsatu-ekin antolaketa daukate. Sentitu momentuan saio gidatuak egiten dituzte ikasleekin, hau da, jakintzak edo edukiak lantzen dituzte. Pentsatu unean mugimendu autonomoan aritzen dira ikasleak jarduera autogidatuak eginez, eta hor egin dute lanketa Hik Hasirekin. “Pentsatu antolatuta eduki arren, mugimendu autonomoa bateratu eta sistematizatu nahi genuen. Hik Hasiren Aholkularitzarekin denon artean erabakita utzi ditugu mugimendu autonomoaren ezaugarriak, erabiltzen ditugun jarduerek eduki behar duten diseinua, eta nola esku hartuko dugun eta nola bidelagunduko diegun ikasleei”, azaldu du Eunate Arbizu Urduña herri eskolako zuzendariak.

 

 

Zaldibiako Lardizabal herri eskolan Lehen Hezkuntzan ekosistemen bidez lan egitea erabaki zuen zuzendaritzak. Horrek gelak beste era batera antolatzea eta beste modu batera lan egitea ekarri zuen. Aldaketa horretan arrakalarik ez sortzeko, Hik Hasiren aholkularitza jaso dute bi ikasturtetan: “Iazko prozesuaren ondoren idatzi genuen txostena oso erabilgarria suertatzen ari zaigu”, dio Eider Amundarain Lardizabal herri eskolako zuzendariak. “Alde batetik, irakasle berrientzat baliagarria izan da, bertan jasota baitago gure eskolako egitura pedagogikoa behar bezala ulertzeko informazio guztia, eta horrek eguneroko martxan lagundu du. Bestalde, txosten bizia izanik, egiten ditugun hobekuntzak eta aldaketak bertan txertatzen jarraitzen dugu. Horretarako, txostenean zehaztuta dauzkagun behaketa tresnek asko laguntzen digute. Gainera, aurreraelikadurak eta atzeraelikadurak taldean eginez ekosistemak eta egiturak gehiago zehazten ditugu eta etengabe hobetzen ditugu”, adierazi du.

Ikastetxeotan zuzendaritzako kideak eta irakasleak izan dira protagonista eta taldean hartu dituzte ikastetxeari eta euren eguneroko jardunari lotutako erabakiak. Zeregin hori behar den denborarekin, espazioarekin eta tresnekin egiteko Hik Hasiren laguntza izan dute; gertu, konfiantzan eta errespetuz. “Gakoa hori da, aldamenean egotea, zaintzea, tresnak eskaintzea eta etorkizunean haiek euren kabuz jarraipena emateko gai izatea. Hori da gure bidelaguntzaren muina”, azpimarratu du Aholkularitza Zerbitzuko arduradunak.

 


Hik Hasirekin egin dugun prozesuan, besteak beste, konpetentziak nola landu definitu dugu

Maialen Ezkerra, Altza BHIko Berrikuntza arduraduna


Lanketaren barruan, guztion funtzioak eta lan-dinamikak argitu eta erabaki ditugu

Iñigo Bergara, Aratz ikastolako lehendakaria


Haurraren garapena eta beharrak ezagutu ditugu eta gizakiak ikaskuntza prozesua nola egiten duen. Hori jakitea garrantzitsua da gure ekosistemak antolatzeko

Irantzu Duce, Berango-Merana herri eskolako zuzendaria


Hik Hasiren aholkularitzarekin denon artean erabakita utzi ditugu nola esku hartuko dugun eta nola bidelagunduko diegun ikasleei

Eunate Arbizu, Urduña herri eskolako zuzendaria


Amaierako txostena oso erabilgarria da, bertan jasota baitago gure eskolako egitura pedagogikoa behar bezala ulertzeko informazio guztia

Eider Amundarain, Lardizabal herri eskolako zuzendaria