Inork ez omen du aukeratzen non jaio. Badira espetxean jaio eta tarte batean bertan bizi diren haurrak. Legeak, 0-3 urte bitartean haur horiek euren amekin egoteko aukera ematen du, espetxeak eskaintzen dituen bizi baldintza gogorretan baina amarengandikbereizi gabe. Esperientzia hori bizitutako hiru emakume dira Maitane Sagastume, Amaia Arrieta eta Sara Majarenas.

Maitane Sagastume Valladolideko espetxean (Espainia) zegoen haurdun geratu zenean. Ziur zegoen bertan edo Madrilen erdituko zela bere haurraz baina, egoera politikoak lagunduta, haien bizi baldintzak pixka bat leundu ziren eta Euskal Herrian erditu ahal izan zen, bera izanik bertan erditzea lortu duen euskal preso politiko bakarra. “Sei hilabeteko haurdunaldiarekin Martuteneko espetxera ekarri ninduten. Gogoan dut zelako negar malkoak erortzen zitzaizkidan anbulantzian Donostiarako bidean. Anbulantziakoak larritu ziren eta saiatu ziren ni lasaitzen, esan zidaten ni hainbeste urduritzea ez zela haurrarentzako ona” gogoratzen du Sagastumek.  

Erditze eguna iritsi zenean Donostiako Ospitalera DIAko anbulantzia batean igo zuten eta iritsi zenerako bere haurraren aita bertan zegoen itxaroten. Segurtasun neurrien aldetik, erditzea oso lasaia izan zela oroitzen du, “osasun langileek argi utzi zieten ertzainei beraiek ezin zutela erditze gelan sartu”. Erabaki politiko batengatik 15 egun eduki zuten ospitalean, bazekiten handik atera eta haurrak eta berak lekualdaketa luze bat pairatu beharko zutela. Ospitaletik atera, eta anbulantzia batean Martuteneko ateraino eraman zituzten Sagastume eta bere haur jaioberria. Bertan paketeak eman eta jarraian Dueñasko (Palentzia) bidea hartu zuten, zuzen-zuzenean.

Espetxe hartako amen modulua ireki berria zen orduan, 15 egun zeramatzan martxan, eta ez omen zegoen ezer: “Gogoan dut iritsi, ziegara igo, atea itxi eta negarrez hasi nintzela, semea besoetan nuela. Bat-batean funtzionario bat sartu zen eta oso era zakarrean esan zidan ez nuela negarrik egin behar, nire semeak ez zuela horrelakorik behar eta isiltzeko”. Hasiera oso gogorra izan zela dio, semearentzako gutxieneko bizi baldintza batzuk bermatzea etenik gabeko borroka bat zela gaineratu du: “Egunero egin behar nituen idatziak, eskaerak, espetxeko arduradun guztiekin eta bertako sendagileekin ere elkarrizketak egin behar nituen... Modulu hura ez zegoen ez amentzako ez haurrentzako prestatua, ez zegoen hura behar bezala martxan egoteko inolako plangintzarik. Gainera, oso preso gutxi ginen, eta inor ez zen protestatzera ausartzen”.

Lehenengo lau hilabeteetan ez zegoen beste euskal preso politikorik, “bakarrik” zegoela dio, baina denborarekin ama ez ziren bi lagun ekarri zituztela gogoratzen du eta haiek bere haurrarentzat izeba eta Sagastumerentzat ezinbesteko laguntza bihurtu ziren. “Haurra hiruon artean zaintzen genuen. Ordura arte neu bakarrik nengoen egun osoan haurrarekin, eta hori asegarria bezain neketsua da. Konfiantza osoko beste bi pertsona nire ondoan egoteak, ordea, atseden hartzeko aukerak zabaldu zizkidan. Zaintza partekatzeak niretzako tartetxoak edukitzeko parada eman zidan, eta horrek, era berean, haurrarekin nuen harremanaren kalitatea handitu zuen. Era berean, nire semea pertsona euskaldunen eskuetan uzten nuenean gure hizkuntzan hitz egiten zioten, eta nolabait esateko, nire modura hezten zuten. Zentzu guztietan aldaketa nabaria izan zen kideekin egotea”.



Ziegara igo, atea itxi eta negarrez hasi nintzen, semea besoetan nuela. Funtzionario bat sartu zen eta oso era zakarrean esan zidan ez nuela negarrik egin behar, nire semeak ez zuela horrelakorik behar eta ixiltzeko

Maitane Sagastume


Sagastumek bere haurra 3 urte bete baino lehenago ateratzea erabaki zuen: txikiaren lehen hitza “itxita” zela entzun zuenean laster atera beharko zuela erabaki zuen. “Ate guztiak itxita egon ohi ziren, haurrentzako jostailuekin zegoen gelatxo bat barne, eta horixe esaten genion behin eta berriz, haurrak sartu nahi baina ezin zuenean”. Beste kasu batzuetan ez bezala, haurraren aita kalean zegoen eta horrek kaleratzea errazten zuen. Ordurako haurra kalean egona zen, hasieran arratsalde pasa, bazkaldu ostean atera eta afarirako bueltan egoten zen eta gero egun gutxi batzuk Donostian pasatzen hasi zen. Haurra ateratzea inoiz hartu duen erabaki gogorrenetakoa bezain zuzenetakoa izan zela argi du. “Haurra bere aitarekin eta gainontzeko familiarekin bizitzen hasi zen, giro euskaldunean, bere adineko beste haur batzuekin harremanean, eta bere auzoko haurreskolan hasi zen”. Txikiaren bizitza bat-batean aldatu zen, jada ez zituen bere ama eta bere izebak ondoan, eta maitasunez inguratua egon arren, latza izan zen egokitzapena. Gainera, bere adineko gainontzeko haurrek ez bezala, bere ama ikusteko bidaia amaiezinak egin behar zituela gogoratu du Sagastumek. Bere kasuan ere ez zen erraza izan, tratamendu psikologikoa behar izan zuen: “Oso zaila egiten zitzaidan zer sentitzen nuen ulertzea eta adieraztea. Aurrez aurreko bakoitza antsietatearekin itxaroten nuen, eta batetik besterako dendora tartean jostailuak eta opariak prestatzen nituen semeari ateratzeko”.

Amaia Arrietaren kasuan, haien alabak lau hilabete zituen gurasoak espetxeratu zituztenean. Aurrez lau urte beteta zituzten espetxean eta oso ongi zekiten zer zen kartzela, horregatik oso erabaki zaila izan zen haurrarekin batera espetxeratzearena, bazegoelako Ilargi senideekin kalean geratzeko aukera ere. “Espetxea haurrentzako tokia ez dela bagenekien, baina Ilargi eta ni banatzeak kalte handiagoa suposatuko zuela ere argi genuen”.

Martuteneko espetxean sartu zituzten bost egunez, baina bertan ez zegoenez amentzako modulurik eta bere nahia haurrarekin egotea zela adierazi zuenez, Palentziako espetxera eraman zuten. “Ez dut ahaztuko Ilargi sartu zeneko momentua. Gorputz osoak dar-dar egiten zidan eta fardela aldatzea ere kosta egin zitzaidan. Bi ordu igarota, parez pare jarri eta esan nion: 'Hementxe gaz Ilargitxu, zu ta ni. Ta elkarrekin eingou aurrera!' Momentu horretatik gure lotura berezia izan da. Egoeraz jabetu izan balitz bezala”, gogoratzen du Arrietak, hunkituta.

Hasieran urduritasuna, beldurra eta kulpa sentitu zituela dio, egunak pasa ahala murrizten joan zirenak, eta horrekin batera mila galdera eta kezka sortzen zitzaizkion: gai izango ote zen han bakarrik moldatzeko? Zer suposatuko zion guzti horrek Ilargiri? Leporatuko ote zion noizbait barrura sartu izana? Nola elikatuko zuten harremana aitarekin?

Momentu hartan euskal preso politiko gehiago zueden espetxe hartako moduluan, ama zirenak eta ez zirenak, eta Arrietaren ustez, haien laguntzak izugarrizko garrantzia izan zuen, “oso eskertuta nago kideekin”.

Egunerokotasuna nolakoa zen deskribatzeko esan eta momentua berriro biziko balu bezala hasi da egitekoak lerrokatzen: “Gosaldu eta moduluan pasatzen genuen goiza patioan, edo haurrentzako egokitutako gelatxo batean. Bazkal-ostean berriz ziegara joan behar genuen eta siesta egiteko aprobetxatzen genuen. Tarte horretan irakurri, idatzi… egiten nuen. Ondoren berriz ateak irekitzen zituzten eta berriz modulura jaisten ginen afalordura arte. Ostean, berriz gora, bainua, masajetxoa eta lotara”. Horrela gogoratzen du lehen urtea. Gerora, haurra koxkortzen joan ahala, gauza desberdinak egiten zituztela dio: “Bazegoen haurtzaindegi moduko bat. Oso gutxitan zabaltzen zuten, baina bertan goizean ordu pare bat egoteko aukera izaten zuten. Familiarekin ere irtetzen hasi zen. Hasieran egun pasa eta koskortzen joan zenean, asteburu pasa”.

Tarteka baziren momentu bereziak ere eta gogoangarriak, esaterako, haurren urtebetetze egunak. Hilabete horretan zehar urtebetetzea ospatzen zuten haurrak biltzen ziren eta hasieran, kartzela berean ziren haur horien aitek ere emakumeen modulora joateko aukera izaten zuten festan parte hartzera. Horizontes Abiertos izeneko GKE bat arduratzen zen egun horiek antolatzeaz, beti oparitxoren bat eramanez, pasteltxoak eta jaia girotzeko materialarekin. Horrela, hogei haur izanik gutxi gorabehera, bi hilean behin urtebetetze festa bat izaten zen eta Ilargik bere aitarekin egoteko beste aukera bat izaten zuen, pare bat orduz.


Espetxea haurrentzako tokia ez dela bagenekien, baina Ilargi eta ni banatzeak kalte handiagoa suposatuko zuela ere argi genuen

Amaia Arrieta


Haurra espetxean heztea zaila dela dio Arrietak, kartzela ez delako inondik inora haur bat hezteko leku egokia, bereziki haurraren garapenari eta ongizateari dagokionean: “Baliabide gutxi daude, ingurua desegokia da oso, estresa handia da beste presoen egoera dela-eta, funtzionarien tratua errespeturik gabekoa da, elikadura ez da ona, osasun arreta apenas existitzen da, eta abar. Norbera ere bakarrik sentitzen da sarri, nahiz eta kideen babesa eta laguntza izugarria izan”.

Espetxeak asko kendu diela ohartarazten du, adibidez, bi urtez aitarekin bizitzeko aukera, edo familiarekin nahieran egotekoa, katutxoekin jolasteko aukera, belarretan eta ibaietan putzu-putzu egiteko aukera, garaikoa eta bertakoa jateko aukera… Baina eman ere eman die bizipen honek, besteak beste, atxikimendu sendoa eta ziurra eraikitzeko aukera eta garrantzitsuak diren gauzak balioan jartzeko aukera ere bai.

Ilargik bi urte eta 4 hilabete zituen egunean irten zen Igor Ortega aitarekin batera eta handik astebetera atera zen Arrieta bera ere. Arrietaren hitzetan, “Ilargi eta nire arteko harremana oso berezia izan da betidanik, konexio berezi bat dugula iruditzen zait. Eta zorionez, Ilargik ere Igorrekin izan duen harremana ere aipagarria iruditzen zait. Ni nintzen haurrarekin bizi zena, eta aitatxo aurrez aurrekoetan bakarrik ikusten genuen, eta halere, izugarrizko harremana eraiki zuten haien artean”.

Sara Majarenasen kontaketan hizketagaiak bide eta gai ezberdinak ukitzen baditu ere, beti iristen da ondorio eta esaldi berdinera: espetxeak legez bermatzen du amatasuna baina berez ez dute gogorik edo borondaterik eskubide hori bermatzeko. Bere iduriz, amatasunerako eskubidea bermatzera behartuak egongo balira bezala da, ez baitira ematen inorentzako baldintza duinak.

Majarenas Leongo espetxean zegoen haurdun geratu zenean. Lau orduko patio denbora bakarrik zuen, gainontzeko hogeiak ziegan pasatzen zituelarik. Hau da, lehen gradua deitzen den erregimenean bizi zen.

Elikadurari zegokionez, osagarria deitzen zutena ematen zioten haurdun egoteagatik: finean, litro bat esne, bi pieza fruta eta bi jogurt. “Barregarria zen. Momentu horietan hain garrantzitsuak ziren fruitu lehorrak edo proteina sanoak ez zeuden inondik inora... Haurdun zegoen emakume batentzat, beraz, gutxieneko zainketak ez zeuden bermatuak”.

Zazpi hilabeteko haurdunaldiarekin Soto del Realeko (Madril) espetxeko erizandegira eraman zuten, inoiz ulertu ez duen kontu batengatik: “Hitz egin nuen zuzendaritzarekin, ez nuen ulertzen haurdun den batek zergatik egon behar duen erizaindegi batetan, ez bazaude gaixorik!”, dio asaldatua Majarenasek. Eman zioten erantzuna lehenengo graduan zegoela izan zen eta horregatik ezin zutela modulu normalean sartu gainontzeko emakumeekin. “Kideak modulu batean zeuden eta nik kideekin egon nahi nuen nire haurdunaldiarentzat eta osasun psikologikorako hoberena hori zelako, konpainia hori. Gainera erizaindegian egonik kuriosoa zera zen, patio ordu bat bakarrik neukala”. Isolamenduko moduluan egotea nahiago zuela gaineratzen du, han behintzat beste lagunekin batera egongo zen eta patioan lau ordu ibiltzeko aukera izango zuen. Honekin guztiarekin, haurdunaldian eskubiderik gabe sentitu zela dio.

Erditzea Madrilgo Gregorio Marañon Ospitalean izan zen eta oso bizipen polita izan zela dio Majarenasek. Hiru egunez egon ahal izan zen bertan eta senideei haurra ezagutzen uzteaz gain, ospitaleko langileen arreta oso ona izan zela gogoratzen du. Handik Aranjuezeko espetxera eraman zuten eta han, berriz ere, oztopo eta eskubide bermatze eza gailendu zen: “Soto del Realeko erizandegian uzkurdurekin hasi nintzenean soinean neramana utzi zidaten jartzen eta erditu ostean Aranjuezera eraman ninduten horrekin soilik. Bertan ez dakizu noiz utziko dizuten arroparen paketea sartzen, beraz han dauden kideek uzten dizutena duzu bakarrik. Bai zuretzat eta bai haurrarentzat. Niri hori barrabaskeria bat iruditu zitzaidan, ez edukitzea zure arropa, zure gauzak... sinpleena ere, alegia, kulero batzuk bederen”.


Borondate pixka batekin konpondu daitezkeen gabeziak dira bai janariarena, megafoniarena, naturarekin kontaktuarena... baina ez dute nahi

Sara Majarenas


Jaiotza egunetik aurrera, 0-3 urte bitartean zoriontsu izan zela dio, amatasuna oso modu berezian bizi ahal izan zuen Majarenasek: “Batetik, umearekin 0-3 urte bitarte hortan 24 orduz egon ahal izatea sekulako loteria izan zen, sekulako bizipena, intentsitate handiz bizi ahal izan nuena. Tira, amatasun guztiak dira intentsoak kalean eta edonon, berdin du non aukeratzen duzun ama izatea, baina kartzelak badauka beste puntu bat. Intentsoa da 24 ordu zaudelako umearekin eta hori zerbait positibo bezala bizitzen nuen barruan, dena eskaini ahal niolako, arreta guztia. Oso konektatua sentitzen nintzen nire alabarekiko, bere beharrak asetzeari begira”.

Alderdi ezkor bat aipatzearren bizi zuten estresa aipatzen du, bereziki espetxe zaindariek eragindakoa, etengabe mehatxua erabiltzen baitzuten eta egoera hartan zaurgarriago sentitzen zela dio. Edozein arazoren aurrean asko zegoen galtzeko, haurra bera kentzeko arriskua zegoen, eta honek estres maila areagotu egiten zuen, Majarenasen arabera.

Horrez gain, Aranjuezeko espetxeak bazuen beste estres eragile bat eta hura megafoniaren erabilera zen: “Txundigarria eta salagarria benetan megafoniarena. Goizeko 7:45etatik "¡recuento!" hitzarekin esnatzen ginen, baita umeak ere, nola ez ba! Eta gaueko 21:30ean bukatzen zen megafonia beste "¡recuento!" oihu batekin. Ordu horietan guztietan etengabe edozertarako erabiltzen zuten "¡medico!", "F1", "F2" eta abar. F1 eta F2 Aranjuezeko moduluak dira eta umeen jolas sinbolikoan asko azaltzen zen “F1 eta F2” gogoratzen du barre artean.

Janariarekin arazo handiak zituzten. Lehenengo urtera arte Aranjuezeko espetxean purea bakarrik eskaintzen zitzaien umeei. Solidoa eman nahi bazioten helduen elikagaietatik eman behar zieten eta Majarenasen hitzetan, “ezagutu ditudan kartzeletatik janaririk okerrena hangoa zen”.

Ama izan aurretik ere jakin bazekien naturarekin kontaktua oso urria zela kartzelan, baina haurra izan zuenean eta honen garrantziaz ohartuta ez zitzaion erraza egin horri aurre egitea. Gainera, Aranjuezeko espetxeak bazuen belartzari bat, eta berez eskubidea bazuten arratsaldero erabiltzekoa ere, baina eskubide hori ere ez zieten bermatzen.

Baina Majarenasek azpimarratzen du umeek sekulako erraztasuna dutela bizi duten horretara ohitzeko eta, nahiz eta kanpotik gauza batzuk gogorrak iruditu, adibidez ziega ixtearen momentua, Izarrentzat eta berarentzat ez zela esperientzia txarra izan dio: “Guk gure txokoa edo txabolitoa deitzen genion ziegari, oso pozik sartzen zen bertara. Agian handiagoa zenean bai, arrotzagoa egiten zitzaion, baina momentu haietan ez”.

Berak eta bere alabak espetxean bizitako 0-3 urte horietan argi erakutsi du espetxeak gabezia handiak dituela, baina Majarenasen ustez konponbideak dituzten arazoak dira: “Borondate pixka batekin konpondu daitezkeen gabeziak direla iruditzen zait, bai janariarena, megafoniarena, naturarekin kontaktuarena edo dauden beste hamaika arazo; baina ez dute nahi”.