Tallinngo eta Tartuko udaleko ordezkariek aurrekontuaren % 50a hezkuntzara bideratzen dutela azaldu dute. 

 

Estoniatik etorri berri dira Hik Hasiren bidaia pedagogikoan joandako hezkuntzako 35 profesionalak. Han ikusitakoak eta ikasitakoak hemengo jarduna hobetzeko baliatuko dituzte.

 

Oso gustura eta ase itzuli dira Hik Hasiren Estoniako bidaia pedagogikoan joandakoak. Euskal Herriko hezkuntza arloan ari diren 35 laguneko taldea joan da: etapa guztietako irakasleak, zuzendariak, hezkuntza erakundeetako ordezkariak eta Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideak. Talde anitza bezain aberatsa bildu da Hik Hasiren abaroan eta horrek aukera eman du hango zein hemengo esperientziak elkarbanatzeko, denon artean gure ikastetxeak eta praktikak hobetzen joan gaitezen. 

Bost egunetan zehar Tallinn eta Tartu hirietako sei ikastetxe, bi udalak, E-Estonia digitalizazio zentroa eta Tallinngo Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzako zentroa eta Hezkuntza Teknologia zentroa bisitatu ditugu. Eta guztietan errepikatu dute Estoniako erlijioa hezkuntza dela. Petroliorik eta mineralik ezean, burua erabili behar dute aurrera egiteko, eta horretarako, hezkuntza da bidea. Denek argi dute eta ozen diote. Tallinngo eta Tartuko udaleko ordezkariek aurrekontuaren % 50a hezkuntzara bideratzen dutela azaldu dute. 

Udalek kudeatzen dituzte haur eskolak zein derrigorrezko hezkuntza etapetako ikastetxeak (Lehen Hezkuntzakoak eta Bigarren Hezkuntzakoak). Goi Mailako Bigarren Hezkuntzatik gorakoak gobernuaren esku daude. Estonian eskola publikoak dira gehienak; % 6 soilik dira pribatuak.  

Ikastetxeek autonomia handia dute kudeaketan eta pedagogia arloan, eta harro daude horrekin; guztiek defendatzen duten ezaugarri garrantzitsua da. Udaleko Batzordeak aukeratzen du eskolako zuzendaria eta haren esku geratzen dira ikastetxearen kudeaketa, kontratazioak eta erabakiak. Era berean, irakasle bakoitzak autonomia pedagogiko handia du gelan aritzeko. Curriculuma bete behar dute, baina askatasun pedagogiko handia dute. 

Soldata, ordea, baxua dute beste edozein lanbiderekin alderatuta. Behar edo merezi duen adinako prestigiorik ez duen lanbidea da eta irakasle gabezia pairatzen ari dira. 

Estonian estoniar eta errusiar ikastetxeak eduki izan dituzte 1991an Sobiertar Batasunetik independentzia berreskuratu zutenez geroztik, baina poliki-poliki eskola errusiarrak ixten ari dira. 2030erako eskola guztietan estonieraz aritzea dute helburu. Estonian hezkuntza erlijioa baldin bada, estoniera da testu sakratua eta sinboloa. 

Oro har, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ratioa gelako 24 ikaslekoa izan arren, hainbat eskoletan talde txikiagoak ikusi ditugu: Maasikas udal haur eskolan (3/10-15), LounaTera (1/16) eta SadeTera (1/13) eskola pribatuetan eta Herbert Masingu premia bereziko ikasleen eskolan (1/2). Behar duten arreta ematea, gainean egotea, gelan espazio nahikoa izatea eta ikasleak aktibo eta erne egotea lortzen dute talde txikiekin, eta horrek ikasleen sormenean eta ikaste prozesuan onura nabarmena du.  Ikasmaterial asko dute Moodle-n, baina tabletaren eta ordenagailuen erabilera neurtua dute: lanerako bai, entretenimendurako ez.