Talde anitza joan gara Estoniara. Ederra izateaz gain, oso aberatsa izan da.
Gutxitan izaten da horrelako talde anitza elkarrekin jarduteko aukera. Hik Hasik hori eskaini du bidaia pedagogikoaren bitartez eta taldekideek zintzoki probestu dute, aukera hori balioan jarriz.
“Estoniara goaz!”, genioen orain arte; “Estoniatik gatoz!”, diogu orain. 35 laguneko taldea joan gara Euskal Herritik Estoniara eta sei egunetan zehar Tallinn eta Tartu hirietako ikastetxeak bisitatu ditugu, udaletako ordezkariekin bildu gara eta unibertsitatean hezkuntzan eta teknologia berrietan ari diren adituekin egon gara. Gauza ugari ikusita eta ikasita itzuli gara; hemen balio digun ideia sorta batekin, eta baita galdera gehiagorekin ere.
Estoniako hezkuntza komunitateko hainbat partaiderekin egoteko balio izan du bidaia pedagogikoak, haien ahotsa entzuteko eta haien egunerokoa jasotzeko. Jakitun gara Estonia ez dela Euskal Herria. Bi herrialde eta bi kultura desberdin gara, bi bizimodu eta bi hezkuntza sistema desberdin. “Kopiatu eta itsatsi” formulak ez du balio. Horregatik, epaitu gabe eta zintzoki entzutea izan da ariketa, galderak egitea, erantzunak jasotzea, galdera gehiago sortzea, hausnartzea, gogoeta egitea eta partekatzea. “Hartuko genuke hau geurerako” ondorioztatu dugu batzuetan; “ez gara gaizki ari” bestetan. Ondorio batek zein besteak inspirazioa eman digute taldekideoi.
Talde anitza joan gara: Amurrio eta Leitza, Gasteiz eta Ibarra, Igorre eta Azpeitia batu ditugu. Sare guztietako eta etapa guztietako irakasleak, zuzendariak, hezkuntza erakundeetako ordezkariak eta Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko legebiltzarkideak bildu gara. Hori da Hik Hasik eskaini duena: estoniarrekin biltzeko aukera emateaz gain, bidaian joandako taldekideak elkarrekin aritzeko abagunea sortu du. Ederra izateaz gain, oso aberatsa izan da. Gutxitan izaten da horrelako talde anitza elkarrekin jarduteko aukera. Hik Hasik hori eskaini du eta taldekideek zintzoki probestu dute, aukera hori balioan jarriz. Bejoindeigula eta eskerrik asko guztioi!
Aberastu gaitezke diruarekin; eta aberastu gaitezke bizipenekin eta esperientziarekin. Hezkuntzan dirua eta baliabideak garrantzitsuak dira, eta begirada ere bai. Hik Hasik bigarrena eskaintzen dizue; ikaslea erdigunean jarrita eta irakasleak zainduta jarduteko esperientziak eta prestakuntza.
Estoniara joandakoek hurrengo bidaia nora egingo dugun galdetu digute. Adierazle ona da, inondik inora.