Eñaut Aiartzaguena marrazkilari eta irakasleak jaso du Udalbiltzaren Geuretik Sortuak sormen beketako bat.

 

Eñaut Aiartzaguena marrazkilari eta irakasleak Udalbiltzaren Geuretik Sortuak sormen beketako bat eskuratu du ekitaldi honetan, eta, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Ataunen (Gipuzkoa) egonaldiak egin ostean, bi herrietako ikasleen laguntzarekin ondutako komikia argitaratuko du udazken honetan.

 

Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak soilik egin dezaketela sinetsita eta aintzat hartuta, halaber, euskal arteak —lengoaia asko izan ditzakeenak— hizkuntza bakarra duela, euskarazko eskaintza kulturala zabaltzeko asmoz sortu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektua. Hirugarren edizio honetan, Eñaut Aiartzaguena marrazkilari eta irakasleak jaso du Geuretik Sortuak sormen beketako bat, eta, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Ataunen (Gipuzkoa) egonaldi artistikoak egin ostean, udazken honetan  argitaratuko du bekaren laguntzarekin egin ahal izan duen komikia, edizio honetako beste bekadunen sormen lanekin batera.

Aiartzaguenaren sormen lanak hezkuntza izan du ardatz. Sormen egonaldia zein herritan egin ahal izango zuen jakin gabe, ondare historikoaren inguruko lan bat egin nahi zuela eta lan hori herriko ikasleekin garatuko zuela zehaztu zuen proiektua Udalbiltzari aurkeztu zionean. Eta, behin beka eskuratu eta Nafarroako eta Gipuzkoako bi herri mugakide esleitu zizkiotenean, erronka nagusia ikasleekin landu beharreko gidoia osatzeko historiako pasarte bat aukeratzea izan zen: “Bi herrien historia ezagutu behar izan dut, eta bi herri horien historiak lotuko zituen historiako pasarteren bat aztertu behar izan dut. Hori izan zen erronka nagusia gidoia egiteari begira, estraperlisten historiara iritsi nintzen arte”.

Estraperlisten historiari jarraiki, bi herrietako ikasleekin landuko zuen komikia 1936ko gerraren ondorengo diktaduraren hastapenetan kokatu du Aiartzaguenak. Gosea nagusi zelarik, Ataunen eta Etxarri Aranatzen, Hego Euskal Herri osoan bezala, estraperlistak ibiltzen ziren bi herrietako mendietan barrena, bateko garia besteko errotetan ehotzen eta, horrez gain, elikagai urriak batetik bestera ezkutuan pasatzen. Dokumentatuta eta ahozko testigantzen bidez jasota dauden benetako gertakari horiek, gainera, bat egiten zuten Aiartzaguenak bekaren deialdirako proposatu zuen beste ezaugarri batekin: “Argi neukan berreskuratutako historiaren transmisioa egin gura nuela komikiaren bidez, baina baita genero ikuspegia txertatu gura nuela ere emakumeen ekarpena argitara emanez”. Benetako historiako pasarteen gainean fikzio historikoa ondu du Aiartzaguenak, ikasleen laguntzarekin.

 

Ikasleei eman eta ikasleengandik jaso

Bekaren oinarriei jarraituz, sortzaileak ekarpen bat egin behar dio egonaldia egiteko esleitutako herriari. Eta Aiartzaguenak hezkuntzaren bidez itzuli nahi izan die Ataungo eta Etxarri Aranazko herriei ekarpena. Otsailean, martxoan eta apirilean, komiki eta marrazketa tailerrak eskaini dizkie bi herrietako hiru ikastetxeei (Ataungo Joxemiel Barandiaran herri eskolako 5. mailako ikasleei, eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako 5. mailako ikasleei zein San Donato eskolako 3. eta 4. mailetako ikasleei), eta, ondoren, ikasle horiekin egin du komikiko pertsonaien castinga. “Marrazketa saioa egin nuen tailerrean otu zitzaidan komikirako castinga egitea. Nire defizit batetik erabaki nuen hori: marrazkilari gehienek bezala, nik ere pertsonaia denak oso antzekoak egiten ditut, eta, Asisko Urmenetaren gomendioari jarraituz, komikirako pertsonaiak hautatzea erabaki nuen eta pertsonaia horien deskribapen bat irakurtzea ikasleei ikasgelan, pertsonaien izaerari eta jarduerei buruzko deskribapena eginez komikiko pertsonaia horiek eurei bururatzen zitzaien moduan marraztu zitzaten”.

Juanita eta Felixa dira komikiko pertsonaia nagusiak, estraperlistak biak: Ataungo nerabea, lehena, eta bigarrena, berriz, Etxarri Aranazkoa. Haiekin batera, bigarren planoan agertuko dira Aiartzaguenaren komikian Migel, Juanitaren aita, eta Maria, Felixaren ama. Kontrapuntua Beasaingo sarjentu beltzak ipiniko du, Francoren jarraitzailea den Guardia Zibileko sarjentuak; gorroto ditu pertsonaia horrek euskara eta euskaldunak, bai eta eurak engainatu asmoz ibiltzen diren gazteak ere. Marrazkilariak, pertsonaien deskribapenak ez ezik, estraperloa zer izan zen eta gerraosteko testuingurua nolakoa zen esplikatu zien haurrei: “Ikasleak gerraosteko gosete garaian kokatzen ditut, eta estraperloa zer izan zen azaltzen diet; kontatzen diet Francoren diktadurapean jateko gutxi zegoela, errazionamendua ezarri zela eta herrietako gazteak alde batetik bestera ibiltzen zirela (bateko garia eta besteko errotak baliatuz) gosea arintzeko”.

Pertsonaiak marrazteko teknikak azaltzeaz gain, komikiaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkie marrazkilariak ikasleei hiru ikastetxeetan egindako tailerretan. “Komiki bat egiteko pausoen berri ematen diet: azaltzen diet lehenengo ideia bat behar dela; gero, gidoia; informazio bilketa etorriko da gero… eta, ondoren, pertsonaia bat marrazten laguntzen diet; trikimailu batzuk ematen dizkiet, eta eurek dakiten eta gura duten moduan marrazten dute gero gura duten pertsonaia”.

Etxarri Aranazko San Donato eskolako tailerrean izan da Hik Hasi apirilean. Eta ikasleak tailerrean zeinen gustura eta adi murgildu diren ikusi ahal izan dugu. Ikasle batzuekziurtasun handiz ekiten diote euren gustuko pertsonaia marrazteari, eta beste batzuek, aldiz, duda-mudan hartu dute arkatza ekintza horretarako. Batek baino gehiagok esan du ez dakiela marrazten…

Tailerrak amaitu ostean, marrazkilaria oso gustura gelditu da hiru ikastetxeetan haurrek eraiki dituzten pertsonaiekin: “Ikaragarrizko aniztasuna izan da ikasleek marrazturiko pertsonaietan”. Castinga egin eta gero, collage bat egin du Aiartzaguenak Ataungo umeek eta Etxarri Aranazko bi ikastetxetakoek sortutako pertsonaiekin, eta Ataun eta Etxarri Aranatz lotzen dituen fikziozko historia josi ahal izan du, 20 orrialdeko komikian. Lanak azaroan ikusiko du argia Susa argitaletxearen eskutik, Geuretik Sortuak bekako aurtengo deialdiko gainerako komikiekin osatuko den bilduman.

 


Nik tailerretan askotan esaten diet ikasleei, ‘ez utzi marrazteari’. Bizitza osoan eta baita helduaroan ere, marraztea baliagarria da, gauza askotarako


 

Marrazketa eskolan:“Ez dakit marrazten”

Ikasleek adi eta gogoz parte hartzen dute Aiartzaguenak eskainitako sormen tailerrean, eta denbora eta txera apur batekin haurrek “kalitate handiko lanak” egiten dituztela ziurtatu du marrazkilariak: “LHn marrazketari denbora eskaintzen badiozu, oso maila altuko komikiak ateratzen dira. Ikasleak, oro har, motibatu egiten dira, eta inplikatu ere bai”. DBHn, bestelako lanketa bat egin behar izan ohi da, ikasleak jada urrunago daudelako marrazketatik: “Gehiago kostatzen da ikasleak erakartzea DBHn, motibatzea gehiago kostatzen baitzaie”.

Tailerrean beste zerbait ere ikusi dugu: arkatza hartu orduko zenbait haur deseroso sentitu dela lan moduan marrazki bat egiteko eskatu zaienean. “Haurrek asko marrazten dute adin batera arte, baina LHko bigarren ziklotik aurrera ez dute normalean hainbeste marrazten, eta are gutxiago DBHn. Hezkuntzan, oro har, ez da marrazten”, esan du penaz Aiartzaguenak. Kritiko ageri da marrazketak eta oro har sormen adierazpenek eskoletan duten lekuarekin: “Gaur egun, esaten da sormena landu behar dela eta sormena lantzeko konpetentziak landu behar direla, eta, helburu hori lortzeko, metodologia asko aldatzen dira… baina ez da lantzen marrazketa, ez marrazketa, ez eta adierazpen grafikoa eta plastikoa ere, eta, horrek bai, horrek lagunduko luke, bene-benetan, sormena lantzen. Gauza bera gertatzen da antzerkiarekin, dantzarekin edo musikarekin, bai eta bestelako sormen adierazpenekin ere”. Galera horrek, artistaren aburuz, oinarrizko konpetentzia bat garatzea galarazten dio pertsonari. “Nire iritziz, helduarora oso mugatuta iristen gara pertsonak gure adierazpen gaitasun horretan, txikitan ez dugulako landu. Aldiz, pertsona batek, bere denbora librean literatura edo sormen idazketa landu baditu —adibidez, frustratuta edo estresatuta dagoenean—, idazteko gaitasuna izango du, eta, horretarako denbora hartzen badu, ipuin bat edo poema bat idatziko du beharbada, eta ihesbide bat topatuko du horren bidez. Marrazten dakienak, berriz, bere kezkak, zalantzak edo interesak asetzeko bide bat topatuko du marrazketan. Dantzan dakienak dantza eskoletan topatuko du ihesbidea… baina inolako sormen adierazpiderik landu ez duenak non topatuko du barnean dituen kezkak, zalantzak edo frustrazioak ateratzeko bide hori?”. Aiartzaguenari marrazketak eman dio barnekoa kanporatzeko eta bideratzeko abagunea. “Eta oso pribilegiatua sentitzen naiz. Nire ustez, eskolan sormen adierazpideak gehiago landuko balira, prebentzio modu bat eskainiko genieke ikasleei horren erdigunean dagoen osasun mentalarekin lotutako arazoetarako. Zelan egiten da hori? Eskolan marrazketari, musikari, dantzari, antzerkiari edo sormen artistikoari denbora eskainiz”.

“Jarraitu marrazten”, hori izaten da Aiartzaguenak ikasleei ematen dien gomendioa: “Nik askotan esaten diet ikasleei hori tailerretan, ‘ez utzi marrazteari’. Bizitza osoan, baita helduaroan ere, baliagarria da marraztea, gauza askotarako: bai gauza funtzionaletarako —gauzak irudikatzeko, diseinatzeko…—, eta bai autoterapiarako ere. Niretzat, marrazketa oinarrizko konpetentzia bat da, oso baliagarria dena bizitzarako”.