Solasaldiak, hizketaldiak edo berbaldiak lagunarteko edo jendarteko elkarretaratzeak dira, gai baten inguruan mintzatzeko egiten direnak. Gasteizko Sansomendi ikastetxean, artearen, musikaren eta literaturaren gainean solas egiteko elkartzen dira ikasleak, hasi Haur Hezkuntzatik eta Bigarren Hezkuntzaraino. Arte tertuliak, musika tertuliak eta literatura tertuliak egiten dituzte.
Ikasturtean zehar, besteek ez bezalako lau aste izaten dituzte Gasteizko Sansomendi ikastetxeko ikasleek: ohiko eskola orduak arte tertuliek betetzen dituzte, eta, artelanen bitartez, espazio, kultura eta dimentsio berrietan murgiltzen dira. Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino, hiru eraikinetako ikasleek artelanei buruzko informazioa biltzen, partekatzen eta sortzen dute, eta artelan horien gaineko tertuliekin ematen diote amaiera aste horietako bakoitzari.
Ikasturtea amaitu berritan elkartzen dira arte tertuliako batzordeko kideak (Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ordezkariz osatuta dago batzorde hori). DBHko ordezkarietako bat da Estibaliz Lafuente, hark kontatu duenez, egindakoa baloratzen dute ikasturte amaierako batzarrean, “eta hurrengo ikasturtean zer landuko dugun ere adosten dugu: zer egingo dugun, nola landuko dugun eta abar. Behin hori erabakita dagoenean, etapa bakoitzak modu independentean lantzen du, adinaren arabera desberdina baita lantzeko modua”. Hori bai, ikasturtean zehar, denek lau aste hartzen dituzte, denek batera: irailaren hasieran lehenbizikoa, abenduan bigarrena, martxoan hirugarrena eta maiatzean azkenekoa. “Lau aste horietan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek tutoreekin lantzen dute gaia. Guk, DBHn, Plastikako orduak eta gainerako edozein ikasgaitako orduak erabiltzen ditugu aste horretan. Ohiko programazioa gelditu, eta arte tertuliaren lanketarako erabiltzen dira eskola ordu horiek”. Artelan jakin bat lantzean, gainerako ikasgaietan lantzen ari diren edukiekin lotzen dutela dio Lafuentek: “Esate baterako, Historian geografia eta kokapena lantzen dira DBHko 1. mailan, artelanaren kokapena aztertzen da, eta horrekin batera, herrialde horren kokapena, klima, ohiturak, kultura, gastronomia eta abar ikasten dira”.
Askotariko artelanak
Ikasturteko lehen arte tertuliarako, Gasteizen kokatua dagoen artelan bat hautatzen dute, gertukoa eta ezaguna, hara joan eta zuzenean ikusteko aukera ematen duena, eta, bide batez, Gasteizko kultura ezagutzeko aitzakia eskaintzen duena. “Aurten, Casto Solana artistaren Ume pentsalaria artelana landu dugu, Gasteizko Posta plazan kokatuta dagoena”. Lehiaketa moduko bat antolatu genuen Gasteizen dauden Casto Solanaren artelanak bilatzeko. Atezainari eman behar zitzaion zerrenda. Ostiral batean zerrenda lehenengo ematen zionak irabazten zuen, eta DBHko 1. mailako ikasle bat iritsi zen lehenengo. Saria eskolako materiala izan zen”. Beste ikasturte batean, Txagorritxu ospitaleko biribilgunean dagoen Jorge Oteizaren eskultura bat landu zuten, Galindez abokatu eta humanista arabarraren omenez egindakoa. Aurreko ikasturte batean, Eduardo Txillidak eta Luis Peña Gantxegik egindako Arabako hiriburuko Foru plaza landu zuten, eta artista bien lanak ezagutzearekin batera, foruak zer diren ere ikasi zuten. Beste batean, Legebiltzarrean dagoen Nestor Basterretxearen Izaro eskultura landu zuten, eta horrek aitzakia eman zien Legebiltzarra, legeak eta lege zaharrak ezagutzeko. “Helburua da inguruan ditugun artelan nagusiak ezagutzea, gure kulturaren parte direlako”, dio Lafuentek.
Abenduan, mundu osoan ezaguna den klasiko baten txanda izan ohi da, eta, aurten, Indiako Taj Mahal monumentua landu dute. Aurreko ikasturteetan, Atenaseko (Grezia) Partenoia, Erromako (Italia) Koliseoa eta Gizeko (Egipto) piramideen berri jakin dute.
Martxoko arte tertulietan, emakume artistak edo emakumeekin erlazionatutako lanak jorratzen dituzte: Coco Chanelen 2.55 poltsa, Francisco Goyaren Maja jantzia, Camille Claudelen Sakountala... Aurten, Yayoi Kusama-ren Kuia lanean murgilduko dira. “Gela guztietan, kuiak prestatzen hasi gara, eta kuia horiekin, gela bat apainduko dugu. Gero, han egingo ditugu arte tertuliak”, azaldu du Lafuentek.
Ikasturte amaierako arte tertuliako astean, libreagoa izaten da gaia, eta, aurten, Eduardo Txillidaren Donostiako Haizearen orrazia ikustera joango dira.
Lanketa guztiak aurrera eraman ahala, materiala sortzen dute, “eta guztia karpeta batean gordetzen dugu, edonoren eskura gera dadin”, dio Lafuentek.
Ikasleen ahotsa eta iritziak
Sansomendiko ikasleek tertuliak txikitatik lantzen dituztenez, oso ohituta daude, eta oso modu naturalean jarduten dute, txandak errespetatuz, iritziak emanez edo moderatzaile lanak eginez. Taj Mahali buruzko arte tertulia hasi dutenean, berehala jarri dira biribilean DBHko 1. mailako ikasleak. Kepa Perez eta Esti Lafuente irakasleek PowerPoint bat jarri dute, eta, irudien laguntzaz, Indiara bidaiatu dute ikasleek. Munduko mapan kokatu dute lehendabizi, eta Pakistango bi ikaslek Indiaren alboan ikusi dute euren jatorrizko herrialdea.
Indiari buruzko datuek harridura eragin diote Leonor ikasleari. 44 milioi biztanle ditu Indiak —Euskal Herriak 3.200.000 biztanle inguru ditu—. Indiako mendirik altuena Kangchenjunga da, eta irakasleak ikasle pakistandarrei nola ahoskatzen den galdetu die. Irakasleak Indian sei urtaro dituztela kontatu duenean, Emilioren harridura oihua entzun da. Eta, ondoren, Euskal Herriaren eta Indiaren arteko ordu diferentzia kalkulatu dute.
Bidaiatzeko gogoa piztu saio Jennyri, Taj Mahal monumentua ren irudiak ikusitakoan. Irakasleek azaldu diete Taj Mahal mausoleo bat dela, Shah Jahan errege mogolak bere emazte Mumtaz Mahal-en omenez eraiki zuena, 1631. eta 1654. urteen bitartean. Sha Jahanen eta Mumtaz Mahalen gorpuak han daude, munduari beren betiereko amodioa gogorarazi nahian. Erregina bere hamalaugarren haurraz erditzean hil zen. Ikasle gazteei ez die arreta berezirik eman amodiozko istorio horrek.
Arkitektura eraikinaren neurriak idatzi dituzte ondoren, eta harrituta geratu dira Lafuentek futbol estadioekin konparatu dituenean: “Taj Mahal eraikitzeko, 20.000 pertsonak lan egin zuten, eta elefanteak erabili zituzten lanerako, 20 urtean”, azaldu die Perezek. Gaur egun, lan prekariorik baden galdetu die irakasleak, eta Javik baietz erantzun du, Qatarko Munduko Futbol Kopan hori gertatu dela. Azken 12 urteetan, sekulako futbol estadioak eraiki dira; guztiak orain egin dituzte, lehen ez baitzen halakorik. Estadio asko egin dituzte denbora gutxian, eta kalkulatzen da 6.000 langile hil direla obretan, gehienak kanpotarrak. Hemen ere gertatzen da; lan prekario asko daude, eta jendea hiltzen da. Zainek gehitu du bere amaren osaba 5. pisutik erorita hil zela Pakistanen. Eta Sarayk erantsi du bere aitak arnesarekin lan egiten duela.
Irudi guztiak ikusi ondoren, orri bana banatu diete irakasleek, eta euren inpresioak eta iritzia idazteko denbora hartu dute. Ondoren, Arman moderatzaile izatera animatu da, eta txandaka-txandaka, idatzi dutena adierazteko hitza eman die denei. Jennyk esan du asko gustatu zaizkiola marmol zuriak, eta hara bidaiatzeko gogoa sortu zaiola. Samyk esan du oso polita iruditu zaiola, baina ez zaiola gustatu hilobiak han bertan egotea.
Samuelek esan du horrelako monumentuak egiteari ez diola zentzurik ikusten, hainbeste diru eta denbora galtzea hilobi bat egiteko. Esku-hartze bakoitzaren ondoren, Arman moderatzaileak galdetu du ea norbaitek zerbait gehiago erantsi nahi duen. Iritzi guztiak dira balekoak, zerbaitegatik esan dute esandakoa, eta argudioekin azaltzen dute normalean. “Hitz egiteko jarraibideak ikasten dituzte, eta baita txandak errespetatzen eta iritzi guztiak balekotzat hartzen ere. Horrek tertulietatik kanpo bizitzako beste esparru batzuetarako ere balio die”, dio irakasleak.
Gelako aniztasunak tertulia aberastu egiten duela gaineratu du Lafuentek. “Normalean, ikasleek ez daukate espaziorik euren jatorrizko herrialdeari eta euren bizitzari buruz hitz egiteko, eta tertulietan, bai. Nahi dutena esan dezakete, eta oso aberasgarria izaten da”. Talde honetan, bi pakistandar, kolonbiar bat eta hamaika ijito daude.
Hitz egiteko jarraibideak ikasten dituzte, eta baita txandak errespetatzen eta iritzi guztiak balekotzat hartzen ere. Horrek tertulietatik kanpo bizitzako beste esparru batzuetarako ere balio die
Estibaliz Lafuente Irakaslea eta arte eta musika tertulien arduraduna
Tertulien funtsa
Ikaskuntza komunitatea da Sansomendiko eskola, eta hezkuntza proiektu eta antolaketa horren barruan, hezkuntza jarduera arrakastatsuak eramaten dituzte aurrera. “Horren barruan kokatzen ditugu tertuliak, bai arte tertuliak, bai literatura tertuliak eta baita musika tertuliak ere”, diosku Lafuentek. “Tertulia guztien helburua ikasleei lehen mailako kulturarako sarbidea eskaintzea da. Lantzen diren artelanek, musika piezek eta literatura lanek belaunaldiz belaunaldi balioak transmititzen dituztela frogatu dute, eta gure ikasleek maila goreneko kultura horretan sarbidea izan dezaten nahi dugu”. Klasikotzat eta garrantzitsutzat jotzen diren lan horiek balioak transmititzen dituzte, “eta gure ikasleek balio horiek bereganatzea nahi dugu”.
Musika tertuliak
Arteari buruzko tertuliak egiteaz gain, musika tertuliak ere lantzen dituzte Sansomendin, “ebaluazio bakoitzean bat, eta arte tertulien filosofia berarekin: oso-oso ezagunak diren musika klasikoko obrak entzuten eta lantzen ditugu, hemendik at haiek inoiz entzungo ez lituzketen obrak. Guk aukera ematen diegu”, dio musikako tertulien arduradun ere baden Lafuente irakasleak. Orain arte, besteak beste, obra hauekin egin dituzte musika tertuliak: Pablo Sarasateren Zapateado, Richard Wagner-en Walkirien kabalkada, Edvard Grieg-en Peer Gynt, Giocomo Puccini-ren Nessum dorma (Turandot), Fanny Mendelson-en Il saltarello romano (op 6 no 40), Jesus Guridiren El caserio eta Piotr Ilitx Txaikovski- -ren Intxaur-hauskailua. Otsailean, Ella Fitzgerald abeslaria landuko dute. “Azaroan Pablo Sarasateren Zapateado landu genuenean, flamenkoarekin erlazionatu genuen, eta kultura desberdinetako zapateadoak ezagutzeko baliatu genuen”, azaldu du Lafuentek. “Ijitoak Espainiatik Ameriketara joan ziren, eta Mexikon badago zapateado bat, Kolonbian beste bat... Horrez gain, Gasteizko La Pulga dantzari flamenkoa ekarri genuen eskolara, eta lantegi bat egin genuen harekin”.
“Musika entzuten duten bitartean, arreta jarri behar dute, aktiboki entzun, eta, ondoren, zer eta zergatik gustatu zaien edo ez zaien gustatu esaten dute, zer ikasi duten, zerk eman dien arreta, zer ez zaien batere gustatu. Adibidez, gustatu egin zaiela bat-batean gelditu delako, edo mantsotu egin delako, edo instrumentu gehiago sartu direlako”. Lafuentek azpimarratu du guztien iritzia dela garrantzitsua: “Ez dago balio ez duen edo txarra den iritzirik”. Musika klasikoko obrak behin eta berriro entzuten dituzte, eta, horrela, entzuteko kultura ere lantzen dute.
Literatura tertuliak
Literatura tertuliak astero egiten dituzte Sansomendin, eta irakurgaien artean egoten dira beti William Shakespeareren Romeo eta Julieta, Federico Garcia Lorcaren Bodas de sangre eta La casa de Bernarda Alba. Duela gutxi, Carmen Laforeten Nada liburua irakurri ziren, eta izenburu bereko antzezlana ikustera joan ziren DBHko 4. mailako ikasleak.