LHtik DBHrako trantsizioa koordinatzen
Etapen arteko lotura izan dute gaitzat HEIZEko 10. jardunaldiek, ongi detektatuta dagoelako ikaskuntza etapen artean lotura gutxi eta koordinazio gabezia handia dagoela eskola publikoetan, eta horrek, azkenean, ikasleengan duela eragina, eta ez bereziki ona edo positiboa. Egoera hori hobetzen hasteko asmoz elkartu ziren Bilboko Hezkuntza fakultatean hainbat zuzendari eta irakasle, eta beste askok ikastetetxetik bertatik egin zioten jarraipena jardunaldiari.
Eguneko jardunaren hasieran argi adierazi zuen Lucia Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak gai horretaz ezer gutxi dagoela idatzia. Euskal Eskola Publikoaren legean aipamen bat baino ez dela egiten azaldu zuen, eta haren ondotik etorri diren curriculum dekretuetan eta arauetan ez dela espreski ezer idatzi. “Bai, ostera, orain argitaratuko den edo tramitean dagoen oinarrizko hezkuntzaren curriculum berrian”, gaineratu zuen. “20. artikulua txertatu da trantsizioari nolabaiteko aipamen berezia eginez. Interesgarria da bertan jasotzen dena, koordinaziorako eta informazioa esku aldatzeko mekanismoak bermatu behar direla dioelako”. Artikuluaren 2. puntuan jatorrizko eta helmugako profesionalen artean lankidetzak ezartzeko mekanismoak ezinbestekoak direla esaten da, batez ere Hezkuntza Laguntza Premia Bereziak dituzten ikasleen kasuan. “3. puntuan beste kontu bat ere aipatzen da: Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean matrikula egin ondoren, ikastetxeek Lehen Hezkuntzako historia akademikora eta etapa amaierako banakako txostenetara jo ahal izango dutela zuzenean. Atxikitako ikastetxeen kasuan —ibilbide bereko ikastetxeak—, gainera, ikasleen LHko azken tutorearen eta DBHko tutorearen edo ordezkariaren artean elkarrizketak egin beharko direla dio, ikaslearen ikaskuntza ibilbideari buruzko informazioa osatzeko. Eta berriro aipatzen da Hezkuntza Laguntza Premia Bereziak dituzten ikasleen kasua, Orientazio taldeko kideak ere batzar horietan egon behar dutela esanez. “Azken finean, artikulu bat baino ez da; orain berau garatzea eta martxan jartzea dagokigu”, gaineratu zuen Torrealdayk. 6-16 urte bitarteko derrigorrezko hezkuntza eskaintza osoa egiten duten ikastetxeek hezkuntza proiektu bakarra izan ohi dute, baina Euskal Herriko eskola publikoetan bestelakoa da egoera; ohikoena Lehen Hezkuntza amaitu ondoren Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe edo institutu batera joatea izaten da. Orokorrean kultura eta gauzak egiteko bestelako erak izaten dituzte, bai curriculumari begira, bai antolaketa eta funtzionamendu egiturei begira. Horregatik, zikloen eta etapen arteko aldaketek eragina izaten dute ikasleengan, eta bereziki LHtik DBHrako etapa aldaketak.
Trantsizio delikatua
Nerea Permach EHUko Bilboko Hezkuntza fakultateko irakaslearen ustez etapa aldaketa hori da ikasleentzat delikatuena, eta halaxe adierazi zuen jardunaldian. “Garai horretan oso prozesu konplexua bizitzen dute ikasleek, alde batetik errealitate berri batera egokitu behar dutelako, eta bestetik euren garapen pertsonalean eta harremanetan aldaketa ugari bizitzen dituztelako. Nerabezaroan emozionalki gorabehera handiak daude eta hori dena ikastetxe berri batean, lagun berriekin eta irakasle mordo batekin bizi behar dute. Ikasleek egokitzapen psikologiko, sozial eta akademiko konplexuak bizitzen dituzte. Trantsizio bikoitza dela esan daiteke: batetik baikortasunez, erronka moduan; baina bestetik antsietatez, beldurrez eta estres handiarekin bizi daitekeen prozesua da”. Horregatik uste du ikastetxeetatik egokitzen laguntzeko ahalegin berezia egin behar dela.
Torrealdayren iritziz garbi dago ibilbide pedagogiko komunak sortzeko beharra dagoela: “Hezkuntza proiektuen arteko koherentzia bermatu behar da, eta baita zuzendaritza proiektuen artekoa ere. Etapen arteko loturak hezkuntza proiektuetan eta zuzendaritza proiektuetan isla eduki behar du, esplizituki adierazi behar da, bestela ez baita ikusten”. Trantsizio protokoloak edo prozedurak ezartzearen beharra ukaezina dela gehitu zuen, zeinetan irakasleen eta orientatzaileen arteko batzarrez gain, beste hainbat alderdi landu behar diren, besteak beste: harrera planak, familien inplikazioa, curriculuma garatzeko moduak —batez ere metodologia eta ebaluazioa—, aniztasunaren erantzuna, taldekako eta banakako tutoretzak, ikasleen arlo emozionala, akademikoa eta sozialaren ezagutza –batez ere Hezkuntza Laguntza Premia Bereziak dituzten ikasleen kasuan— eta abar.
Beraz, Torrealdayk azpimarratu zuen moduan, “etapen arteko trantsizio egokia egitea ikaslearen eskubidea da eta urrats sendoak eman behar ditugu trantsizio prozesuak modu kolaboratiboan gauzatzeko”.
Etapen arteko loturak egiteko balizko egitura bat
LHtik DBHrako etapen arteko loturak egiteko, trantsizio planak egitea aholkatu zuen HEIZEren jardunaldietan EHUko irakasle Nerea Permachek. Balizko egitura bat proposatu zuen, zer eta nola egin daitekeen iradokiz.
Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako trantsizioan bost zubi eraiki behar dira Nerea Permach EHUko irakaslearen ustez.
Alderdi administratiboari erantzuteko: ikastetxe biek modu desberdinean funtzionatzen dute eta normalean institutuak handiagok izaten dira, sarrera-irteera eta ordutegiak berriak izaten dira, idazkaritza bat baino gehiago egon daitezke...
Alderdi sozioemozionala: eskola eremuan 6. mailan zaharrenak izatetik DBHko 1. mailan gazteenak izatera pasatzen dira, horrek barruan sorrarazten dizkien beldurrekin, segurtasun ezarekin eta abar, eta hori dena kudeatu behar da.
Curriculumaren inguruan: bi etapen arteko curriculuma eta ekintzak bateratu behar dira. “Esate baterako, Lehen Hezkuntzan denbora daramate konpetentzietan oinarritutako metodologiarekin lan egiten eta DBHn esperientzia hori aprobetxatu beharko litzateke”, Permachen iritziz.
Alderdi pedagogikoarekin zerikusia duten elementuetan: zubiak eraiki behar dira metodologikoki izugarrizko aldaketak egon ez daitezen. Egokitzapen arrakastatsua izateko, LHn erabiltzen diren metodologia eta estrategia beretsuak jarraitu behar dira.
Ikaskuntzaren autogestioari dagokionez: DBHn irakasle askoz gehiagorekin hasten dira lanean ikasleak eta euren ikaskuntzan beste ardura maila bat hartu behar dute. DBHko irakasleen jarduteko modua ere nahiko desberdina da LHkoek dutenarekin. Ekainean LH bukatu eta bi hilabete bakarrik pasatzen dira irailean DBH hasten dutenera, eta normalean denbora gehiago behar izaten dute metodologikoki gertatzen diren aldaketak ulertzeko.
Ikastetxeetan trantsizioa egiteko kontuan hartu beharreko hainbat faktore daudela gogorazi zuen Permachek eta hiru multzotan banatu zituen:
Irakasle-ikasle loturan eragiten duten faktoreak, betiere eskola giroan zerikusia dutenak. Irakasleen eta ikasleen arteko harremanetan ñabardurak sortzen dira. LHn zeregin bat burutzeko gaitasunari baino garrantzi gehiago ematen zaio prozesuari, ikasteko egiten duten ahaleginari. DBHn, ostera, notek beste arreta gune bat sortzen dute. Eta horrek guztiak bi aldeen arteko harremanean eragina du. Baita elkarrekin pasatzen duten ordu kopuruak ere: tutoreak ordu asko pasatzen ditu ikasle talde berarekin LHn, eta DBHn gutxi, horrek erlazioak eraikitzeko sortzen duen zailtasunarekin eta motibazioan eragiten dituen trabekin.
Curriculumean, metodologian eta irakaskuntzako tekniketan zerikusia dutenak.
Eskola testuinguruarekin eta administrazioarekin zerikusia dutenak: arau berriak, bitartekaritza, autoritatea...
Trantsizio planak
Planak egitea, helburuak jartzea, egituratzea eta idaztea garrantzitsua dela azpimarratzen du Permachek eta baita trantsizio planak hezkuntza proiektuetan txertatzea ere. “Ikaslearen ibilbidean trantsizioa inportantea delako txertatu behar da hezkuntza proiektuan”. Trantsizio planak hiru helbururen inguruan eraikitzea gomendatzen du Permachek: ikaslearen eta ikaskuntza prozesuaren jarraipena sustatzeko; familien lankidetza bultzatzeko; eta hezkuntza zentroen eta inplikatutako eragileen ekintzen koordinazioa bermatzeko.
Koordinazioa zutabe Argi ikusten da jatorrizko eta helmugako ikastetxeen arteko koordinazioa funtsezkoa dela ikasleek trantsizio egokia egin dezaten. Koordinazioa hainbat esparru eta mailetakoa izan daiteke eta denak ondo zehaztuta, izendatuta eta antolatuta egotea aholkatzen du Permachek. Horrela, koordinazio mota hauek sailkatzen ditu:
Bi etapetako ikasketa buruen arteko koordinazioa: zentroen oinarrizko ezaugarriei buruzko informazioa eta komunikazio bideak irekitzea izango litzateke xedea.
Koordinazio curricularra: DBHko zentroetako Didaktika Sailei eta LHko ikasketa buruari, azken zikloko etapako koordinatzaileari edo batzorde pedagogikoari egokituko litzaieke koordinazio hori egitea.
Tutoretza ekintzaren eta aniztasunari erantzuteko neurrien koordinazioa: bi zentroetako orientatzaile taldeei dagokie koordinazio hori eta zereginen artean hauek edukiko lituzkete: absentismo goiztiarra saihesteko neurriak hartzea; zentro berriko DBHko orientatzaileei hezkuntza laguntza premia bereziak dituzten ikasleei buruzko informazioa ematea jarraipen egokia egin dezaten; ikasle taldeen profilaren ezaugarrien informazioa transmititzea ebaluazio diagnostikoa gehituz eta abar.
Familientzako harrera prozesuen koordinazioa: familiek trantsizioan parte hartzea bultzatu nahi baldin bada, haiekin lanketa berezia egin beharko da. Informazioa emateaz gain, trantsizioari buruzko lan-saioak egitea gomendatzen da.
Ikasleen harrera prozesuaren koordinazioa: orientatzaileek egitea da egokiena, ikasleei prozesu osoaren inguruko informazioa emanez.
Galderetatik abiatuz
Adituen iritziak eta proposamenak entzuteaz gain, jardunaldira bertaratutakoek elkarrekin hausnartzeko aukera izan zuten. Hiru galderen inguruan aritu ziren:
Zer-nolako koordinazio bideak ditugu?
Zerk lotu beharko gintuzke etapen arteko harremanetan?
Zer egin dezakegu ikastetxeetatik, hezkuntza komunitatetik eta administraziotik?
Galdera horiek ikastetxe publiko guztietara bidaliko ditu HEIZEk eta erantzun gehiago jasotzen ari da. Behinbetiko baloraziorik ez dute egin oraindik, baina Iñigo Salaberria HEIZEko arduradunak aurreratu duenez, hezkuntzaren inguruan ditugun hamaika erronkekin batera gai horrek ere berebiziko garrantzia du eta izango du hemendik aurrera. “Ikasleek gure ikastetxeetan egiten duten ibilbide akademikoan eta bizi jardueran kokatu behar dugu beste behin begirada. Mundu eta gizarte aldakor etengabe horretan ziurtasunetan oinarritutako hezkuntza eskaintza haien beharretara moldatuz. Aurre egin beharreko erronka ez da makala, baina hezkuntzako profesionalon konpromisoak horri egunerokoan erantzuteko lanean hartzen du esanahia”.
Trantsiziorako ekintza zehatzak
Trantsiziorako ekintza zehatzak LHko 6. mailan
Lan saioak erreferentziazko orientatzaileen eta 6. mailako tutoreen artean. Hainbat kontzeptu landuko dira: hezkuntzaren trantsizioari, orientazioari eta tutoretzari buruzkoak. Helburua trantsizioa curriculumean txertatzea izango da eta irailetik hasita ikasturte osoan zehar lantzea. 6. mailako ikasleak hurrengo urtean DBH1era joango dira eta, beraz, orientatzaileek eta tutoreek hurrengo etapa ebolutiboaren jakitun izan beharko dute, ikasleei laguntzeko.
Orientazioa saioak ikasleekin. Alderdi hauek landuko dira ikasleekin: ikasketa ibilbidearen gaineko informazioa, DBHko ezaugarri orokorrak eta orientazio emozionala.
Orientazio saioak gurasoekin. Ikasketa ibilbidearen informazioa emango zaie, eta baita DBHko etapako ezaugarri orokorren berri ere.
Trantsiziorako ekintza zehatzak DBHko 1. mailan
Lan saioak ikasketaburuekin eta orientatzaileekin jarduerak koordinatzeko eta informazioa transferitzeko. LHtik jasotako dokumentazioaren arabera, hainbat lan saio egingo dira: Hezkuntza Premia Berezia dituzten ikasleen azterketa, trebetasun instrumentaletan taldearen profila ezaugarritzea, eta taldeko profila eta gainerako dokumentazioa tutoreekin partekatzea, hezkuntza taldeko guztiek eskura eduki dezaten.
Ikasleen bisitak. Ikasle berriak DBHko zentrora gonbidatu ikastetxearen berezitasunak, bizikidetza eta funtzionamendua ikus ditzaten. Bertako ikasleek euren bizipenak eta esperientziak kontatzea ere interesgarria da, trantsizioa nola bizi izan zuten jakite aldera. horrekin batera, ikastetxeko instalazioak eta espazioak ikusiko lituzkete bisitan, irailean iristen direnean espazioa hain arrotza ez izateko. Bisitaren amaieran mokadutxo bat eskaintzea egokia da ikasturte amaiera ona opaz eta hurrengorako ongi etorria emanez.
Gurasoen bisitak. Ikasleekin bezala, gurasoei ere zentroaren kulturari, berezitasunari, bizikidetzari… buruzko azalpena emango zaie bisitan.
Ekintza horiek denak ikasturtean zehar landuz eta eginez joan behar dela esan zuen Permachek, eta ebaluazio jarraia eta formatiboa egitea lehenetsi zuen. LHtik DBHrako trantsizioa arrakastatsua izan dadin, formazioa ezinbestekoa da, eta horregatik azpimarratu zuen Permachek trantsizio planek formazioa bere gain hartu behar dutela.