Etxe gehienak bertan helduak bizi daitezen egoten dira prestatuak, haien gustueieta premiei erantzuten die sarri etxebizitzaren antolaketak. Baina zer eduki beharda kontuan etxearen egitura eta diseinuan ume bat datorrenean haurtxoaren mugimenduaneta autoestimuan lagundu dezan?
Haurren istripu arin nahiz larri gehien etxean gertatzen direla erakusten dute datuek eta estatistikek. Ezbehar horiek saihesteko, sarean dozenaka gomendio irakur ditzakegu: “Kontuz gortinekin, umeak bere burua ito dezake! Kontuz zaborrontziarekin, haurra ito egin liteke! Giltzapean itxi punta zorrotza izan dezaketen gailu guztiak! Sukalderako su-itzalgailu bat erosi! Barroteak ipini oheari haurra bertatik eror ez dadin eta burua hautsi ez dezan! Kontu baina, barrote horien arteko tartea ez dadila 7 cm baino handiagoa izan, bestela burua sartuko du barrote artean eta gero agian ezingo du atera!”. Eta jarraitzen du gomendio zerrendak... halaxe dio azken burukoak: “Kontuz! Haurrari bere etxeko eremua gehiegi mugatzen badiozu eta debekuz betetzen badiozu, bere mugikortasuna, konfiantza eta ondorioz autoestimua urratzen diozu”.
Beraz, egin dezagun galdera beste modu batera: zer eduki behar dugu kontuan etxearen egituran eta diseinuan umearen mugimendua, konfiantza eta, ondorioz, autoestimua garatzen lagundu nahi badugu? Joxe Ramon Mauduit psikologo eta psikoterapeutari galdetu diogu. Etxea aterpea dela dio, baina baita oinarrizko afektua jasoko duen lekua eta estimuluak jasoko dituena ere. “Kontzeptu kontua da: detaile gutxi batzurekin haurraren mugimendua mugatu egiten dugu edo bultzatu”. Berak argi dauka: “Hazitzen ari den gorputzak mugimendua behar du. Haurra bere gorputza eta gorputz horren gaitasunak esploratzen hasten da oso txikitatik. Horretarako gorputz horrek ezinbestekoa du mugitzea”. Mauduiten arabera, haurraren mugimendua errespetatzeak, hezitze prozesua errespetatzea esan nahi du, bere zentzu zabalean.
Haurra aske eta seguru mugitzen lagun dezaketen baldintza batzuk
Lehendabiziko hiru hilabeteetan etxeak egokitzapen berezirik ez duela behar dio Mauduitek, amarekin egon ohi da eta ezker eskuin ez da asko mugitzen. Ama bera da egoera berrian etxea eroso aurkitu beharra duena. Aurrerago, baina, umea mugitzen hasiko da. Barruak eskatu egiten dio mugitzeko, baina, kanpokoak konfiantza eskaini behar dio, ez dezala minik hartu. Mugitu dadin, baina, baldintzak eduki behar ditu haurrak etxean. Lekua, espazioa eduki behar du mugitzeko, hasteko. Eta espazio horretan minik ez duela hartuko jakin behar du.
Lurra: Mugitzen hasten denetik, lurrarekiko kontaktuan dago haurra. Espazio oso garrantzitsua izango da lurra berarentzat, lau hankatan dabilela gaitasun motorea garatzen ari baita. Gero, salto egin eta lurrera erortzea gustatzen zaio haurrari, baina horretarako minik hartuko ez duen lekua behar du. Lurra, baina, gogorra eta hotza izan liteke, egurrezkoa edo baldosazkoa baita; arazo hori koltsoneta batzurekin konpon liteke, adibidez. Lurrean eroso sentitzen bada, haurrak uzten zaion espazio zabal guztian zehar esploratuko du, bere kabuz. Gurasoei ere lurreran egoteko gomendioa egiten die Mauduitek: “Etxetik etorri eta lurrean etzan, zure gorputzari kasu egin, luzaketak egin eta arnasa sakon hartu. Kanpoko gora-beherak utzi eta etxeko giroan sartzeko modua da”.
Egongela: Oro har, etxeko lekurik zabalenetakoa izaten da, eta konpartitzeko lekua. Haurrarentzat, ondorioz, leku erosoa eta atsegina izan ohi da egongela, bere beharretara egokitua baldin badago. Bertan egoten dira liburu edo musika gailuak ere, eta horiek guztiak haurraren eskura jarriz gero, ukitu egingo ditu. Beraz, Mauduitek bi gomendio egiten ditu: “Liburuak ukitu eta esploratu nahi izaten dituzte haurrek, eta ‘ezetz’ eta ‘ezetz’ esaten badiegu, ez du bakerik izango. Liburu bat eskutan uztea, ukitu dezala eta esploratu dezala ideia ona izaten da, behin esploratu, bota edo dena delakoa egin duenean ez du normalean berriro beharko”. Argitxoak eta botoiak dituzten gailuen kasuan, helduak nahi ez badu haurrek erabiltzea edo ukitzea, debekatzea baino bere begi-bistatik kentzea hobe dela dio, gurasoen eta seme-alaben arteko tentsio-uneak saihestuz.
Bere gela: Haurra jaio edo iritsi aurretik prestatzen da askotan bere gela, batzuetan helduen gustuen arabera, eta ez haurren beharren arabera. Etxean adierazteko aski espazio baldin badu —egongelan adibidez—, logela ez du beharko hainbeste mugitzeko edo ibiltzeko, eta Mauduiten arabera, logela hiru gauzatarako erabiliko du haurrak: Lo egiteko, gauzak gordetzeko eta bere intimitatea edukitzeko.
Ohea: Haurra bere ohean lo egiten hasten denean alturak izaten dira arrisku. Alturak saihestuta ekidin liteke arrisku hori, oheak lurretik ahalik eta baxuen jarriz, adibidez.
Bere gauzak gordetzea: “Nirenireanirea” hasten denean haurra, bere gelan, bere espazioan, bere gauzak edukitzea garrantzitsua da, “seguritatea ematen dioten gauzak behar ditu gelan garai horretan”, dio psikoterapeutak. Horrez gain, bere gauzen kokamena lantzen hastea inportantea da, eta bere gauzen antolaketan eta jasotzean haurrak parte hartzea.
Intimitatea: Haurrideren batekin konpartitzen duenean gela, sarri intimitatea puskatzearen sentsazioa izaten dute haurrek, batez ere haurride nagusienek. Mauduitek horri buelta ematea proposatzen du, eta zaharrena inplikatzea txikiena gelan inkorporatzen, bera ez dadin baztertua sentitu: “Inportantea da txikiena iristean ez inbaditzea erabat zaharrenaren espazioa”.
Sukaldea: Haurrak helduak dabiltzan lekuan ibili nahiko du. Etxearen antolaketan, beraz, sukaldea ere kontuan izan behar da. Gurasoek ordu luzeak egiten badituzte sukaldean umeak ere han egon nahiko du, eta bertan mugitzeko espazioa beharko du. “Sukaldean inportantea da aurreikustea haurra hor dagoela, eta gurasoak ez estresatzeko modua egoerari aurre hartu eta ekintzetan txertatzea da”.