Txikiak izanagatik ere, garrantzitsua da haurrek ekonomiari buruzko nozioak izatea eta etxeko ekonomia modu egokian antolatzeko tresnak izatea.
Txikiak izanagatik ere, garrantzitsua da haurrek ekonomiari buruzko nozioak izatea eta etxeko ekonomia modu egokian antolatzeko tresnak izatea. Hala adierazi du Ibon Rodriguez Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuko teknikariak.
Etxeko ekonomiaren kudeaketa helduen kontua izaten bada ere, haurrek eta gazteek horretan parte hartzea oso garrantzitsua da. Hala adierazi du Ibon Rodriguez Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuko teknikariak: “Modu horretan finantza trebetasunak garatzen lagunduko diegu eta etorkizunean ekonomiari buruzko ikuspegi zehatzagoa izango dute”.
Parte-hartzea adinaren araberakoa izango da, jakina, baina badira txiki-txikitatik jakin beharko lituzketen hainbat gauza eta horien artean lehentasuna du beharraren eta nahiaren arteko aldeaz jabetzeak. “Etxean oinarrizkoak diren gastu finko batzuk daudela jakin behar dute: etxea bera, gasa, berogailua, argindarra, ura… Noizbehinka sortzen diren gastuak zein diren ere jakin behar dute, eta baita inurri gastuak deritzenak zein diren ere: aintzat hartzen ez ditugun gastu txiki horiek guztiak, alegia”, azpimarratu du Rodriguezek. Azken horiekin jabetu ere ez gara egiten ia, baina guztiak batuz gero, gastu handia izaten sortzen dute: “Adibidez, egunero etxetik kanpo kafe bat hartzen baldin badugu, zenbat gastatzen dugu kafetan hilabeteren buruan? Eta ume batek egunero goxoki bat erosten baldin badu?”. Gastu horiek beharrezkoak ote diren galdetu beharko genioke geure buruari eta txikitatik ikasi beharko genuke beharrezkoak diren gastuak beharrezkoak ez direnetatik bereizten.
Garrantzitsua da gasa ordaindu egin behar dela jakitea, baina jakin behar dute, baita ere, gasa ez dela amaiezina
Ibon Rodriguez, Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuko teknikaria
Ohitura onak hartzea da gakoa, beharrezkoak diren gastuetan murrizketak egiteko edo horiek kontrolatzeko. Adibidea jarri du Rodriguezek: “Ura iturritik ateratzen den unean bertan ordaintzen ez baduzu ere, kontsumitutako ur hori gerora ordaindu behar dela jakin behar dute, eta etxean berogailua jartzeagatik ordaindu egin behar dela jakin behar dute”. Izan ere, gastu horiek aintzat hartzen baldin badituzte, kontsumo jasangarri baten aldeko urratsak egiten has gaitezke: “Garrantzitsua da gasa ordaindu egin behar dela jakitea, baina jakin behar dute, baita ere, gasa ez dela amaiezina”.
Kontsumo eredua aintzat hartu
Gizarteko kontsumo ereduak etengabeko kontsumoaren alde egiten du, baina gure etxeko ekonomia, dugun dirua eta munduak dituen bitartekoak ez dira mugagabeak. Hori dela eta, “dutena ongi erabiltzen ikasi behar dute, bai eta haien kontsumo ereduak zer-nolako eragina duen ikusi ere”.
Umeek jakin behar dute gurasoek egunero etxetik kanpo lan egiteagatik jasotzen duten dirua ez dela amaiezina eta gauzen prezioak ezagutu behar dituzte
Ibon Rodriguez, Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuko teknikaria
Etxeko ekonomia egokiro kudeatzeko hainbat aholku eman ditu Rodriguezek: “Kredituak murriztu behar dira, eta beharrezkoa dena eta beharrezkoa ez dena bereizi, noizbehinkako gastuak, alegia. Zein diren identifikatu behar dugu, eta gure kontsumo ereduak eragiten dituen ondorioak zein diren aztertu. Umeek jakin behar dute gurasoek egunero etxetik kanpo lan egiteagatik jasotzen duten dirua ez dela amaiezina eta gauzen prezioak ezagutu behar dituzte: adibidez, futboleko botak behar baldin badituzte, jakin behar dute zer alde dagoen bota arrunt batzuen eta markako beste batzuen artean. Horri buruz hausnartzera bultzatu behar ditugu”. Kontsumo-gizarteak etengabe dirua gastatzera bultzatzen gaitu: kreditu txartelak ditugu, gauzak epeka ordaintzeko aukera… Eta horren guztiaren aurrean informazio egokia jaso behar dute.
Bestalde, zergak zer diren jakitea ere garrantzitsua da: “Ohartu behar dute jasotzen dugun diru guztia ez dela etxera heltzen, zergak eta bestelako gastuak ordaintzera bideratzen delako”, azaldu du Rodriguezek.
Eskolak etxean egindako lana osa dezake, baina gurasoen esku dago etxeko ekonomiari buruzko ezagutza transmititzea: “Etxean dirua eta janaria xahutzen ari baldin bagara, adibidez, ezin dugu pentsatu eskolak dena konponduko digunik”, azpimarratu du Rodriguezek.
50/30/20 metodoa
Aurreztea garrantzitsua den arren, etxeko hileroko diru sarrerek zehazten dute aurreztea posible den ala ez. Badira hainbat modu aurrezteko, eta horien artean ezaguna da 50/30/20 metodoa izenez ezagutzen dena. Horren arabera, hilabeteko diru sarrerak honela antolatu beharko genituzke:
· % 50: oinarrizko eta beharrezko gastu finkoak ordaintzeko. Fakturak (ura eta argindarra, adibidez), janaria, garraioa, eskolako gastuak, oinetakoak eta arropa…
· % 30: noizbehinkako gastuak ordaintzeko. Aisialdia eta kapritxoak: etxetik kanpoko bazkariak edo afariak, zinema, bidaiak…
· % 20: aurreztera bideratu beharreko kopurua.
Metodo hori aplikatzeko moduan dauden familiek errazagoa izango dute gastuak kontrolatzea eta aurreztea, eskuartean duten dirua modu eraginkorrean kudeatzeko aukera dutelako.