Haurrak etxeko lanetan txiki-txikitatik inplikatzeak onura sozial eta pertsonalak dakartza, baina jendartean kontrako jarrera dago zabaldua, etxeko lan eta ardura guztiak gurasoek hartzea, haurrak etxetik kanpoko beharretan ari daitezen.

Zazpi urteko haurrak eskiatzen daki, baina aitak lotzen dizkio goizero oinetakoaren lokarriak. Bi bider gurutzatu ditu itsasoak hegazkinez, baina amak prestatzen dio igeriketako motxila 8 urtekoari. Programazio aurreratuan dihardu nerabeak, baina ez du sekula bere ohea egin. 10 urtekoak hiru urte daramatza gitarra ikasten, eta oraindik ere aitak eramaten dio gitarra bizkarrean etxetik musika-eskolara eta bueltan. Ez da asko arakatu behar inguruan gisa horretako adibideak aurkitzeko…

Badirudi haurrek eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan edota kiroletan egiten duten bizitza eta horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko etxean egin behar diren lanak deskonektatuta daudela elkarrengandik. Baina ez da hala, bizitza sostengatzen duten lanak dira. Astean bitan saskibaloiko entrenamendua du 14 urteko gaztetxoak, baina ez da sekula arduratu entrenamendu osteko arropa izerdituak garbitu, lehortu eta gutxienez tolestuta kaxoian sartzeaz. Zer irakaspen jasotzen du halakoetan gaztetxoak? Lagundu ala kalte egiten dio gurasoak seme-alabari etxeko lanen ardurarik ematen ez dionean?

Haurrak etxeko lanetan Haur Hezkuntzatik beretik murgiltzea proposatzen zuen Maria Montessorik, horretan baitatza, hain zuzen ere, Montessori-eskoletan (eta gaur egun ikastetxe orokorretan) gauzatzen diren bizitza praktikoaren txokoak eta txoko horietan txiki-txikitatik hasten dira arropa garbitzen eta eskegitzen, tolestzen, erratza pasatzen, lurrera eroritako ura lehortzen… 3-6 urte bitarteko etapan, haurraren garapen osasuntsuan gehien laguntzen duen alorra bizitza praktikoari dagokiona dela esaten zuen pedagogo italiarrak, hainbat onura dituelako, hala nola, koordinazioa, ordena, independentzia, kontzentrazioa, komunitateko kide sentitzea… Bizitza praktikoko ekintzak, etxera ekarrita, “etxeko lanak” egitea litzateke, eta horretarako ez da behar “txokorik”. 
Montessorik behatu zuen haurrak ia oinez hastearekin batera lagundu dezaketela eguneroko lanetan, eta horretarako gakoa dela lan horiek egiteko materialak eta tresnak euren eskura edo eurei egokituak izatea, eta pausoz pauso lan bakoitza nola egiten den azaltzea. Montessoriren filosofian oinarrituta, etxeko lanak etaparik etapa haurren egunerokoan integratzea gomendatzen dute adituek.

Aupa zentroko Alicia Santa Cruz psikologoak Estos son los beneficios de implicar a los niños en las tareas del hogar  izeneko artikuluan dioenaren arabera, haurrak etxeko lanetan txiki-txikitatik inplikatzeak “euren ingurune familiarra ezagutzea eta baloratzea dakar, eta onura sozial eta pertsonalak ekartzen dizkio”. Santa Cruzentzat, bat dator etxetik kanpora ezarritako helburuak hala nola akademikoak, kirolak, lagun-artekoak… betetzea eta etxeko lanak egitea, izan ere gure jendartean gero eta zabalduago dago aurkako joera, seme-alabak “gainbabestea”, eta etxeko lan eta ardura guztiak gurasoek hartzea, haurrak etxetik kanpoko beharretan ari daitezen: “Familian ezartzen da konpetentzia emozionalen garapena, sozializazio ereduak, aurrera egiteko estrategiak… eta horiek guztiak bultzatzen dira etxeko lanak sustatzen direnean, eta, era horretan, gurasoen balioak islatzen dira”. Psikologoaren aburuz, haurrak “euren adinari, gaitasunari eta egoerari loturiko” etxeko lanak egiteak, eginbeharrak eta ardurak betetzeak, abantailak eta mesedeak besterik ez dakartza, “beti ere zigor moduan planteatzen ez badira”. Etxe baten martxarako begi bistakoak diren abantaila praktikoez gain, moralak eta etikoak aipatzen ditu. Adibide bat jarri du: “10 urteko haurrak afaria jartzen laguntzen badu, jaki horren balioaz gehiago konturatuko da, berak ere lan egin baitu horretan. Behin ohitura hartzen duenean, berak proposa dezake zer sukaldatu, asteko planifikazioa egiteko eska dakioke, erosketetako zerrenda osatzen laguntzea… Otorduak balio handiagoa hartuko du, eta familiako parte garrantzitsu sentitzen laguntzen du”.

Autonomia, autoestimua, autoezagutza, autokontzeptua hobetzen laguntzen du haurrak etxeko lanetan parte hartzeak, Santa Cruzen aburuz: “Haurra baloratua eta inportante sentitzen da, eta horrek gauzak zuzen egiteko motibazioa areagotuko dio, eta pixkanaka gero eta etxeko lan arduratsuagoak hartzeko gai ikusiko du bere burua”. Horretarako gakoa ezartzen du etxeko lanak egingarriak eta mailakatuak izatea. Elkar-zaintzarekin lotzen du psikologoak haurrek ere etxeko lanetan parte hartzea: “Familia talde sentiaraz dezake errutinak eta denborak antolatzea, eta horrek enpatia areagotuko du, norberagatik eta besteagatik lan egiten ari dela ikusiko du”. Adibide zehatza jarri du: “Haur bat komuna garbitzeko gai da 12 urterekin eta lan hori hartzen badu, hortzak eta aurpegia garbitzean edo komuna erabiltzean berean kontu eta zainketa gehiagorekin ibiliko da, badakielako zer-nolako lana den gero garbitzea. Hori estuki lotua doa bere manerekin, bere buruari mesede egingo dio zabarra ez izateak eta baita ondokoei ere”.

Parekidetasunean hezteko funtsezko gakoa iruditzen zaio psikologoari haurrak, mutil zein neska, txikitatik etxeko lan guztietan inplikatzea, alabak kotxea garbitzen jartzea, etxeko konponketak egiten ikastea, eta berdin-berdin mutilak arropa garbitzen eta eskegitzen jartzea edo hautsa kentzeko eskatzea. “Desberdinkeriarik gabe hezteko bidea izango da etxeko guztiak inplikatzea garbiketa, sukaldea, zaintza edo gainerako lanetan aritzea”. Berdintasunari eusteko, gurasoen erreferentziari garrantzia ematen dio psikologoak.

Etxerako lanak haurraren gaitasun eta adinari egokitzea garrantzitsutzat jotzen du Santa Cruzek, eta oso txikitatik gonbidatzea proposatzen du. Ildo berean, Roger Ballesca psikologo katalanak dio nerabezaroa dela etxeko lanetan murgiltzea eskatzeko garai txarrena: “Nerabe batek alergia dio behartua sentitzeari, edo helduak eskatutako zerbait egitera behartua sentitzeari. Baina txikitatik barneratu baditu etxeko lanak ohiko betebehar gisa, nerabezaroan ez zaio hain gaitza egingo etxeko lanak egiten jarraitzea”.


Etxea, Montessoriren  “bizitza praktikoko txokoak”

Maria Montessoriren idatzietatik eratorrita, honako hauek dira bizitza praktikoko txokoetatik proposatzen diren etxeko lanak, adin-tarte bakoitzari egokituta:

1-2 urte bitarteko haurrak:
bere kabuz eskuak garbitzea; arropa zikina garbitzeko saskian uztea; toaila eskegitzea; ilea orraztea; laguntzarekin jantzi eta eranztea; ura erori bada lehortzea…

2-3 urte bitartekoak:
askotariko jaki errazak prestatzea edo zuku bat egitea; gurina, marmelada ogian jartzea; erratza pasatzea; aurpegia eta hortzak garbitzea, belkrodun oinetakoak lotzea; ohea egiten laguntzea; landareak ureztatzea; hortzak garbitzea (laguntzarekin)...

3-6 urte bitartekoak: 
ontziak garbitzen/lehortzen laguntzea; garbigailua jartzen laguntzea, arropa doblatu eta kaxoian gordetzea, euren ohea egitea, lurra garbitzea, hautsa kentzea, burua garbitzea, erosketak gordetzea; sukaldean laguntzea (arrautza egosi bat zuritu, barazkiak moztu…); oinetakoak garbitzea…

6-9 urte bitartekoak:
gela txukuntzea, eskolako edo kiroletako motxila prestatzea, hamaiketakoa prestatzea, aspiragailua pasatzea; sukaldean laguntzea; ontziak gordetzea; leihoak garbitzea; buzoitik gutunak jasotzea…

9-12 urte bitartekoak:
bainua garbitzea; zaborra ateratzea; zakurra paseatzera ateratzea, kotxea garbitzea; sukaldea garbitzea; garbigailua eta ontzi-
garbigailua jartzea; otorduak prestatzea...

12 urtetik aurrera 
asteko otorduak planifikatzea eta erosketak egitea; afaria jartzea, etxeko konponketa txikiak egitea edota neba-arreba txikiagoak zaintzea...