Komunikabideetan polemika eragin badu ere, benetako eztabaida ez da etxerako lanak bai ala ez, Joxe Amiama EHUko irakaslearen esanetan, ez behintzat adin batetik aurrera. Gakoa etxerako lanen nolakotasunean legoke. Baliagarriak izan daitezkeela dio, baina neurtuta eta mugatuta erabili behar direla.
Arratsaldea iristen da, eskolak amaitu, etxera joan, eta atzera ere eskolako lanekin hasi behar izaten dute haurrek, bai behintzat adin batetik aurrerakoek. Beste horrenbeste gertatzen da asteburuetan edota opor garaian. Eskola bakoitzak etxerako lanak bidaltzeko edo ez bidaltzeko aukera dauka. Errealitatean, ordea, irakasleak erabakitzen du bidali edo ez. Gerta daiteke, egokitu zaien irakaslearen arabera, “A” gelakoek etxerako lan mordoa edukitzea eta “B” gelakoek batere ez. Oro har, ez dago araudi bateraturik, ez irizpide orokorrik. Bidali, eskolak bidaltzen ditu, baina egin etxean egiten dira, eta, beraz, familiako giroari zuzenean eragiten diote. Eskola etxeko esparruan sartzen da, bete-betean.
Ikastetxe gehinek erabiltzen dituzte etxerako lanak, baina beharrezkoak al dira? Eta, hala izatekotan, zenbat, nolakoak, zertarako, noiz, zein adinetatik aurrera… bidali behar dira?
Gurasko asko kexu agertu da behin baino gehiagotan euren seme-alabei lan gehiei bidaltzen dizkietelako. Zenbaitek etxerako lanen eredua ere zalantzan jarri du, memoria lantzeko ariketak soilik agintzen dizkietela argudiatuta. Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak, esate baterako, etxerako lanak mugatzeko eskatu berri du.
Zenbait aditu ere etxerako lanen aurka agertu da. Horien ustez, besteak beste, ikasleen arteko desberdintasunak handitzen dituzte —etxerako lanak gehien aprobetxatzen dituztenak gutxien behar dituztenak baitira—, antsietate eta estres handia eragiten diete haurrei, etxeko harremanak gaiztotzen dituzte eta familiaren eta eskolaren arteko kontsentsurik gabe bidaltzen dira. Hala mintzo da, esate baterako, Francesco Tonucci pedagogoa: “Eskolak egunaren erdia hartzen badu, beste erdiak ez luke eskolarena izan behar, haurrena baizik”. Richard Gerver irakasle ezagunak, berriz, zera dio: “Etxerako lanak denbora galtze hutsa dira, on baino kalte handiagoa egiten dute”.
Komunikabideetan polemika eragin badu ere, benetako eztabaida ez da etxerako lanak bai ala ez, ez behintzat adin batetik aurrera. DBHn esaterako, ia-ia irakasle guztiak alde daude, familien artean %10-15 soilik dago kontra, eta nerabeek ondo baloratzen dituzte, gehiago ikasteko baliabidea direlakoan. “Gaur egun, esparru teorikoan, inork ez ditu etxerako lanak eztabaidan jartzen, ezta ikastetxeek ere. Kontua da nola egin behar diren: antolatzen ote den; nolako etxerako lanak bidaltzen diren; zenbat; denbora kontrolatzen ote den…”, dio Joxe Amiama EHUko irakasleak hik hasi aldizkariaren 181. zenbakian. DBHko jarduna oinarri hartuta, etxerako lanen inguruko doktorego tesia egina du eta gai hori sakon eta zabal landu da hik hasi-n.
DBHn etxerako lanen inguruko eztabaida ohikoa ez bada ere, Lehen Hezkuntzan bestelakoak dira kontuak. “Esparru teorikoan esaten da Haur Hezkuntzako umeek ez dutela gaitasunik etxerako lanei eurek bakarrik aurre egiteko; ezin dute. Beraz, ezin zaie etxerako lanik agindu”, argitzen du Amiamak. Lehen Hezkuntzan, berriz, baietz dio, baina indargarri modura, betiere, irakasleak familiarekin adostuta: “Pixkanaka eta oso neurtuta. Esaten da lehen mailetan, batez ere, irakurketa eta idazketa landu behar direla etxerako lanetan. Irakurketa heldu batek lagundurik egin beharko da, baina nola lagundu behar den irakasleak erakutsi behar du”. Edukiak LH3tik aurrera sartu beharko liratekeela diote aditu gehienek, baina eztabaida handia dago horretan.
Edozein kasutan, etxean egiteko ariketak goizegi agintzea gaitzetsi egiten du Amiamak. Ikerketan erakutsi du haurrak pozik jartzen direla hasieran etxerako lanak agintzean, berritasuna dela medio, baina, zer eskatzen zaien jabetzean eta gai ez direla ikustean, gorrotoa hartzen dietela. “Ehunekoi begiratuta, argi ikusten da ikerketa batzuetan: etxerako lanak egiten oso goiz hasten badira, porrot egiten dute gero DBHn. Abiapuntua txarra delako”.
Testuinguru horretan, eztabaida handiak ari dira izaten etxerako lanen inguruan. Ikasketa-prozesuan laguntzeko baliabide izan daitezkeen arren, gatazka-iturri ere badirelako. Asko erabiltzen dira, baina gutxi hausnartu da balidabide horien erabileraz eta funtzioaz. Etxerako lanak baliagarriak izan daitezkeela irizten du Amiamak, baina neurtuta eta mugatuta erabili behar direla dio, eta koherentziaz jokatu behar dela. “Ez da legezkoa etxerako lanak bidaltzea eta horren aurrean ikasleak eta familiak bakarrik uztea: pentsaketa sakon bat egin behar da. Familiek laguntza eskolatik jaso behar dute”. Zein da hortaz, etxerako lanen funtzioa? Zertarako balio dute? Zein kasutan bidali behar dira?
Indargarri modura edota gaitasunak testuinguruan lantzeko
Batetik, etxerako lanak indargarri modura agintzea hobesten du Amiamak, hots, eskolan egindakoa sakontzeko; bestetik, berriz, kaleko edo etxeko testuingurua baliatzeko aukera ematen dutenak erabiltzea gomendatzen du. Lehen tipologiari dagokionez, eskolako ariketa etxean errepikatu beharrean, horri buruz gehiago pentsatzeko eskatzen zaio ikasleari, prozesua harago eramateko. Eskolan oinarria eman ostean, etxean garatzeko. “Ikasleek esaten dute horrekin asko ikasten dutela, eta oinarrizko gaitasunak garatzeko horixe behar da”. Bigarren tipologiakoak, ostera, eskolan egin ezin diren gauzak dira. Adibidez, planoak eta mapak egiteko, herriko edo auzoko planoak hartu eta iturriak kokatzea horietan, edota elkarriz-keta bat egitea zahar-etxe batean. Horrelakoak gutxi egiten dira, baina ikasleei gustatzen zaizkiela sumatu du doktoreak: “Gaitasunak testuinguruan landu behar ditugu, eta zaila izaten da hori askotan irakaslearentzat, testuingurua irreala izaten baita, esperimentala. Etxerako lanek aukera hori ematen digute, eta uste dut hori indartu eta aprobetxatu behar dugula”.
Ardura hartu eta denbora kontrolatu
Etxerako lanen beste funtzio garrantzitsu bat ikasten ikastea da, Amiamaren irudiko. Izan ere, eginbeharrekin hasteko, lehendabizi, sofatik altxatzea erabaki behar da uneren batean, edo kaletik etxera joatea, edo telebista itzaltzea. “Hori ez da erraza. Autokontrol ziugarria eskatzen du horrek, eta ardura”. Bada autokontrolarekin zein ardurarekin lotuta dagoen beste kontu bat ere: gailu elektronikoen erabilera, hain zuzen, arreta galarazi baitezakete. Doktoreak dioenez, zailagoa da gaurko gazteentzat lehengoentzat baino. Orain dela ez urte asko, arreta galarazten zuten gauza gutxi zeuden; orain, berriz, whatsappa, Internet… elementu asko dira etengabe arreta deitzen dutenak. “Gaurko haurrek autoerregulatzen ikasi behar dute, eta funtzionaltasunari begira zein une diren gailu horiek erabiltzeko onak eta zein ez jakin behar dute. Hori ez da batere erraza”.
Denbora kontrolatzen ikastea ere etxerako lanei oso loturik dagoen zeregina da. Irakaslearen aburuz, ikasi egin behar da denbora kontrolatzen, estresaren aurkakoa baita. “Denbora kontrolatzen ez dugulako estresa-tzen gara. Oso sinplea da denbora kontrolatzen ikastea. “Galdetu zeure buruari: zer egin behar duzu gaur? Zenbat denbora behar duzu? Eta denbora betetzen saiatu. Hori eskolan egin behar da. Baina familiek ere egiten badute, askoz hobe”. Izan ere, familiek uste dute zenbat eta denbora gehiago eman etxerako lanak egiten, orduan eta nota hobeak aterako dituztela seme-alabek. Eta ez dago loturarik bien artean.
Zein da gurasoen rola?
Eskolaren eta familiaren arteko talka gertatzen da sarri etxerako lanen inguruan. Gurasoak ez dira irakasleak. Askotan, baina, seme-alabei lagundu nahian, funtzioak nahasi egiten dituzte, eta irakasle rola betetzen saiatzen dira. Hainbat ume eta gaztek, ordea, ez dute onar-tzen gurasoen paper hori; hau da, gurasoak etxerako lanen inguruan aginduak ematen aritzea. Helduak hobe beharrez aritu arren, maiz gatazka handiak sortzen dira familian. Horrexegatik, rolak ondo bereiztea garrantzitsua iruditzen zaio Amiamari. Gatazkak saihestu nahi badira, eskolaren egitekoa zein den, eta zein familiarena ondo zehaztu behar dela uste du.
Familiak etxerako lanetan era batera edo bestera parte hartu behar badu, eskolaren eta sendiaren artean zehaztu behar da parte-hartze hori nolakoa izango den, Amiamaren iritziz. “Familiak zertan lagundu dezakeen zehaztu behar du eskolak, eta azaldu, baita ere, zeinen baliagarria den haurrari etxerako lanetan lagun-tzea”. Hala ere, “laguntza” dioenean, Amiama ez da edukietan laguntzeaz ari. Guraso gehienek euren burua edukietan laguntzeko gai ikusi nahi izaten dute, baina doktoreak dio pentsamendu hori irauli egin behar dela: “Agian behaketa-lana egin dezakete: seme-alabek etxerako lanak egiten dituzten ala ez adieraz diezaiekete irakasleei, zer jarrera hartu duten, zalantzak dituztenean nori galdetzen dioten; baliabide komunikatiboen aldetik etxean motibatzeko laguntza eskain dezakete”. Familiek, eduki akademikoekin baino gehiago, autoerregulazioan eta metakognitiboak diren alorretan lagun dezakete; ohiturak hartzen (ordutegia, lekua, konpainia…), denborak neurtzen, hau da, ikasten ikasten.
Eskola eta familia ez datoz bat etxerako lanei loturiko puntu askotan. Bi sistemak hobeto konpon daitezen eta eskolatik agindutako eginbeharrak gatazka-iturri izan ez daitezen, ikastetxeak etxerako lanak mugatu eta neurtu behar lituzke Amiamaren aburuz, kontrolatu ezean, eskolak etxeko ordu gehiegi hartzeko arriskua baitago.