Etxetik helduen laguntzarik gabe ateratzea eta kalean bakarrik ibiltzea oinarrizkoak dira umeen garapen egokirako.

 

Etxetik helduen laguntzarik gabe ateratzea eta kalean bakarrik ibiltzea oinarrizkoak dira umeen garapen egokirako. Modu horretan ibiltzea hil ala bizikoa dela dio Francesco Tonucci pedagogoak.

 

Gaur egun, haurrak kalera irteten direnean, helduekin mugitu ohi dira: kotxean eskolara, kotxean kiroletako ekintzetara, kotxean musika eskolara, kotxean erosketetara… Arrastaka daramatzagu maiz, presaka, toki batetik bestera, eta orain eta hemen ikusten eta bizitzen dutenak sortzen dien jakin-minarentzat ez dago espaziorik, ezta denborarik ere. Aitzitik, Francesco Tonucci pedagogo italiarraren ren ustez, haurrentzat kanpora irteteak beste gauza bat esan nahi du, kalean egiten duen ibilbideko edozein geldialdi, aurkikuntza edo esperimentu bihur baitaiteke funtsezko bizipen: “Denborak luzatu egiten dira, haurren poltsikoak harriz, hostoz eta paperez betetzen dira eta burua irudi, galdera eta aurkikuntza berriz. Horrek helduei gaizki ulertuak sorrarazten dizkie askotan eta ‘ez zaitez aldiro gelditu!’ edo ‘ez ezazu denborarik galdu!’ bezalakoak esaten dituzte konturatu gabe galdutako denborari esker bihurtzen dela norbanakoa handi”.

 


Gure seme-alabak maite baldin baditugu, kanpora bakarrik irtetera eta kalea bizitzera bultzatu behar ditugu

Francesco Tonucci, pedagogo italiarra


 

Garai batean haurrek denbora librea modu autonomoan kudeatzen zuten; etxetik urrundu zitezkeen nahi zutenarekin elkartzeko eta jolas gustukoenetan aritzeko. Esperientzia pertsonalen denbora zen, haurrek ingurua aztertzeko erabiltzen zuten denbora; sekretuak desestali, animalien eta landareen bizitzak arakatu, material natural desberdinak ezagutu

 

Etxetik atera

“Kanpoko bizitzari gero eta beldur handiagoa diogu eta horrek haurrak etxe barruan geratzera daramatza, edota gehienez ere igerilekura, musika eskolara, ingelesera, dantzara… joatera —hori bai, beti helduren bat aldamenean dutela—; baina inoiz ez dira aterako bakarrik kalera, haien kasa jolastera, plazara lagunengana… Kontu paradoxikoa da hau ere, probatuta baitago kalean baino istripu gehiago izaten direla etxean. Gaur egun denbora gehiegi pasatzen da etxean. Haurrak zeregin gehiago ez daukanean ere, etxean geratu behar izaten du eta aspertu egiten da; aspertutako haurra arriskuan dagoen haurra da”, dio Tonuccik.

 


Kanpoko bizitzari gero eta beldur handiagoa diogu eta horrek haurrak etxe barruan geratzera daramatza

Francesco Tonucci, pedagogo italiarra


 

Gaiari buruz egindako ikerketek erakusten dute haur gehienen lehen nahia lagunekin jolastea dela. Hori bultzatu behar dugula dio pedagogo italiarrak: “Haurrek etxean beharrezkoa dena baino denbora gehiago ez dezaten pasa, kanpora atera daitezen eta arriskutik defendatzen ausartak izan daitezen, zerbait egin beharra dago”. Haren hitzetan, arriskua garapenerako beharrezko osagaia da: belauna urratzea, lagunek prestatutako tranpa saihestea, korrika egitea eta jauzi egitea, baina baita datorren auto bati kasu eginez, abiadura eta distantziaren arteko erlazioaz jabetzea. Guztiak dira arrisku osasuntsuak, haur batek kontrolatu ditzakeenak eta gainera, hazten lagunduko diotenak.

Haurrek hiruzpalau urtetik aurrera bizi beharko lituzkete era horretako esperientziak Tonucciren arabera, euren garapenerako oinarrizko bizipenak direlako. “Gure seme-alabak maite baldin baditugu, kanpora bakarrik irtetera eta kalea bizitzera bultzatu behar ditugu”, dio Tonuccik.