Eunateko Santa Maria eliza
Artea eta historia bizitzeko parada eskaintzen du Eunateko Santa Maria elizak, eta oroz gain, isiltasunera, barnetasunera eta bakera gonbidatzen du. Guiartek DBHko lehen ziklora egokitutako bisita gidatuak antolatzen ditu, material interaktibo didaktikoekin.
Lautada baten erdian, hortxe, erdi bakarrik, arreta osoa bereganatzen du Eunateko Santa Maria elizak, Gares eta Arrizabalaga arteko errepidean Robo ibaiaren ertzean. Donejakue bidean Somportetik Orreagara zetozen bi bidetxurrek bat egiten zuten puntutik oso gertu. Paisajeari irekia, berdez inguratua uda ez bada, eta ekiloreen urre kolorez inguratua, ekainetik irailera. Xumea bezain originala, berezia bezain misteriotsua, bisita asebetegarri bat eskaintzen du Eunateko Santa Maria elizak, Muruzabalen (Nafarroa). Artea eta historia bizitzeko parada eskaintzen du zelaiaren erdian, oin oktogonalaren gainean zutitzen den tenplu erromaniko honek. Liburuetatik atera eta historia, arte eta arkitektura lezio ederra barnebiltzen baititu. Santxo Azkarraren aginte garaian, 1170-1210. urte bitartean eraikia izan zela ziurtatua dagoen arren, eliza honen jatorria misterioz inguratua dago gaurdaino. Historialari batzuen arabera, tenplarioen obra izan zen, Jerusalemgo Hilobi Santuaren elizaren oinplanoaren antz handia baitu Eunatekoak, hain zuzen ere, baina ez da aurkitu uste horri eusten dion frogarik ez Nafarroan ez Tenplarioen artxibategietan. Dokumentuek tenplarioekin ez baina Jerusalemgo beste giza talde batekin lotzen dute baseliza: Jerusalemgo San Joaneko zaldunekin hain zuzen ere, Eunateko elizaren sorburuetan giza talde horrekin harremanak izan zirela iradokitzen baitute agiriek. Ahoz aho, menderik mende transmititu den ustearen arabera, berriz, erregina edo andre garrantzitsu batek aginduriko obra izan zen, Santxa andrea izenekoarena, eta legendak dioenaren arabera, andre haren gorpua dago harrien azpian. Tenplarioek, San Joaneko zaldunek, erreginak… jatorri handinahitsuek hauspotzen dute Eunateko baselizaren misterioa, baina gauza jakina da inguruko herritarrentzako gune berezia zela oso lautada hori, mendeetan zehar Izarbeibarreko herri-batzarrak Eunateko atariko klaustroan egiten baitzituzten. Jatorria bata zein beste izan, erabilera ugari izan ditu historian zehar Eunateko elizak: erromesen ospitale izan da, hilobi ere bai (kanpoko arkuteriaren artean erromesen eta jende arruntaren hilobiak agertu baitira), kristauen kulturako eliza, baina baita indar esoterikoetan sinesten dutenen santutegi teluriko ere. Erromesei bidea argitzen zien faroa izan dela ere esaten da, nahiz eta faroa egon zitekeen tokian, gaur egun ikusten den horma-kanpaia jarri zuten geroago. Balio artistikoari eta arkitektonikoari dagokienez, zortzi ertzeko oinak eta klaustroak egiten dute berezi estilo erromaniko berantiarreko eliza hau. Oin oktogonala ez da harmoniatsua, horma batean abside pentagonal bat erantsia baitu eta hormek leiho itsuak baitituzte. Bi ate nagusi ditu elizak, bata bideari irekia, oso dekoratua, eta, bestea, iparralderantza, xumeagoa. 33 arkuk inguratzen dute eta arkuen kapitelak ere esanguratsuak dira: landaretzarekin apainduta daude, animalia eta gizakien figura xume batzuk ere badaude, dantzariak, musikariak, aingeru tronpetadunak edota munstroak zizelkatu zituzten harginek kapiteletan. Horrez gain, eta Donejakue Bidean nahiko ohikoa den eran, kutsu musulman agerikoa du arkitekturak.
Isiltasunerako gonbita
Kokalekuak eta jatorriak misterioa iradokitzen badute, elizaren barrualdeak bakera deitzen du. Galeriak lasai zeharkatzea eskatzen du, tenplu barruan sartu aurretik. Eliza barruan iluntasunak barnetasunera gonbidatzen du. Gaur gizartean nola ikastetxeetan askotan hain zaila egiten den isiltasuna, barnetasuna eta bakea sumatzen dira Eunaten. Misterioak misterio, istorioak istorio, isiltasunerako eraikia izan zen baselizak bederatzi mende geroago indarrez eusten dio bere egitekoari: isiltasuna, barnetasuna eta bakea transmititzeari. Eunateko elizak dituen balio horiek guztiek transmititzeko bisita gidatuak eskaintzen ditu Guiartek, DBHko lehen zikloko curriculumari egokiturik. Arkitektura, Donejakue Bidea, arte erromanikoa eta beste hainbat gai lantzen dituzte bisitetan material didaktiko interaktiboekin, hala nola, maketekin, Erdi Aroko erremintekin, jantziekin eta bestelako materialekin. Bisita osatzeko, Done Jakue bideari jarraituz, bost kilometrora dago Gares herria, eta historia eta istorio ugari barnebiltzen dituzten kaleetan barrena egun aparta pasa liteke Nafarroan. Andeloseko hiri erromatarra Muruzabaletik 18 kilometrora gelditzen da, eta berau ere Guiartek eskaintzen duen bisita gidatuaren bidez ezagutu liteke. Halaber, Erriberriko jauregia 35 kilometroa gelditzen da eta enpresa berberak kudeatzen ditu eskolabisitak.
Eunateko Santa Maria eliza
Kokapena
Done Jakue bidean
Muruzabal herria, Nafarroa
Bisita gidatuak:
• DBHko lehenengo zikloko curriculumera egokitutako 45 minutuko bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz. Horrez gain, ikasle bakoitzak gida didaktiko bat jasotzen du.
• Lantzen diren gaiak: arkitektura, historia, Done Jakue bidea...
Harremanetarako:
• www.guiartenavarra.com • Telf: 948 74 12 73