EAEko administrazioko langileek 18na asteko gurasotasun-baimenak dituzte irailaren 1az geroztik. Salbuespena dira: amatasun-baimena ez da luzatu 1989tik Hego Euskal Herriko langile orokorrentzako, haatik, aitatasun-baimenak %150 baino gehiago luzatu dira. Urtea bukatzerako, EAEko aitek 16 asteko baimena izango dute. 

EAEko Funtzio Publikoko Langileak dira salbuespena —administrazioko langile orokorrak eta justizia administraziokoak, ikastetxe publikoetako irakasleak, ertzainak eta Osakidetzako langileak—: irailaren 1az geroztik, haurra izan duten —edo adopzioan edo harreran hartu duten—  bikoteko bi guraso langileek 18 asteko gurasotasun-baimena hartzeko eskubidea izango dute, 126 egun, %100 ordainduriko baimen transferiezinak dira. Bai erditu diren amek nola erditu ez diren bikotekideek baimen parekideak izango dituzte.

Baina salbuespena dira. EAEko gainerako gurasoek gehienez 24 asteko baimen ordaindua dute gaur-gaurkoz, Nafarroakoek bezala: 16 aste amek, eta 8 aitek. Amen kasuan baimena ez da egun bat bera ere luzatu 1989tik —14 astetik 16ra igaro zen orduan—, haatik aiten kasuan urte eta erdian % 150 baino gehiago luzatu da baja ordaindua.

2019ko apirilaren 1az geroztik 8 astekoa da aitatasun-baimena Espainiako Estatuan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aitek, ordea, laster amek adinako baimena izango dute haur jaioberria zaintzeko: Eusko Jaurlaritzak bi gurasoen baimenak berdinduko dituen dekretua prestatu du, eta urriaren bigarren hamabostaldian onartuko du erditu ez diren bikotekideentzako 16 asteko guraso-baimena. Jaurlaritzak bere gain hartuko du zortzigarren astetik hamaseigarrenera bitarteko baimenaren ordainketa (lehen zortzi asteak Gizarte Segurantzak ordain-tzen ditu). Nafarroan 2020an 12 astekoa izango da aitatasun-baimena eta 2021ean 16 astekoa izango da, amatasun-baimenarekin berdinduz. Izan ere, 30 urtean ez da eguneratu erditu den emakumeak haurrarekin egoteko duen baimena.

Haurraren zaintza eskubidea bermatzeko bideratu beharreko gurasotasun-baimenak haurraz erditu dena eta elikatu duenari begira ez, baizik eta gurasoa babesteko ekimenak izan dira gaur-gaurkoz Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako administrazioak eta Madrileko Parlamentuak aurrera eraman dituen guztiak, 2007tik, emakume eta gizonen berdintasunaren izenean eta gizonak zaintzan inplikatzeko xedez. Haatik, amatasun-baimenak luza-tzeko eskaerek ez dute erantzunik izan, eta horrenbestez amatasun-baimenak ez dira behin ere ukitu, ezta gutxien-gutxienik Osasunaren Munduko Erakundeak esaten duen edoskitze esklusiboa bermatzeko sei hilabeteko epera arte ere. 
PPiiNAk (Jaiotzagatik eta adop-zioagatiko baimen berdinen eta transferiezinenaldeko plataformak) bultzatu ditu gurasotasun-baimenak berdintzeko eskariak, baina amatasun-baimena eguneratzeko eskaria ez du bere gain hartzen, “zaintzan eta erantzukidetasunean genero arrakala areagotuko lukeelako”. Gaur egun PETRA (Baimen besterengarriak luzatzearen aldeko ama feministen plataforma) da amatasun-baimenak luzatzeko indar antolatu bakanetakoa. Batetik amen subjektu politiko izaera aldarrikatzen du eta, bigarrenik, eta lehenari lotuta, gurasotasun-baimen luzeagoak eta besterengarriak lehenesten ditu. PETRArekin batera, Espainiako Lehen Arretako Pediatria Elkartea izan da gurasotasun-baimenak luzatzeko Madrileko Parlamentuak harturiko eredu honekiko ahots kritikoa altxatu duen beste erakunde bat, “sei hilabeteko edoskitzearekin bateraezina delako amek baimen luzeagoak ez izatea”.

Nola daude Europako amak?
Hego Euskal Herriko amak dira baimen edota diruz lagundutako eszedentzia txikienetakoak dituztenak Europa osoan. Urrun daude iparraldeko herrialdeetako laguntzetatik eta ekialdeko baimenetatik. Amatasuna diruz lagunduriko eszedentzia forman babesten da herrialde ba-
tzuetan, eta kasu horietan, kopuruak oso urrun daude Hegoaldeko familiek goza ditzaketen diru-laguntzetatik. Hego Euskal Herriko gurasoek seme-alaben zaintzagatik har ditzaketen lan-eszedentzien laguntzak oinarrizko soldataren herenera ere ez dira iristen, eta Europan laguntza horiek ematen direnean oinarrizko soldataren erditik gorakoak dira, eskuarki.

Dena den, Europako Batasunaren barruan oso modu desberdinean kudeatzen dira gurasotasun-baimenak, eta bereziki aitatasun-bajak: herrialde batzuetan, Alemania eta Austriaren gisara, egon ere ez daude izendatuak baja horiek, baina eszedentzia ordainduak hartzeko baimena dute herrialde horietako aitek. Austriaren kasua bitxia da: aitek amek baino egun gehiago hartzeko aukera daukate seme-alaben zain-tzagatik.

Suedia eta Norvegia guraso izateko herrialde oparoenak
Europako Batasunean dauden irizpideak batze aldera eta “emakumeen presentzia lan munduan bermatzeko”, Europako komisioak aitatasun-baja gutxienekoa ezar-tzea proposatu die herrialde guztiei: aitek gutxienez hamar eguneko baimen-eskubidea eduki behar dute, eta lau hilabeteko eszedentziarako aukera. Pixkanaka joango dira herrialdeak neurri hori sartzen, baina dagoeneko aukera dagoen lekuan ere erakutsi dute aitek —eskubideak bermaturik izan arren— askoz baimen gutxiago hartzen dituztela seme-alaben zaintzagatik amek baino: Eurobarometroaren datuen arabera, Austriako emakumeen % 83k eskatu zuten seme-alaba zaintzeko eszedentzia-baimen ordaindua, eta aiten % 41ek.
Europa iparraldeko herrialdeak dira amatasun- eta aitatasun-baimen luzeenak dituztenak eta haurrak izateagatik (edo adopzioan edo harreran hartzeagatik) laguntza gehien eskaintzen dituztenak. Suediak ditu diruz lagunduriko gurasotasun-baimen luzeenak, ia 69 aste: 480 egun. Horietatik 180 besterezinak dira, 90 amak hartu behar ditu eta beste 90 aitak; gainerako egunak gurasoek nahi eran bana ditzakete. Suediaren atzetik Norvegiak ditu baimen luzeenak 59 aste: 140 egun besterezinak dira, erdiak amak hartu behar ditu eta beste erdiak beste gurasoak. Danimarkan 52 asteko (hamahiru hilabete) baimena dute gurasoek. Erditu aurretiko lau asteak eta erditu osteko hamalau asteak emakumearenak dira, eta epe horretan gizonaren bi baimen-aste transferiezinak dira; horiez gain, bien artean banatzeko 32 aste dituzte.  

Europako beste herrialde askok gurasotasun-bajak luzatu beharrean eszedentziak diruz laguntzeko sistemak baliatu dituzte haur txikiak gurasoek zaindu ahal izateko eskubidea bermatzeko. Frantziaren, Herbehereen, Austriaren, Belgikaren edota Italiaren kasua da hori. Eta hori da Ipar Euskal Herriko amek gozatzen duten erregimena: erditu aurretik lau asteko baja dute eta erditu ostean hamabi astekoa, eta aitek hamalau eguneko baimena. Baina diruz lagunduriko eszedentziak Hegoaldekoak baino oparagoak dira.


Europako Batasuneko gurasotasun-baimenak


Alemania: 112 egun amak/0 egun aitak*
Austria: 112/0*
Belgika: 112/70
Bulgaria: 227/15
Danimarka: 126/14 +224·
EAE urritik aurrera: 112/112
Erresuma Batua: 365/14
Errumania: 56/14
Eslovakia: 238/196
Eslovenia: 105/90
Espainia (eta Nafarroa): 112/28
Estonia: 140/14
Finlandia: 105/54
Frantzia (eta Ipar Euskal Herria): 112/14
Herbehereak: 112/14
Hungaria: 168/5
Grezia: 119/2
Irlanda: 182/14
Italia: 140/1
Kroazia: 218/112
Letonia: 12/10
Lituania: 126/30
Luxenburgo: 140/14
Malta: 126/28
Norvegia: 70/70 +175·
Polonia: 182/14
Portugal: 210/14
Txekia: 196/10
Suedia: 90/90 +300·
Suitza: 98/0
Zipre: 126/126

*Baimen gisa izendatu gabeko aitatasun-laguntzak dituzte
+ · Bien artean banatzekoak
*Iturria: Europako komisioa Epdata