Badira urte batzuk, Euskal Herriko beste eskola publikoetan bezalaxe, Arabar Errioxako eskola publikoan ere euskalduntzen hasi ginela. Niretzat, bi ezaugarri horiek bateratzea garaipen handi bat izan zen: eskola publikoan ere euskalduntzea erromantizismo puntu batekin ikusten nuen. Nik neuk ez nuen aukera hori izan, eta asko kosta zitzaidan handitan euskaraz egitea eta euskaldun berriaren konplexuak gainditzea. Horregatik, orain ohore handia da horren partaide bat izatea.
Baina zintzoak izango gara: egunerokoa ez da batere erraza. Salbuespenak salbuespen, gure familiak ez dira euskaldunak. Eta hori esanda, hizkuntza ez ezagutzetik harago noa, euskal kulturak dituen zirrikitu guztietaz hitz egiten ari naiz. Gure txikiek ez dituzte mendizaleak ikusi, ez dira lau teilaturen gainean egon, ez dituzte zortzi abizen euskaldun (bakar bat bera ere ez) eta ez dituzte kotxeko bidaietan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantuak entzuten.
Eta hor gabiltza gu, eskolak dituen ordu horiek zukutzen euskal mundu txiki bat eskaintzeko, haien kultura ere jasotzen dugun bitartean: Mari Domingiri eta Olentzerori harrera egiteko txapelen eta kaikuen ordez euren txilaba politenak janzten dituzte; taloekin txistorraz gain, txokolatea eskaintzen dugu, otsailean oles oles lurra esnatzen saiatzen gara eta Laboaren txoriari alde egiten uzten diogu guk ere, baina batzuetan erritmo flamenkoarekin.
Onartu behar dugu kosta egiten zaigula, erreferentzia falta dugulako, baina ezin ote dira gure txikiak lehenengoak izan bide hau irekitzen?
Futbolarekin konparatuz, euskal kulturan gure Wiliams anaiak izango ditugu noizbait, estereotipo eta markorik estutuenak apurtuko dituztenak eta besteen begiradetara hurbiltzeko gai garela demostratuko dutenak. Identitate osasuntsu bat ez delako beti berdin mantentzen dena, bestearekin identifikatzeko aukera ematen duena baizik.
Horregatik, gure bazter honetara etortzen bazara, mesedez, lehenengo hitza euskaraz egin, nahiz eta mugan egon edo gure azala ilunagoa izan. Onartu gure ahoskera, guk ere zure euskalkiak onartzen ditugun bezala, (kontuan hartu konplexuz beteta gaudela), errespetatu gure zailtasunak —baditugulako—, baina inoiz ez jaitsi espektatibak gurekin, eman aukera… euskahaldundu.