TXALAPARTAK ARGITARATU DUEN ADRIENNE RICHEN 'EMAKUMEAGANDIK JAIOAK' LIBURUA BERASATEGIK EKARRI DU EUSKARARA. RICHEN OBRA MUGARRI IZAN ZEN FEMINISMOA ETA AMATASUNAREN UZTARKETAN.
Zergatik euskaratu duzue orain, ia 45 urte geroago, Adrienne Richen 'Of Woman Born' saiakera, 1976ko liburua izanik?
Garazi Arrulari eta Txalapartakoei galdetu beharko litzaieke, nik ez baitut erabakian parte hartu: enkargu bat izan da itzulpena. Baina, galdetu didazunez, nik neuk bizpahiru arrazoi ikusten ditut. Lehenik, liburua gaur-gaurkoa dela oraindik, ez dela zaharkituta geratu. Bigarrenik, euskal irakurleen parte batek azken urteetan gosea erakutsi duela halako erreferente feministen liburuak irakurtzeko. Eta, hirugarrenik, zergatik ez orain? Hobe orain, beranduago baino…
“Emakumeen loria goren zoragarria, edo emakumeen esklabo-madarikazio latza”. Bi ikuspegi muturreko horiei ihes egin nahi dien liburu bat da 'Emakumeagandik jaioak'. Ez du gaurkotasuna galdu liburuak, ezta?
Inondik ere ez: badirudi oraindik ere bi mutur horien artean aldaroka gabiltzala denok. Richek ikuspegi sinplista zeritzon horri (beste pentsalari handi batzuei kritika egin zien horregatik, pentsalari feminista batzuk barne) eta auziari bere osoan, bere konplexuan eta bere politikoan heldu beharra aldarrikatu zuen. Haren iritziz, kontraesanak eta frustrazioak ezin saihestuzkoak izango dira beti amatasunaz gogoeta egiteko orduan, baina horrek ez du esan nahi ahalegindu behar ez dugunik.
Nola laburtuko zenuke liburuaren muina, zerk bereizten ditu amatasuna eta amatasunaren instituzioa?
Amatasunaren instituzioa eta amatasunaren esperientzia bereizi zituen Richek. Labur azalduta, instituzioa amatasunaren eraikuntza sozial patriarkala da, gizonek ugalmena eta haurgintza bereganatzeko erabili dutena, mundu osoan mendez mende mamitua eta gizaki guztioi eragiten diguna, baina bereziki emakumeok goitik behera zeharkatzen gaituena. Amatasunaren esperientzia, berriz, potentzial bat da, hots, amatasunari instituzioa erauziz gero gelditzen den hori, oraindik ere berrasmatzeko eta askatzeko dagoena.
Ikerketa dago oinarrian, historia, psikonoalisia eta literatura ere aztertu zituen… Baina gero, modu kritikoan bai, baina samur helarazten dizkie irakurleei. Idazkera bera ere nabarmentzekoa da, ezta?
Bai. Gogoeta sakonak daude liburuan, baina Richek prosan ia beti idazten zuen oso modu lauan, ahalik eta jende gehienak ulertzeko moduan. Ez zuen atsegin hizkera akademiko eta ilun hori, beste akademiko batzuentzat soilik egina dirudiena. Propio ematen zien bere testuei kutsu literario bat, eta horrek eta haren tonu enpatikoak eta aldi berean erraietatikoak izugarri humanizatzen dituzte haren idazkiak. Gainera, ez zuen inondik ere bere burua edo irakurlea engainatu nahi, eta duin agertzen zen testuetan, baina bere kontraesanak-eta ezkutatu gabe. Erraza da Rich gertuko sentitzea.
Feminismoaren barruan, zer-nolako garrantzia izan du liburu honek?
Euskal Herrian, jende gehienarentzat guztiz liburu ezezaguna izan da. Mendebaldean, herrialde ingelesdunetan batez ere, argi dago mugarri moduko bat izan dela amatasunaz den bezainbatean, eta eragina izan duela Richen garaikideengan ez ezik ondorengoengan ere. Azken batean, esan dugun bezala, amatasunaren auziari ertz askotatik begiratu zion, eta haren ekarpenek eragina izan dute pentsamenduan ez ezik literaturan ere.