Loraldia euskal kultura garaikidearen festibalak “euskal kulturaren transmisioari dagokionez hezkuntzan zegoen zuloa” betetzeko xedea jarri zion bere buruari eta Loraldia eskola sortu zuen. Eskoletan gaur egungo euskal kultura ezagutarazteko eta bizitzeko proiektuak ari da garatzen. 2023-2024ko ekimenean parte hartu nahi duten eskolentzako deialdia zabalik dago.
Euskal kulturaren iruditegi gaurkotu eta berri baten inguruan lan egiteko asmoarekin, hainbat alorretatik zetozen lagunek Loraldia ekimena sortu zuten 2014an. Horien artean zegoen Mikeldi Uribe-Etxebarria: “Euskal kulturaren iruditeria garai batekoarekin lotua zegoela ikusten genuen, ez zeukala zerikusirik kultura garaikide eta urbanoarekin, ez kultura aniztasuna planteatzen duenarekin eta emakumeen presentzia hartzen duen kultur iruditeriarekin. Sormenaren aldetik ikusten genuen egon bazegoela indarberritze bat eta eskaintza garaikide bat, baina ez zegoela horri erantzungo zion plazarik, eta horrela jarri genuen martxan Loraldia festibala, non eta Bilbon, euskal kulturari beste dimentsio bat emateko”. 2015ean lehendabiziko Loraldia festibala egin zuten, hiru egunekoa; 2016an astebeteko Loraldia egin zuten, eta 2017an hiru asteko festibala hartu zuen hiriak. 2023an 9. edizioa egin dute: “Gaur egun esan dezakegu festibala sendotua dagoela, eta nahi genuena lortu duela: festibalari tiraka, hainbat eragilek, baita hezkuntzakoek ere, Loraldiari begiratu diote euskararen eta euskal kulturaren gainean zeuzkaten proiektuak eta irrikiak, sormen eskaintzak, aurrera ateratzeko”.
Bi helburu nagusiren inguruan ardaztu da orduz geroztik Loraldia egitasmoa: euskal kultur industriaren sustapena eta euskal kulturaren transmisioan lan egitea. Bigarren helburu horri loturik, “euskal kulturaren transmisioari dagokionez hezkuntzan zegoen zuloa” betetzeko helburua jarri zion bere buruari festibalak, Uribe-Etxebarriak adierazi duenez. “Hasieratik ikusi genuen gure planteamendua ez zela aisialdiari edo eskolaz kanpoko jarduerei loturiko proiektua, baizik eta curriculumean txertatu behar zen proposamen gisa ikusten genuen”. 2016an “laborategi proiektu” bat jarri zuten martxan Loraldiaren barruan, Loraldia eskola izenekoa.
Euskal Herriko egoeraren ikerketa, abiapuntu
Erika Uranga arduradun pedagogikoak adierazi duenez, “eraginkortasuna eta jasangarritasuna” izan dira hezkuntza proiektuaren ardatzak: “Zer behar den eta zer egin daitekeen aztertu dugu eta kultur transmisioan eraginkorrak izateko asmoarekin osatu dugu gure eskaintza. Izan ere, gure helburua euskal kulturaren transmisioa da eta ondoriozko helburuak bi dira: etorkizuneko sortzaileak eta gure kulturaren etorkizuneko kontsumitzaileak sortzea, euskal kulturaren komunitatea sortzea, finean”. Helburuak ongi betetzeko, eta eskolako eremuan euskal kultur transmisioa gauzatzeko aukerak eskaintze aldera, egoeraren diagnosia egin du lehendabizi Loraldia eskolak, euskal hezkuntza sistemak zer behar dituen aztertuz Euskal kulturaren transmisioa gaurko hezkuntza arautuan izeneko ikerketan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako curriculuma eta hezkuntza sistema Nafarroako Erkidegoko curriculuma eta Ipar Euskal Herrikoa aztertu dituzte, baita ikasmaterialak, datu estatiskoak, irakasleen prestakuntza, zer nolako motibazioak dituzten, zer egitura dauden eta euskal kultur transmisioaren inguruan bestelako zer proiektu dauden ere aztertu dute; eragileekin elkarrizketak egin dituzte eta bestelako esperientziak ere ezagutu dituzte. Ikerketa oraindik osoki bukatu ez badute ere, hainbat ondorio atera dituzte dagoeneko, bereziki orain arte nagusiki euren lan-eremuari izan den lurraldeari (Bizkaiari) erreparatuta:
EAEko curriculumean, euskal kultura helburu bat da, eta irakasgai guztietako zeharlerro bat izan beharko luke.
Beste irakasgaiekin ez bezala, ez dago euskal kultura zeharlerro gisa lantzeko irizpiderik.
Euskal kulturaren transmisioa, eskola eta irakasle bakoitzaren esku dago.
Irakasleentzako formakuntza arlo horretan oso eskasa da lanean sartu aurretik eta bitartean.
Kultur adierazpide batzuk lantzen badira ere, errelatoa ez dago marko orokor baten barruan kokatuta.
Orokorrean, kulturaren jasotzaileak dira ikasleak. Sormenerako tarte gutxi dute.
Kultur adierazpideak lantzen dituzten kanpoko esperientzia gutxi daude, gehienak eskolaz kanpoko ekintzetan txertatuak egoten dira eta testuingururik gabe emanak izaten dira.
Finantziazioa: hezkuntza sistemak ez du honelako estrategiak modu zabal eta iraunkorrean laguntzeko diru iturririk. Ezberdintasun handiak sortzen ditu eskolan eta hezkuntza ereduen artean.
Aro digitalean, euskarazko kulturaren presentzia minorizatua da.
Euskararen jakintzaren, ezagupenaren eta erabileraren datuak oso kezkagarriak dira.
Ikerketaren ondorioak eskutan, “behar makroak eta mikroak” bereizten ditu Loraldiaren koordinatzaile Uribe-Etxebarriak: “Makroan aztertu dugu herri gisa ditugun erronkei zelan erantzun beharko geniekeen; eta, bestetik, mikroan, Loraldia eskolak zelan erantzungo dien ikusi dugu. Lehen planoan, argi daukagu euskal kultura ardatz duen herri estrategia bat behar dugula, plan adostu batekin, baliabide humanoak eta ekonomikoak dituena. Elkarlanean osatutako egitura behar du, ikusi dugulako gureak bezalako proiektuek, eraginkortasuna izateko, beste kultur proiektuekin eta herri administrazioekin lotuta egon behar dutela, bestela isolatuta ez gara eraginkorrak. Makro horretan politika publikoak behar dira eta diagnosi ikerketa sakon bat egin behar da, ondo aztertzeko non gauden, nora goazen eta zelan egin gauzak”. Ardura horiekin, mikroan, Loraldia eskola bezalako proiektu batek lekua daukala ikusi dute: “Loraldia eskola zerbitzu bezala planteatzen dugu lehendabizi; alde batetik, eskaintzaren aldetik erroturiko eskaintza gutxi dagoelako, kalitatezkoa, planteamendu serioa daukana, didaktikarekin bat datorrena, metodologia jakin bat planteatzen duena eta atzean azterketa sakona duena. Ikastetxeen filosofian euskal kulturaren transmisioaren esperientzia ongi txertatutako zeharlerro izan behar dela uste dugu”, adierazi du Uribe-Etxebarriak.
Loraldia zenbakitan: 1.315 ikasle
2016an laborategi gisa Loraldia eskola abian jarri zutenetik, zazpi ikasturtetan bost proiektu gauzatu dituzte 26 ikastetxetan 1.315 haur eta gaztetxok, 20 ikuskizun eta 10 erakusketa egikarituz. Aurrera begira, sei proiektuko eskaintza dute esku artean. Proiektu bakoitza adinaren eta gaitasunen arabera zehaztua dute eta guztiek alderdi aktiboa dute, ikasleak subjektu, protagonista eta sortzaile izan daitezen. “Proiektu bakoitzak bere metodologia dauka, baina unean- unean, eskolako proiektura eta errealitatera egokitzen da egitasmoa —azaldu du Urangak—. Unitate didaktikoan oinarritzen gara, baina eskolako errealitatera egokitu behar da. Guretzako prozesua bera da helburua, eta ikasleak eurak dira prozesu horretako protagonista, baina erronka jartzen dugu emaitza oholtzaratu dezaten. Era horretan, oholtzaratze horren atzean dagoen lan eta esperientzia guztia ezagutzen dute, eta, gainera, bukaera hori motibagarria da ikasleentzat, eta eskola komunitate guztiak ikusten du”.
Dagoeneko ikastetxeetan gauzatu diren proiektu horiek guztiek euskal kulturaren gaiak gaurkotu dituztela nabarmentzen du Uribe- -Etxebarriak, “gure euskal kulturaren iruditeria gaurkotu dugu. Nabarmentzeko ezaugarria da, baita ere, proiektuetan euskal sortzaile garaikideak inplikatzen dituela Loraldiak, adibidez, gidoilari lanetan. Sortzaileak eskoletara eramaten ditugu, eta euren errealitatea ezagutarazten diete ikasleei”.
2023-2024ko deialdia, zabalik
Datorren ikasturtean Loraldia eskolan parte hartu nahi duten ikastetxeentzako deialdia zabalik dago dageneko webgunearen bidez. Loraldia eskolaren lan eremua Euskal Herri osoa bada ere, oraingoz Bizkaiko eremura mugatuko dituzte proiektuak, hiru sareetako ikastetxeei. “Oraingoz hamar bat ikastetxeri erantzun diezaiekegu, baina aurrera begira Euskal Herri osoan zabaldu nahi dugu egitasmoa”. Arduradun pedagogikoak nabarmendu du hasi zirenetik gaurdaino “euskal kulturaren transmisioaren inguruko ardura” zabaltzen ari dela ikastetxeetan: “Ikasleak euskal kulturatik aldenduta ikusten dituzte irakasleek, bazirudien orain arte mantentzen zela kulturarekiko lotura irakasgaiei esker, baina orain irakasleek argi ikusten dute ikastetxeek marko orokor bat behar dutela euskal kulturarekiko lotura garatzeko, eta beharrezko ikusten dituzte honelako proiektuak, non ikasleak guztiz sartzen diren proiektuan eta euskal kulturan protagonista sentitzen diren”.
Ttipia proiektua
4-8 urteko haurrei zuzendua. Euskal Herriko gaur egungo lau artista plastiko ezagutzea da xedea eta ondoren haurrek margolanak, eskulturak, marrazkiak eta argazkiak sortzea eta erakustea.
Lorekolore
Kultur aniztasuna ezagutaraztea da xedea, gure kulturak beste kulturetatik edan duena azalduz. Ondoren graffiti bat egin beharko dute.
Airean
80. hamarkadatik gaur arte, bidaia musikal bat proposatzen du egitasmoak, ikasleek musika zerrenda edo podcast bat egin dezakete amaieran.
7 kantu
Gure kantutegian hain ezagunak ez diren kantuen transmisioan datza proiektua eta amaieran ikasleek kantuak interpretatuko dituzte.
Lore jokoak
Euskal kulturaren adierazpide artistiko gehientsuenak biltzen dituen pastoral baten ezaguera transmititzea eta halako bat sortzea da xedea.
Kamara sartu
Euskal dokumentalak, saiakera audiobisualak, performanceak, albisteak, telesailak, bideoklipak eta abarrak ezagutuz, ikusentzunezko bat egin beharko dute ikasleek.