EquiLing ikerketaren ondotik etorritako gida.
Euskaldun aktibo eta kontzienteak hezten izeneko gidaren paperezko bertsioa argitaratu eta banatu du Hik Hasik abenduko zenbakiarekin batera. EquiLing ikerketaren ondotik etorri da gida eta haurren eta gazteen artean kontzientzia soziolinguistiko kritikoa lantzea eta sustatzea du helburu nagusi. Izan ere, egoera kezkagarria da: ikasle askok euskara galtzen dute Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean. Egoera aldatu nahi baldin badugu, oso garrantzitsua da haiek entzutea.
Ia bost urteko iraupena izan du EquiLing ikerketa proiektuak, eta Kataluniako, Galiziako, Madrilgo eta Euskal Herriko hainbat irakaslek eta ikerlarik hartu dute parte ikerketan. Euskal Herrian, Deustuko Unibertsitateko, EHUko eta BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako hainbat irakaslek eta ikerlarik hartu dute parte proiektuan eta Estibaliz Amorrortu, Deustuko unibertsitateko irakasleak koordinatu du. Gertu izan du Iñigo Arteatx BAMeko irakaslea, proiektuko kolaboratzaileetako bat izan baita Arteatx.
Ikerketa egiteko arrazoi nagusia hizkuntzen arteko desberdinkeriak aztertzea izan da; ez soilik desberdinkerien fenomenoa bera ezagutzeko, baizik eta hiztunei desberdinkeria horiek indargabetzeko baldintzak eskaintzeko. Ekintza-ikerketa parte hartzailea deitzen den metodologia erabili dute hiztunoi kontzientzia soziolinguistiko kritikoa garatzeko baldintzak eskaintzeko eta eraldaketak proposatzeko. Leku bakoitzean modu batera egin dute lan egoerak oso ezberdinak direlako Katalunian, Galizian, Madrilen eta Euskal Herrian.
Bertako hizkuntzak hizkuntza gutxituak dira Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian, baina bitxia da Madrilen halako proiektu bat martxan jartzea. Esti Amorrortuk azaldu du han zer aztertu duten: “Madrilen ere hiztun gutxituak eta hizkuntza gutxituak daude. Estigmatizatuta dauden gaztelaniaren formekin egin dute lan, baita gaztelania lehen hizkuntza gisa ez duten hiztun atzerritarrekin eta estatuko gainerako txokoetatik Madrilera ikastera joan diren ikasleekin ere. Talde horretan euskaldunak, katalanak eta galiziarrak ere egon dira, Madrilen ikasten dutenak, bertan bizi direnak, eta desberdinkeria hori sentitzen dutenak”.
Gazte euskaldunei hausnarketa soziolinguistiko kritikoa egiteko baldintzak eskaintzea izan da gure helburu nagusia
Esti Amorrortu, Deustuko Unibertsitateko irakaslea
Aktibazio prozesua aztergai
EquiLing ikerketak Euskal Herrian utzi dituen ondorio nagusiak zein diren esatea ez da erraza Amorrorturen hitzetan: “Fokua mudantza prozesuan ipini dugu, hiztun euskaldunok bizi dezakegun aktibazio prozesuan. Gazte euskaldunei hausnarketa soziolinguistiko kritikoa egiteko baldintzak eskaintzea izan da gure helburu nagusia, euskara gero eta gehiago erabili dezaten. Eta erabili dugun metodologiarekin eta erabili ditugun dinamikekin ikusi dugu posible dela Bilbon eta Bilbo inguruan —testuinguru oso erdaldunean— gazteek gogoeta hori eginez eta laguntza jasota aurrerapausoak egitea eta euskara gero eta gehiago erabiltzea. Gazte guztiek ez dute lortu, baina gogoeta egin dute eta guk uste dugu hazia, behintzat, jarri dugula. Beste momenturen batean ernalduko da, agian”.
Aldaketa gerta dadin kontzientzia soziolinguistiko kritikoa behar dute ikasleek. Gogoeta egin behar dute hiztun gisa eta euskaldun gisa euren burua aztertzeko, dituzten zailtasunak eta emozioak atzemateko, hizkuntzaren auzia axola zaien ala ez ikusteko, nolako hiztunak izan nahi duten pentsatzeko… Hizkuntzari buruz ari garenean, oso garrantzitsua da hiztun gisa euren burua ezagutzeko gogoeta egitea eta testuinguruari buruzko hausnarketa egitea, ezin baita testuingurua alde batera utzi.
Deustuko Unibertsitateko eta BAMeko ikasle talde batekin proba pilotua egiten hasi ziren 2021ean, mudantza prozesua hobeto ezagutu nahi baitzuten. BAMekoak Lehen Hezkuntzako graduko ikasleak ziren eta Deustukoak, berriz, hainbat gradutakoak. Boluntarioek parte hartu zuten ikerketan, ikasle haiekin ibilbidea egin zuten eta hortik abiatuta kontzientzia soziolinguistiko kritikoa lantzeko material batzuk sortu zituzten. Urtetik urtera material horiek berrikusten eta hobetzen joan dira.
Gerora, BAMeko Lehen Hezkuntzako graduko ikasleentzat ibilbide berezi bat diseinatu zuten. Handik aurrera, BAMeko irakasleek urtez urte hobetu dute hasierako proposamen hura. Hiru ikasturte daramatzate BAMen ikasleekin kontzientzia soziolinguistiko kritikoa bultzatzeko saioak egiten eta aurten Haur Hezkuntzako Graduko eta Lehen Hezkuntzako Graduko ikasle guztiekin ari dira lanean. Gelan oinarri teorikoa hartzen dute, tailerrei begira lanketa egiten dute eta ondoren tailerretan hausnarketa egiten dute. Ikasleak 10-12 laguneko talde txikietan elkartzen dira eta talde horietako bakoitzarekin BAMeko irakasle bat eta euskara teknikari bat egoten dira. Lanketa curriculumean txertatu dute, ikasle guztiek derrigorrez egin behar duten ibilbidea da eta horrek aldaketa handiak dakartza.
Aurten genealogia linguistikoa egiten hasi dira BAMen eta gauza interesgarriak atera direla azaldu du Arteatxek. Batzuek, adibidez, ez zekiten etxean aiton-amonek euskaraz hitz egiten zutenik eta gero galdu egin zutenik, eta informazio hori ezagututa hizkuntzarekiko bestelako gertutasuna sentitu dute. Testuingurua aztertzeari ere garrantzi handia ematen diote eta sortzen diren dinamikak eta kontrol harremanak aztertzen dituzte. Botere posizioak erabileran eragin handia duela diote ikasleek eta euskara gehiago hitz egiten dutela, adibidez, irakaslearen aurrean. Ikasleak kontziente izan daitezen, mekanismo horiek azaleratzen eta oinarri teorikoa eskaintzen saiatzen dira BAMen, hori baita zenbat joera desaktibatzeko modua: zer gertatzen ari den ulertzea. Eta gertatzen dena ulertzeko bide horretan, hizkuntza dekolonizatzailearen ikuspuntua lantzen dutela azaldu du Arteatxek: “Kolonizazioak herri jakin bateko herritarrengan zer-nolako eragina duen aztertzen dugu. Estereotipoak aztertzen ditugu eta hizkuntza-joerak nondik datozen ikusten dute. Adibidez, taldean euskaraz ez dakien norbait baldin badago, denok gaztelaniaz hitz egiteko sentitzen dugun beharraz aritzen gara. Horren atzean denok barneratua dugun kolonizazio ikuspegi bat dago; askotan euskaldunok gara gainerako euskaldunei gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen diegunak norbaitek ez duelako euskaraz ulertzen”.
Kolonizazioak herri jakin bateko herritarrengan zer-nolako eragina duen aztertzen dugu. Estereotipoak aztertzen ditugu eta hizkuntza-joerak nondik datozen ikusten dugu
Iñigo Arteatx, BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea
Euskaldun aktibo eta kontzienteak hezten
EquiLing ikerketaren ondotik etorri da Euskaldun aktibo eta kontzienteak hezten izeneko gida. Esti Amorrortuk eta Ane Ortegak —orduan BAMeko irakaslea zen Ortega— sortu eta diseinatu dute, Iñigo Arteatx, Jone Goirigolzarri eta Maite Ruiz BAMeko irakasleekin batera, BAMen izandako esperientzian eta tailerren diseinuan oinarrituta.
Hik Hasiren abenduko zenbakiarekin batera banatu dugu gidaren paperezko bertsioa eta edozein hezitzailek erabiltzeko modukoa da. LHko 5. mailatik hasita unibertsitateko 1. mailara arteko ikasleekin erabili daiteke eta helburu nagusia da kontzientzia soziolinguistiko kritikoa bultzatzea. Hala azaldu du Amorrortuk: “Hausnarketa egitea da helburua: nor garen, euskal hiztun gisa zer garen eta zer nahi dugun, gure familia nondik datorren, testuingurua nolakoa den… Eta garrantzitsua da baita ere euskara eta gaztelania hierarkizatuta daudela konturatzea eta hierarkia horretan euskara behean dagoela ikustea”.
Bide horretan aurrera egiteko, kontzientzia soziolinguistiko kritikoa lantzeko tailerrak jasotzen ditu gidak. Hiru tailer dira, guztira. Lehenak, Euskaldunen profil askotarikoak izena du eta hainbat euskaldun mota daudela ikustea du helburu. Bigarrenak Testuinguruaren garrantzia izena du eta ikasleek behaketa egiten dute euren testuingurua nolakoa den ikusteko eta horren araberako praktikak nolakoak diren aztertzeko. Hirugarren eta azken tailerra Aldaketak saiatzen izenekoa da eta hizkuntz-ohituretan aldaketak egiteko proposamenak egin dituzte bertan.
Hori guztia lantzeko fitxak edo txantiloiak sortu dituzte eta horiek erabiltzeko aukera izango du nahi duen orok (papereko bertsioan eta bertsio digitalean). Erabiltzaileak fitxa horiek nahi duen eran alda ditzake, egoera bakoitzera ahalik eta hoberen egokitzeko. Material erabilerraza sortu nahi izan dute, ordu eta erdiko hiru saio aski dira gida lantzeko eta taldeka aritzeko pentsatua dago.
Oraingoz unibertsitatean soilik landu dute. Amorrortuk Euskal Hizkuntza eta Kultura graduan ematen ditu eskolak eta iaz irakasleak asko kezkatu ziren ikasle ugari ikasgelatik kanpo erdaraz aritzen zirelako. Kontzientzia lantzeko ibilbide bat egitea erabaki zuten eta gida landu zuten horretarako. Emaitza oso ona izan zela azaldu du Amorrortuk: “Kontzientziatze horretan asko aurreratu zuten eta, gainera, taldea sendotzeko balio izan zuen”. Ikasleak euskaraz aritzen dira orain eta irakasleek jada ez dute kezkarik horrekin.
Euskara hezkuntza sistemaren bidez ikasi dutenekin, testuinguru oso erdaldunetan bizi diren horiekin, arazoa dugu
Esti Amorrortu, Deustuko Unibertsitateko irakaslea
Gazteen egoera, kezkatzekoa
Gazteen egoera, oro har, kezkatzeko modukoa da, ordea. Gazteek dituzten erreferentzia kulturalak eta aisialdiarekin lotutako erreferentziak erdarazkoak izaten dira maiz. Azken urteotan erreferentzia horiek ugaritu egin dira, eta Interneten eta sare sozialen bidez errazagoa zaie horietara iristea. Erderaren etorrera handiagoa da orain eta horri aurre egitea inoiz baino zailagoa da. Hainbat eremutan, gainera, inguruak ere ez du batere laguntzen. Hala adierazi du Amorrortuk: “Euskara hezkuntza sistemaren bidez ikasi dutenekin, testuinguru oso erdaldunetan bizi diren horiekin arazoa dugu. Behin eskola amaituta zer gertatzen da? Askorentzat euskararekin izan duten ibilbidea hor amaitzen dela ez dutelako euskaraz egiten ez etxean, ez lagunekin, ez inorekin. Eta, azkenean, euskara galtzen dute. Guk oraindik euskaraz egiteko gai direnekin egin dugu lan, baina Bilbo inguruan bizi dira eta askotan esan digute euren lagunak ez liratekeela gai izango irakasleekin haien moduan hitz egiteko edo eztabaida talde batean parte hartzeko, euskara jada galdu dutelako. DBH euskaraz ikasi dute, Batxilergoa ere bai, baina unibertsitatean edo Lanbide Heziketan gaztelaniaz ikasten saiatzen dira eta ibilbidea amaitzen da. Arazo handia dugu horrekin”.
Batzuek, beraz, euskara galtzen dute eskola amaituta, eta euskarari eusten diotenen kasuan, konplexuak ere agertu ohi dira Amorrortuk aipatu duenez: “Bilbo inguruan euskara eguneroko hizkuntza gisa erabiltzen dutenek Bizkaiko aldaeraren bat erabiltzen dute. Aldaera horiek euskara batutik nahiko urrun egoten dira eta, gainera, hiztun horiek erregistro aldakortasun handia izaten dute. Baina euskara eguneroko hizkuntza ez duten ikasleek batuaz egiten dute eta haien erregistroa oso akademikoa, formala eta landua izaten da. Euskara horrek ez du balio lagunekin egoteko, eta kontzientzia dutenak edo kontzientziatze prozesu horretan hasiak direnak eta gehiago erabili nahi dutenak, arazoa izaten dute horrekin”.
Oso garrantzitsua da denak eroso sentitzea, bestela ez baitute hizkuntza erabiliko. Eta euskalkien kasuan kontrako fenomenoa ere gertatzen dela nabarmendu du Arteatxek: “Badira euskalki jakin batean hitz egiten duten pertsonak eta lotsatzen direnak ez direlako baturako saltoa egiteko gai. Nik uste dut konplexua bi aldeetatik datorrela. Unibertsitatera etortzen direnean espazio berri batera iristen dira, lagun berriak egiten dituzte, itxura asko zaintzen dute eta bat- batean hitz egiten hasten dira eta konturatzen dira euren itxura gainbehera datorrela. Orduan nahiago izaten dute gaztelaniaz hitz egin”.
Arteatxen ustez azken urteetan argi ikusi dugu eskola ez dela nahikoa ikasleak euskalduntzeko: “Ikasleei esaten diezu etxean galdetzeko zergatik matrikulatu zituzten D ereduan eta batzuek diote seme-alabek etorkizunean lana aurkitzeko helburuarekin egin zutela, beste batzuetan arrazoia hurbiltasuna izaten da eta identitatea ere sarritan agertzen da. Identitatearen oinarria duten gurasoek argi baldin badute eskolak ez duela nahikoa egingo seme-alabak elebidun orekatu bihurtzeko, nik uste dut prest egongo liratekeela haien kabuz laguntzeko materialak eskainita eta aukerak bilatuta. Baina hori gurasoekin batera landu beharko litzateke”.
Hizkuntza tresna hutsa izateaz gain, nortasun zeinu gisa hartzen baldin bada kontzientzia handiagoa lortzen al dute? Euskal nortasunaren eta euskararen erabileraren arteko disoziazioa nabarmena dela uste du Arteatxek: “Euskara zenbateraino sentitzen duten hurbil eta zenbat hitz egiten duten galdetzen diegu ikasleei. Batzuek hurbiltasuna % 100ean kokatzen dute eta erabilera % 20an. Ohitura falta, inguruaren presioa… hainbat arrazoi egon daitezke horren atzean. Nik uste dut gaitasunak pisu handia duela zeren bi hizkuntzetan aritzeko gai baldin bazara eta bata edo bestea erabiltzea aukera hutsa baldin bada, identitateak pisu handia izango du, baina batean gaitasun handia baldin baduzu eta bestean txikia, identifikazio maila oso altua izanik ere, menderatzen ez duzun hizkuntzan aritzeak eskatzen dizun etengabeko ahalegina egiteko militantzia behar da”.
Ikasleei hasieratik helerazten diegun mezua izaten da helburua ez dela haiek aldatzea, baizik eta hausnartzea eta konturatzea bakoitzak hartzen dituen erabakiak zein diren, nola funtzionatzen duten eta horren atzean zer mekanismo dagoen
Iñigo Arteatx, BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea
Inposaketarik gabe
Hiru ikasturte daramatzate BAMen lanketa egiten eta zerbait argi baldin badute, hauxe da: ikasleek ezin dutela inolaz ere euskara inposaketa gisa bizi. Honela azaldu du Arteatxek: “Ikasleei hasieratik helarazten diegun mezua izaten da helburua ez dela haiek ezer aldatzea, baizik eta hausnartzea eta konturatzea bakoitzak hartzen dituen erabakiak zein diren, nola funtzionatzen duten eta horren atzean zer mekanismo dagoen. Batzuek diote lanketak bestelako erabakiak hartzeko balio izan diela, baina nik uste dut hori epe luzera etor daitekeen zerbait dela. Kontzientzia zenbateraino hartzen duten neurtzen dugu”.
Ideia horrekin jarraitu du Amorrortuk: “Apur bat aldendu nahi dugu ‘egin euskaraz’ diskurtsotik. Ez baldin badute euskaraz egin nahi, ez dute egingo. Ikasgelan euskaraz aritzera behartu ditzakegu, baina hortik kanpo ezin dugu ezer egin. Gogoeta egiteko baldintzak eskaini nahi dizkiegu eta espero dugu ondoren erabaki jakin batzuk hartuko dituztela, baina erabakiak eurek hartu behar dituzte, ez guk, bestela ez dugulako aurrera egingo”. Haiei entzuteko beharra azpimarratu du Arteatxek ere: “Guri askotan aipatzen digute lehen aldiz galdetu dietela ea zer pentsatzen duten eta beti zer egin behar duten esan izan dietela”.
Gakoa da, beraz, haurrek eta gazteek euskararen erabilera inposaketa gisa ez bizitzea, eta garrantzitsua da tresnak eskaintzea ondoren bakoitzak bere erabakia har dezan. Horretarako helduok betiko diskurtsoetatik aldentzea eta geure burua birkokatzea oso garrantzitsua dela uste dute Amorrortuk zein Arteatxek. Kontzientzia lantzea da gakoa, inolaz ere inposaketa.
Gida lantzeko orduan ideia hori argi izatea garrantzitsua dela aipatu du Arteatxek eta dinamizatzaileen lanari buruz aritu da: “Oso garrantzitsua da ikasleak ez epaitzea eta haiekin eztabaidetan ez sartzea zeren modu horretan itxi egiten dira eta betiko argudioekin gatozela pentsatzen dute. Haiekin lanean ari garenean estereotipo eta aurreiritzi asko erortzen zaizkigu, eta haiei ere bai. Nik autobiografia linguistikoa egiten dut eta kontatzen diet 19 urterekin amarekin euskaraz zertxobait hitz egiten nuela eta aiton-amonekin euskaraz aritzen nintzela, baina beste inorekin ez. Nire burua euskalduntzat nuen, baina euskaraz egiteko ohitura galdua nuen. Ikasleek uste dute irakaslea, euskararen kontuarekin tematuta egoten den irakaslea, betiko euskalduna dela, beti euskaraz egin duena, herri txiki batekoa… Eta ez da beti horrela izaten. Nire bidean gorabehera asko egon dira eta hori garbi azaltzen diet”. Hori jakinda lasaitu egiten dira eta euskara berreskuratzeko aukerarik badela ikusten dute. “Euskara zaharra dela eta erabili behar dugula esanez ez dugu lortuko ez hausnarketarik egitea, ezta euskaraz gehiago egitea ere. Beste modu batera jokatu behar dugula uste dut”, amaitu du Arteatxek.