Iñaki Eizmendi, Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
“Euskaragatik, okerrago”
Gure inguruan, Ezkerraldean, gero eta gehiago ari gara entzuten honako kexa: haurrak euskaraz ikastera behartuta daudenez, eta euskaraz ez dutenez gaztelaniaz bezain maila ona, eskola euren ikasketak kaltetzen ari da, euskaragatik. Guk guraso horiei erantzuten diegu, horren irtenbidea gure seme-alabei ahalik eta euskara gehien eta onena ematea dela… Baina bakarrik gelditzen ari gara beste ideiaren aurrean. Nola konbentzitu ditzakegu beste gurasoak?
EZ DA ERRAZA modu horretako usteak eta jarrerak aldatzea. Hizkuntza-gaitasuna beharrezkoa da: gaitasun gutxirekin zaila da edukiak ondo ulertzea, barneratzea eta garatzea. Beraz, diozuen moduan, haurrei eta nerabeei ahalik eta euskara gaitasun hoberena eskaintzea da irtenbidea.
Hegoaldean kokatuz, euskara zailtasunen edo emaitza txarren erruduna izango balitz, eskola porrotak Espainiko Estatuko lurralde elebakarretakoak baina askoz handiagoa izan beharko luke. Baina ez da horrela. Aditu batzuen ustez, eskola porrotean eragin handia duten bi faktore maila sozioekonomikoa eta kulturala dira. Adibidez: etxekoen ikasketa maila, ikasketei garrantzia ematea edota jarraipena egitea.
Bestalde, eleaniztunak izatera iristeak hainbat abantaila eskainiko dizkie: kognitiboak, sozialak, ekonomikoak, kulturalak... Horren barruan, euskara jakiteak ere gure gizartean bizitzeko eta garatzeko aukera asko irekitzen ditu. Baina, hizkuntza bat baino gehiago ondo ikasteko abiapuntua etxeko hizkuntza da, hizkuntza hori dena delakoa izanda ere. Eskolarentzat zailagoa da etxeko hizkuntza(k) zaintzen ez bad(ir)a euskara maila ona garatzen laguntzea. Ikerketa batzuek joera bat aipatzen dute: haurrak lehen baino beranduago hizketan hastea eta haurren hizkuntzaren garapena pobreagoa izatea. Horren oinarrian helduen eta haurren arteko interakzioa jaitsi izana aipatzen da. Txikiak direnean hizkera interakzioaren bidez garatu behar dute. Etxean asko hitz egin behar da haurrekin, jolastu, abestu, ipuinak kontatu... Oinarri-oinarrizkoa da etxetik hizkuntza aberatsa eskaintzen saiatzea.
Esan bezala, erantzuna zaila da usteak eta aurreiritziak aldatzea zaila delako. Baina, zalantzarik gabe, haur eta nerabe horientzat oso ona izango da euskara ere ondo ikastea, eta hizkuntzari errua bota beharrean, norabidea ikasketak aurrera eramateko gaitasun ona izan dezaten oinarria eskaintzea da. Horretarako etxetik hizkuntza aberatsa eskaintzea, euskara erabiltzeko eta bizitzeko aukerak ematea eta gaitasun ona garatzen laguntzea da bidea. Eskolek erantzukizun handia dute, baina baita familiek ere.
Gaztelaniari boterea eman diogu
Gure haurrek gaztelaniaz ulertzen ez zuten urteetan, senarrak eta biok gaztelaniaz egiten genuen haiek ulertzea nahi ez genuen gauzei buruz ari ginenean. Orain ohartu gara “gauza garrantzitsuak” esateko, gaztelaniarako joera hartu dutela, ez baikinen ohitura horren arriskuaz jabetzen. Nola alda dezakegu ohitura hori?
HIZKUNTZA-JOKABIDE asko imitazioz barneratzen dira. Hala ere, jokabide hori beharbada ez dute soilik zuen bidez jaso, eta inguruan beste hainbat heldu ere ikus zitzaketen elkarrizketetan euskara eta gaztelania tartekatzen.
Familiakoon arteko harremana euskararen babesgunea izatea landu dezakezue. Hau da: gurasoon artean beti euskaraz egitea, eta seme-alabei ere beti euskaraz egitea. Baita euskaraz ez dakitenak aurrean daudenean ere.
Baina, horrez gain, euskara hizkuntza indartsua eta edozertarako baliagarria dela transmititu nahi badiezue, zaindu etxean euskararen lekua (irakurri prentsa euskaraz, entzun irratia euskaraz, euskarazko musika entzun...). Ez du euskaraz soilik izan beharrik, baina leku nabarmena izan beharko luke. Zuentzat euskarak edozertarako balio duela transmititzea izan daiteke biderik eraginkorrena haiek ere horrela bizi dezaten.
Ahalduntzea
Ea azalpenik baduzun. Herri txiki euskaldun batean, gure 7 urteko haurraren gelan 4 umek gaztelaniarako joera dute, eta haien atzetik, gaztelaniaz ez dakiten haurrak ere, ikaragarrizko ahalegina egiten aritzen dira gaztelaniara pasatzeko, besteek euskara jakin bai eta haiek euskaraz egin ordez. Zergatik du gaztelaniak halako indarra, gutxiengoa diren kasu honetan bezala?
EUSKARAREN ARNASGUNE diren herrietan, euskararen erabilera handia izanda ere, gaztelaniak/frantsesak presentzia eta eragin oso handia dute. Haurrak horretaz jabetzen dira guk ezer esan gabe ere: komunikabide eta sare sozialen bidez, helduen jokabideen bidez, erreferentzia diren pertsonen bidez (kirolariak, musikariak…) eta abar.
Horretaz jabetzen dira euskaraz egiteko ohitura dutenak eta baita gaztelaniarako joera dutenak ere. Helduen kasuan gertatzen denaren oso antzeko egoera da: gaztelaniaz egiten duten lau ume tartean badaude (euskaraz ulertzen dutenak izan arren) hainbat eta hainbat elkarrizketa erdarara eramateko gaitasuna dute.
Guraso moduan hizkuntza-ohiturei begira, oinarri ona eskaintzen ahalegindu beharko genuke: euskara aberatsa eskaini, gure hizkuntza-jokabideak zaindu eta bistaratu, eta euskal kulturarekin eta erreferentziekin harreman handia eskaini. Horrez gain, haien hizkuntza-ohiturak axola zaizkigula azaldu eta eskolarekin eta beste familiekin elkarlana bila dezakegu.