Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
Eskolako lanak
Urtero arazo bera edukitzen dut: ikasle batzuen gurasoek esaten didate ezin dietela eskolako lanekin lagundu, haiek euskaraz ez dakitelako. Saiatzen naiz bidaltzen dizkiedan lanak modu autonomoan egiteko modukoak izaten, baina hala ere, familia euskaldunek erraztasunak dituzte etxerako lanekin laguntzeko gaian. Zer egin dezaket nik? Nola lagundu dezakete gurasoek euskaraz jakin gabe?
EUSKARAZ EZ dakiten edo ondo ez dakiten familia askoren kezka izaten da eta, ulertzekoa da, nahiz eta eskolako emaitzei begira ez den horren esanguratsua. Laguntzera begira muga batzuk badituzte, baina hainbat aukera ere bai.
Hasteko: zer da egin behar dutena? Zertan behar dute laguntza? Hori galdetu beharko diete seme-alabei. Zailtasunaren arabera estrategia ezberdinak erabil ditzakete:
• Ez dute ondo ulertzen: itzultzaileak erabili ditzakete norberak ulertzeko, eta norberaren hizkuntzan azalpenak eman.
• Gai bat garatu behar dute, baina ideiak edo argudioak falta zaizkie: gaiari buruz hitz egin, material osagarria eskaini, ideiak eman...
• Gai bat (buruz) ikasi behar dute eta kostatzen ari zaie: memorizazio tresnak proposatu, zuei kontatzeko eskatu (ez ulertu arren...)…
Hori bai, oso kontuan hartu beharko lituzkete bi ideia hauek:
• Eskolako lanak seme-alabek egin behar dituzte, eta ez gurasoek. Gauza bat laguntzea da eta beste bat eskolako lanetako edukiak, egin beharrak eta abar gurasoek kontrolatu nahi izatea.
• Guraso moduan laguntzarik handiena ikasteko autonomia garatzen eman diezaiekete. Hau da:
- Ikasteko ohiturekin lagundu: ikasteko leku egokia eskaini, ordutegiak adostu, lanak antolatzen eta lehentasunak jartzen ikas dezaten lagundu eta abar.
-Ikasketetarako motibazioa: emaitzei baino, egiten ari diren ahaleginari garrantzia eman, eta animatu eta zoriondu hori ikusten dutenean.
Irakasle moduan, nik uste, bi gauza behintzat egin ditzakezula:
• Gurasoekin laguntzeko norabideari eta moduari buruz hitz egin. Ideia batzuk eman eta bereziki zertan lagundu beharko lieketen azpimarratu.
• Ikasleei ere argi azaldu eskolako lanak haiek egitea nahi duzuela eta ez duzuela zuzenduta ekartzerik nahi, bestela ezingo diezuelako zuek ondo lagundu. Kezka duten guraso horiek eskertzen dute: "Semeak/alabak ez dit uzten eskolako lanekin laguntzen irakasleak esan diolako".
Guraso bilerak
Gure ikastetxeak ez dauka irizpiderik guraso bileretako hizkuntzari dagokionez, eta bakoitzak ahal duena egiten du. Nik guraso bolondresak eskatzen ditut xuxurlari lanak egiteko. Zer izango litzateke egokiena hizkuntza irizpideei begira eta gurasoen arteko kohesioa bultzatzeari begira?
IRIZPIDEAK BATERATZEA garrantzitsua da. Ikasleek euskara balio indartsuekin lotu dezaten, eskolatik ere balioa eman behar zaio. Familiei hori ikusarazteko bide ere badira bilerak: eskolako hizkuntza da eta familia bileretan euskararen presentzia eta erabilera ere zaindu behar ditugu.
Adibidez:
• Gutxienekoa da euskarak erdarak adinako lekua edo gehiago izatea. Azalpen batzuk euskaraz eta beste batzuk erdaraz egin daitezke, baliabide digitalekin lagunduz. Horrek bilerak aurrez ondo prestatzea eskatzen du, berehala erdarara ez lerratzeko.
• Bi bilera egiteko aukera. Bilerak azalpen batzuk emateko eta zalantza batzuk argitzeko baldin badira, gurasoen arteko harremanik ez da sustatzen. Kasu horietan egokia izan daiteke bi bilera egitea.
• Xuxurlaria erabiltzea euskara lehenesteko aukera oso interesgarria da. Gehienek euskara ulertzen duten eremuetan egingarria da eta bilerak euskaraz egin daitezke. Euskaraz ez dakiten edo ondo ez dakiten gurasoei, ekarpenak erdaraz egiteko aukera eman dakieke eroso senti daitezen.
Nerabezaroa
12 urteko alaba gaztelaniaz hitz egiten hasi zait. Oro har gauza askotan aldatu du jarrera nerabezaroan sartu denean, baina hizkuntzarekin ez dakit zer egin. Utzi egin behar diot erderaz hitz egiten? Asko haserretzen nau horrek.
HAURREK, SOZIALIZAZIO prozesuan, inguruan dituzten hizkuntzek nolako balioa duten eta non eta norekin erabiltzen diren ere ikasten dute. Testuinguruak eta haurraren izaerak eragin handia dute ibilbide horretan. Ondorioz, horrelako egoerak ere gertatzen dira: etxean euskaraz egitetik erdarara pasatzea. Hori horrela izan daitekeela onartuta ere, gure arteko harremana euskaraz izatea nahi badugu, horri eutsiko nioke.
• Berari beti euskaraz egin. Baita euskaraz ez dakitenak aurrean daudenean ere. Ohikoa izaten da guri erdaraz egiten hasten badira konturatu gabe batzuetan guk haiei erdaraz egitea. Hori ondo zaindu eta beti euskaraz egin.
• Konturatu daitezela gure harremana euskaraz izateak garrantzi handia duela guretzat. Saiatu, erdaraz egiten dutenean kargu hartu beharrean, euskaraz egiten dutenean errefortzu positiboak ematen.
• Euskararekin harreman indartsua eskaini: musika, ekitaldiak, ikus-entzunezkoak, Korrika eta abar.