Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
HIZKUNTZA-OHITURAK
Herri oso euskaldunean irakasle naiz eta hamar urtetan egoera asko aldatu dela ikusi dut: orain hainbat haurrek gaztelaniaz egiten dute euren artean. Errefortzu gisa HH4n
hasita, haurrak euskaraz egitera animatzeko talde-txikitako jarduera ludikoak egitea proposatu zaigu irakasleoi klaustroan. Haur horien gurasoak ez daude oso ados,
haurrak estigmatizatzen ari garela iruditzen zaie, eta euskara ez dutela era atseginean hartuko iruditzen zaie. Fenomeno berria da guretzat. Zer egin dezakegu?
HERRI OSO EUSKALDUNAK arnasguneak dira euskararentzat: euskaraz bizi direnez haurrek ez dute hautatu behar zein hizkuntzatan egin, eta euskaraz egiten dute naturalki. Baina arnasguneak eremu ahulak dira: gure inguruan gaztelania edo frantsesa dira gizarteko hizkuntza indartsuenak, eta horrek eragin zuzena du arnasguneetan ere.
Beraz, lehen urratsa familiekin bi gai ondo hitz egitea izan daiteke: eskolaren helburuak eta hizkuntza-ohiturak.
Eskolaren helburuak:
• Eskolatik hizkuntza bat baino gehiago lantzen dituzue eta haurrek horiek ondo ikastea nahi da. Baina hizkuntza-ohitura batzuk ere sustatzen dituzue eta lagunartean eta beste hainbat harremanetan haurrek euskaraz egitea sustatzen da.
Hizkuntza-ohiturak:
• Euskaraz edo gaztelaniaz egitea ez da aukera soil bat, oso baldintzatutako jokabide bat da. Inguru hurbilean euskararen lekua oso handia izanda ere, gaztelaniaren presioa oso handia da: komunikabideak, erreferenteak, hizkuntza nolako balioekin lotzen den (gaztelania erakargarriagoa egitea) eta abar. Hau da, haur batzuk gaztelaniarako joera hartu badute, arnasgunearen ahuleziaren sintomak ikusten hasi gara.
• Beraien seme-alabek erdarara jotzen baldin badute Haur Hezkuntzan, horrek eragina izango du ingurukoengan: ez da soilik batzuk erdaraz egiten dutela batzuetan, baizik eta oso posible dela beraien arteko harremanean erdara finkatzea eta beste hainbat ere hizkuntza horretara eramatea.
Egoera horren aurrean, garatu daitezkeen hiru urrats proposatuko nizkizueke:
• Gurasoen eta eskolaren arteko elkarlana: familiak eskolaren norabide berean aritzea lortu beharko genuke, edo gutxienez hori bultzatu. Hizkuntza-ohituretan familiek eragin handia dute, baita haurren hizkuntza-sozializazio prozesuan ere: euskara entzuteko eta erabiltzeko guneak bermatu, etxetik eredu egokiak eskaini, euskara ere balio indartsuekin lotu dezaten lagundu, erreferenteak eskaini eta abar.
• Erabilerari eta ahozkoari leku handia ematea: eskolak mugak ditu ikasleen hizkuntza-ohiturak lantzeko garaian, baina gutxienez euskararen erabilera bermatzen duten jarduerek eta ahozkoaren lanketak pisu handia izan beharko lukete programazioan.
• Erabilera indartzeko jarduerak txertatzea: aipatzen dituzuen jarduera ludiko horiek zer diren ez dakit zehazki, baina momentu batzuetan euskara indartzeko jarduerak egitea positiboa izan daitekeela uste dut. Hori bai, bide osagarri moduan.
GURASOEN ARTEKO HIZKUNTZA
Guraso euskaldunberriak gara. Seme-alabei euskaraz hitz egiten diegu, baina gure artean gaztelaniaz hitz egiteko joera mantentzen dugu. Uste dugu arrazoi horregatik, seme-alabak guri gaztelaniaz zuzentzeko joera handitzen ari dela. Guk, ordea, familiako hizkuntza euskara izatea nahi dugu. Zailtasunak ditugun arren, prest gaude ahalegina egiteko. Lagundu diezagukezu? Zein urrats egin ditzakegu?
GURASOEN ARTEAN erdaraz egiten baduzue, ohikoa da seme-alabek zuei erdaraz egitea. Baina ez da beti horrela izaten: seme-alabekin harremana euskaraz izatea nahi badugu, hori zaintzeko neurriak ere har ditzakegu, eta guraso askok lorten dute harreman hori euskaraz izatea.
Zalantzarik gabe neurri eraginkorrena etxeko hizkuntza euskara izatea da, eta zuen artean ere euskaraz egitea. Gainera horrek eragina izango luke seme-alaben arteko hizkuntza harremanean. Nola egin urrats hori?
Hainbat bikotek aldatu izan dituzte hizkuntza-ohiturak eta Soziolinguistika Klusterrak hori ikertu zuen orain dela urte batzuk. Ikerketa horretatik atera ziren ondorioetatik hiru ideia hauek behintzat lagungarriak izan daitezke:
• Erabilera erabiltzetik dator: gure artean euskaraz egiten hasi behar dugu modu kontzientean eta gaiari lehentasuna emanaz. Elkarrekin euskaraz egitea, askotan, zaila baino arraroa izaten da. Hori hausteko modua erabilerari eustea da.
• Biek edo bietako batek aldaketaren zaintza hartu: hainbat egoeratan gerta daiteke gure artean berriz ere erdaraz egiten hastea, baina euskarara itzultzeko moduak adostuta eduki ditzakegu. Adibidez: horretan lagunduko digun hitz edo esaldi batek, isilik geratzeak eta tartetxo baten ondoren berriz hasteak, eta abar.
• Lorpenei garrantzia eman: batzuetan atzera egin badezakegu ere, lorpenei garrantzia ematen baldin badiegu errazagoa eta motibagarriagoa izango da.
Bikote batean hizkuntza-ohitura aldatzea aldaketa handia da. Baina aldatu dutenak ere hainbat dira. Erabaki hori hartuko bazenute, beste bi ideia hauek ere kontuan har ditzakezue:
• Seme-alabekiko harremana motibazio iturri indartsua izan daiteke aldaketara begira eta beraiek laguntza ere eman diezagukete: prozesuan inplikatu ditzakegu, jolas moduan aurkeztu eta abar.
• Euskaraldi garaiak oso aproposak izan daitezke aldaketari ekiteko: gizarte mailan hizkuntza ohituren aldaketen gaia bizi dugun momentu horietan gure artekoari heltzea aproposa izan daiteke, eta ondoren jarraipena ematea.
FAMILIA EUSKALDUN BERRIEKIN
Kanpotik etorri eta euskara ikasi duten hainbat familia ditugu ikastetxean. Ikaragarrizko ahalegina egin dute euskara ikasteko, baina euren seme-alabei ama hizkuntzan egiten diete, hau da, gaztelaniaz. Niri zalantza sortzen zait, hain zuzen ere Hegoaldean gaztelaniak kentzen dio lekua euskarari… eta haur horiek gero gaztelaniako joera izango dutela iruditzen zait. Nola jokatu ama hizkuntza gaztelania duten familia euskaldun berrietan?
ETXEKO HIZKUNTZARI BURUZKO hautua familia bakoitzari dagokio: hizkuntza bat baino gehiago dakizkigunon kasuan, etxeko hizkuntza eta seme-alabekin harremanetarako hizkuntza zein izango den (diren) erabaki behar dugu. Erantzun beharreko galdera horrelako zerbait izan daiteke: nolako harremana izatea nahi dut nire seme-
alabek inguruan dituzten eta ikasiko dituzten hizkuntzekin? Zer nahiko nuke izatea euskara beraientzat? Eta gaztelania edo frantsesa? Eta ikasten ari diren beste hizkuntzak? Erantzunak hainbat izan daitezke: hizkuntza-afektiboa, lagunarteko harremanetarakoa, ikasteko hizkuntza, lanekoa eta abar. Beraz, erabakia seme-alabei ama hizkuntzan egitea baldin bada, hori zilegia da. Nahiz eta gaztelaniak gizartean duen indarrarekin horrek eragina izan seme-alaben hizkuntza-ohituretan.
Baina ama hizkuntza gaztelania izateak ez du esan nahi euskarari begira ezin dutenik ezer egin. Zer nahi dute izatea euskara beraien seme-alabentzat? Eskolako hizkuntza soilik? Zerbait gehiago? Horrela bada, hor eragin beharko dute: seme-alabei euskara eskaini beraien harremanean (euskarari ere lekua eginaz), etxean euskararen lekua zaindu, lagunarteko erabilerarekiko interesa erakutsi, erabilera guneak eskaini... Hau da, eragin oso positiboa ere izan dezakete.