Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
HAURRAREN INGURUNEA
Bikotekidea eta biok ez gara ados jarri haurra non matrikulatu datorren ikasturtean, eta azkenean, nire ustez hain euskalduna ez den ikastetxean matrikulatu dugu. 2 urtetatik nahiko giro erdalduna izango du ikasgelan, eta beraz, lagunak ere bai ziur aski. Etxetik zer egin genezake euskarari eusteko?
BERE BEREZKO TESTUINGURUAN gaztelania beharbada ez du entzungo, baina ziur jabetzen dela, modu batera edo bestera, gizarteko hizkuntza indartsuena dela: hainbat lagunek etxean eta kalean erabiltzen duten hizkuntza dela ikusiko du, inguruko hainbatek nolako balioa ematen dioten barneratuko du eta abar. Lilura moduko hori izatea ez da harritzekoa.
Argi dago guraso/helduetatik baino lagun edo kideen girotik ari dela hizkuntza hori jasotzen. Haurrak sozializazio-prozesu batean daude eta hizkuntza-sozializazio bat ere bizi dute: hizkuntza bakoitza non eta norekin erabiltzen den barneratzen dute, zein balio duten (erabiltzeak prestigiorik ematen ote duen, adibidez) eta abar.
Laguntze aldera, hizkuntzen ezagutza eta hizkuntza-ohiturak bereizi ditzakegu eta hori transmititzen saiatu, hau da, guk nahi dugu beraiek gaztelaniaz ere ondo ikastea eta jakin behar dute hori. Baina, era berean, lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskaraz egitea nahi dugu eta hori ere transmititu behar genieke.
Horrez gain, erabil ditzakegun estrategien artean, eta gure eragina beti mugatua izango dela kontuan hartuz, hiru proposamen:
- Tartean sartu eta jolastu: beraien artean jolasten ari direnean, batzuetan behintzat gu sartu gaitezke tartean eta beraiekin jolastu. Gure eraginarekin lagunduko diegu. Jolasak proposatzea ere egokia da: errazagoa da ezagutzen ez duten jolas batean euskaraz aritzea dagoeneko erdaraz egiten duten batean hizkuntza-ohitura aldatzea baino.
- Helburu txikiak adostu: gure eragina oso nabarmena izan daitekeen eta bere oso gustuko egoerak direnetan, guk zer nahiko genukeen azaldu eta nola jokatzea nahiko genukeen adostu. Adibidez: bi lagun datoz etxera berarekin jolastera eta ni etxean egongo naiz, eta orduan gure etxeko araua zein den azaldu diezaiekegu eta beraiek nola jokatzea nahiko genukeen adostu. Helburu txiki eta lorgarriak izan behar dute, baina horrek errefortzu positiboak emateko aukera ere eskaintzen digu.
- Gaiari buruz hitz egin beraiekin: modu esplizituan azaldu guk zer nahiko genukeen. Mezuak bere adinera egokitu beharko ditugu, baina ez da txarra gure nahiak edota kezkak azaltzea. Adibidez: parkera bagoaz eta erdarako joera izango duela iruditzen bazaigu, parkera iritsi aurretik hitz egin berarekin eta guk nola lagunduko diogun azaldu.
ILOBARI ZUZENTZEA
Gure iloba ez da gu bezain testuinguru euskaldunean bizi, eta askotan etortzen da gure etxera bisitan asteburuak pasatzera, baina baita euskaraz murgil dadin ere. Koinatuak (ilobaren amak) ez daki euskaraz eta mutilak egiten dituen akatsak zuzentzeko esaten dit, baina nik zalantzak ditut. Gaztetxoari akatsak zuzentzen hasten banaiz, ez ote du izebaren etxea eskolatzat hartuko? Mesede egingo al diot?
EUSKARA ASKO eta gustura erabiltzen laguntzea edo erabiltzen duen euskara zuzentzea zalantzan baldin badugu, ziur askoz mesede handiagoa egingo diogula asko eta gustura erabiltzen lagunduz.
Hizkuntzak ondo ikasteko erabili egin behar dira. Asko erabiltzen badu, errazagoa izango da ikastetxeko irakasleentzat euskara hori zuzentzea.
Gainera, erabilerarekin lagunduz beste bi gai oso garrantzitsu ere garatzen ditugu:
-Euskara edozein egoera eta harremanetan gustura eta eroso erabiltzera iristeko bidea izango da. Asko zuzentzen baditugu, aldiz, horrek seguritate falta eragin dezake eta erdaraz egitea nahiago izatea.
-Jarrerei begira ere oso garrantzitsua da. Zuen etxean eskaintzen diozuen euskararen arnasgune hori gustuko bizipenekin lotzen badu, horrek bere euskararekiko harremanean eragin positiboa izango du eta hau oinarrizkoa da euskararekiko jarrera eta jokabideei begira.
Tarteka zuzentzea ere, behar bada, ez da txarra. Belarrira min handia egiten digun zerbait entzuten dugunean zuzentzea gaizki ere ez dago, baina zuzentzeko moduak ere zaindu ditzakegu: gaizki esan duena guk zuzen errepikatzea baina berari errepikatu arazi gabe, adibidez.
Horrez gain, saiatu hizkuntzarekin jolasten eta euskara aberatsa eskaintzen: asko hitz egin beraiekin, hitz-jokoak erabili, abestu eta abar. Eredu asko eta onak eskuratzen baditu, askoz errazagoa izango da euskara aberatsa izatea.