Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
‘EN PLAN’
Gero eta gutxiago jasaten dut minutu bateko hizketaldian dozena bat aldiz “en plan” entzutea, bai euskaraz hitz egitean eta baita gaztelaniaz aritzean ere. Gaztetxoen artean normalizatu egin dela iruditzen zait, konturatu gabe erabiltzen dutela hizketan ari direnean. Agian moda kontua izango da eta ez nuke kezkatu behar. Baina euskaraz aritzean hainbestetan “en plan” entzuteak belarriko mina egiten dit. Zer jarrera hartu beharko nuke? Utzi, zuzendu…
GURE ETXEAN ERE berdin-berdina gertatzen da, eta zailak dira bai onartzea eta baita zuzentzea ere.
Gazteen artean erabat sozializatu den esamolde bat da. Gizarteko hizkuntza indartsuena gaztelania da Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean, eta horrek eragina du gazteen hizkeran, bereziki hizkera informalean. Hizkuntza horietatik (eta ingelesetik) jasotzen dituzte hainbat eta hainbat esamolde.
Esamolde horien sozializazioa “horizontala” da. Antzeko adina duten eta antzeko inguruetan ibiltzen diren giroetatik jaso eta barneratzen dira, eta hor gurasook edo irakasleek eragitea oso zaila da.
Beraz, lagunartean hori erabiltzea ez zaigula gustatzen esatea ez dago gaizki, baina aldatzea oso-oso zaila izango da. Hemendik denbora batera, seguruenik, esamolde hori erabiltzeari utzi egingo zaio eta beste batzuk agertuko dira.
Baina unibertsitate bateko irakasle bati entzun nion ikasle batek oso ondo prestatua zuela ahoz egin behar zuen lan bat eta aurkezpenean behin eta berriz “en plan” hori txertatu zuela. Gaia ondo menderatuta ere, erregistro horretan ez da onargarria.
Konturatu behar dute hizkuntzak erregistro ezberdinak dituela eta esamolde hori ez dela egokia testuinguru batzuetan. Lagunekin erabil dezakete guri gustatu edo ez, baina gurekin erabiltzea ez dugula nahi eta hainbat testuingurutan ez dela egokia ikusi behar dute. Hor badaukagu ardura bat eta, batzuetan, atentzioa deitzea, egoki erabiltzeko eskatzea, horri buruz hitz egitea eta abar ez dago gaizki. Euskara garatzen duten eta aberasten duten neurrian erregistroak bereizi ere egin behar dituzte.
DEBEKUA
Gure ikastetxean gela barruan euskaraz egin behar dute umeek, baina hala ere, azken bizpahiru urteetan konturatu naiz gelan ere haurrek gaztelaniara jotzen dutela. Debekuak ez dakit askotarako balio duen, uste dut ezetz, ez baitut emaitzarik lortzen... Baina debekuaren tresna erabiltzen ez badut, ez dakit zer egin. Ikastetxean ez daukagu beste alternatibarik landuta. Zer egin dezakegu debekua erabili gabe haurrek euskaraz egin dezaten?
HAURREK EROSOENA egiten zaien hizkuntzara jotzea normala da: gehiengo batek erraztasun handiagoa badu gaztelaniaz, ez da harritzekoa hizkuntza horretara jotzea. Beraz, ez dezagun jokabide hori gauza negatibo moduan hartu. Egoera beste ikuspegi batetik aztertzea proposatuko nizueke. Hasteko: helburua gurea da. Guk nahi dugu gure ikasleek euskara asko erabiltzea. Batetik, euskara ere ondo ikasteko, eta bestetik, hizkuntza-ohitura batzuk sustatzen ditugulako.
Helburua gurea bada, guk lagundu beharko diegu euskara asko erabiltzen eta ezin diegu besterik gabe ardura beraiei pasa. Gaztelania egitea debekatzen badugu zein da ematen diegun mezua? “Badakizue euskaraz egin behar duzuela”. Hau da, ardura beraiengan uzten dugu.
Baina zer egiten dugu laguntzeko? Erabilera helburuak ondo zehaztuta al ditugu? Eskatzen dieguna lorgarria al da? Zailtasunen aurrean nola laguntzen diegu? Ikasgelako egoerak eta guneak baliatzen al ditugu? Ahozkoa nola lantzen dugu?
Euskararen erabilera arautzea aukera bat da eta erabil daitekeena, baina helburuak, prozedurak, laguntzeko moduak eta abar ondo zehaztuta. Hori bai, horren aurretik beharrezkoa da ahozkoa lantzeko eta erabilera indartzeko tresnak lantzea eta gure lan egiteko moduetan txertatzea. Ebete hizkuntza-zerbitzuetatik bide horretan hainbat baliabide landu ditugu eta webgune honetan aurkitu ditzakezue: www.ebete.eus/hezitzaile-berritsuak (Irakasleentzako edukia atalean).
GAZTELANIAREKIN LILURATURIK
5 urteko semearen gelan hainbat umek gaztelaniaz hitz egiten dute. Bere berezko testuinguruan ez du gaztelania entzuten (ez telebistan, ez kalean), baina ikasturte hau hasi denetik, etengabe saiatzen da gaztelaniazko hitzak sartzen, eta lilura ikusten diogu. Garrantzirik ez ematen saiatzen gara, baina berak behin eta berriz gaztelaniaz ikasteko gogoa erakusten digu. Lilura hori nondik dator? Ez dugu nahi beste umeekin gaztelaniaz egin dezan... Nola jokatu?
BERE BEREZKO TESTUINGURUAN gaztelania beharbada ez du entzungo, baina ziur jabetzen dela, modu batera edo bestera, gizarteko hizkuntza indartsuena dela: hainbat lagunek etxean eta kalean erabiltzen duten hizkuntza dela ikusiko du, inguruko hainbatek nolako balioa ematen dioten barneratuko du eta abar. Lilura moduko hori izatea ez da harritzekoa.
Argi dago guraso/helduetatik baino lagun edo kideen girotik ari dela hizkuntza hori jasotzen. Haurrak sozializazio-prozesu batean daude eta hizkuntza-sozializazio bat ere bizi dute: hizkuntza bakoitza non eta norekin erabiltzen den barneratzen dute, zein balio duten (erabiltzeak prestigiorik ematen ote duen, adibidez) eta abar.
Laguntze aldera, hizkuntzen ezagutza eta hizkuntza-ohiturak bereizi ditzakegu eta hori transmititzen saiatu, hau da, guk nahi dugu beraiek gaztelaniaz ere ondo ikastea eta jakin behar dute hori. Baina, era berean, lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskaraz egitea nahi dugu eta hori ere transmititu behar genieke.
Horrez gain, erabil ditzakegun estrategien artean, eta gure eragina beti mugatua izango dela kontuan hartuz, hiru proposamen:
- Tartean sartu eta jolastu: beraien artean jolasten ari direnean, batzuetan behintzat gu sartu gaitezke tartean eta beraiekin jolastu. Gure eraginarekin lagunduko diegu. Jolasak proposatzea ere egokia da: errazagoa da ezagutzen ez duten jolas batean euskaraz aritzea dagoeneko erdaraz egiten duten batean hizkuntza-ohitura aldatzea baino.
- Helburu txikiak adostu: gure eragina oso nabarmena izan daitekeen eta bere oso gustuko egoerak direnetan, guk zer nahiko genukeen azaldu eta nola jokatzea nahiko genukeen adostu. Adibidez: bi lagun datoz etxera berarekin jolastera eta ni etxean egongo naiz, eta orduan gure etxeko araua zein den azaldu diezaiekegu eta beraiek nola jokatzea nahiko genukeen adostu. Helburu txiki eta lorgarriak izan behar dute, baina horrek errefortzu positiboak emateko aukera ere eskaintzen digu.
- Gaiari buruz hitz egin beraiekin: modu esplizituan azaldu guk zer nahiko genukeen. Mezuak bere adinera egokitu beharko ditugu, baina ez da txarra gure nahiak edota kezkak azaltzea. Adibidez: parkera bagoaz eta erdarako joera izango duela iruditzen bazaigu, parkera iritsi aurretik hitz egin berarekin eta guk nola lagunduko diogun azaldu.