Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

LEHENGUSUEN ARTEKO HIZKUNTZA

Gure umeak lehengusu batekin elkartzen direnean, nahiz eta lehengusuak euskaraz jakin, gaztelaniarako joera duenez, gaztelaniaz hitz egiten 
hasten dira berarekin. Zer egin dezakegu gureek euskarari eutsi diezaioten eta lehengusuak gureekin euskaraz egin dezan?

HASTEKO, INTERESGARRIA DA HAUR HORIEN JOKABIDEA ulertzen saiatzea. Testuingurua ezagutzen ez dudan arren, esango nuke lehengusuak erdaraz egiten duela bere ingurukoekin eguneroko harremanetan. Beraz, erdaraz egiten ohituta dago. Abiapuntua hori bada, berari arraroa egingo zaio euskaraz egitea hainbat egoeretan, baita lehengusuekin jolasten ari denean ere.

Hortik abiatuz, gure eragina mugatua dela onartu eta laguntzen saiatu gaitezke.

Zailtasunak aurreikusita, ahalegina eskatu eta laguntza eskaini diezaieket. Adibidez: lehengusua etxera etor-tzea bada badakigu erdarara joko dutela. Horren aurrean seme-alabekin hitz egin dezakegu, gure kezka azaldu eta ahalegina eskatu. Baina badakigu beraientzat zaila dela hori betetzea eta laguntza ere eskaini diezaiekegu: euskaraz egitea nahi nuke, badakit berak erdaraz egiten dizuela, baina zuek saiatu eta batzuetan nik ere lagunduko dizuet zuekin jolastuz eta tartean sartuz. Horrela jokatzen badugu, beharbada beraiek ez dute denbora guztian euskaraz egingo, baina badakite guk zer nahi genukeen, gure laguntza ere badute eta errefortzu positiboak ere eman ditzakegu ahaleginak sumatzen ditugun neurrian. Noski, lehengusuarekin ere hitz egin dezakegu horretaz eta modu beretsuan jokatu.

Laburtuz, gure eragina mugatua den arren, hiru urrats zaindu ditzakegu: zailtasuna aurreikustea, egoera hurbil-tzen denean ahalegina eskatzea, laguntza ematea (tartean sartuz) eta errefortzu positiboak ematea. Ezin diegu besterik gabe ardura pasa, baina ahalegina eskatu eta laguntza eskaini diezaiekegu hizkuntza-ohitura horiek benetan axola zaizkigulako.


EUSKARAZ JOLASTU EZINEAN

Oso kezkatuta nago jolaserako (soka saltorako, esku jolasetarako...) oraindik ere gaztelaniazko kantuak entzuten ditudalako umeen artean (“Al cocherito lere”, “Zapatito blanco, zapatito azul”). Euskarazko hainbeste abesti edukita jolaserako, nola alboratu gaztelaniazkoak?

GURE SEME-ALABAK SOZIALIZAZIO PROZESU BATEAN daude eta sozializazio hori ez da soilik goitik behera ematen (gurasoak, irakasleak…). Horrekin batera sozializazio horizontalak indar handia du (lagunak, helduxeagoak diren kideak eta abar). Hortik jasotzen dituzte gure ustez dagoeneko alboratuta egon behar luketen jolas, lelo eta esaldiak.

Zaila da horrelakoekin amaitzea, ez baitago erabat gurasoen esku.

Beharbada ez genieke horrenbeste garrantzia emango abesti horiei. Hau da: arazoa ez da erdaraz jolastea, euskaraz ez jolastea baizik. Euskaraz asko jolastuko balute eta tartean abesti batzuk beste hizkuntzetan balira, ez liguke kezka handirik sortu behar.

Beraz gure ahalegina euskaraz ere asko eta gustura jolastu dezaten lortzera begirakoa izan behar luke. Eskura aukera asko jarri behar dizkiegu. Eta horretarako material ugari dugu aukeran. Gainera, aisialdiko jardueretan eta eskolan ere erakutsiko dizkiete.

Kontuan har dezakegu hainbatetan hobea izaten dela euskaraz jolas eta abesti berriak erakustea, erdaraz diren horiek euskaraz egin ditzaten ahalegintzea baino. Batzuetan lortzen da ordezkatzea, baina errazagoa da euskaraz natural jolastea euskaraz ikasi duten abesti horrekin.

Hori bai, ez da nahiko gure seme-alabei jolas horiek aurkeztea eta guk beraiekin horretara jolastea. Hori ona da, baina kalean lagunekin erabiltzea nahi badugu inguruko haurrek eta haur helduxeagoek ere jakin behar dituzte eta jolasteko ohitura hartu behar dute. Hor izan dezakegu zailtasun handienetako bat eta hor, berriz ere, aisialdiko jarduerek garrantzia handia hartzen dute, modu horretako jolasak taldean lantzeko aukera baitute.


HIZKUNTZAK NAHASTEKO JOERA

Hainbat gazte eta heldu euskaraz hitz egiten entzuten ditudanean, euskara eta erdara biak nahastuta aritzen direla konturatzen naiz. Ez dira gai esaldi bat euskaraz hasi eta euskaraz bukatzeko. Eta uste dut ez direla konturatzen. Zer egin dezakegu hori saihesteko? Euskaraz ari direnean dena euskaraz egiteko? Bi hizkuntzak ez nahasteko euskararen kaltetan?

EGOERA HORI OSO OHIKOA DA, eta seguruenik asko eta asko konturatu gabe aritzen dira horrela. Hori bai, erregistro batean ematen da egoera hori: erregistro informalean. Hau da, lagunartean edo gertuko harremanetan hizketan ari garenean. Horrek esan nahi du euskaraz gabeziak izaten ditugula horietako egoeretan nahi bezain eroso aritzeko eta erdarara jotzen dugula indar edo bizitasun gehiago emateko elkarrizketari.

Normalean euskararen kaltetan izango da hori, baina ez beti. Testuinguru nahiko erdaldunetan eta ohikoena gazte gehienek erdaraz egitea denean, gazte batzuek euskaraz egiteko ohitura ere hartzen dute. Baina euskaraz egoera informaletan eroso aritzeko mugak dituztenez erdarara jotzen dute. Ez balute hori egingo erabat erdaraz egingo lukete. Beraz, kasu guztietan ezin galera huts moduan ikusi.
Hori bai, testuinguru nahiko euskaldunetan hori ikusteak beste esanahi bat du, eta hor bai erdarak duen eraginaren ondorio moduan hartu daitekeela.

Edozein kasutan, eta seme-alabei begira, guraso moduan garrantzitsuena euskara aberatsa eskaintzen ahalegin-tzea da. Ez dakigu beraiek zein ohitura eta joera izango dituzten, baina oinarri ona jartzea komeni zaigu. Euskara aberatsa eskaintzera begira hizkuntzarekin jolastu behar dugu: guraso berritsuak izan (beraiekin asko hitz egin, solasaldi ugari eduki), abestu, ipuinak kontatu, euskalkiekiko interesa erakutsi eta horiekin jolastu, eta abar. Gure seme-alabek euskara aberatsa izatea lortzen badugu, oinarria ona izango da beraiek erdarara jo gabe hitz egin dezaten eta behar dituzten baliabideak euskaratik lortu edo sortu ditzaten.